entzun.com


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Atzera Begira

bidali zure berria Bidali zure artikuluak
Julen Azpitarte 2005-07-09

MINUTEMEN hiruki perfektua


Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Lotura erlazionatuak
Institutu garaian herriko bideo klubera jaisten nintzen eta Dead Kennedys-en bideoa edo Black Flag-ena alokatzen nuen, baina Minutemen-ena ez zen inondik agertzen. Ezbairik gabe, inoiz izan den talderik onena izaki, zergatik ez zegoen haiei buruzko ezer eginda?, Keith Schieron We Jam Econo filmaren ekoizlea.
Schieronek bere anaia nagusiaren fanxineetan aurkitu zuen Minutemen-i buruzko lehen aipamena 1980ko hamarkadaren bukaeran. Ziztu bizian kalera irten eta The Punch Line, San Pedroko (Kalifornia) hirukotearen lehenengo diskoa, erosi zuen. Era berean, Tim Irwin lagunari deitu zion aurkikuntzaren berri emateko. Azkenik, Irwinek Minutu Gizonen lehen kantua entzun zuen skate bideo batean. Taldearekiko obsesio nerabeak gaur arte iraun du. Hala, 2003. urtean, We Jam Econo: the Story of the Minutemen filma egiteari ekin zioten mini DV formatuan; Irwin zuzendari eta Schieron ekoizle. Aurtengo otsailean estreinatu den 90 minutuko dokumentalak, 1980ko hamarkadako hardcore punk mugimendu estatubatuarrak eman duen talde ausartenaren historia josten du zuzeneko irudiekin eta garaiko protagonista nagusien hitzekin. Elkarrizketatuen zerrenda luzea da oso, tartean, X taldeko John Doe, Black Flag-eko Henry Rollins, Sonic Youth-eko Thurston Moore, RHCP-eko Flea eta, jakina, Mike Watt eta George Hurley, egun bizirik dirauten hirukiaren bi ertzak. Ian MacKaye, Minor Threat eta Fugaziko taldekidearen berbek izugarri ondo definitzen dute Minutemen hirukotearen musika eta nortasuna: Sekula ikusi dudan une musikal perfektuenetarikoa. Filma AEB eta Europako zenbait hiritan erakusten ari dira eta DVD bikoitzean argitaratuko da aurki. Aipatu pelikula aitzakiatzat hartuta, Entzun!ek hirukote perfektu honen ibilbidean murgiltzea deliberatu du.



Gorago aipatu bezala, 1980ko hamarkadan gertatu zen hardcore punk eztandak eman duen talderik interesgarrienetarikoa izan zen Kalifornia estatuko Minutemen. Musika estiloei dagokienez, arrisku zaleak ziren oso ipurtarin hauek. Hala, punk rockaren filosofiatik abiatuz, funka, folka eta free jazza jorratu eta uztartu zituzten maisuki. Etiketek sarritan dakartzaten aurreiritziei muzin egin eta bi minutu eskas irauten zuten kantu kementsuak idazten zituzten. Izan ere, taldearen izenak kantuen iraupena aipatzen du. Orotara, 150etik gora kantu idatzi zituzten bost urte iraun zuen ibilbidean eta guztira 11 disko grabatu zituzten, tartean, Double Nickles on the Dime maisulan bikoitza. Akaso iraupen motz hori berdintzeko xedearekin, hirukoteak izenburu luzeak erabiltzen zituen: Little Man with a Gun is his Hand edo Political Song for Michael Jackson to Sing kasu. Hitzek zama politiko handia eransten zioten konposizioei. Esaterako, Untitled Song for Latin America, non Ronald Reagan presidenteak Hego Amerikan abiatu zuen politika kritikatzen den. Taldea etengabe aritu zen jotzen, AEBetan barrena bira ugari egin zituzten, eta azkenean, musika prentsaren esker ona lortu zutenean, dena irauli zen. 1985eko Eguberria baino hiru egun lehenago, D. Boon gitarra-joleak auto ezbeharra izan zuen eta bertan hil zen. Taldea desegin eta diskoetxe handiekin izan zituzten lehen harremanak bertan behera gelditu ziren. Beti esan ohi da, 1990eko hamarkadan sortu ziren talde independenteengan eragin gehien izan zuten taldeak REM eta Hsker D izan zirela (azken horiek SST zigilu mitikoan lagun zituzten), baina Minutemenen ondarea aurreko bien maila berean dagoela baiezta daiteke. Are gehiago, punk rockak eragindako inkonformismoa aurreko biek baino hobekiago barneratu eta isuri zuten: estiloak erabat ukatu, hankaz gora jarri eta abiada handiko diskurtso pertsonala sortu zuten, eta hori talde pribilegiatu gutxi batzuk soilik lortu omen dute.



HARD ROCK vs ART PUNK

D. Boon, gitarra-joleak eta Mike Watt, baxu-joleak (abestu ere egiten zuten biek), San Pedro hiriko parke batean ezagutu zuten elkar 13 urte inguru zituztela. Antza eta Watt-ek berak horrela kontatzen du gorago aipatu filmean, D. Boon gizena zuhaitz batetik erori zitzaion. Harrez geroztik lagun minak egin ziren. 1970eko hamarkadako erdialdera institutuan zeuden eta hard rock talde mitikoen kantuak (Creedence Clearwater Revival eta Blue Oyster Cult, tartean) jotzen zituzten Bright Orange Band izeneko egitasmoan. 1976. urtean, baina, high school garaiak bukatu eta une berean lehen punk rock disko ingelesak entzun zituzten. Punkak zabaltzen zuen do it yourself (egin ezazu zeure kabuz) ideia erabat barneratu eta rock izar handien keinu eta handikeriak baztertu zituzten. Horrela, artie kutsua zeukan punk ingelesaren iturrietatik edaten hasi ziren: Wire, Pop Group eta Gang of Four, besteak beste. Beraz, hurrengo pausua taldea eratzea izan zen. Minutemen sortu baino lehen The Reactionaries jaio zen. Bertan, bi lagun minek, Frank Toche bateria-joleak eta bigarren gitarra batek jotzen zuten. Handik hilabete gutxira azken horrek taldea utzi eta Minutemen sortu zen 1979. urtean. Tochek single bakarra grabatu zuen, segidan George Hurley bateria-joleak ordezkatu baitzuen; hirukia erabat eratua zegoen. 1981ean Paranoid Time izeneko lehen EP-a grabatu zuten SST zigilu mitikoarekin (Greg Ginn, Black Flageko gitarra-joleak zuzentzen duen zigilua eta ezinbesteko hainbat talderen etxea: Meat Puppets, Dinosaur Jr., Sonic Youth, Descendents eta Bad Brains, tartean).

Arrisku zaleak ziren ipurtarin hauek. Hala, punk rockaren filosofiatik abiatuz, funka, folka eta free jazza jorratu eta uztartu zituzten maisuki. Etiketek sarritan dakartzaten aurreiritziei muzin egin eta bi minutu eskas irauten zuten kantu kementsuak idazten zituzten

Hasiera-hasieratik taldeak kutsu politiko argia erakutsi zuen, eta soinuari dagokionez, estiloen nahasketa nabarmena zen. Urte berean The Punch Line lehen disko luzea grabatu zuten eta disko horretan bai nabaritzen dela Minutemenen ahots eklektiko eta konprometitua. Berehala AEBetan barrena bira egin zuten eta 1983an What Makes a Man Start Fire (SST) bigarren lan luzea grabatu zuten. Euren lan nagusiak zigilu kaliforniar horrekin grabatu zituzten, baina beste diskoetxe independente batzuekin ere lan egin zuten, Thermidor Records-ekin 1982an grabatu zuten Bean Spill EP-a, kasu. Urte berean Buzz or Howl Under the Influence of Heat (SST) hirugarren diskoa karrikaratu zuten. Taldea jada ezaguna zen Ipar Amerikako undergroundean.


MINUTEMEN vs HSKER D

Aurreko disko horiek Post-Mersh Vol 1 eta Post-Mersh Vol 2 izeneko bi disko konpaktuetan bildu dira. Ezinbestekoak dira taldearen jatorria eta esentzia ezagutzeko. Izan ere, hiru disko horietan daude 1984an grabatuko zuten Double Nickel on the Dime (SST) izeneko lan bikoitzaren hazia. Urte berean SST zigiluak Hsker Dren Zen Arcade, disko bikoitza hau ere, kaleratu zuen. Gaur egungo rock independenteak historian eman dituen bi lan bikoitz handienak argitaratu zituen zigilu berak urte berdinean. San Pedroko hirukiak euren mailarik onena lortu zuen. Double lan perfektua zen, borobila. Aurreko grabazioetan sortu eta bilakatu zen proposamen anitzak ahots bakarra izatea lortu zuen hemen. Taldea bere unerik onenean zegoen eta hala kantuen nola soinuaren aldetik disko bikaina da; lortezina garaiko eta egungo talde askorentzat. Bi minutuko 45 kantu politiko, non folkak, jazzak eta funkak bat egiten duten hardcore-punkarekin. Askatasuna biziki maite zuen punk hirukotearen lan gorena. Etengabe gauza berriak gorde eta erakusten duen diskoa: Cohesion-en flamenko kutsua ageri da; Corona, Polka norteotzat jo dute zenbait kazetarik, eta Van Halen-en Aint talkin bout love ere jaso zuten lotsagabe. Goian sinatzen duenaren hazi isurketa dirudi; ados, baina disko hori entzutea amaigabeko larru jotzea da; plazer hutsa. Eta antzeko lerroak merezi ditu Zen Arcade-k; hau ez da, ordea, Minneapoliseko pop zikina eta zaratatsua goraipatzeko toki egokia. Irrati unibertsitario guztiak hankaz gora jarri zituen Double-k, eta musika kritikari askok urte horretako lan onena izendatu zuten. Azkenik, Minutemenek gehiengoaren esker ona lortu zuen. Kanpoan gelditu ziren gainontzeko kantuak The Politics of Time (New Alliance) lanean jaso zituzten. Hurrengo hilabeteetan hainbat grabazio egin zituzten, tartean, Minuteflag EP-a, Black Flag eta San Pedrokoen arteko elkarlana. 1985ean euren azken lana argitaratu zuten, 3-Way Tie (For Last) (SST). Bikoitzaren bidea jarraitu zuten, agian Watten nortasuna gehiago nabaritzen da Boonena baino. Diskoetxe handiek jada begiz jo zuten.



3-1=0

Urte horretan D. Boonek auto ezbeharra izan zuen bikotekidearekin zihoala. Antza, senide baten etxetik zetozen. Boon bertan hil zen. Hortaz, Minutemen desagertu zen. Boon eta Watten arteko adiskidetasuna oso estua zen eta gitarra-jole potoloaren presentzia eta talentua halabeharrezkoa. Hiru ertzetako bat desagertu zen eta ondorioz hirukiaren hondamena etorri zen. Ondoegi koipeztatutako makina zen Minutemen. Taldekide baten zorigaitza nahikoa izan zen taldea bertan behera uzteko. Lagunak ziren eta gero taldekideak. Onartu behar dut, egunero pentsatzen dut Boonekin. Zeozer badabil nire buruan, Zuk zer uste duzu D. Boon? galdetzen diot neure buruari. Urteetan egin dut eta oraindik egiten dut, dio Wattek.
Zorigaiztoko gertaera horren ondorioz, Wattek eta Hurleyk musika uztea pentsatu zuten. Ed Crawford, Ohio Estatuko Unibertsitatetik zetorren gitarra-joleak eta Minutemenen zale amorratuak, ordea, gainontzeko bi Minutu Gizonak berriz jotzeko konbentzitu zituen. Hala, fIREHOSE sortu zen. Jatorrizko taldearen pop ukitua gehiago sakondu zuten eta hurrengo zazpi urteetan disko oso interesgarriak grabatu zituzten. Oraingoan majorrekin sinatzea lortu zuten. Bestalde, Mike Wattek jotzen jarraitu du eta orain arte hiru disko grabatu ditu, azkena iaz: The Secondmans Middel Stand (Red Ink). Disko kontzeptuala da eta baxu joleak oraintsu pairatu duen gaixotasun larriaren inguruan idatzi du. Bizitza galtzeko zorian ere egon zen. Euskal Herrian izan da aurten bigarren aldiz, aipatu lan berri hori aurkezten.


MINUTEMEN: oinarrizko diskografia

1980 Paranoid Time (SST)

1981 Joy (SST)

1981 The Punch Line (SST)

1982 Bean Spill (Thermidor)

1983 What Makes A Man Start Fires? (SST)

1983 Buzz Or Howl Under The Influence Of Heat (SST)

1984 The Politics Of Time (SST)

1984 Double Nickels On The Dime (SST)

1984 Tour-Spiel EP (Reflex)

1985 Project Mersh (SST)

1985 3-Way Tie (For Last) (SST)

1986 Ballot Result (SST)


2005, EKAINA UZTAILA
bidali zure artikulua Bidali zure artikulua
Minutemen - King Of The Hill

What is peace / To the people / Who work the land / And die in wars? / It was learned in a game / That was played by us all / Who held the top of the hill / From the rest was called the king / And I can't believe it all / Was good for humankind / Is it peace / To point the guns? / Is it war / To fire the guns? / We would run with all of our might / Push the king off to take the hill / And to learn who was king / And who makes the better serf / I can't believe it all / Was good for humankind / And I have to read the lies / Between the lines / Believe in this / We are part / Of a whole we call the earth / And I have to read the lies / Between the lines



Erlazionaturiko edukiak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.

Berri Laburrak

  • Carlos Ortiz, Balerdi Balerdiko baxu joleak taldea utzi du. Dagoeneko ordezkoa bilatzen ari dira.
  • Siniestro Total taldeak kantu berria argitaratu du: Chico de ayer.
  • Cockney Rejects talde mitikoak urriaren 3an joko du Gasteizeko Jimmy Jazz aretoan. Oi!
  • 5 urteren bueltan, Fito y Fitipaldis estudioko disko berria  gabatzen hasi dira. Udazkenean kalean.
  • BBK Live jaialdirako sarrerak agortu dira. 120.000 pertsona bilduko dira Kobetamendin.
  • Rob Younger-en (Radio Birdman) THE NEW CHRISTS Bilbon & Donostian ekainaren 25 eta 26an.
  • The Drones uztailean EHn ariko dira: 17an Donostian, 18an Gasteizen eta 19an Bilbon.

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!