entzun.com

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Atzera Begira

bidali zure berria Bidali zure artikuluak
Antton Iturbe 2015-04-23

Robert Wyatt

Abestu eta dantzatu

Robert Wyatt-ek erretiroan dela adierazi berri du. Musika plazaratzeari utzi dio

Beti liluratu nau musikak jende talde baten elkarrizketaren tonua eta giroa zeharo aldatzeko izan dezakeen indarra. Lagunekin kotxean solasaldi umoretsuan zoazela, pixkanaka denak isildu eta bakoitza bere pentsamenduetan murgiltzen denaz jabetzen zara, zer eta irratian jarritako doinu jakin batek giroa goitik behera aldatu duelako. Nire musikak efektu hori izatea bilatu dut beti
(DJ Shadow)

Hasiera batean DJ Shadow eta Robert Wyattek ez dute zerikusi handirik eta ez dakit Robert Wyatt-ek berez efektu hori bilatzen duen ere, baina lortu, ederki lortzen duela esango nuke. Wyatt-en ahotsak duen erakarpen eta hipnosi boterea txundigarria da. Oso artista urriek dute ahalmen miragarri hori. Mikel Laboa edo Leonard Cohen dira burura datozkidan adibide gutxietako bi. Ahots hauskorrak, latzak eta inperfektuak izan arren, azaldu ezin dugun modu batean astintzen gaituen bibrazio baten jabe dira ere. Mendeetako arrazionalizazioaren zamak lurperatzen saiatu den arima kolektiboa esnatu eta hunkiarazteko gai dirudite. Harritzekoa da nire bizitzan ezagutu edota elkarrizketatu ditudan zenbat musikari diren Wyatt-en jarraitzaile sutsuak eta ia obsesiboak. Ez da burura etortzen den lehen izen horietakoa, baina solasaldiaren berotasunean aipatuz gero, elkarrizketatua Wyattengananko duen mirespena onartu eta bere musikarekin zenbat gozatzen duen kontatzen hasten zait gehienetan. Eta noski, ni buru belarri sartzen naiz goraipamen geroz eta sutsuagoen espiral horretan. Robert Wyatt-en zalea bainaiz. Robert Wyatt-en zale handia naiz. Robert Wyatt bezalakorik ez dago niretzat.

Edozein unetan Wyatten musikara gerturatzen zarenean, eremu grabitatorio misteriotsu baten moduan irentsi egiten zaitu
Baina Robert Wyatt erretiroan dela adierazi berri du. Musika plazaratzeari utzi dio. Musika konposatzeari uko egin dion ez dakit. Sinesgaitz xamarra iruditzen zait hori egia esan, baina hasiera batean behintzat konposaketa horiek ez ditugu ezagutzerik izango. 70 urte betetzera doa eta adina edo nekeaz gain beste arrazoi batzuk izango dituelakoan nago, baina ez da nire asmoa haiek asmatzen saiatzea. Utzi digun ondare zabala arakatu, gozatu eta hausnartzeko nahiko lan badugu eta. Edozein unetan Wyatten musikara gerturatzen zarenean, eremu grabitatorio misteriotsu baten moduan irentsi egiten zaitu. Indar horren jatorria zein den asmatzerik ez dudanez, bost grabaketa aukeratu eta nigan eragiten duten lilura azaldu eta elkarbanatu nahi nuke gutxienez.


MAKINA BIGUNA

Mike Ratldege
, David Allen eta Kevin Ayers-ekin batera osatutako Soft Machine taldean eman zen ezagutzera Robert Wyatt. Bateria jole, abeslari eta konposatzaile moduan aritu zen 1966 eta 1970 artean. Psikodeliaren kolorea, jazzaren ausardia eta british umore patafisiko xarmangarria uztartzen dituzten hiru disko zoragarri plazaratu ondoren, Robertek taldea utzi egin zuen. Soft Machineren hurrengo diskoek duten jazz-rock kutsu astun xamarra eta Wyatten diskoen fintasuna alderatuz ulergarria da bere erabakia.
Bakarkako lehen disko bat plazaratu ondoren (End Of An Ear) talde paralelo bat osatzea erabaki zuen Wyattek eta Soft Machine izenarekin txantxa eta hitz joko txiki bat eginez Matching Mole deitu zuen talde hori (Soft Machine frantsesez Machine Molle baita). Besteak beste, Dave Sinclair, Phil Miller edo Gary Windo bezalako instrumentu-jole handiek parte hartu zuten taldeak grabatutako bi diskoetan, pixkanaka Wyatt eratzen ari zen hizkuntza musikal imitaezin horri forma ematen hasiz.



1972an ateratako estreinako Matching Mole diskoari oso estimagarria deritzot. Wyatten ondorengo doinuen edertasunak pittin bat baztertu duen arren, ahaztea komeni ez den lan zirraragarria eta freskoa izaten jarraitzen baitu. Nahiz eta diskoaren erdialdean kokatzen diren pasarte instrumental luzeak garaiko prog-rock talde ertain batenak baino askoz hobeak ez izan, ertzetan kokatutako doinuen nortasunak nota orokorra ikaragarri altxatzen du. Diskoa irekitzen duten O, Caroline eta Instant Pussy pop abesti itzelak izateaz gain, nolabait Wyattek bere karrera osoan idatziko dituen hamaika kantu ederrentzako bidea irekitzen dutela esango nuke. Doinu goxoak, ume izutu baten ahots urratua, piano ukitu leunak, onomatopeia hutsezko koru lunatiko zoragarriak, edertasun likidoa Wyatt-en zigilu nahastezina. Eta diskoa ixten duten Beer as in Braindeer eta Immediate Curtain kantuek aldiz, soinuaren ehundurekin eta estruktura askeekin jokatzeko duen gaitasuna erakusten dute. Aipatutako prog-rock horren eskematatik zeharo urrunduz, musika konkretuarekin, ambient eta ia industrial atmosferikoenarekin zerikusi gehiago duten piezak osatzen ditu. Mamuek sortutako musika dirudi, halako izaera espektrala eta, aldi berean, hipnotikoa baitute. Garaiko RIO (Rock In Opposition) taldeen ildoan, progresiboen handikerien artean baino erosoago sentitzen denaren seinale, Wyattek intimismoa eta askatasuna maite du. Sarritan esan duen bezala, erabat esnatu aurreko uneak, ametsa eta errealitatearen arteko ezleku psikologikoaren epelean zauden horiek, bereziki inspiragarriak zaizkio musikaren sormenerako. Ez da harritzekoa beraz, emaitzek duten kutsu oniriko eta narkotiko hori.


HARKAITZEN ARTEAN

1973ko ekainaren 1ean, festa giroan mozkortuta, laugarren pisuko leiho batetik erori zen Wyatt. Istripuak gerritik behera paralizatuta utzi zuen eta ordutik aulki gurpildun baten laguntzaz mugitzen da. Gertakizun honek utzitako muga fisiko eta ondorio psikologikoak bere musika betirako baldintzatu zuten, noski. Wyattek bateria jotzeari uko egin behar izan zion eta pianoan eta bere ahotsean kontzentratu zuen bere jarduera. Kontzertu birak emateko edota talde baten partaide izatea ezinezkoa suertatzen zitzaion eta hortik aurrera bakarlari moduan argitaratuko ditu bere disko guztiak. 
1974ko Rock Bottom izan zen lehena eta askorentzat bere onena ere. Wyatten disko bakar batekin geratu beharko banu arazo handiak izango nituzke erabakitzeko, baina segur aski neuk ere Rock Bottom aukeratuko nuke. Alde batetik, lan honen bitartez ezagutu nuelako bere musika (nahiz eta benetan gustatzen hasteko denbora luze eta entzunaldi asko egin behar) eta, bestetik, 70ko hamarkadako eta Historia guztiko disko zoragarrienetako bat delako, inongo ezbairik gabe.

Urrutirago joan gabe, diskoaren irekiera inoiz entzun dudan hunkigarriena dela sentitzen dut play sakatzen dudan bakoitzean. Sea Song pianoan oinarritutako balada baten moduan hasten da, baina pixkanaka azukre koxkor bat kafean disolbatzen den bezala, estruktura molekular zurruna likidoan barreiatzen da. Likidoak nire egongela guztia betetzen du eta anbarrean kateatuta geratzen den eltxoa bezala sentitzen naiz. Bateria indartsu baten propultsiorik ezean, abestiek ez aurrera ez atzera egiten ez dutela dirudi. Ohiko narratibarik ez da sumatzen. Wyatten musika animo egoera bat da istorio baten kontaketa baino gehiago. Ahots, piano, saxo, gitarra ekarpen txiki bakoitzak espiral baten moduan animo horretan murgildu edo horretara altxatzen gaitu. Gorantz ala beherantz, zentzu bertikala du musikak. Sentimendu sakonenak eragin eta kontzientziaren mugak gainditzen dituzten gailurretara ailegatzeko gai da.
Bakarlari moduan sinatu arren, Wyatt ez dago bakarrik disko honetan. Bere ondoan du Alfie emaztea, diskoaren azala margotu ez ezik, hitzekin lagundu diona, eta berari dedikatzen dizkio Alifib eta Alifie pieza miragarriak. Baita Monghezi Fezaren tronpeta Love-ren une distiratsuenak gogoraraziz edo Gary Windoren saxo urratzailea eta Fred Frith-en biola bihurria. Eta nola ahaztu? Mike Olfield izeneko gitarra jole gaztetxo baten ekarpen bikaina  Era batera edo bestera, 70eko hamarkada hasierako britainiar musikak eskaini dezakeen hoberena, ausartena, koloretsuena eta zirraragarriena neurri handi batean disko honetan kondentsatuta dagoela esango nuke.
Dena dela, disko ikaragarri honek Wyatt fisikoki eta psikikoki lehertuta utzi zuela dirudi. Hamarkada osoan beste disko bat baino ez zuen argitaratu. Neurri handi batean bertsioez osatuta dagoen Ruth is Stranger Than Richard, hain zuzen ere. Rock Bottom-en antzerako musikari eta oinarri sonoroak ditu eta disko oso atsegina izan arren, ez da haren maila gorenera hurbiltzen.


SHHHH LOTARA

Nothing Can Stop US diskoarekin bueltatu zen 1982an eta Old Rottenhat (1985) eta 1991an Dondestan lanekin eman zion jarraipena. Disko irregularrak dira hirurak. Une distiratsuak (Nothing...-ek batez ere), ezusteko erritmo afrolatinoak, erretorika komunista pittin bat, ekoizpen nahasi xamarra eta sendotasun falta uztartzen dituzte neurri handiago edo txikiagoan. Estimagarriak noski, baina Wyattek dagoeneko bere onenak emanda zegoela pentsa arazten zuten. Dondestan-en ondoren berriz ere beste 6 urte ezer plazaratu gabe egoteak amaiera sentsazio hori areagotu zuen gainera. Nork asmatuko zuen orduan zein oker genbiltzan zale guztiok? Harritzekoa bada ere, Wyatten doinu ederrenetako asko ailegatzeke zeuden oraindik



1997ko Shleep izan zen inflexio puntua. Ezustekoan Wyattek Rock Bottom-en garaitik egindako diskorik onena plazaratu baitzuen. Are gehiago, zentzu askoetan Shleep jatorrizko diskoaren magia pittin bat ere galdu gabe, Rock Bottom-en eguneratze bat dela esango nuke. Shleep diskoa baikorra, argitsua eta handia da, batik bat lehen minutuetan. Gero pixkanaka pixkanaka behelainoak inguratzen gaitu eta Wyatten elfo ahotsa eta tronpeta soinu urrunak jarraituz lainoetatik irteera bilatzen saiatzen gara. Baina Alien, 6. kantura iristerako garbi dago, lainoaren barrenera garamatzatela, eta ordurako ere bost axola zaigula konturatzen gara. Hain gustura sentitzen gara. Inguratzen gaituen eter sonikoa ez baita ekaitza iragartzen duen laino beltza, Rock Bottom-eko laino zuri narkotiko-oniriko berbera baizik. Ssssshhhh. Goazen lotara goxo goxo...
Musika munduan zure putzu txikia egin dezakezu. Baina zure putzua ibaiarekin konektatua ez badago eta ibai hori aldi berean itsasoarekin konektatuta ez badago, lehortu egingo da. Pixa putzu bat bilakatu da. Denbora luzeegiz bizi izan naiz putzu batean pozik geratzeko, Robert Wyattek 2007an emandako elkarrizketa batekoak dira hitzak, eta horiekin beste hainbat artistekin elkarlanean aritzeko izan duen joera modu ikusgarriz azaltzen du. Shleep-en ez da horrelakorik falta. Besteak beste Brian Eno, Phil Manzanera edo Evan Parkerrek ekarpen bikainak egiten dituzte diskoan zehar eta oinarrian horren fina den materiala are distiratsuagoa bilakatzen dute. Disko handia. Ez da azkena izango.


KUKUEN LURRALDEAN


Bereziki maite dut 2003ko Cuckooland. Alde batetik, Rock Bottom ez bezala, disko hau lehen unetik gustatu eta aurkikuntzek bakarrik duten su biziaz grabatu zitzaidalako buruan. Eta bestetik, bere izaera gozo, lauso eta etxetiarrak baltsamo baten moduan laztantzen nauelako entzuten dudan bakoitzean. Hitzak ordea, gai ilun eta deitoragarriez ari dira (genozidioa, Irak-eko gerra, Israelen arma nuklearrak). Wyattek beti mantendu duen pentsakera ezkertiar sendoaren isla. Baina tonua, kontakizun nazkagarriena izanda ere, beti da hunkigarria edo atxekigarria (adibide bat behar baduzue, Foreign Accents-eko haiku miragarria entzun ezazue). Wyatten ahotsak indarra eta erregistroa galtzen duen heinean, komunikatzeko gaitasuna areagotzen duela dirudi. Pop aurreko giroetara bueltatzeko joera du diskoak: jazz-era eta standard-etara. Zahartzaroan bere ume garaiko soinuak eta sentsazioak berpiztuko balitu bezala. Saxoak, kornetak, flauta eta bereziki Karen Mantler-en harmonika zoragarria dira nagusi eta abestiek egun guztirako lagun dituzun doinu liluragarriz josita daude. Nire bizitza guztiko disko gustukoenen artean dudala pittin bat nabaritzen da, ezta?
Garai hartatik Robert Wyatt Lincolnshire-ko herrian bizi da lasai Alfiekin batera urtean abesti bat idatziz gutxi gora behera. Patxada hori nabaria da Cuckooland-eko artilezko epeltasunean, eta era berean girotzen du gaur arte plazaratu duen azken diskoa: Comicopera.



Maila goreneko diskoa da Comicopera ere, eta bere abesti ederrenetako bat dauka: Just As You Are. Hobe esan, Alfie eta Robert-en kantu hoberenetako bat. Bien artean idatzi eta kantatzen baitute, 40 urteren ondoren eta bakoitzaren inperfekzio guztien gainetik elkarren arteko onartzea eta azkenik biziki maitatzea modu ezin xinple, garbi eta indartsuagoz adieraziz. Istripua, depresioa, alkoholismoa Asko sufritu dute biek puntu horretara heltzeko.
Hiru aktotan banatutako disko koloretsu honetan askok bere karrera osoko laburpen bat ikusten dute, eta zuzen xamar direla onartu beharra dago. Baina Cuckoooland-en pasatzen zenaren antzera, bere haurtzaroko soinu, sentsazio eta oroimenetara jotzen duela esango nuke ere, bertan inoiz egin dituen doinu borobilenetarako inspirazioa aurkituz. Eta, aldi berean, bere garaiari begiratzen dio, modu kritiko eta zorrotzez. Hirugarren aktoan ez du hitz bat bera ere ingelesez kantatzen, Erresuma Batuak Irakeko gerran parte hartzearen aurkako seinale moduan. Doinu brasildar eta kubatarren artean inor baino hobeto lotzen ditu etika eta estetika.



Hori da dena. Beno, kalitate ezberdineko beste hainbat bootleg eta era guztietako kolaborazioak aurki ditzakezue pixka bat arakatuz gero. Baina musika berriari dagokione,z hemen amaitzen da Robert Wyatt-en ibilbide musikala. Misterioak hor darrai, nahi duenak dastatu, gozatu eta piezak bere erara elkartu ditzan.  Bukatzeko Robert Wyatt beraren zita pare bat uzten dizkizuet gauzak argitzeko edo gehiago nahasteko


Ez dut tragediarik idazten, ez naiz horretarako gai. Pop musikaria naiz, nahiz eta nire abestiak ohiko pop abestiak baino gehiago luzatzen diren, Ahotsarekin aspertu eta zaratatxoak sartzen hasten naizelako da hori


Charles Mingusek zioen bezala, musikak dantzan eta abestian dituen sustraiak galtzen baldin baditu, bere balio, zentzu eta garrantzi guztia galtzen du. Musikak abestu edo dantzarako balio ez badu, esploratzailea eta ausarta bada ere, dekorazio hutsa bihurtzen da. Abestia eta musika gizarteari biologikoki lotuta daude. Jendea urte eta urteetan dantzan aritu da larunbat gauetan, eta ondoren igande goizean elizako abestiak entzun eta kantatu. Horretarako asmatu zituzten larunbatak eta igandeakkar kar



Long live Robert Wyatt

bidali zure artikulua Bidali zure artikulua
Erlazionaturiko edukiak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.