entzun.com


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Atzera Begira

bidali zure berria Bidali zure artikuluak
Asier Leoz 2004-04-10

ARTHUR LEE & LOVE bera da maitasuna

Psikodelia eta loreak Psikodelia eta loreak

Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Eztabaida eta ego lehiak, drogak eta fama txarra... Love taldeko lagunek guztia zuten rock & rollaren historian euren tokia izateko, baita hoteletako gela txikituak ere, eta (batez ere) kantu on sorta bat. Beraienak Beach Boys, Pink Floyd edo The Beatles bezain talde izen ezaguna beharko luke izan. Jarraian Arthur Leeren taldearen inguruko pista batzuk luzatzen dizkizugu eta derrigorrezko tartea egin euren obra nagusiari, Forever Changes apainari.
Kaliforniako 60ko hamarkada emankorrean kokatu behar ditugu Love. Musika popularrak folk eta psikodelia zertzeladekin nahastuaz forma berriak hartzen zituen bitartean, Arthur Lee gazte beltzaranak (1945, Memphis) Mi Diary soul abestia konposatzen du Rosalee Brooks-ek kanta zezan. Kantua grabatzeko momentuan, norbaitek gitarra-jole xelebre samar eta hasberri bat parte hartzeko proposatzen du. Hura izango zen Jimi Hendrixek grabatutako lehen sesioa, baita Arthur Lee artistaren bizitzan konstante bat izango zen zerbaiten hasiera: Arthur Lee bere garaiko izar handienekin arituko zen, baina bere izena ez zen sekula denok ezagutzen ditugun artista handi haien tamaina berekoa izango. Zergatik?

The doors-en itzalean

Hau izan zen Loveren hasierako laukoa: Arthur Lee (ahots nagusia, armonika eta gitarra), Bryan McLean (gitarra erritmikoa eta abeslaria) Don Conka bateria gizona (berehala utziko zuen taldea Ken Forssi sartzerakoan) eta Johnny Fleckenstein (baxua), laster Alban Snoopy Pfisterer-i lekua utzi ziona. Love Elektra Records diskoetxearen lehen rock taldea izan zen. Baina Lee eta bereak fitxatu eta handik gutxira, zigiluak Kaliforniako beste talde berri batekin sinatu zuen kontratua, The Doorsekin alegia. Jim Morrisonen bandaren oihartzuna handia izan zen ondorengo hilabeteetan, eta zigiluaren ahalegin gehienak beraien musika zabaltzera bideratuta zeuden, Love taldearen ingurukoak apur bat baztertuta utziaz. The Doorsen itzalpean haztea ez zen erraza izan, askoz promozio eskasagoa izaten zuten-eta euren disko eta kontzertuek. Bitxiena da The Doorsekoek izugarri miresten zituztela Love. Jim Morrisonek esana: The Doors Love bezain handiak izango bagina, nire bizitza osatua egongo litzateke. Lehen garai hartan Love taldearen proposamenak Rythm&Blues beltza zuen oinarri, The Byrds bezalako taldeen goxotasunarekin nahastua. Formula horri izugarrizko klasea gaineratuta, taldearen izen bereko lehen diskoa atera zen. Bigarren lanean, Da Capo, banda esperimentazio eremuetan hasten da jolasten, garaiko psikodelia ukituak eramanez euren musikara. 1967ko Summer of Love delakoan ezbairik gabe euren lanik onena kontsideratuta dagoena grabatzen dute (Forever Changes), baina taldekideen arteko lehiak bandaren amaiera ekarriko zuen handik gutxira.

"Forever changes", harribitxia

Ez dira gutxi lan hau 60ko hamarkada osoko onena dela esaten dutenak. Taldearen sormen-gailurra izan zen lan honetan musika zaleak aurki dezakeen guztia mahai gainera ekartzea ezinezkoa da, baina aztertzen saiatuta, disko baten sorreran parte hartzen duten elementu guztiak behar duten tokian daudela izan daiteke lehen ondorioa. Bryan McLean eta Arthur Leeren abestiak benetan ziren ederrak, garbiak bezain zuzenak. Kantu sorta honek McLean eta Lee konposatzaile bezala Lennon/McCartney edo Reed/Cale bikoen mailan jartzen ditu problemarik gabe. Gainera taldeak oreka perfektua lortu zuen ausardia eta asmo komertzialen artean. Mariatxi tankerako tronpeta hotsek, gitarra flamenkoek eta orkestra jantzi aberatsek (baita barrokoak ere zenbait unetan) ezinezko konplizitatea lortu zuten Arthur Leeren Rythm&Blues eskolako ahotsean. Emaitza magiaz betetako grabaketa izan zen, hasten den unetik eta bukatu arte entzulearengan arrasto sakona uzten duten horietakoa. Forever Changes diskoari berandu etorri zitzaion ospea, ez baitzen bere garaian oso estimatua izan. Denborak handia zena erraldoia egin du eta gaur egun Love taldearen hirugarren lan hura 60ko hamarkadako zutabea da askorentzat. Forever Changes limoi bat bezala izan da esprimitua, kantu berriekin osatutako luxuzko argitarapen itxurosoen edo disko osoa jasotzen zuten zuzeneko grabaketen bitartez. Merkantilista agian, baina diskoak merezi du, eta onartu beharra dago bere garaiari aurrea hartu ziola.

Arthur lee da love

Edo hori da behintzat berak esaten duena. Your mind and we belong together singlea plazaratu eta berehala, Arthur Leek taldetik botatzen ditu kolpe batean MacLean, Echols eta Stuart. Jay Donnellan (gitarra), Frank Fayad (baxua) eta George Suranovitch (bateria) Love berriak bihurtzen dira, eta beraiekin grabatzen du Four Sail diskoa (1969), Dream eta Always see your face bezalako kantu bikainak zituen arren harrera hotza jaso zuena baina Lee kontentu utzi zuena (oraindik kantatzen du Singing Cowboy zuzenean). Loveren bulegoan atea beti dago irekia; sartzeko eta irteteko. 69an Jay Donnellan kalera doa eta bere partez bi gitarra-jole sartzen ditu Arthur Leek taldean: Gary Rowless eta Noony Ricket. False Start (1970) hurrengo diskoa da. Ez da aurrekoa bezain ona nahiz eta diskoa zabaltzen Hendrix laguna duen gonbidatu gisa (The everlasting first). Arthur Lee ez da gustura gelditzen eta hurrengo diskoa bakarlari moduan ateratzen du: Vindicator (1972). Hurrengo urteetan Leek oso agerraldi gutxi egingo ditu heroinak ahulduta eta hasten ari zitzaion Parkinson gaixotasunaren menpean erortzen hasia.

Kartzela; free arthur lee

1995 urtean, hamar urte ia ezkutuan eman ondoren berriz ere itzuli berria, neska laguna zuenaren etxeari su ematen saiatzen da. Handik gutxira bizilagunen arteko eztabaida batean arma atera eta tiroka hasten da gure gizona. Epaileak hamabi urte botatzen dizkio. Sei daramatzala, 2001eko abenduan indar berrituta irteten da kartzelatik, eta kontzertuak emateari ekiten dio berriz ere gaurdaino. Giltzapean emandako urteetan, Arthur Lee ikono bat bihurtzen da bere askapena eskatzen duten musikari eta bestelako artista askok eragindako Free Arthur Lee aldarrikapenari esker. Hau irakurtzen duzunerako Love arituak izango dira Euskal Herrian, martxoa amaieran. Kontzertua nolakoa izan den ez dago jakiterik hau idazterakoan, baina talde eraberrituak azken urteotan emandako inpresioen arabera baikorrak izan gaitezke. Love izen mitikoa bizkar gainean hartzea pisu handia den arren, Arthur Leek ondo jaki du berriz ere bere inguruko musikariak aukeratzen. Lee bera oso sasoi onean azaldu zen 2002ko biran, ahotsa bere lanik ederrenak grabatu zituen momentuan bezala, eta aparteko presentzia eszenatoki gainean. Aukera ederra beraz Forever Changes itzela deskubritzeko edo behintzat Love taldeak merezia daukan tokia ordu pare batez izateko.

2004, APIRILA -MAIATZA
bidali zure artikulua Bidali zure artikulua
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.

Berri Laburrak

  • Putzuzulo Amets Fabrika, 9.Urteurrena: "Bide berriak urratzera goaz"
  • The Pepper Pots, Motown estiloko soul talde bikainak azaroan banatuko dela iragarri du.
  • Nick Cavek Bartzelonan (2015/03/21) eta Madrilen (22) joko du. Sarrerak salgai urriaren 3an hemen.
  • Rock or Bust, AC/DC-ren estudioko disko berria abenduaren 2an argitaratuko da.
  • The Dictators NYC + The Lookers, urriaren 25ean dabadaban, Donostia. Agenda

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!