The Clash - White Riot zuzenean (1978 Victoria Park London)
‘Bilatu eta suntsitu’ leloaren ordez, ‘Bilatu, aztertu eta irtenbideak eman’ aldarrikatu zuen The Clash taldeak punk garaian. 70eko hamarkada amaierako haserrea eta amorrua modu positiboan bideratu zitezkeela erakutsi zuen. The Clash 1986ko egun batean hil zen, baina 17 urte geroago, bere itzalak luzea izaten segitzen du. Joe Strummer taldeko abeslari, gitarrista eta konpositorearen heriotzak atzera egin eta ezinbesteko talde baten lana gogora ekartzeko aitzakia eman digu.
Gabon aurreko egunean jaso genuen berria. Joe Strummer, The Clash taldeko aurpegia, abeslaria eta ideologo nagusia, bihotzekoak jota hil zen bere etxean, Somerseten. Ordurako berrogeita hamar urte zituen, eta jarraitzaileek The Clash-eko lau kideak noizbait berriro elkartzeko itxaropena galdua bazuten ere, Strummerrek sasoi betean segitzen zuen Mescaleros taldearekin.
Nolanahi ere, Joe Strummerren izena beti egongo da The Clashi lotuta. Eta ez bakarrik berea. Mick Jonesek (gitarra), Paul Simononek (baxua) eta Topper Headonek (bateria), oinarrizko laukotea osatu zuten gainerako hiru lagunek ere, hainbat musika proiektu jarri zituzten abian taldea desegin ondoren, baina beren bakarkako proiektu horiek beti egon dira The Clashekin konparazioak jasatera kondenatuak. Eta modu horretan, jakina, beti atera dira galtzaile.
Izan ere, punkaren leherketa garaian ere, punk talde soil bat baino askoz gehiago izan zen The Clash. Billy Braggek dioenez, “hemeretzi urte izatea zein ederra zen” jakin zuen Londreskoen lehenengo diskoa entzun zuenean. Kontu jakina da, halaber, Ingalaterrako kantautore gorri eta elektriko ezagunenak The Clash izan zuela inspirazio iturri gitarra hartu zuen lehendabiziko aldian. Ez zen bakarra izan, ordea. Modu batean edo bestean, The Clashen belaunaldiko zenbait taldek (Stiff Little Fingers, The Jam), eta ondorengo beste askok (ska talde ugari, Manic Street Preachers, Redskins...) Londreskoen bidea jarraitu zuten kontzientzia politikoa abesti sendoen bitartez hedatzeko orduan.
"No Elvis, no Beatles, no Rolling Stones"
70eko hamarkadaren erdialdean, Erresuma Batuko gazteriak gizarte kontserbadore eta errepresore batek zapaldua ikusten zuen bere burua, eta halako batean, John Lydon eta Sex Pistolseko lagunak azaldu eta dena aldatu zuten. Punka Malcolm McLarenen jantzi denda batean sortu omen zen, baina bere eragina, estetikoa ez ezik, politikoa eta soziala ere izan zen gizarte osoan.
Strummerrek ere Sex Pistolsi egozten zion punk iraultzan buru-belarri sartu izana. The 101ers pub-rock taldean abesten zuen garai hartan, baina Mick Jonesek eta Paul Simononek London SS taldera gehitzeko gonbitea luzatu ziotenean, ez zuen ezetzik esan. Pixka bat lehenago Sex Pistolsen telonero lanak egin zituen 101ers-ekin, eta bazekien hura zela bere bidea.
Punkak iraganarekin hausten zuen, eta ondorioz, 70eko hamarkadan indarrean zeuden rock talde handinahiak bere begi-puntuan jarri ziren. Pink Floyd, Jethro Tull, Emerson, Lake & Palmer eta beste askok punk gazteen ziztadak jasan behar zituzten, baina ez ziren bakarrak izan. Punkak rock & rollaren oinarriak eta oinarrizko hiru akordeak aldarrikatzen zituen arren, White riot The Clashen lehenengo singlearen B aldean azaltzen zen 1977 abestiak klasikoen kontra ere egiten zuen: “No Elvis, no Beatles, no Rolling Stones”.
Baina, lehen esan bezala, The Clash punk talde bat baino gehiago izan zen. Oinarrizko hiru akorde horiek edukiz bete nahi zituzten, eta punk talde batzuen ezaugarri nagusia haserrea eta nihilismoa zen bitartean, Strummerrek eta Jonesek ideologia gorri eta iraultzailez jantzi zuten beren proposamena. Strummerrek berak behin baino gehiagotan esan zuen The Clash “faxismoaren, arrazakeriaren, ezjakintasunaren eta indarkeriaren aurkako taldea” zela.
Taldearen ikuspegi irekia ez zen ideietan bakarrik gauzatu. Punkak ematen zion babesaz baliatuta, beste estiloetara ere ireki zen The Clash, eta reggaea, funka, rockabillya, ska, popa, duba eta beste bide batzuk ere jorratu zituen, bere oinarri iraultzaileei inoiz bizkarra eman gabe.
Punketik harantzago
The Clash (1977), taldearen lehenengo diskoa, punk mugimenduaren isla zuzena izan zen. Career opportunities, London’s burning, White riot eta beste kantuek amorrua eta egoera aldatzeko gogoa erakusten dute, eta Police & thieves Junior Murvinen kantuaren bertsioak taldeak Jamaikako doinuekiko izan zuen lotura azaltzen du lehenengo aldiz. Give’em enough rope (78) hurrengo diskoan punketik rockerako bidea egin zuen The Clashek, ereserkiak egiteari utzi gabe (Stay free, Tommy Gun...), baina hurrengo urtean eman zuen taldeak bere pausorik garrantzitsuena. London calling – Rolling Stone taldearen iritziz, 70eko hamarkadako diskorik onena –, The Clashen hirugarren lana, klasiko bihurtu zen kalera atera zen unetik beretik. Reggaea, soula, rockabillya, popa... dena elkartu zen agortezina dirudien lan bikoitz horretan. Jimmy Jazz, Hateful, Spanish bombs, Lost in the supermarket, Revolution rock... abestiek historiako disko onenetako bat osatzen dute. Eta diskoaren azala marko batean sartzeko modukoa da. Sandinista! (80), Nikaraguako iraultzari omenaldia ez ezik, esperimentu handi bat ere izan zen. Hiru disko (!!) eta dub eta funk doinuak beste ezeren gainetik. Kantu bikainak izanagatik ere, Sandinista! “arraroegia” izan zen taldearen jarraitzaile askorentzat, eta Combat rock (82) hurrengo diskoan rock zuzenera itzuli zen. Hain zuzen ere, Should I stay or should I go, disko horretan azaltzen den abestia, taldearen kanturik arrakastatsuena bihurtu da denborarekin.
Hortik aurrera dena erortzen joan zen. Headonek taldea utzi zuen, M. Jones bota zuten eta Simononek eta Strummerrek Cut the crap (85) diskoa osatu zuten beste bi kiderekin. Zoritxarrez, diskoa ez zegoen The Clashek urteetan mantendu zuen mailaren pare, eta taldearen azken emaria izan zen.
OINARRIZKO DISKOGRAFIA
+The clash (77)
+Give ‘em enough rope (78)
+The cost of living EP (79)
+London calling (79)
+Sandinista! (80)
+Black market Clash (80) -B aldeen eta dub bertsioen bilduma-
+Combat rock (82)
+Cut the crap (85)
+The story of The Clash (88)
+Live: From here to eternity (2000)
EGUNEZ EGUN, URTEZ URTE
1976ko apirila: Mick Jonesek eta Paul Simononek eginiko gonbiteari baiezkoa eman, eta Strummer London SS taldean sartu zen. Berehala izena aldatu eta Terry Chimes bateria jotzailearekin The Clash sortu zuten. 1976ko uztaila: The Clashek lehenengo kontzertua eman zuen Sheffielden Sex Pistolsen telonero gisa. Gero, urtean zehar, beste 4 alditan konpartitu zituzten bi taldeek agertokia. 1977ko otsaila: Taldeak CBS diskoetxearekin kontratua sinatu, eta hiru astetan bere lehenengo diskoa grabatu zuen. Diskoa grabatu bezain laster, Chimesek taldea utzi zuen eta Topper Headon bihurtu zen bateria jotzaile berria. 1977ko apirila: White riot, taldearen lehenengo singlea. Jarraian The Clash estreinako diskoa kaleratu zuen CBS-k. 1978ko uda: Bigarren diskoaren aurretik, (White man) In Hammersmith Palais singlea kaleratu zuen The Clashek. Taldearen jarrera politikoa agerian uzten zuen kantuak. 1978ko azaroa: Give ‘em enough rope diskoa merkaturatu zen. Erresuma Batuan arrakasta handia lortu arren – bigarren postura iritsi zen –, AEBetan ez zuen inolako oihartzunik izan. 1979ko urtarrila: AEBtan barrena bira hasi zuen taldeak. I’m so bored with the USA abestiarekin irekitzen zituen kontzertuak bira hartan. 1979ko abendua: London calling, taldearen diskorik ezagunena eta mitikoena, dendetara iritsi zen. Bikoitza izan arren, disko bakar baten salneurrian saldu zen hasieratik. 1980ko abendua: Sandinista, 36 abestiz osatutako disko hirukoitza, kaleratu zuen The Clashek. Lehendabiziko aldiz, AEBetan Erresuma Batuan baino oihartzun hobea izan zuen. 1981: Ia urte osoa biran igaro zuen taldeak, baina ordurako taldekideen arteko liskarrak hasiak ziren. 1982ko maiatza: Combat rock, taldearen bosgarren diskoa azaldu zen. Abestiak grabatu zituen arren, diskoa kalean izan baino lehen Topper Headonek taldea utzi zuen. Ezberdintasun artistikoengatik joan zela aipatu zuten arren, heroinarekin zuen arazoa zegoen erabakiaren atzean. Hala ere, diskoak arrakasta izugarria lortu zuen. 1983ko iraila: Strummerek eta Simononek taldetik bota zuten Jones “The Clashen jatorrizko izpiritutik alde egiteagatik”. Jonesek Big Audio Dynamite taldea sortu zuen 84an. 1985: Cut the crap, Strummerrek eta Simononek Nick Shepard eta Vince White taldekide berriekin grabatutako diskoa, iritsi zen dendetara. 1986ko hasiera: Taldea desegin zuten jatorrizko taldekide biek.