Fela Kuti, "afro-beat" musikaren sortzailea
Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Afro-beat izeneko koktel musikal lehergarria sortu zuen eta afrikartasuna aldarrikatu. Duela bost urte hil zen ihesak jota, baina musikari jenial honen hitzala ez da egundaino ahitu. Eta Fela Kutik Afrikako mugak txikitu bazituen, orain elektronika bere ondarea zabaltzen ari da.
Afrikar musikaren azken hiru hamarkadetako historia ikusirik oso artista gutxik eduki du Fela Anikulapo Kutik adinako eragina. Eragin artistikoa; Afro-beat delakoaren sortzailearen eragina mundu osoko musikariengan (beltzengan batez ere) barreiatu baita, eta haren diskografia zabalak oihartzun itzela eduki baitu bost kontinenteetako musikazaleengan. Eragin politikoa; haren idei iraultzaile eta pan-afrikarrek Nigeriako militar eta gobernu ezberdinen etsaigoa irabazi arazi bazioten ere jarraitzaile eta miresle ugari erakarri baitzizkioten kolonizazioaren ondare ustelarekin borrokan hasi berriak ziren Afrikar herritar xumeen artean, eta baita ere belztasun berri iraultzailearen zale guztien artean. Eragin soziala; oinarrizko alorretan, afrikartasunaren erroetara itzultzea xede zuen ideologia aurrerakoia modu esplizituan errebindikatzeak, aurrez aurre jarri zituen Fela eta mendebaldeko gizarte “aurrerakoietan” ispilu zuten Afrikar agintari eta klase beltz boteretsu eta ustel sortu berriak. Maila horretan kokatu behar, askoren artean eskandaluzkoak gertatzen ziren, poligamiaren (bere 27 emazteekin batera bizi zen) edo kalamuaren aldeko jarrera aktiboa besteak beste (ospetsuak dira ere, cohibas baten tamainako “txirriak” erretzen agertzen den argazkiak).
Musikari jeniala, Felak, 60ko hamarkadan Afro-amerikarren ideologia berriaren ispilu ziren Jazz eta Soul musikak uztartu zituen, bere afrikartasunaren ikur ziren Nigeriako Ju-ju eta Ghanako High-lifearekin batera. Honela sortu zuen azkar batean Afrikako mugak hautsi zituen Afro-beat izeneko koktel musikal eztandagarria. Guztira 77 disko ofizialez jantzitako diskografiak ondo azaltzen du gizon honen sukar sortzailea. Bere itzal handiaren adierazle da besteak beste gaur egun -80ko amaiera aldea zein 90ko hamarkada hasiera nahiko goibelak igarota- Afro-beat delakoak duen osasun artistiko eta mediatiko bikaina. Askok, haren heriotza aurreratua iragarri zuen, Fela Kutiren (1997- 8- 2) heriotzarekin batera. Ala eta guztiz ere, haren seme (Femi Kuti, Seun Kuti), taldekide (Tony Allen, Ginger Baker) edo besterik gabe jarraitzaileek (Antibalas) argi eta garbi erakutsi dute oso oker zeudela Afro-beata heriotzara kondenatu zutenak, bide batez mundu osoko Dj eta musika elektronikoetako finezia zaleen arreta erakartzea lortu dutelarik, bizi berria emanez Kutiren suharrak sortutako musikari. Bai, berriro modan dago Afro-beata.
Lehen urratsak
Benetako izena Fela Hildegart Ransome zuena 1938an jaio zen Lagosetik 80 kilometrotara dagoen Abekoutan. Yoruba (Nigeriako etnia nagusienetako bat) burges familia baten seme, bere aitak, apaiz protestantea, erakutsi zion pianoa jotzen, eta bere ama abertzale sutsuak, berriz, ziurrenik bere militantzia eragin. 1958an Londonera bidali zuten Fela gaztea medikuntza ikastera, berak ordea musika ikasteari ekin eta lehen emanaldi publikoak eskaini zituen lagun nigeriar eta antilarrekin osatutako “Koola Lobitos” taldearen bidez. Berez, garai hartan, afrikarren artean modan zegoen High-Life musikaren aztarna gutxi batzuekin jantzitako jazz “estandarrak” baino ez zituzten jotzen. Bertan ezkondu eta 1963an Nigeriara itzuli zen diploma sakelan. Oraindik osagarriak falta zituen bere musikak ordea.
1969an AEBetan zehar burututako jira batean ezagututako Sandra Smith, Black Panther erakundeko militantea, medio, jaso zituen Malkolm X-ren ideiak eta horrek sekulako aldaketa eragin zuen musikariarengan. Lehenik eta behin taldearen izena aldatu zuen; handik aurrera Africa 70 izango ziren. Bigarrenik Jazzaren eraginetatik gero eta urrutiago baino era berean afrikar musika herrikoietatik hurbilago zeuden erritmoekin lanean hasi zen. Nolabait esan daiteke une horretan jaio zela Afro-beata.
Erlijioz animista bilakatzearekin batera, eragin kolonialeko izena aldatu zuen, Anikulapo (bere patrikan heriotza daramana) eta Kuti (gizakiaren eskuak zauritu ezin dezakeena) gehituz Fela izenari.
Perkusio indartsuen gainean eraikitako orkestazio erritmikoak, diskurtso suharrak eta saxoaren lanak ondo zuzendutako isuri melodikoak. Laster batean gertakari nagusi gertatu zen bere musika, nahiz eta komunikabide ofizial zein nagusien boikota jaso, iraultzaileegia ziurrenik. Nigeriako petrolioaren “boomak” bultzatuta Lagosera bizimoduaren bila joan, baina miseriara kondenatutako milioika lagunen garrasiaren isla musikala zen hura.
Kartzela zigorra
Gobernu militarren eta klase beltz “akomodatuen” artean lortu zuen etsaigoaren adibide dira bizitza osoan armada zein poliziarekin izandako gora behera odoltsuak: Kartzelan emandako egonaldiak, Ghanara atzerriratu behar izan zuenekoa... Ala eta guztiz ere, 1979an Nigeriako armadako erregimentu oso batek Felaren bizileku zen “Kalakuta Republika” okupatu eta sekulako txikizioen ondoren bere ama leihotik bota zutenekoa da agian pasarterik mingarri eta era berean ezagunena.
Unknown Soldier kantuan oso modu grafikoan kontatzen da bertan gertatutakoa.
Gertakari guzti horiek ez zuten ordea ez mundu osoan lortzen ari zen ospea ezta haren sasoi beteko sormen osasuna eten;
Sorrovw tears and blood, Suffering and smiling edo
Every thing scatter kantuek ondo azaltzen dute hori. Felaren urterik emankorrenak izan ziren.
80ko hamarkada ez zen ondo hasi konpositore, saxo-jole eta kantariarentzat botere zibila Nigeriara bueltatu arren. Lehendakari gai gisara aurkeztu zuen bere burua, MOP (Movement Of the People) alderdia sortuta. Gauzak ordea erabat okertu ziren kannabisarekin harrapatu zutela eta 1981ean bera kartzelaratu eta alderdia legez kanpo jarri ondoren.
Army arrangement diskoa izan zen Felaren erantzuna. Ez zen ordea kartzelan emandako azkena, handik gutxira berriro atxilotu baitzuten New Yorkera disko berri bat grabatzera zihoala ustezko legez kanpoko dibisen esportazioa zela eta. Urte luzeak eman zituen kartzelan 1986an mundu osoan gertatutako mobilizazio eta presioen eraginez kaleratu zuten arte.
Esan daiteke erretiro antzeko bati ekin ziola handik aurrera Felak. Soilik bere Lagoseko klubean, Shrine ospetsuan, burututako emanaldi gutxi batzuk edo
Beasts of no nation lanak hautsi zuten jada heriotz eguneraino luzatu zen sasi- erretiroa. IHESak erre zituen Fela Anikulapo Kutiren azken indarrak.
COLONIAL MENTALITY
(Fela Anikulapo Kuti)
No Agreement
(Afrodisia, 1997)
Zu esklaboa zara, askatasun batzuk badituzu, baino ez duzu zure burua askatu. Mendebaldeko moduak kopiatzen dituzu, horrela besteak baino gehiago zarela uste duzulako, ez al da hala?.. Beltza den guztia ez da zuretzat estimagarri, zuk nahiago duzu aruntzagotik datorrena, ez al da hala?.. Zu, epaitegian epaile ingeles baten ileorde ilehoria jantzita esertzen den epailea, ez al da hala?.., harrokeri ozenaz erakusten duzun, esklabo baten izena hartu duzu, zure izenarekin lotsa-tzen zarelako, ez al da hala?
Beraz entzudazu oraintxe: Entzuten al didazu Ramsome jauna?.. Entzuten al didazu Williams jauna?..
Entzuten al didazu Cassius jauna?.. Entzuten al didazu Mac neil jauna?.. Entzuten al didazu jaun Anglikanoa?.. Entzuten al didazu jaun Katolikoa?.. Entzuten al didazu jaun musulmana?.. Baina gu, Afrikan gaude.
DISKOGRAFIA
Askotan benetako ikerketa lana eskatu du Fela Kutiren diskografia biltzea. Oso zaila gertatzen da hain diskografia zabala duen gizonaren diskografia zehaztea, 77 diskoek osatzen dute bere diskografia ofiziala, baina batzuek 100 baino gehiago kaleratu zituela diote. Kontua da ala eta guztiz ere azken aldian lanik garrantzitsuenak berrargitaratu direla eta gaur egun ez dela zaila bere 30 diskorik garrantzitsuenak topatzea. Berrargitalpen alorrean aipagarriak dira alde batetik Barclayk lau “kutxetan” kaleratutako 24 binilozko diskoak, ondoren etorri diren CD berrargitalpenen abisua, eta bestetik azken aldian kaleratu diren bilduma lan kontseilagarriak, oso zainduak gehienak, eta oso praktikoak Fela Kutiren jenioarekin lehen aldiz bat egin nahi dutenentzat. Adibidez:
- Fela Anikulapo Kuti;
King Of Afrobeat:The Anthology (3 cd, Barclay 199).
- Fela kuti;
Black President- The Best Best of Fela Kuti(2 cd, Barclay 1999).
- Fela;
The two Sides Of Fela-
Jazz & Dance (2 cd, Barclay 1997).
Orohar 70ko hamarkada erdialdetik aurrerako lan klasiko guztiak berrargitaratuak izan dira, bi binilo CD bakoitzeko, hala nola;
Opposite people/ Sorrow tears and Blood (Barclay 2001),
No agreement/ Shuffering and smiling (Barclay 2001) edo
Coffion for head of state/ Unknown soldier (Barclay 2001).
2002, URRIA-AZAROA