Ibilbide oparoa
Samiam taldearen ibilbidea berrikusten duen txostena da hau. Hasieratik gaur egun arte, protagonistek beraiek taldearen diskografia gurekin errepasatu dute.
Samiam eta gisa bereko hainbat banda hardcore amerikarraren bigarren belaunaldiaren protagonista izan ziren. Henry Rollinsen Black Flag-ek –bere alderdirik zakarrenean– edota Descendents-ek –bere alderdirik punk-popzaleenean– gidatu zuten urrezko garaia igarota, Minor Threat, Adolescents, 7 Seconds, Bad Religion eta Samiam-en jatorria osatuko zuten taldeak loratzen hasi ziren. Samiam-eko kideak hain zuzen, beren idoloetatik aldendu ziren agortuta zirudien estilo bati izaera propioa emanez. Ahots berezi bat zen estilo pertsonal horren muina, une batez entzun eta talde bat ezagutzera eramaten zaituen horietakoa. R&R-aren barruan Motörhead taldeari gertatzen zaion bezala, Berkeleyko (Kaliforniako Estatua) boskoteak hardcorearentzako popzaleegia izatearen zama zeraman eta poparentzako hardcoreegia izatearena. Kontzeptu arraroa, inondik inora, “emocore” etiketa modu naturalean agerrarazi zuena. Emocorea, aipatu bi estiloen arteko gurutzadurak, gerora bestelako adarkadura baztuk izanen zituen, emo edo slowcorea kasu. Bi azpigenero hauek 90. hamarkadako hondarrean ugaldu ziren.
Musikari dagokionez, 80ko hamarkada ez zen soilik Estatu espainiarrean oparoa izan. Ditxosozko Movida delakoari (bere azken egunetan), itsasoaz beste aldean aurkari ederra agertu zitzaion. Asmorik ez konparazioetan sartzeko (batzuen epelkeriak eta besteen gogortasunak aski garbi hitz egiten dute), baina hardcorearen olatu berriak bere aurrekoek erakutsitako errebeldia politikoaren izpirituarekin segitzeko misioa zeukan. Musikari gazteak ziren, skater-ak gehientsuenak, sistemarekin haserre, desilusionatuta, frustratuta eta ez ulertuak, eta ez orden horretan halabeharrez.
Makina martxan jartzen da
1988an, zonaldeko talde desberdinetan trebatu ondoren, Samiam sortuko zuten ondoko musikari hauek: Jason Beebout mikrofonoan (lehen Isocracy-n ibilitakoa), Martin Brohm baxuan (Isocracy-n lau kordak astindu zituen baita ere), Sergie Loobkoff gitarra nagusian (Sweet Baby Jesus-en bateria jole aritutakoa zen), James Brogan bigarren gitarran (orduan nahiko ezagunak izan ziren Social Unrest-en partaide izandakoa) eta Mark Mortinsen baterian.
Gilma Street auto-izendatutako eszena (Ekialdeko kostaldean, Kalifornian alegia, zerbait esateko zeukaten talde mordoa zegoen) beste mugimendu musikalen pareko indarra izaten hasi zen, grungeak Seattlen-en edo sleaze rockak Los Angelesen lortu zuten parekoa. Nabaritzen zen zerbait inportantea sortzen ari zela, eta Samiam erdi erdian zegoen.
1990ean taldearen izen bera zeraman lanarekin debutatu zuten: Samiam. U.K Subs taldeko Nicky Garreten New Red Archives diskoetxe independenteak argitaratu zuen diskoa. Lan bitxia, non power-punk eta pop dentsoenaren arteko nahasketa gauzatzen hasi zen. Ezin hardcore bezala definitu, gerturatzen bazaio ere, baina estreinako bira egiteko balio izan zitzaien Europa eta AEBetan barrena, Ultraman eta Snuff melodikoekin batera. Ordurako, Mark Mortinsen bateria joleak ontzia utzia zuen, ikasketak bukatzera Hawai-erako bidea hartuta. Dave Ayer-ek ordezkatu zuen aipatu tourra egiteko.
San Frantziskoko East Bayko eszena, non arestian aipatutako Gilman Street delakoa barnean zegoen (eta baita Berkeleyko hiria ere) arreta gune bilakatzen hasi zen Estatu Batuetako leku askotan.
Bigarren LPa, Soar (New Red Archives), 1991n agertu zen. Mr. Brettek ekoiztu zuen, garai onenetan zegoen Bad Religion taldeko gitarra jole eta konpositoreak eta jaio berri zen Epitaph diskoetxeko kapoak. Gero, Ep sorta bat argitaratu ondotik, disko onenetako bat heldu zen 1992an: Billy (New Red Archives). Azal-gaineko emozioen bilduma handia, sentimentaltasuna erraietatik tratatua, emora hurbilduz pasarte askotan, eta arrakasta eztabaidaezinak zituena: Get Out edota diskoa irekitzen duen Don’t Break Me abestiak adibidez.
Argitaratu ondotik, Dave Ayer-ek baketak utzi zituen. Los Angelesko Red Kross-en aldizka bateria jotzen zuen Victor Endrizzok ordezkatu zuen (gerora, Masters Of Reality-n arituko zen Endrizzo). Handik gutxira gauza bera egin zuen Martin Brohm baxu jotzaileak, eta etxeko eszenan lagun zuten Aaron Rubin (Mr. T Experience) sartu zen taldera.
Eta grungearen ondoren zer?
1994an, Kurt Cobainek bere buruaz beste egiten du eta grungeak mundu osoko emisorak monopolizatzeari uzten dio. Green Day-ren punk-pop freskoak beteko du utzitako hutsunea. Hauei esker –Samiam-en garai berekoak ziren–, Atlantic diskoetxe multinazionalak Berkeleyko boskotea radioformuletan sartzeko potentzial handia ikusi zuen. Urte horretan Clumsy grabatu zuten, taldearen goreneko lana. Hardcorea eta sentimendua (Jason Beebout abeslariaren ahots indartsua baliatuz) nahasteko filosofiari atxikita, Capsized izenburuko singleak dezenteko oihartzuna izan zuen kontinente berri nahiz zaharrean. Abestiko bideoak ere harrera ona izan zuen MTV-n. Telebista kateak Green Day edo Offspring bezain altu bultzatuko zituela zirudien. Baina Atlantic-eko kapoek nahi zutena bezainbeste ez zuen funtzionatu (diru kontuei dagokienean bederen) eta multinazionaletik eragotziak izan ziren. Bay Area Sound delakoaren barruan grabatu zen diskorik onenetako bat geldituko zen konpainiaren jabetzapean.
Ordura arteko birak arrakastatsuak gertatu ziren. Bad Religion, Circle Jerks (Bad Religion-eko Greg Hetson gitarra jolearena), Texas Is The Reason, The Toadies, Supersuckers edota The Goops izan ziren Samiam-ek izan zituen oholtza-lagunetako batzuk. Estilo heterogeneotasun hau taldearen izaera estilistikoaren ezaugarria izan zen ere. Klasifikatzeko ezinezkoak ziren. Behintzat, ez bere osotasunean.
Orduan, beste bateria jole bat sartu zen taldera, orduantxe joan zenaren ordezko. M.P. inizialak zituen. Samiam-etik igarotako bateria jole kopuruari erreparatuz gero, taldea Spinal Tap-ekin antza handia hartzen hasi zela esan daiteke.
1996 urtea zen eta Samiam-ek abesti berriak zituen eta bira egiteko izugarrizko gogoak. Baina Atlantic-ekin zeukaten kontratuaren hizki txikiak oso egoera deserosoan utzi zituen, ez aurrera ez atzera, ez beraiekin ez gabe. Bi urte linboan egoteak gogoeta egitera bultzatu zituen. Taldearen une zailenak izan ziren. Azkenean, Atlantic-ek amore eman zuen eta Burning Heart Records zigilu suediarrarekin (egun Epitaph-en frankizia) sinatzea utzi zien. Burning Heart-etik Millencolin eta No Fun At All taldeak atereak ziren besteak beste.
Horrela, 1998an You Are Freaking Me Out lan bikaina sortu zuten, zeina Ignition zigiluak Estatu Batuetan banatu zuen. She Found You, diskoko abesti nagusia, printzipioen benetako aitorpen bat zen – taldearen lanaren eta diskoetxeekin izaniko tirabiren ingurukoa–, nahiz eta amodiozko kantu bat dirudien. Kantu honek independente izatearen dignitatea itzuli zien eta, bide batez, Kontinente Zaharreko fan segizioa berritu egin zuten.
Astray, beren azken diskoak, hainbat taldekideren aldaketa ezagutu zuen baita ere. Bateria jole berri bat (beste bat), sartu zen, Johnny Cruz izenekoa, eta lau kordetan Sean Kennerly hasi zen. Sergie gitarra jolea taldera bueltatu zen Knapsack-en aritu ostean Samiam-en lehortea igaro bitartean.
Orain, lau urtez bereiztuta egon ondotik –beste proiektutan murgilduta ibili dira taldekideak– eta Noise On Tour-en eskutik, Samiam-ekoek musikarenganako sentitzen duten pasioa erakutsiko dute martxoan Penintsula osoan barrena (Portugal barne) eginen duten biran. Eta duela urte batzuk mugitu ez diren hardcorearen aire zaharkituak berrituko dituzte. Berriz adio esateko bildu dira. Pentsaezina hortaz, galtzea.
DISKOGRAFIA PROTAGONISTEN HITZETAN
Taldearen historian gehiago sakontzeko, Sergie Loobkoff beteranoarekin eta Sean Kennerly iritsi berriarekin harremanetan jarri ginen. Denborak ematen duen perspektibarekin, Berkeley-ko boskotearen lan eta mirariak kontatzeko eskatu genien, izan ere, ez baita inportantena hiri horretan lekutzen den unibertsitate ospetsua.
Samiam (New Red Archives, 1990)
Sergie: “Duela urte asko ez dut disko hau entzuten. Uste dut idei on batzuk dituela, baina desordenatua entzuten da. Ez genekien ongi zer nahi genuen. Azkarregi grabatu eta argitaratzeko nahiak ez zion onik egin. Ez nioke taldea ezagutzen ez duen inori disko hau erostea gomen-datuko”.
Sean: “Disko azkar eta dentsoa da. Mark, lehen bateria jotzaileak oso azkar jotzen zuen. Hori da nabarmenena”.
Soar (New Red Archives, 1991)
Sergie: “Fan zahar askok uste dute hau dela Samiam-en lanik onena. Kantu onak dituela uste dut, baina produkzioa eskasa izan zen. Momentu horretan birak egiteari ekin genion eta tokian tokiko banda bat baino gehiago izatera pasa ginen. Horregatik, disko honetan zerbait inportantea egiten hasi ginen”.
Sean: “Disko honek kantu eta testu hobeagoak zituen, baina oraindik biluztua eta gordina entzuten zen”.
Billy (New Red Archives, 1992)
Sergie: “Aurreko bi diskoetan bezala, Billy ez zen guztiz ongi entzuten. Gainera, ez genituen testu onak idazten, adarretatik joaten ginen. Egiturak nahasiak ziren. Adibiderik garbiena Don’t break me kantua da, non leloa eta kantuaren gainontzeko zatia beti ez doazen riff berdinean. Esandakoa, oraindik nahastuta genbiltzan”.
Sean: “Billy ez zen ongi saldu produkzio txarra zuelako, nahiz eta kantu onak zeuden,
Don’t break me eta Regret kasu.
Clumsy (Atlantic, 1994)
Sergie: “La hau taldearen benetako boom-a izan zela uste dut. Oso harro nago kantuen egitura eta konposizioekin. Disko honetan Victor Endrizzo gurekin zegoen, segur aski jo izan dudan musikaririk onena. Beck, Macy Gray, Willie Nelson eta abarren taldeetan aritu da”.
Sean: “Taldearen une gorena da. Abestiak sendoak dira hasieratik bukaeraraino. Oso ongi ekoitzita, energia kuota handiak ditu”
You are freaking me out (Burning Heart/Ignition, 1998)
Sergie: “Jende askok uste du Clumsy disko tristea dela eta hau zoriontsua. Ados nago. Biretan jendeak ongi erantzuten die kantu hauei. Ez da Clumsy bezain beroa, baina oraindik ongi entzuten da”.
Sean: “Lehenbiziko zortzi abestiak oso ongi entzuten dira, azkenekoetako batzuek indarra galtzen badute ere”.
Astray (Hopeless, 2000)
Sergie: “Abestiz abesti, Samiam-en disko onena dela uste dut. Jendeak erotu naizela uste izanen du: egia da Samiam ez dela munduko bandarik onena, baina banda on bat gara. Lp hau beti egin nahi izan dugunaren adibide garbia da: batzuetan azkarrak eta gogorrak, beste batzuetan lasaiak eta geldoak, hau da, post-punk
talde bat”.
Sean: “Astray-n oinarri erritmiko bikaina dago eta hitzek Clumsy baino lehen eginak dirudite”.
2005, OTSAILA - MARTXOA