Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Entzun! aldizkariko xelebre hauek burutik jota daude, pentsatuko du batek baino gehiagok binilozko diskoari buruzko erreportaje luze hau ikusterakoan. Nola daiteke teknologia berrien garaian, freakie koadrila honek iraganeko formatu bati horrenbeste espazio eskaintzea. Are gehiago, egun musika euskarriek haien balioa erabat galdu dutenean, mp3 fitxategiak, IPod, disko gogor, eta lau txanponeko CDR diskoen ondorioz, nora datoz bi alde zituen, begiradarekin marratu eta erabat deserosoa zen formatua aldarrikatzera?
Sinesgaitza dirudi, baina Lp, single eta hamar hazbeteko disko zaharrek garai modernoen erasoa gainditu dute, 80ko hamarkadaren bukaeraz geroztik binilozko diskoak desagertu egingo zirela behin eta berriro entzun ondoren. Egun binilozko diskoak nolabaiteko susperraldia bizi du, besteak beste, sareak eskaintzen duen “debaldeko” musika isuri etengabe horri esker, paradoxikoa bada ere. Horren erakusle, orain arte erabat abandonatuta zeukaten dendari batzuek harro erakusten dituztela haien erakusleihoetan zaharkituriko disko handi horiek. Bilbotik buelta bat ematea baino ez dago salmenta-joera “berria” egiaztatzeko. Urteak joan, urteak etorri, eta musika entzuteko modu berriak gorabehera, binilozko diskoak bizirik dirau bilduma zale sutsu eta nostalgiko berrien mesederako.
80ko hamarkadaren bukaeran iragarri zen binilozko diskoaren desagerpena. Sasoi hartan disko-industrian agintzen zuten zazpi banatzaile nagusiek CDa erabat ezarri eta biniloa desagerrarazteko estrategia abiatu zuten. Harrezkeroztik, CDak biniloa erail eta formatu digitalen urrezko-urteak etorriko ziren. Nola liteke orduan egun biniloak CDaren aldean bigarren berpizkundea bizitzea? Eta CDaz ari garenean, zigilu edo taldeek eurek argitaratzen dituzten disko originalez ari gara, eta ez egun erabat gutxietsita dagoen CDRaz.
CD-aren loraldia
Biniloaren hilketa disko-industriako zazpi banatzaile nagusiek abiatu zuten. Nola gauzatu zuten erailketa? Ordura arte, binilozko diskoak saltzen zituzten dendek diskoak itzultzeko aukera zabala zeukaten, baina 1989. urteaz geroztik, banatzaileok ez zituzten binilozko itzultzerik onartu eta biniloak kentzen hasi ziren haien katalagoetatik. Hala, dendetako arduradunek Lp-ak saltzeari utzi zioten arriskua handiegia zelako: saltzen ez zituzten binilozko diskoak biltegian usteltzen ziren. Beraz, hasteko, CDaren ipuina negozio gizon handiek ezarri zuten. Gero CDaren fabrikazio-prezioak nabarmen egin zuen behera, batez ere diskoetxe multinazionalek haien prentsaketa fabrikak eraiki zituztelako. Diskoaren prezioak, ordea, etengabe garestitu dira eta jakina denez, gehienetan mozkinak ez dira sekula modu berdinean eta zuzenean banandu ekoizle eta musikarien artean. Hortaz, Philips Corporation (Polygram Music eta Island Records dizkoetxeen jabea) konpainiak izandako ideia onak, hots, musika entzuteko formatu berria asmatzea eta formatu hori entzuteko beharrezkoak ziren musika-erreproduzitzaileak fabrikatzea, diru asko sortu zuen konpainiako inbertitzaile eta akzionisten poltsikoetarako. Ez hori bakarrik, CDaren soinu kalitatea izugarri ona zela, –baieztapen horrekin ez datoz bat musika kontsumitzaile guztiak–, eta euskarria bera ez zela inoiz marratzen baieztatu zuten.
Ondorioz, biniloa lurperatu zuten eta harekin batera kasetea. Bai irakurle, lagunen artean elkartrukatzen ziren 45, 60 eta 90 minutuko zinta zaharrak. Ez duzue uste egun CDRek, hau da, etxean graba daitezkeen disko digital horiek, antzinako K7 horien funtzioa betetzen dutela? Hala, 80ko hamarkada amaieran musika entzuteko formatu onena bezala saldu ziguten euskarria, egun 100 eta 200 aleko bobinetan saltzen dira eta teknologia berriei esker, ordenagailuari esker batik bat, sarritan zakarrontzira ere botatzen ditugu grabazio prozesua puskatzen denean. Finean, dendetan saltzen den disko originala baino askoz merkeagoa denez, gaitzerdi. Hau bai zoramena! Batez ere diskoetxe handien jabeentzat! Internet bidez deskargatzen diren mp3 fitxategien isuriak eta Soulseek eta Emule bezalako P2P programen ugalketak eragin duten zauria nahikoa sakona ez bazen, orain CDRak nonahi saltzen dira merke-merke, baita espaloietan ere. Ondorioz, disko originalen salmentek behera egin dute azken hamabost urteetan, ez horrenbeste portzierto.
Biniloaren babeslekuak
Eta gure binilozko protagonista, non sartu da azken 25 urteetan? Batez ere punk rock/hardcore (emaiozue begirada bat ebay webguneari eta ikusiko duzue punk antisozialen binilozko eraso originalak zenbatean saltzen diren, ikaragarri!), pop independente, rock and roll underground eta elektronika estiloetan buru belarri diharduten zigilu eta banaketa sare independenteen babesa izan du. Hortaz, Lp-ak eskuratzeko aipatu estiloak lantzen dituzten dendetara edo posta bidezko katalogoetara jo beharra zegoen. Tiradak nahiko txikiak izan ohi dira, baina, gehienetan, oso zainduak: 180 edo 220 gramoko binilo potoloan argitaratuak, CD bertsioan agertzen ez den kanturen bat jasotzen dute, edota binilozko singlea dakarte opari gisa. Guzti horren erakusgarri, Sundazed zigilu estatubatuarrak edota Madrileko Munster-ek berrargitaratzen dituzten luxuzko biniloak. Baita Warp zigilu ingelesak kaleratzen dituen pop elektroniko garaikideko harribitxiak. Gaztelupeko Hotsakek edota Metak desagertuak egin duten/zuten ahalegina ahaztu gabe, Señor No, Kuraia edota Coronasen lp-ak kaleratzeko. Horrela, zaleen grinari esker biniloak bere bide ezkutua egin du eta eremu underground-etan bada ere, koma egoeratik nahikoa urrun dagoen egoera osasuntsua bizi izan du mende laurdenean.
Nolanahi ere, gaur egun bizi du biniloak egoerarik onena, baina era berean bitxiena edo paradoxikoena, gorago aipatu bezala. Izan ere, musika entzuteko euskarriak asko aldatu dira. Egun mp3 formatua nagusitu da eta horren ondorioz euskarriak bere balio guztia galdu du. Diskoaren diseinua, kantuen hitzak, edota diskoak berak biltzeko objektu gisa gordetzen duen balio ukiezina zeharo ahaztu eta arbuiatu dira, –guzti hori disko originalak garestiak diren aitzakiarekin–. Hala, milaka fitxategi biltzen dira disko gogorretan. Beraz, musika kopurua musika kalitateari gailendu zaiola baiezta daiteke.
Gutariko askok aski ondo ezagutzen dugun egoera horren kaltetu nagusia CDa izan da. Musika entzuteko modu berriek CDaren debaluazioa ekarri du. Egoera milaka aldiz errepikatzen da uneoro: mp3 mordoa jaitsi Interneteko P2P programen bidez eta gero mp3 irakurgailuetan edota CDR/DVDetan gorde. Era berean, azken bi horientzat disko originalaren azala deskargatu eta alehop! Dendetan kasik 20 eurotan saltzen den diskoaren bikia lortu dugu!!! Prozesua, etengabe gertatzen da eta amaiezina da. Joera berri, baina ezagun honen aurrean biniloak gora egin du. Bi arrazoi egongo lirateke: musika eta diskoen zale amorratuak CDaren debaluazioaz ohartu dira, baina haien bildumak baliozko objektuekin osatzen jarraitu nahi dute, hau da, lp-ak (adi, biniloen fabrikazioa CDena baino garestiagoa izan arren, sarritan CDak baino merkeago saltzen dira eta). Hala, lehen CDak harro-harro erosten zituztenek argudioak irauli beharko dituzte: “Biniloaren doinua epelagoa da, grabeagoa, gainera azalaren diseinu-lana ikaragarri gozatzen da...”. Bestetik, enpresa handien itzal luzea legoke. CDaren salmentek orain ez dutenez horrenbeste mozkin ematen, biniloak berrargitaratzeari edota nobedade batzuk biniloan kaleratzeari ekin diote. Era berean, disko-jogailuen salmentak gora egingo dutela aintzat hartuz.
Azkenik, asko pozten gara formatu, euskarri eta musika entzuteko ohitura saltsa honetatik binilozko diskoa bere bigarren susperralditxoa bizitzen ari delako, beti ere CD garesti horien kalterako. Baina orain zuen txanda da, hots, musika entzuten duen kontsumitzailearen ordua. Izan ere, gaur jasaten dugun etengabeko musika uholde honen aurrean hobe dugu erabaki zuzenak hartzea, beti ere musika entzutea dela xede nagusia aintzat hartuz eta ez, ordea, musika gordetzea; zenbat eta gehiago eduki hobe. Garaiak aldatzen ari dira eta binilozko ametsak itzuli dira, txo!
1940-1967, 2. MUNDU GERRATIK BINILOAREN URREZKO GARAIRA
1940. Munduko diskoen produkzioa gelditu egiten da Bigarren Mundu Gerraren ondorioz. Horrekin batera, diskoak egiteko erabiltzen zen laka materiala murriztu egiten da Japoniarrek Hego-ekialdea inbaditzen dutelako. Material hori biniloarengatik ordezten da: petroliotik eratortzen den erretxina-plastikoa, biniloa edo PVC (Polibinilo Kloruroa). Gerrari esker, lehendabiziko disko jartzaileak sortzen dira AEBetako tropak animatzeko.
1943. RCA-Victor enpresak lehen V-diskoa jartzen du martxan, AEBetako tropei bidaltzeko: Glenn Miller-en I sustain teh wings. Binilozkoa da eta lakazkoa bezain hauskorra.
1946. RCA-Victor konpainiak binilozko estreinako disko komertziala egiten du.
1948. Columbiak lehendabiziko hamabi hazbeteko diskoa merkaturatzen du. Egun ezagutzen dugun 33-1/3 b/m (bira minutuko) jiratzen duen diskoa, Lp-a, alegia. Alde bakoitzak 23 minutuko iraupena dauka eta diskoarekin batera, Philco konpainiak binilozko disko horiek jotzeko disko-jogailu berezia egiten du.
1949. Capitol zigilua hiru disko formatuak sustatzen duen lehen enpresa izango da: 78, 45 eta 33 1/3 b/m.
1949. Jamaikan lehenengo Sound System-ak sortzen dira eta 45 b/m Rhythm and Blues single arrakastatsuenak jartzen dituzte.
1950. Binilozko formatuak dakartzan soinuaren hobekuntzak direla eta, disko-konpainia guztiek biniloa garatzeko teknologien aldeko apustua egiten dute eta ondorioz 78 b/m biratzen duten lakazko diskoak desagertu egingo dira.
1951. 45 b/m singleak jotzeko ahalmena duten lehendabiziko Jukebox-ak agertzen dira.
1954. Bill Haley-k Shake, Rattle and Roll eta Rock Around the Clock klasikoak argitaratzen ditu.
1956. AEBetako R&B doinuen egokitzapen jamaikarra sortzen da. Gerora, rock steady, reggae, dancehall eta ragga estiloak sortuko dira.
1957. Amerikako Grabaketa Industrien Elkarteak Westrex estandarra aukeratzen dute disko estereoak egiteko eta formatu hori nagusituko da musika grabatuaren alorrean.
1958. RCA konpainiak lehenengo LP estereoak merkaturatzen ditu.
1961. RCA Victor diskoetxeak 33 b/m lehendabiziko 7 hazbeteko singlea kaleratzen du, ep-a, alegia.
1962. Hank Ballard R&B artista handia Erresuma Batuko zerrendetako lehen postura iristen da Twist Dance Fever kantu ezagunarekin.
1963. Blues eta R&B estiloaren jarraitzaile sutsua zen Rolling Stones izeneko boskote gazte ingelesak AEBetako Decca zigiluarekin kontratua sinatzen du.
1964. Erresuma Batuko disko-denden salmentak %60 hazten dira.
1966. Brian Wilson Beach Boys-eko taldekideak bere taldearen Pet Sounds disko klasiko eta arrakastatsua ekoizten du.
1967. Beatles-en Seargent Pepper’s Lonely Hearts Club Band disko psikodelikoa grabatzen da eta ordura arteko disko azalen diseinuaren kontzeptua irauli egiten dute. Hippy-en garaia iritsi da, eta flower-powerrarekin batera, biniloaren urrezko garaia, baita pop kultura ere...
SOINU GRABATUAREN HASTAPENAK
Biniloaren aurretik, saiakera asko egin ziren soinua grabatzeko eta euskarri geroz eta hobeak egiteko. Hala, 1877an Thomas Edisonek ahots soinu batzuk grabatu zituen telegrafo mota berri batekin esperimentatzen ziharduela. Latorri xafla bat telegrafoaren orratzaren azpitik pasa zenean lortu zuen ulergaitza zen soinu hura jasotzea. Urte amaieran soinua grabatu eta erreproduzitu zezakeen lehendabiziko tramankulua sortu zuen: fonografoa.
1887an Edisonek bere asmakizuna gaurkotu eta hobetu zuen zilindro bat eta bateria erabiliz. Horrela, eskuz biratu ordez, bateriari esker jiratzen zuen. Urtebete beranduago, baina, Emile Berliner alemaniar emigranteak Gramoponoa asmatu zuen. Zazpi hazbeteko diskoak erreproduzitzen zituen eta 30 b/m jiratzen zuen. Bi minutuko grabazioak entzun zitezkeen.
Columbia Phonograph Company enpresa izan zen fonografoak merkaturatzen hasi zen lehenetarikoa, baina ez zuen arrakasta askorik lortu. Egoera horrek Jukebox famatuen sorrera ahalbidetu zuen, aurreneko makinak nahikoa kaskarrak izan arren.
1901ean 78 b/m diskoak sortzen dira. Diskoa zilindroari gailentzen zaio, soinu kalitate hobea duelako. Era berean, Victrola izeneko soinu-erreproduzitzailea merkatuko onena bilakatu zen.
1925ean diskoaren krisi garaia suertatzen da eta xedea diskoaren soinua hobetzea zen. Urte horretan Bell konpainiak elektronikoki grabaturiko lehen diskoa egin zuen. Soinu ortofoniko horrek aukera berriak eskaintzen zizkion industriari eta Victor enpresak diskoak fabrikatzeko makina abiatu zuen. Ondorioz, disko industriak gora egin zuen aurreko krisia gaindituz. Bi urte beranduago Jukebox-ak zabaldu ziren eta 1928an RCA konpainiak Victor erosi zuen.
1930ean Bing Crosbyk bere lehendabiziko bakarkako diskoa grabatu zuen, I remember Dear. Urtebete geroago Edison zendu zen eta 1934an Wurlitzer enpresak kantu anitz aukeratzeko Jukeboxak egin zituen. 1939an zinta magnetikoa asmatu zen eta lakazko diskoek, laster, lehiakide berria ezagutuko zuten: biniloa.
2006, urria - azaroa