Jamaikako paradisua (musikala).
Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Reggae bezala ezagutzen den jamaikar musika Karibeko irla txiki batean jaio arren, isolatua geratzetik urrun, etengabeko harremana eta lotura izan du inguruan egiten ziren musikekin. Gertuko irletako musikarekin hasieran eta aurrerapen teknologikoek lagunduta (irrati aparailuen zabalkundeari esker bereziki) urrunagoko lurraldeekin beranduago, Estatu Batuetako afro-amerikarrek egindako musikarekin izandako lotura azpimarratzekoa litzateke. Harreman honen lehen urteetan, eragina norabide bakarrekoa izango da (AEB-etatik Jamaikara) baina denborarekin norabidea bi zentzuetan emango da eta gaur egun, Ipar Amerikan egiten den musika beltza (rap, R&B...) eta mundu mailan egiten den musika elektronikoa (jungle, drum&bass, techno, house...) ulertzea ezinezkoa litzateke hauengan jamaikar musikak izan duen eragina kontutan hartu gabe. Liburu asko idatzi beharko lirateke guztia azaltzeko (eta gurea baino ezagutza handiagoa beharko litzateke), baina gutxienez, jamaikar musikak jaso eta suposatu duen eraginaren puntu batzuk azaldu nahiko genituzke, osotasuna ahaztu gabe, garrantzitsuak diren pintzelada batzuk emanez.
JAMAIKARRAK ERAGINPEAN
Jamaikako industria musikala martxan jartzen denetik harreman zuzena izan dute Jamaikako eta AEBetako musika beltzek. Harreman zuzen hau, 50eko hamarkadan hasiko da, Jamaikako lehenengo sound systemetan AEBetatik inportatutako rhythm&blues-eko diskoak pintxatzen hasten direnean. Hamarkada horren amaieran, Jamaikako musikariek R&B musika imitatzen hasiko dira eta jamaikar diskogintza industriaren jaiotzearekin batera, Coxsone Dodd, Duke Reid eta garaiko lehen produktoreekin grabatzen hasiko dira. Ondoren, grabazio horiek, aipatu ekoizleen sound systemetan pintxatuko dituzte. 60ko hamarkadarekin batera eta beti ere AEBetako irratien bidez eta sound systemetan entzundako R&Baren eraginaz, ska musika jaioko da. Bitartean, AEBetan R&Baren garapenak soula ekarriko du eta Marvin Gaye, Otis Redding eta garaiko soul izar handien distirak Bob Marley, Dennis Brown, Ken Boothe eta Alton Ellis bezalako jamaikar gazteak itsutuko ditu skaren abiadura gutxitu eta erritmo goxoagoekin osatutako rocksteady-a sortuaz.
60ko hamarkadan AEBetan giza eskubideen aldeko mugimendu indartsua egituratuko da eta neurri handi batean, AEBetan hasieran eta Jamaikan ondoren, musika beltza izango da mugimendu horren bozeramale. Curtis Mayfield, Gil Scott Heron, James Brown edota John Coltrane bezalako afro-iparramerikar musikarien mezuek jamaikar abeslari gazteengan eragin handia izango dute eta “early reggaetik” edo lehenengo reggaetik, roots reggae edo reggae konprometituenerako bidean funtsezko eragina izango dute (beste gertakari askorekin batera). Ikusten denez, hasieran aipatutako bi musika-mundu hauen artean eragina zuzena izan da, baina orain artean norabide bakarreko bidea egin du; hau da, AEBetako musikak Jamaikar musikan izan du eragina eta ez alderantziz. 60ko hamarkada amaieran ematen den gertakari batek ordea, eragina bi norabideetan ematea bideratuko du. Jamaikarrek, maila teknikoan zuten eskasia imajinazioarekin gainditzen zuten eta Osbourne Ruddock izeneko soinu teknikariaren trebeziak musika ulertzeko moduan iraultza ekarriko du.
DUB-AREN SORRERA
Jamaikarrek 60ko hamarkadan duba (agian, hasiera batean behintzat, estiloaz baino grabazio teknikaz hitz egin beharko genuke) sortu zuten arte kantuak ukitu ezinak ziren. Behin abestia estudioan grabatu eta fabrikan prentsatu eta gero “betirako” geratzen ziren kantuak ziren, bakarrak eta ukitu ezinak. Jamaikarrek kantuen status honekin amaituko zuten. Musika munduan izugarrizko iraultza suposatuko zuen gertakari hau nola eman zen hobe ulertzeko sound systemetara bueltatuko gara.
Askotan esan dugun moduan, sound systemak Jamaikako dantzaleku mugikorrak dira. 50eko hamarkadan, jamaikarrek (txiroek bereziki; hau da, populazioaren gehiengoa) musika entzuteko zuten aukera bakarra kalean jartzen ziren sound systemak ziren. Gutxi ziren Jamaikan musika zuzenean eskaintzen zuten aretoak eta horietan dirudunak soilik sartu zitezkeen. Horretaz gain, irratiak eskasak ziren eta beraz musika entzun nahi zuen kaleko jendea sound systemen inguruan biltzen zen. Sound systemak soinu ekipoak baino askoz ere gehiago ziren. Jendearen artean pasioa sortzen zuten eta hil ala biziko pasioan bilakatzen ziren askotan. Irlako garrantzitsuenak Clement Coxsone Dodd (aurten utzi gaituen Studio One diskoetxeko sortzailea) eta Duke ‘The Trojan’ Reiden sound systemak ziren (azken honek Treasure Isle diskoetxea sortuko zuen beranduago). Benetako lehia zegoen jendea erakartzeko garaian. Lehiakortasun bortitz horren ondorioz sound systemak eboluzionatzen joan ziren eta horrela, musika jartzearekin batera, festa animatzen zuen hizlariak geroz eta garrantzi handiagoa hartuko zuen. Mikroa eskutan eta kantuaren zati instrumentaletan hitz eginda, DJ edo toasterrak (horrela deitzen dituzte sound systemetan mikrofonoa hartu eta hitz egin edo kantatzen dutenei, ez nahastu gaur egun erabiltzen den Disc Jockey hitzarekin) jendea zirikatu eta dantzan jartzeko helburua zuen. Hasiera batean, AEBetan musika beltza jartzen zuten irrati esatarien hitz jarioa imitatzen saiatzen ziren eta denborarekin Toaster izeneko musika estilo propioa sortuko zuten reggaearen barruan.
Jamaikan lehenengo grabazio estudioak martxan jarri bezain laster irlako musikariak arrakasta gehien zuen AEBetako musika bertsioneatzen hasiko ziren eta mentoarekin batera fusionatuta estilo berria sortuko zuten, ska musika. Skaren eboluziotik rocksteady-a sortuko zen eta hortik reggaea. Sound systemak izan ziren eboluzio guzti honen testigu pribilegiatuak eta jendea animatzen zuten hizlariak, DJ edo toasterrak, geroz eta garrantzi handiagoa hartzen joan ziren. Errekonozimendua jaso zuen lehena Winston ‘Count’ Machuki izan zen. Bere ahotsa Baba Brooks Band taldearen Alcatraz kantuan entzun daiteke, baina ez zuen apenas grabatu. Sir Lord Comic izeneko toasterraren ahotsa ere entzun daiteke estilo honetako ahotsak jasotzen lehenetarikoak diren Ska-ing West eta The Great Wuga-Wuga kantuetan. Dena den, urteetan Coxsone Dodden Downbeat sound systemean aritutako King Stitt izango zen arrakasta lortuko zuen lehena.
Oro har, DJ edo toasterrak abestien zati instrumentaletan hitz egiten zuten, baina laburregia geratzen zitzaien kantatua ez zen zatia. Bunny Lee izan zen singleen B aldeetan A aldeko kantuen instrumentalak ipintzen lehenetarikoa eta honela instrumental horien gainean DJ edo toasterrek gustura hitz egiteko aukera zuten. Osbourne
Ruddock izeneko soinu teknikariak berriz, aurrerapauso handia emango zuen eta grabatutako kantuak manipulatu eta kantu horien nahasketa berriak egiten hasiko zen. Modu honetan, sound systemetako toasterrei ahotsak sartzeko aukera berriak ematearekin batera musika egiteko eta ulertzeko modu berria asmatuko zuen: dub musika.
OSBOURNE RUDDOCK "KING TUBBY"
Jamaikako sound systemetan soinuak garrantzi itzela du eta garaiko lehen sound systemen artean, Osbourne Ruddock zen soinu teknikaririk baloratuena. Txikitatik aparailu elektronikoenganako izugarrizko erakarpena izan zuen eta 1964an Home Town Hi-Fi izeneko sound systema sortu zuen. Sound system honek izugarrizko arrakasta lortu zuen, besteak beste ekualizazioaren jokoarekin soinu berezia lortzen zuelako. Osbourne Ruddock izan zen grabatutako kantuak manipulatzen lehena. Ordura arte, ahots zatiak kendu eta instrumentalak kaleratzen zituzten, baina bera izan zen kantuetan ahots zatiak mozteaz gain, ekoak, deelayak eta imajina daitezkeen soinu efektu zoroenak sartzen lehena (garaiko aparailuen mugak kontutan izanda oso “artisau lana” zen).
Ahotsak bigarren mailan geratzen ziren eta baxuak eta bateriak (drum&bass) hartzen zuten protagonismo osoa. Hasiera batean, kantuen nahasketa berri hauek (remix kontzeptuaren aitzindari) sound systemetan erabiltzen ziren soilik eta selektoreen (musika aukeratzaileak) artean izugarrizko lehia zegoen bertsio hauek lortzeko garaian. Kantuen lehen dub bertsioak (horrela deitzen zitzaien kopiak zirelako. Dub hitza ingelesaren “double” hitzetik dator, bikoitza, kopia) 1967. urtean egin ziren eta 1973an jendearen izugarrizko eskaera zela eta komertzialki saltzen hasi ziren, hasieran singleen B aldeetan eta beranduago Lp osoen dub bertsioak egiten hasi ziren. Osbourne Ruddock izan zen dub bertsioak egiten lehena eta nahiz eta ondoren jarraitzaile ugari edukiko zituen (Prince Jammy, Scientist, Prince Philip Smart eta Errol Thompson gertukoenak eta Lee Perry edota Mad Professor ezagunenak) bera izan zen dub bertsioen errege; hortik datorkio King Tubby ezizena, dubaren sortzaile eta maisu izan zen. 1989an grabazio estudiotik etxera zihoala tiroz hil zuten. Lapurreta izan omen zen hilketaren arrazoia.
JAMAIKARREN ERAGINA
Ikusi dugun moduan, musika jamaikarra ulertzea ezinezkoa izango litzateke kanpotik jaso duen eragin musikala kontutan hartu gabe (jamaikarrak beraiek ere kultur desberdinen elkar ezagutza eta nahasketaren ondorio dira) eta ikusi dugunez, jamaikar musika hasiera batean hartzaile hutsa izatetik hartzaile eta era berean emaile izatera pasako da. Dubarekin gertatutakoa adibide garbia da. Dub musika estilo modura eta dubaren teknika (kantuak teknika zehatz batekin berriro nahasteko prozesua) mundu osora zabaldu dira eta musika elektronikoa deritzon hori adibidez (eta oraindik zer ote den oso garbi ez dagoena) ez litzateke gaur egun ezagutzen dugun modukoa duba existitu izan ez balitz. 70eko hamarkadaren amaieran, Jamaikatik Ingalaterrara lan bila joandako milaka etorkinek reggae doinuak zabaldu zituzten London, Bristol, Birmingham eta antzeko hiri handietan zehar. Reggaea kaleko musika zen, txiroen musika, eta hasieratik ezaugarri berdinak zituen musikarekin, punkarekin alegia, harreman ona egin zuen. Hirietako auzo marjinaletan bizi ziren gazte asko hasi ziren jamaikar musika entzuten eta reggae eta dubaren jarraitzaile sutsu bihurtu ziren. Adrian Sherwood izan zen horietako bat eta berak sortutako On-U Sound zigiluari esker dub eta punkaren nahasketa posible egin zuen. Gaur egun, On-U Sound diskoetxearen Pressure Sounds azpi zigilua da 70eko hamarkadako reggae klasikoaren jarraitzaileen artean maitatuenetakoa garaiko kantak berreskuratzeko egin duen lan eskerga dela eta. Teorian reggaea egiten ez zuten talde askorengan musika jamaikarrak zuen eragina izugarria izan zen; The Clash, The Police edota Cabaret Voltaire izan daitezke, askoren artean, garaiko adibide garbiak.
REGGAE-RAP KONEXIOA: ANAI-ARREBAK ALA AITA-SEMEAK?
Dancehall eta hip-hop mugimenduak dira gaur egun, Jamaika eta AEBetan gazte jendearen artean bereziki izugarrizko indarra duten mugimenduak. Eta mugimenduak diogu musikaren esparrutik haratago doazen fenomenoak direlako eta musikaz gain, bizitza ikusteko, aztertzeko, ulertzeko eta garatzeko moduarekin zerikusia dutelako. Rap eta dancehall musika estiloak 70eko hamarkadan sortu ziren eta bien arteko lotura fisikoa mikrofonoa eta bi platoetatik dator, elementu komuna.
Kontzeptu bezala ordea, Jamaikako dancehalla edota dantzalekuen kultura zaharragoa da eta erreportajearen hasieran aipaturiko 50eko hamarkadan sortutako sound systemetatik dator. Hauetan, musika aukeratzailea edo selektorea eta festa animatzaile, MC edo toasterra dira funtsezko osagaiak.
Festa animatzaileen artean King Stitt aipatu dugu aitzindari modura, baina asko izan dira bere atzetik etorriko zirenak (U-Roy, Big Youth, I-Roy, Dillinger, U Brown...). Musika aukeratzaile edo selektoreen artean berriz, Tom The Great Sebastian azpimarratu nahiko genuke bera izan zelako bi plato (disko jiratzaile) batera erabiliko zituen lehena eta era honetan gaur egungo disck jockey-en aitzindari bilakatu zen.
Rapeoaren oinarrizko zutabeak
1967an Kool Herc izeneko jamaikar gazteak, irlako beste gazte txiro askok bezala, New York hirira emigratzen du bizimodu hobeagoaren bila. Laster hasiko da parkeetan eta ahal duen edozein lokaletan festa eta sound systemak jamaikar erara antolatzen. Iraultzaren haziak landatuak daude. Hasieran reggaea eta denborarekin funk eta disco musikak uztartuko ditu. Sona handiko festak izango dira eta festa hauen jarraitzaileen artean, New Yorken bizi baina jamaikar odola duen Grandmaster Flash dago, handik gutxira diskoak jartzeko eran berrikuntzak asmatuko dituena, scratchak eginez eta diskoak nahasteko teknika berriak sortuaz.
Diskoak ipintzeko eta kantuak nahasteko teknikak garatzearekin batera, mikrofonoa eskutan festak animatzen dituzten MC-en hitz jarioak ere garatzen joango dira rapeoaren oinarrizko zutabeak osatu arte. Guzti honi graffitia, break dantza, erritmo kutxak eta kaleko B-boy-ak gehitu eta hip-hop mugimendua osatu dugu. 80ko hamarkadan gaude eta jakina denez orain kontatu dizuegun istorioa ez da hemen amaitzen. Musika, izaera bizia duen neurrian, etengabe garatzen eta aldatzen den energia da eta Jamaikan garai hartan sortutako dancehalla eta AEBetako rap musika etengabe garatzen joango dira. Lehenengo dancehallaren garapenak gaur egungo ragga eta dancehall musikak ekarriko ditu eta raparekin antzekoa gertatuko da. Garapen honetan faktore askok hartu dute parte, baina bereziki aparailu elektronikoetan aurrerapenak eta estilo bakoitzak bestearen gain izan duen izugarrizko eragina azpimarratuko genituzke (Prince Jammy, Sugar Minott, Barrington Levy, Chaka Demus & Pliers, KRS-One, Run DMC, Queen Latifah, Shabba Ranks, Patra, Buju Banton, Super Cat, Shaggy, Bounty Killer, Kenny Dope, Tenor Saw, Daddy Freddy, Sly & Robbie, Cutty Ranks...). Ezinezkoa litzateke gaur egun egiten den rap edo reggaea ulertzea batak bestearen gain izan duen eragina ulertu gabe. Maitasun-gorroto harreman honek emaitza ziragarriak eman ditu orain artean eta etorkizunean emango dituenak ezagutzeko eta gozatzeko irrikaz gaude. Eta zuek?
DUBA ETA ELEKTRONIKA
70eko hamarkadan reggae eta punk musikaren arteko harremana estua izan bazen, 80ko hamarkadarekin batera eta aparailu elektronikoen garapenarekin batera, musika jamaikarra eta musika elektronikoa deritzonaren arteko maitasun-gorroto harremana sortuko zen. David Byrne, Brian Eno edota Bill Laswell bezalako esperimentatzaileek dubaren teknika eta ehundurak erabili dituzte beren proiektu desberdinetan (dance noise terror deitu zen horretan, dub, funk eta musika industrialaren nahasketarekin). Horien jarraitzaile Renegade Soundwave, Meat Beat Manifesto, Screaming Target edo beranduago technoarekin batera uztartzen zuten Dreadzone, Groove Corporation, Leftfield, Zion Train edota Rockers Hi-Fi.
Ugari dira musika elektronikoaren barruan dubarekin erlazionatzen diren azpi estiloak; ambient dub (The Orb, Higher Intelligence Agency...), illbient (DJ Spooky), sub-dub (Rhythm & Sound, Dub Funk Association...) eta nahiz eta musika hauek, gehienetan, ez musikalki ez eta sormen prozesuari dagokionez ere, ezin diren dubaren azpi-estilo bezala sailkatu, guztiak dubaren eraginpean jaio eta garatu diren musikak dira (aparteko tartea mereziko luke adibidez Bristol hiriak eta bertan sortutako talde, proiektu eta doinuak; Massive Attack, Smith & Mighty, Henry & Louis, Tricky, Portishead...).
Kontaezinak dira musika jamaikarraren eta musika elektronikoaren arteko lotura erakusten duten musikak, asko dira jarri daitezkeen adibideak, baina agian, horien artean, azkena (edo behintzat oihartzun handia izan duen azkena) Two Culture Clash izeneko proiektua da. Wall of Sound diskoetxeko Mark Jones eta Jon Baker Jamaikako GeeJam grabazio estudioetako nagusiaren arteko harremanetik sortutako egitasmo honetan, batetik, gaur egun musika elektronikoaren munduan dauden produktore, disko jartzaile eta sortzaile ezagunak eta bestetik, musika jamaikarraren ahots esanguratsuak elkartu eta diskoa kaleratu dute. Musika elektronikoaren aldetik, besteak beste, Howie B, Roni Size, Jon Carter, Justin Roberson edota Mark Rae daude eta reggae musikaren ordezkari berriz, besteak beste, Big Youth, Patra, General Degree, Horace Andy edota Ward 21. Harreman hauek interesgarriak izan arren ez dute beti bilatzen duten emaitza lortzen.
2004ko Abendua - 2005eko Urtarrila