Soul musikaren arima basatiak utzi gaitu. Soul musikak inoiz ezagutu duen ahots basatiena zen Wilson Pickettena eta abesteko era ere horrelakoa zuen, barru barrutik irteten den horietakoa. Soul abeslari klasiko gehienentzat bezala, 60. hamarkada izan zen bere urrezko aroa. Dena den, musikaren mundu basatian duintasuna mantenduz bizirauten jakin zuen. Meritu bikoitza ‘Wicked’-ena.
Wilson Pickett 1941eko martxoaren 18an jaio zen Prattville herrian (Alabama, AEB). Oso gazte zela, 1955ean, familiarekin Detroit hirira doa bizitzera. Detroit hiria, motorren hiritzat hartua da eta baita soul musikaren gotorleku ere (bertan kokatua zegoen Motown zigilu ahalguztiduna). Musikalki, The Violinaires izeneko gospel taldean ematen ditu lehen pausoak. 1959an, The Falcons izeneko taldearen partaide egiten da; soul musikaren izen garrantzitsuak izango ziren Eddie Floyd (Knock on wood) eta Sir Mack Ricekin batera. Talde honekin aritu zen hiru urteetan bi kantu arrakastatsu lortu zituen: You’re so fine eta I found love. Azken honek arrakasta zerrendetan seigarren postua lortu zuen 1962an.
1963an, Robert Batema ekoizlea ezagutzen du eta ekoizleak aholkatuta bakarlari modura hastea erabakitzen du. Correctone Records zigiluarekin arrakasta gutxi lortzen duen singlea grabatu eta gero, Double L Records zigiluarekin sinatzen du kontratua. Oraingoan bai, bakarlari modura lehen kanta arrakastatsuak lortuko ditu; If you need Me eta It’s too late kantuekin arrakasta zerrendetan lehen postuak lortzen ditu. 1965ean, Jerry Wexler, Atlantic zigilu ahalguztidunaren ekoizleak, kontratua eskaintzen dio eta Memphis hirira eramaten du. Bertan, Steve Cropper gitarra jolea ezagutzen du eta elkarrekin Wilson Pickett-en kantu arrakastatsuenak konposatuko dituzte; horien artean, abeslariaren kanta famatuena izango zen In the midnight hour abestia. 1965-67 artean, Atlantic zigiluarentzat kanta arrakastatsuenak grabatuko dituzte; besteak beste, Don’t fight it (1965), 634-5789 (1966), Land of 1000 dances (1966), Munstang Sally (1966) eta Funky Broadway (1967).
Aldaketa garaiak
70. hamarkadarekin batera, erritmoak asko aldatuko dira musika afroamerikarrean eta Wilson Pickett, beste soul abeslari asko ez bezala, estiloari fidel mantenduko zaio. Ondorioz, disko gutxiago salduko ditu eta dagoeneko modan ez dagoenez, zuzeneko emanaldi askoz gutxiago emango ditu baita ere. Atlantic zigiluarekin 1972 arte grabatuko du eta zigilu honekin 1971n lortu zuen azken arrakasta Don’t knock my love kanta izan zen (zerrendetako lehen postua lortuko zuen). 1972an RCA zigiluarekin sinatzen du eta nahiz eta kalitatezko grabazioak egin ez du aurreko urteetako oihartzuna lortuko. Garai honetako arrakasta handiena 1978an lortuko du Funky Situation kantarekin. Hamarkada amaieran, Joe Tex, Don Covay, Ben E. King eta Salomon Burke, soul izar handiekin elkartu eta The Soul Clan ikuskizuna antolatzen du, Europan eta AEBetan zehar, soularen klasikoekin osatutako kontzertuak eskainiaz.
Berpiztea
Urteetan ahal zuen modura aurrera eginez eta soul musikaren zaletuak izan ezik berarekin ia inor gogoratzen ez zenean, The Commitments izeneko filmak lortutako arrakastari esker berpiztuko da berriro. Film horretan, Irlandako gazte abeslari talde batek, Wilson Pickett-en bertsioak eginez lortutako arrakasta azaltzen zaigu. 1991 urtea zen eta urte horretan bertan, Wilson Pickett, Hall Of Fame izeneko zerrendan sartuko zen, musika munduan egindako lanaren errekonozimendu gisa.
Urte korapilatsuak izan ziren ondorengoak eta alkohola eta beste drogekin arazo dezente izan zituen (kartzela zigorra eta guzti). 1999an bere azken diskoa kaleratu zuen It’s Harder Now izenekoa. 64 urte zituela, 2006ko urtarrilaren 19an, bihotzekoak jota, utzi gaitu. Begirunea eta maitasuna.