Kalifornian, 70eko hamarkadan izandako punk rock eztandan giltzarri izan ziren The Urinals taldearen eta Dangerhouse Records diskoetxearen berri izan genuen iaz, zenbait berrargitalpenen bidez. Gurera ekarri ditugu garai hartako giroa gogoratzeko, bai eta biek egindako lan bikaina aztertzeko ere.
The Urinals / 100 Flowes Puzzle geometrikoak
Talde
gutxik lortu dute The
Urinals-en besteko itzal handia hain gaitasun musikal eta profesional
urriarekin. 1978an, Los Angeles hiriko UCLA Unibertsitatean eratua,
The Urinals-ek hiru EP (oro har hamar bat kantu) eta doinu solte
gutxi batzuk baino ez zituen argitaratu; doinuok nota batean edo bitan
oinarritzen diren pieza minimalak dira, trebezia eskasaren eta euren
buruei ezartzen zizkieten mugen isla. “Punk kutsuko haikuak”
terminoa erabili izan da hirukotearen doinuak definitzeko: laburrak,
sinpleak eta biziak. Hori dela eta, “AEBetako Wire” deitzen
zieten, post-punk estiloko Wire talde ingeles handiaren harira.
Antzeko proposamen musikala jorratzen zuten beste bi talde Zeelanda
Berriko The Clean edo Kaliforniako Minutemen izan ziren. Bada, makina
bat taldek egin dituzte bereak Pixontzien kantuak; tartean, herrikide
eta lagun zituzten Minutemen (Ack,
Ack, Ack, Ack)
eta Gun Club (Black
Hole).
Yo La Tengo, No Age eta Mika Miko izan dira hirukotearen bertsioak
egin dituzten beste talde batzuk.
Doinu
bitxi bezain itsaskor horien jatorria abestiak idazteko duten
kontzeptu espazialean eta egoki jotzeko ezintasunean dago, izan ere,
ezintasun hori abantaila bihurtu zuen hirukoteak
Bost
unibertsitariok osatu zuten The Urinals, baina lehenengo kontzertua
egin ondoren, taldea hirukote bilakatu zen: Kjelh Johansen (gitarra),
Kevin Barret (bateria) eta John 'Talley'
Jones (baxua). Hirurak arduratu ziren abesteaz, eta hiru ez-musikari
horiek grabatu zuten estreinako EP homonimoa, 1979an. Horretarako,
Happy Squid Records diskoetxea sortu zuten. Jostailuzko bateriarekin
eta mikrofono eta anplifikadore bakarrarekin grabatua, melodia eta
amorrua uztartzen dituzten lau zoraldi biltzen ditu; hutsunez
beteriko doinu horien oinarria surf kutsuko riff batek edo bik
osatzen dute.
Doinu
bitxi bezain itsaskor horien jatorria abestiak idazteko duten
kontzeptu espazialean eta egoki jotzeko ezintasunean dago, izan ere,
ezintasun hori abantaila bihurtu zuen hirukoteak. John Talley
Jones taldekidearen esanetan: “Nire ustez, kantuak eraikitzeko
prozesua konposatzearen kontrakoa da. Nire buruan garatu behar den
puzzle geometrikoa da abestia. Gauza bisuala da. Kantuek nolako
itxura daukaten ikusi behar dut, nola sentitzen ditudan. Doinuekin
lotutako forma geometrikoak dira”. Bigarren
EPan, 1979an jasotako Another,
formula bertsuarekin jarraitu zuten, eta lau kantu grabatu zituzten,
tartean, Gun Clubek eta Minutemenek egokitutakoak. Amaitzeko,
1980an, Sex
eta Go
Away Girl
kantuak bildu zituzten hirugarren EParen A aldean; B aldea, berriz,
txistu desatsegin batek zeharkatzen du. Disko horretan gaitasun
tekniko handiagoa erakutsi zuten. Lehenengo kantua taldearen
ezagunenetarikoa da, fidelitate baxuko pieza melodikoa; bigarrena,
berriz, modu akustikoan hasi, eta sutan garatzen den haserrealdia da.
(Oharra: taldearen uzta guztia Negative
Capabilytybilduman
entzun daiteke; egun eskuragarri dago In The Red diskoetxearen
bitartez).
Aipatutako
hobekuntza musikalaren ondorioz, eta euren aspirazio musikalak beste
maila batera eramateko asmoz, jatorrizko taldea desegin, eta 100
Flowers eratu zuten, zeinak iraupen luzeko disko bakarra grabatu
zuen, 1983an; hilabete beranduago, taldea ezereztu egin zen. LPan,
garaiko punk espiritu musikal eta politikoa (taldearen izena Mao
Zedong Txinako agintariaren aipu batetik hartu zuten), eta
azaleratzen ari zen Paisley Underground estilo rock zalearen
ezaugarriak batzen dira, Ingalaterrako post-punkaren eragin
angeluarrak baztertu gabe. Grabazioak gordetzen duen bikaintasunaren
zertzelada bat diskoa ixten duen California’s
Falling Into The Ocean
kantua da. Sonic Youth-eko Thurston Moore-k ondokoa esan zuen disko
horren harira: “Musikaltasun aparta eta inteligentzia kritikoa,
baita maila handiko egurra ere". Bi
izeneko banda 1996an itzuli zen. Harrezkeroztik, jotzen jarraitzen
du, tarteka geldialdi luzeak egin arren. The Urinalsen singleak eta
100 Flowersen diskoa AEBetako Superior Viaduct diskoetxeak
berrargitaratu ditu.
Dangerhouse Records, plastiko arriskutsuak Punk
ereserki gehien bildu zituen diskoetxe independentea izan zen Los
Angeles hiriko Dangerhouse Records, hala nola, Weirdos xelebreen
Solitary
Confinement;
X punkabilly-en Los
Angeles;
Dils sozialisten Class
War, edo
emakumezko ahotsekin grabatutako punk doinu onenetakoak, The Bags-en
Survive
edoAvengers-en
We
Are The One.
Halere, bere produkzioa urria izan zen: binilozko 14 singletan
laburbildu daiteke, grabazio horiek Munster Recordsek plazaratu
zituen, 2013an, CD bikoitzean eta single-box formatuan. Bere garaian,
ez ziren askorik saldu, baina badakigu sarritan, salmentak eta
sormena ez datozela bat.
Dangerhouse
1977ko udan eratu zuten David Brownek (Screamers synth-punk taldeko
musikari ohia) eta Pat Garrettek (gitarra jo zuen The Randoms-en eta
bateria Dils-es). Bi horiei Black Randy musikaria gehitu zitzaien
(hiru single eta LP bat argitaratu zituen Dangerhousen). Hasiera
batean, diskoak elektrizitate iturri bat zegoen edozein zulotan
grabatu bazituzten ere, gero Kitchen Synch estudioan paratu zituzten
euren ipurdiak. Estudioan Mike Hamilton soinu teknikariaren laguntza
izan zuten, 8 eta 16 pistatan grabatzen ikasteko, ordura arte lau
pistatan grabatzen baitzuten. “Estreinatu berria zen 16 pistako
mahai baten gainean, Heineken bat isurtzen ikusi zuen gizona da
Hamilton, inor jipoitu edo negarrez hasi gabe. Urteetan sekulako
pazientzia erakutsi zuen, punk haserretuek bere inteligentzia
iraintzen zuten bitartean”, azaldu du David Brownek Munster
Records-en bilduman jasotako elkarrizketan. Brownen hitzetan,
“Dangerhousentzat, eta zaleentzat, soinuaren kalitatea funtsezkoa
zen”. Rodney
Bingenheimer KROQ irratiko esatari eta guruak ere laudorioak bota
zituen single horiek entzuterakoan: “Dangerhousek benetako
diskoak argitaratzen ditu, benetako plastikoan”. Horren erakusle
Randoms-en Let’s
get ride of New York
eta Rhino 39-ren Prolixin
stomp
plastiko ezkutuak. Ezinbestekoak.