entzun.com


Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Dossierrak

Unai Maleski 2005-07-25

ESTUDIOA LOGELAN soinu estudio bat zure logelan antolatzeko tutoriala

Estudioa ohe alboan Estudioa ohe alboan

Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Prodigyren azken diskoa kaleratu zenean, taldeak Emandako elkarrizketa baten harira, disko osoa iBook ordenagailu portatila eta Reason programaren bidez egina zegoela zioen zurrumurrua zabaldu zen. Gauza al da Reason bezalako programa batek eta iBook bezalako ordenagailu txiki batek Always Outnumbered, Never Outgunned diskotik ateratzen den soinua lortzeko? Ez noski, estudio profesional batetan egindako ekoizpen profesional batetaz ari gara, baina egia da Prodigykoek diskoaren abesti guztien zirriborroak eta lehenengo maketak egiteko horixe erabili zutela: Ibook bat eta Reason programa, besterik ez.
Soinu estudio bat ordenagailu baten barruan sartzen dela gehiegi esatea bada ere, baieztapen horretatik gero eta hurbilago gaude. Ordenagailu baten barruan sartzen dela gehiegi esatea bada ere, baieztapen horretatik gero eta hurbilago gaude. Ordenagailu baten barruan baina, estudio amateur bat edo “home-studio” bat sartzen da, seguru, eta ordenagailu bat zure logelan sartzen bada, soinu estudio bat antola dezakezu zure logelan bertan. Hauxe da tutorial honetan azaltzen saiatuko garena: Nola antolatu soinu estudio bat etxean, zure logelan bertan.

Ordenagailua

Zure sistemaren zentroa da ordenagailua. Edozein ordenagailurekin egin daiteke zerbait, baina edozein ordenagailuk ez du balio musika produkzioan aritzeko. Estudio gehienetan Macintosh ordenagailuak ikusiko dituzu, hori izan da joera nagusia. MacOs X-k, Apple-en sistema operatibo berriak, gainera, ordenagailu barneko audio prozesuak beharrezkoak dituen potentzia eta egonkortasunari dagokienean aurrerapauso handia suposatu du. Egia da, baina, Windows XP sistema operatiboak hobekuntza asko egin dituela azken urteetan eta PC-ak erabiltzen dituzten gero eta estudio profesional gehiago dago, baita home-studioak ere, noski. Beste ezaugarri garrantzitsuak, RAM memoria (512Mb-etik gora) eta disko gogorra handia eta azkarra dira. Ordenagailu eramangarrian muntatzen diren disko gogorrak mantsoak dira normalean, horregatik oso ohikoa da kanpo disko gogor azkarrago bat behar izatea portatil batekin audio pista asko mugitu behar baditugu. Izan ere, soinua gordetzen duten audio artxiboak pisutsuak dira, asko okupatzen dute.

Sekuentziadorea

Home-Studioaren bihotza da. Sekuentziadorearen bitartez instrumentu erreal zein birtualak grabatuko ditugu, sanplerretan gordetako soinuak kateatu, gitarra edo baxua grabatu, bateria kolpeak programatu… Hori guztia sekuentziadorearen bitartez egiten da, instrumentu edo soinu bakoitzarentzat pista bat egokituz. Pista horietan ere efektuak sartzen ahal ditugu, erreberberazioak, distortsioak, oihartzunak… soinuak prozesatzeko aukera mugagabeak ditugu egun. Nahasketa prozesua sekuentziadorearen bitartez egiten da ere; abestia prest dagoenean azken ukitua emateko, hau da, masterizazioa egiteko bitartekoa da ere sekuentziadorea, zeregin horretarako hainbat software prestatuta dagoen arren. Sekuentziadore asko dago eta bakoitzak ezaugarri desberdinak ditu. Bat edo beste aukeratzea erabaki garrantzitsua da guztiek ez baitute berdina eskaintzen. Batzuk egokiagoak dira talde batek egiten duen musika grabatu eta nahasteko, beste batzuk eraginkorragoak dira musika elektronikoaren produkziorako eta beste batzuk zuzenekoak emateko diseinatuak daude. Zure beharretara hobeto egokitzen dena erabaki beharko duzu, lasai hartu, erabakia garrantzitsua baita.

Audio – Midi

Sekuentziatzaileak bi informazio mota erabiltzen du, modu bakoitzerako bereziak diren pistak egokituz. Demagun azken egunetan buruan bueltaka izan dugun abestia sekuentziadorera sartu nahi dugula. Aukera desberdinak ditugu horretarako. Instrumenturen bat jotzen badugu, melodia edo akorde horiek jo eta grabatuko ditugu aurrerago azalduko dugun bezala, soinu artxibo digital bat sortzeko. Soinu artxibo hori .wav edo .aiff luzapena (extensioa) izango du eta sekuentziadorearen audio pista batetan kokatu ondoren grabatutako soinua manipulatu ahal izango dugu. Gitarra elektrikoarekin grabatutako soinu pista ekualizatu ahal izango dugu, behe frekuentziak goratzeko, adibidez. Distortsio mota desberdinak probatu ahal izango ditugu, efektuak sartu… Instrumenturik ez badugu jotzen (edo jo nahi ez badugu) MIDI-aren bitartez grabatu beharko dugu gure melodia. Bi era desberdinetan egin dezakegu hau, teklatu kontrolatzailea (MIDI informazioa bidaltzen duen soinurik gabeko teklatua) erabiliz edo, bestela, sekuentziadoreak berak dakarren MIDI editorean notak eta akordeak “marraztuz”. Orduan, grabatu dugun informazio hori soinuz jantzi beharko dugu instrumentu birtual baten bitartez. Marraztu ditugun akordeei, piano soinu bat egokituko diegu, adibidez. Soinu honek asebetetzen ez bagaitu baina, soinua aldatu ahal izango dugu, biolin soinuak sartzeko, adibidez, edo sintetizadore birtual batekin sortuko dugun soinu pertsonalizatu eta bereziak… Sekuentziadoreak marraztu edo grabatu ditugun nota eta akordeei soinu desberdinak egokituko dizkio instrumentu birtualen bitartez.

Instrumentu birtualak eta efektuak

Instrumentu birtualak errealitatean existitzen diren instrumentuen emulazioak dira. Programa txikiak dira eta, normalki, sekuntziatzailearen bitartez irekitzen dira, MIDI pista batetan dagoen informazioa (notak, akordeak, perkusio kolpeak) irakurri eta erreproduzitzeko. Gehien erabiltzen direnak sintetizadoreak eta sanplerrak dira. Sanplerra grabatutako soinu artxibo txikiak jaurtiki eta kateatzeko gai da. Soinu horien tonua, tinbrea eta beste hainbat aldagai maneia ditzake. Sintetizadorea soinu uhinen parametro fisikoen sintesi prozesuaren bitartez soinu desberdinak ateratzeko gai da. Sintetizadore batzuk instrumentu errealen soinua imitatzen dute, badira bereziki perkusio afrikarrak sortzeko diseinatuak daudenak edo orkestrako hari-instrumentuak imitatzen dituztenak. Honetaz gain, zeure soinu propio eta bereziak sor ditzakezu sintetizadore batekin. Musika elektronikoaren hastapenetan hain garrantzitsuak izan ziren sintetizadore klasiko gehienen emulazioak topa daitezke egun, baita giza oihuak simulatzen dituztenak eta hainbat eta hainbat bitxikeri. Sekuentziadore guztiek instrumentu birtual propioak ekartzen dituzte, baina horrekin aski ez badugu, irekiak diren sistemek (Reason itxia da, adibidez) beste edozein instrumentu birtual sartzeko aukera ematen digute. Grabatutako instrumentu erreal edo birtualak ematen digun soinua prozesatu eta aldatzeko plug-in efektuak erabiliko ditugu. Plug-in hauek errealitatean ematen diren soinu efektuak imitatzen dituzte batzuetan, horrela, gure taldeko abeslariari grabatu diogun ahotsari kobazulo batean ematen den soinu erreberberazioa aplikatzen ahal diogu, distortsioak, oihartzunak… soinua ekualizatu, konprimitu eta gure nahien arabera moldatu ahal izango dugu plug-in efektu hauei esker. Badira, adibidez, Marshall anplifikadoreak ematen duten soinua imitatzen duten pluginak edo Pariseko Notre Dameko katedralean sortzen den soinu erreberberazioaren emulazioak.

Grabazioa

Demagun zure taldearen abestiak grabatu nahi dituzula: gitarra, baxua, bateria eta ahotsa, adibidez. Asuntoa pixka bat konplikatzen da kasu honetan eta orain arte komentatu dugunaz gain, beste hainbat gauza behar izango duzu. Kanpoko soinuak ordenagailuan grabatzeko soinu tarjeta bat aukeratzea dugu lehenengo erabakia. Asko eta asko daude, ezaugarri desberdinekin. Soinu tarjetak AD/DA (Analogiko/digital, digital/analogiko) konbertsioak egiten ditu, hau da, tronpeta jotzerakoan sortzen diren soinu uhin fisikoen informaziotik artxibo informatiko digitala sortzeko gai da. Konbertsio horren kalitatea tarjetaren kalitatearen araberakoa da. Aldi berean instrumentu asko grabatu nahi baduzu sarrera / irteera asko dituen tarjeta behar izango duzu. Nahasketa mahai txiki eta merkeak badaude, oso komenigarriak instrumentu asko grabatu behar badituzu. Gitarra eta baxua zuzenean grabatu daiteke sekuentziadorea eta soinu tarjetaren bitartez, baina zure anpliaren soinua maite baduzu mikrofonoa(k) erabili beharko d(it)uzu zure baxu lineak eta gitarra riff-ak grabatzeko. Ahotsak grabatzeko ere mikrofono merke eta egokiak badaude eta emaitza oso onak lor daitezke diru asko inbertitu gabe. Bateria bat grabatzea lan serioagoa da, mikrofono asko erabili behar baita, bereziak dira eta ongi kokatuta egon behar dute mikrofono bakoitzak hartu behar duena besterik ez hartzeko, kutxa grabatuko duen mikrotik bonboaren ahalik eta soinu gutxien sartu beharko da, adibidez. Lan neketsua izan daiteke, baina egia da pixka bat trebatuz gero eta inbertsio handirik egin gabe emaitza oso onak lor daitezkeela. Zure diskoa megadendetako apaletan sartu nahi baduzu litekeena da bide hau egokiena ez izatea eta estudio batetara jo behar izango duzu, baina norberak bere maketak grabatzeko aukera handiak daude egun. Lortutako emaitzak askotan ez daude bitartekoen menpe, bakoitzaren trebetasunean baizik.

Monitoreak

Gure ordenagailuan sortzen ditugun soinuak, programatzen ditugun erritmoak eta kateatzen ditugun sekuentziak gure belarrietara heltzeko erabiltzen dugun sistemak garrantzi berezia dauka. Hasiberria denarentzat oso ohikoa izaten da sorpresa handia hartzea bere etxean sortutako abestia beste erreprodukzio sistema batetara eramaterakoan, autora edo lagun baten musika ekipora, kasu: “Gauzak ez daude bere lekuan” edo “nire ordenagailuan askoz hobeto aditzen da hau” bezalakoak botatzen ditugu orduan. Zergatik gertatzen da hau? Orokorrean, esan daiteke, audioa erreproduzitzeko sistema guztiek soinua koloreztatzen dutela, hau da, soinu iturri originalarekiko fideltasuna baino soinu mota jakin bat sortzea bilatzen dutela. Hori dela eta soinu ekipo batzuk behe soinu potoloak ematen dituzte, beste batzuk ordea goi frekuentzia distiratsuak erreproduzitzen dituzte. Soinu ekipo bakoitzak ekualizazio aukera desberdinak ematen dizkigu, gainera. Bozgorailuek ere badute zerikusia, oso handiak badira behe frekuentziak ez ditugu hurbiletik adituko eta txikiegiak badira ez digute behar bezalako erantzuna emango behe frekuentzietan. Gure etxean musika produkzioan aritzeko fidagarria den monitorizazio sistema beharko dugu, soinua koloreztatzen ez duen eta gure belarriak engainatuko ez dituen sistema bat, alegia. Gure sistemak fidagarria behar du izan, gero gure musika beste edozein ekipora eraman ahal izateko. Bi dira gure monitorizazio sistemak bete behar dituen ezaugarri nagusiak: frekuentzietan erantzun laua eta hurbiletik entzuteko diseinatua egotea. Home-studioetan eremu hurbileko monitoreak dira egokienak. Ez dute soinua koloreztatzen eta belarrietatik metro batera ezarriak izateko daude pentsatuak. Marka eta modelo asko dago 250 euro inguruko prezioan merkeenak. Milaka euro balio dutenak ere badaude, noski. Estudioko monitoreak erosteko aukerarik ez badugu, hoberena hi-fi ekipo batera jotzea da, anplifikadorea eta bozgorailuak edo musika-katea. Printzipioz, ordenagailuentzat pentsatuak diren bozgorailuak baztertuko ditugu, ez baitute kalitate nahikorik eskaintzen. Aurikularrak erabiltzea ere ez da batere gomendagarria (ez bada gauez edo siesta orduan lan egiteko). Estudioko aurikular onak egon badaude, baina normalean aurikularrek ez dute indar nahikorik behe frekuentziak erreproduzitzeko eta, gainera, estereoa modu nahasgarrian heltzen da gure belarrietara.



Sanplerra

Sanplerra soinu lagin gutxi batzuk (sanpleak) erabiltzen ditu instrumentu baten eskala osoa emateko. Esate baterako, piano baten nota gutxi batzuk sanplerrean sartuz gero, sanplerrak eskala guztia jo dezake lagin gutxi horietan oinarrituta. Sanplerrak soinu lagin horiek jaurtikitzeko gai da eta baita nota horien intentsitatea aldatzeko, espresibitatearen mesedean. Abesti batetarako bateria programatu nahi badugu eta bateria-jole batek jotzen duena grabatzeko aukerarik ez badugu (edo ez badugu nahi), sanpler bat erabiliko dugu. Sanplerrean bateria soinuak kargatuko ditugu, bonboa, kutxa, txastona… Gero soinu horiek sekuentziatuko ditugu, MIDI informazioaren bitartez perkusio kolpe bakoitza denboran kokatuko dugu, kolpe bakoitzaren intentsitatea eta beste hainbat faktore kontrolatu ahal izango dugu gainera. Soinuen argazkiak ateratzeko makina bezala izendatua izan da sanplerra eta horixe da bere ezaugarri nagusienetako bat, edozein soinuren “argazki” bat hartu eta “argazki” hori manipulatzeko gai den aparatua da sanplerra. Sanpler batekin etxeko giltzek egiten duten soinua grabatu eta gure bateria pistan sartu dezakegu arazorik gabe, soinuaren tinbrea edo tonua aldatu… Sanplerrari esker Elvisen ahotsa sartu dezakezu zure produkzioetan, ostruka baten garrasiak, edo Hendrixen gitarra riff-a. Hip-hopak adibidez, beste edozein musika motak baino muturreraino eraman du sampling-aren teknika. Soinuak, erritmoak, riff-ak handik eta hemendik hartu ditu musika proposamen berriak sortzeko. Drum’n’bass estiloan ere ohikoak diren erritmo ezin azkarrago horiek erritmo mantsoagoen sampling-ean dute jatorria. Sanplerra, hardware aparatua izan daiteke edo software programa.



Teklatuak eta kontrolatzaileak

Ordenagailua musika egiteko erabiltzen dugunok bi bitarteko fisiko ditugu ordenagailuarekin “komunikatzeko”: ordenagailuaren teklatua eta arratoia. Onartu behar da ordenagailuaren bitartez musika egiteak ez duela instrumentu bat jotzea duen xarma. Musika artea bada eta musika sortzea norberaren espresibitatearen eramailea bada, onartu beharra dago arratoia mugitzean plazer handirik ez dugula aurkituko. Teklatu kontrolatzaile bat soinurik gabeko teklatua da. Teklatu hauek MIDI informazioa bidaltzen dute ordenagailura instrumentu birtualak modu errealago batetan jo ahal izateko. Gure sekuentziatzailean sintetizadore birtual bat kargatu dezakegu, adibidez. Gero, baxu soinua aukeratu (edo sortu) eta gure teklatu kontrolatzailearen bitartez baxu lerroak grabatzen ahal ditugu. Sintetizadorearen beste edozein parametro kontrolatu ahal izango dugu ere gure kontrolatzailearen knob-ekin (gurpiltxoak). Ordenagailu bitarteko musika produkziorako oso lagungarriak dira kontrolatzaileak eta are gehiago ordenagailu bitarteko musika emanaldietarako. Izan ere, ez da berdina arratoi bat mugitzea edo esku artean botoi, knob eta fader sorta edukitzea.



Sekuentziadoreak

Pro Tools (1)

Urte askotan zehar soinu estudio profesionaletako standarra izan da. Egun ere askok eta askok aukera profesional bakartzat jotzen dute softwarea eta hardwarea elkartzen dituen plataforma hau.
www.digidesign.com



Logic Audio (2)

Apple konpainiak erosi zuenetik, Macintosherako bertsioari besterik ez diote eusten. Sekuentziatzaile indartsuenen artean dago eta bi bertsiotan banatzen da, Pro eta Express. Estudio birtual osoa da eta sekuentziadorearekin batera maila handiko instrumentu birtual eta plug-in paketea dakar. Macintosh ordenagailua baldin baduzu eta musika produkzioan serio aritu nahi baduzu, zure aukera da Logic, dudarik gabe.
www.apple.com/es/logic/



Cubase (3)

Pc eta Mac bertsioak eskaintzen ditu Steinberg konpainiak. Sekuentziatzaile erabilienetakoa da home-studioetan. Kanpoko instrumentuak grabatu, sintetizadore eta sampler birtualak maneiatu, audio zein MIDI-aren ediziorako aukera eraginkorrak, soinu efektuetarako plug-inak…
www.steinberg.de



Ableton Live (4)

Musika elektronikoaren produkzioa eta zuzeneko emanaldietara bideratutako sekuentziatzailea dugu Ableton Live. Loop-etan oinarritutako oso kontzeptu originaletik abiatuta indar handia hartzen ari da azkeneko bertsioetan. Audioa eta MIDI-a denbora errealean manipulatzeko gai den audio motore potenteari esker beste inork egiten ez dituen gauzak egiteko gai da Live. Erabiltzeko erreza eta praktikoa eta zure musika taula gainera eramateko asmoa baduzu Live da zure bitartekoa, zalantzarik gabe.
www.ableton.com



Reason (5)

Estudio birtual itxia da Reason, kanpoko soinurik edo instrumenturik grabatzeko gaitasunik ez baitauka. Hala ere, sintetizadore, sanpler eta nahasketa mahaiak integratzen ditu bere baitan, askorentzat ez da gehiago behar, gehienbat musika elektronikoaren produkzioaz ari bagara.
www.propellerheads.se



FL Studio

Fruity Loops ezagunari izena aldatu zioten loop-ekin aritzen zen sekuentziatzaile xumea izatetik estudio birtual serioagoa bilakatzeko pausua eman zutenean. Askok hasteko aukera bezala hartzen dute, sekuentziatzaile handiak erabiltzeko baino errazagoa delakoan.
www.fruityloops.com



2005, EKAINA – UZTAILA
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.

Berri Laburrak

  • OSKORRIren agurraren aurrean gaude? Irakurri hemen.
  • BOB DYLAN, uztailaren 11n BILBOko Guggenheim zabalgunean, 21:00etan.
  • Mundumira jaialdia asteburu honetan Leintz-Gatzaga eta Eskoriatzan. Programa hemen!
  • Manu Chaok Galizian joko du maiatzaren 17an eta 19an Reperkusión jaialdian.
  • Los Carniceros del Norte taldeak Otxaten (Araba) grabatu du bere bideo berria: Nekromantikos.
  • Governors + Willy Toledo: Bertigo bideoa

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!