entzun.com


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Atzera Begira

bidali zure berria Bidali zure artikuluak
ASIER LEOZ 2003-09-24

JOHNNY CASH beltzerako galdatua

Johnny Cash gaztetan grabaketa gelan Johnny Cash gaztetan grabaketa gelan

Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Honela kantatzen duenak dena dauka bizitza honetan ikusia, esaldia lagun batek bota zidan Johnny Cash-en musika entzun nuen azkenekotako aldi batean. First time ever I saw your face izugarriak gure inguru osoa betetzen zuen une horretan, eta Cash-ek dimentsio berri bat ematen zion bere baritono ahots zaharrari.
Normalean, 50 urteko bidea egina duen artista bat hiltzen zaigunean atzera begirada luze bat bota behar izaten dugu bere urrezko garaiak gogoratzeko. Johnny Cash-en kasuan berriz, nahikoa dugu urte terdiko jauzia egitea American IV; The Man Comes Around izeneko lana topatzeko. Hari helduta, ezinbestekoak dira American Recordings izeneko lanetik abiatuta kantu egile amerikarrak eraikitako beste hiru zutabeak. Lau disko horiek Johnny Cash bere bizitzaren ilunabarrean ere handia zela erakutsi ziguten.

Johnny Cash (Arkansas, 1932) Elvis Presley eta Jerry Lee Lewis bezalakoekin aritu zen Sun Records ospetsuaren lehen urteetan, rockabilly eta country doinuen sortzaile handienetako bat bilakatuta. Presentzia handiko gizona, bere ia metro laurogeita hamarra beltzez jantzia eta kopetilun, Cash handia zen batez ere bere ahots itzelari esker. Ahots grabe hori Bob Dylan-en It Aint Me Baby abestiari gainetik pasa zitzaion halako batean eta Minessotako egileak berak onartu zuen bere kantuak oinarri izanda egin diren bertsio guztietatik hau izan zela oilo ipurdia jartzen zion bakarra.

Proskribatuen ahotsa

Johnny Cash abestiak idazten eta kantatzen hasi zen 12 urte zituela. Oso gazte oraindik, KLCN irratiko estudiotan ezaguna zen bertara joan izaten zelako gitarra eskuetan abestera. Soldaduska amaituta (Alemanian, irrati teknikari moduan) eta ezkonberri zela, Memphis aukeratu zuen bizileku, rocknroll-aren bilakaeran ezinbesteko hiria. Tennessee Two delako bikoa oinarri zuela, Johnny Cash gazteak tinko heldu zion musika egiteari. Sun Records etxe famatuaren babesa, single bat edo bi irratietan... Cash pozik bizi zen 1955 urte hartan.
Johnny Cash-enak legez kanpokoen istorioak ziren. Bizitzak bidean jarritako harriak ezin gainditu, desesperazioak jota zebiltzanen ahotsa zen berea. Non izango zuen beraz Johnny Cash-en musikak kartzela baino eskenatoki egokiagorik? At Folsom Prison eta At San Quentin Cash-ek espetxe haietan eskainitako emanaldi gihartsuen ispilu izan ziren, eta disko haien baitan gorputza hartu zuen ondorengo urteetan eta gaur arte Amerikak izango zuen ordezkari handienetako batek.
Bidelapurrak, hiltzaileak, iheslariak... Johnny Cashen kantuetan azaltzen diren pertsonaiak... Springsteen-en Johnny 99 edo Nick Cave-en Stagger Lee bezalako lan gordinen hazia landatzen ari zen. Eta hasiera horretan bere burua ere kontakizun haietako protagonista izan zitekeen. Asko esan da Cashek drogekin izandako hartu emanari buruz. Menpekotasun honek oso muga zehatzak ditu: bederatzi urte (1958-1967). Johnny Cash izarra egiten hasi zela pilulak bere bizitzan sartu ziren unetik, deseginda bere buruari zigorra ezarri zion arte.
Bere pertsonaia horien antzera Johnny Cash-ek ere kartzela bisitatu zuen, baina oraingoan burdin trangen beste aldean. Mexikotik bueltan anfetamina mordoa gainean zeramala izandako oharkabetasun batek eraman zuen hara. Maldan beherakoa hasia, hurrengo urteak erotzeko modukoak izan ziren abeslariarentzat; kontzertuak gauero, gaindosiak han-hemenka eta azkenik, haietako baten ondorioz, auto istripu larria. Emazteak utzi zuenean abeslariak behea ukitu zuen. Maite zituenei kalte baino ekartzen ez ziela ikusirik, kobazulo batean txoko bat egin eta han gelditu zen heriotzaren zain. Kanpoan 1967 urtea zen.

Berpiztea (1): June Carter

Norbaitek edo zerbaitek erakutsi zion bidea (Cash-ek gero esango zuen Jainkoa izan zela) handik atera ahal izateko. Kontuak kontu, Johnny Cash indarberrituta irten zen bere buruari jarritako zigor horretatik eta bizitza berri bati eman zion hasiera. 1968an bigarren ezkontza helduko zen, June Carter country abeslariarekin. Hortik aurrera Johnny Cash ez zen berriz bakarrik sentituko, aurtengo maiatzean minbiziaren ondorioz Junek albotik alde egin zion arte.
70ko hamarkada ona izan zen Cashentzat. Bere zenbait abesti oso ongi kokatuta azaldu zen garaiko zerrendatan (A Thing Called Love esate baterako) eta Estatu Batuetako indiar tribuen eskubideen alde lan egiteari ekin zion konbentzituta. Hurrengo hamarkadan berriz, Johnny Cash askoz gutxiagotan izan zen albiste. Willie Nelson eta Kris Kristofferson lagunekin bira bat edo beste egin zuen baina ez zuen aparteko arrastorik utzi urte horietan.

Berpiztea (2): Rick Rubin

American Recordings 94an atera zen, Johnny Cash oroitzapena baino askoz gehiago ez zen momentuan. Esaten dutenez, Rick Rubin ekoizlea gure gizonari disko berri bat egiteko proposamena eskuetan azaldu zitzaionean, abeslariak bere zalantzak izan zituen. Batetik ez zuen ezertaz Rubin ezagutzen. Ulertzekoa, Red Hot Chili Peppers, Public Enemy eta Beastie Boys ez baitziren bere munduko izenak. Bestetik Rick Rubinen txima luze hippy itxura ez omen zitzaion gustatu country estetika zurrunari ohitutako gizonari. Denborak aurrera egin ahala ordea Cashek ekoizleari buruz zuen iritzia aldatuz joan zen. Rubinek begirune handiz hitz egiten zion, eta Cashek apustu egingo luke bere disko guztiak etxean zituela, jantzia baitzegoen bere musikan.
1994ko American Recordings horrek Johnny Cash nekatu bat azaleratu zuen. Gastatuta, bizitza trago handitan edan duenaren antzera. Baina, era berean, bere ahotsak oraindik lurra mugiarazteko moduko indarra zuen. Sistema soila bezain efektiboa izan zen: Rick Rubinek Tom Waits eta Danzig bezalako artisten abestiak jartzen zizkion mahai gainean eta Cashek bereak egiten zituen gitarra akustikoa lagun bakarra zuela. Lan horrek garaiko laudorio gehienak jaso zituen eta hasi berria zuen bideari ekiteko adorea eman zion. Ildo beretik Unchained diskoa etorriko zen 96an. Lan hau musikalki gertu duen Beck kantugilearen emaitza batekin zabaltzen zen (Rowboat) eta tartean Rubin bera harrituta utzi zuen Soundgarden taldearen Rusty cage bertsioa zekarren. Grammy sari batek merezi zuen tokian jarri zuen Johnny Cashen lan bikain hura.
American III; Solitary Man iritsi zenean denek zekiten Johnny Cash berriz ere handia zela, ez zen ezustekorik izan. Hala ere, benetan ikaragarria izan zen nola Nick Cave basatia kikilduta zirudien, ia dardarka, The Mercy Seat kantuan Cash alboan zuela. Edo nola honek Will Oldham-en I see a darkness abesten duen berak idatzia balitz bezala, edo nola U2 taldeak inoiz egin duen pieza bikainenetako bat kantatzen duen (One) irlandarrek euren Zooropa diskoan gonbidatu izana eskertuaz.
Iazko American IV; The Man Comes Around delakoan Johnny Cash amildegitik gertu azaltzen da, mila zatitan puskatuta eta gaixotasunak mendean hartua. Hala ere, edo agian horregatik, bere ahotsak gutxitan bezala sentiarazten du. Ez dakit adina den zioen baina minari eta heriotzari buruzko gauzei buruz abestea irteten zait. Johnny Boy; Bridge Over Troubled Water Fiona Apple alboan; Hank Williams-en Im So Lonesome I Could Cry eta The Man Comes Around bera tartean. Sortzaile handi baten azken elektrikara artistikoa zen hura.
Hutsune handia utzi du Johnny Cash jaunak hain ondo ezagutzen zuen mundu honetatik iragan irailaren 12an alde egiterakoan. Batzuk berehala sentitu zuten zuloa barrenean, beste batzuk berriz, oraindik ez dute bere ahots sakonaren eta bere kontakizun gordinen bidea hartu eta nahikoa dute country abeslari bat hil dela jakitea. Edozein kasutan, bihotzak apurtzen jarraituko dira, bakarrik edo lagunduta. Bakardadea eta desesperazioa bizitzaren parte izango dira oraindik, baita edertasuna ere. Eta Johnny Cash, rock talde guztiak jaio baino lehenago hoteletako gelak txikituta uzten zituen basatia, edo bere June maiteari Would You Lay With Me goxo kantatzen ziona, honi guztiari ahotsa jarri zionetako bat izan zen, musikan behin betiko balorea duen gauza bakarra erabiliaz: abestia.
Haietako asko, 64, laster eskuartean izango dugu. Unearthed izeneko kutxa berriak ekarriko ditu, uste baino emankorragoak izan ziren sesio haien emaitza moduan. Aurreratu denez, tartean Bob Marley-ren Redemption Song egongo da, behar baino lehenago joan zitzaigun beste matxinatu bat lagun zuela abestua: Joe Strummer.

2003-04, ABENDUA-URTARRILA
bidali zure artikulua Bidali zure artikulua
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.

Berri Laburrak

  • Info7 irratiko app-a deskarga dezakezue dagoeneko. Doan. Aplikazio sinplea baina erabilterraza.
  • Nick Cavek Bartzelonan (2015/03/21) eta Madrilen (22) joko du. Sarrerak salgai urriaren 3an hemen.
  • Rock or Bust, AC/DC-ren estudioko disko berria abenduaren 2an argitaratuko da.

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!