entzun.com


Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Dossierrak

Victor Lenore (LDNM), Gotzon Uribe, Sagardantza, Gotzon Hermosilla. 2005-09-09

NESKEN MATXINADA (I. Zatia)

Le Tigre Le Tigre

Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Emakumezkoek musikaren baitan bizi duten egoera eta jokatzen duten papera aztertzen saiatu gara dossier honen bitartez. Riot grrrls mugimenduari eta emakumeen borrokarekin (eta beste borroka batzuekin) konprometitutako Le Tigre taldeari buruzko artikuluak ekarri ditugu orriotara eta neskez osatutako euskal taldeen zerrenda potoloa egin dugu. Bukatzeko, euskal herriko hainbat musikariren iritzia bildu dugu, gure eszenan eta, oro har, rock munduan matxismorik dagoen jakiteko.




RIOT GRRRL , EUREKIN OIHU EGIN

Nortzuk dira ‘riot grrrls’-ak? Benetan existitu ziren? Zergatik dira hain gutxi ezagutzen/gogoratzen dituztenak? 90. hamarkadako hasieran, indie-punk eszenako neskek groupieak izan nahi ez zutela erabaki zuten, ez zituztela kontzertuak azken lerrotik ikusi nahi, ezta Led Zeppelin-en obra guztiak ikasi behar beren buruak artistatzat hartu ahal izateko. Hortaz, esan eta ekin, jotzen hasi ziren, oihukatzen, kritikatzen eta komunikatzen. “Hau zure baimenik gabe gertatzen ari da”, oihukatzen zuten Huggy Bear taldekoek. Hamar urte beranduago, mugimenduaren haziak ezinbesteko hainbat taldetan –hala nola, Sleater Kinney, Quix´o´tic edo Le Tigre–, ernaldu egin dira.

Zer da riot grrrl delako hori?
Punkaren kasuan bezalaxe, sortze data edo terminoaren jatorri zehatza (*) ez dago jakiterik. Hala ere, 1991ko abuztuan Olympian (Washington) egin zen International Underground Pop Convention aipatzen ohi da hasiera bezala. Indie anglosaxoi eszenako taldeen topaketa hau Girl day batekin hasi zen: neskez osatutako taldeak bakarrik (diskriminazio positiboa rockaren matxismoaren kontra). Parte hartzaileen artean folk, pop eta punk-rock taldeak zeuden, hala nola L7, Bikini Kill, Tigre Trap, Bratmobile, Heavens To Betsy, 7 Year Bich edota Mecca Normal. Musikaz gain, fanxine asko zeuden, gehienetan fotokopiatuta, non neskek konfesioak, kezkak eta gogoetak konpartitzen zituzten, mota guztietako istorioak: sexu erasoen biktimen benetako kontakizunetatik hasita kirurgia estetikoaren kontrako manifestuetaraino. Are gehiago, beren lehen gitarra erostera doazen neskei gaizki tratatzen dieten musika dendetako enplegatuei aurre egiteko moduak ere idazten zituzten.

Baina, orduan, zer eskatzen zuten?
Ezer ez, uste dut. Riot Grrrl mugimendua AEBetako indie/punk/hardcore eszenari lotua zegoen eta, hortaz, autogestioaren aldekoa zen. Izan ere, mugimenduko lehen disko esentzialak disko bildumak izan ziren gehienak. Riot grrrl-ek elkarri laguntzen zioten, biniloak eta birak konpartituz. Mugimenduaren lehen disko handia bultzada gehien zuten bi taldeen arteko elepe partekatua izan zen: Huggy Bear eta Bikini Kill taldeen Our troubled youth/Yeah, Yeah, Yeah (1992). Mugimenduaren zabalkundea Atlantikoko bi aldetako hainbat diskoetxe txikik eratutako sareak lagundu zuen: Wiija, K, Simple Machines eta Kill Rock Stars. Riot grrrls-en jardueren artean komunikazioa eta autodefentsa zeuden. Esaterako, riot kontzertu asko ez ziren hasten neska guztiak lehen lerroetan eta mutilak atzekoetan egon arte. Beste batzuetan ez zitzaien mutilei sartzen uzten (edo baldintzak jartzen zituzten, soinekoa janztea adibidez). Mendeku txiki bat (edo konpentsazioa) zen hainbat urtez zanpatuta, bultzatuta eta txikituta egon ondoren euren talde gogokoenak ikustera joaten zirenean…

Nolakoak ziren diskoak?
Onartu behar den lehendabiziko gauza zera da: riot grrrls-ek ez zuten ezer asmatu. Beren estetika presente zegoen hainbat post-punk neska taldetan, hala nola The Slits, The Raincoats, The Au Pairs edota X-Ray Spex-en. Beren talde mugarrietako bat, mutilez osatua, The Nation Of Ulises izan zen, soularen maitaleak ziren hardkoreta situazionistak, euren diskoak modu adierazgarrian titulatzen zituztenak, adibidez, 13 point program to destroy America (1991). Egia esateko, asko dira riot grrrls-en inspirazio iturriak: Calvin Johnson, Lydia Lunch, Angela Davis, Talulah Gosh, Yoko Ono, situazionismoa, The Runaways… 90eko hamarkadako erdialdean, Kim Gordon (Sonic Youth-eko baxu jolea) aunitzetan aipatzen zen mugimenduaren ikono gisa, baina gaur egun ia inork ez du hartzen erreferentziatzat. Ez gaitu harritu behar: Gordon andreak ridikulu pixka bat egin zuen bere riot grrrl banda sortu zuenean: Free Kitten txar-txarrak, eta gainera, ez zuen inoiz erakusteko askorik izan. Edo, norbaitek gogoratzen du zerbait interesgarria esaten bi hamarkadetan Sonic Youth taldeari egin zaizkion elkarrizketetan? Baina, itzul gaitezen harira…

Zergatik dira horren gutxi talde hauek ezagutzen dituztenak?
Riot grrrls gehienek uko egin zioten komunikabide handiekin hitz egiteari, aunitzetan euren hitzak, asmoak eta printzipio etikoak desitxuratu eta aldatu zituztelako. Hori dela eta, beren fanxineak egin, kazetari jatorrekin (Everett True / Sally Margareth Joy) kolaboratu edo emakumeak eta rockari buruzko liburuetarako elkarrizketa luzeak emateko hautua egin zuten. Noski, beren punk zaratatsuak –beti borrokalaria sistemaren logikaren kontra–, ez zeukan lekurik ez irratian ez telebistan. Onartutako isolamendua bizi izan zuten; lasaitasuna irabazi zuten, inpaktu soziala galdu ordainean. Tratu on bat?

Baina, mutilak gorroto zituzten?
Ezta gutxiago ere. Riot grrrls-en heroien artean gizonezko aunitz zeuden, besteak beste, Kurt Cobain (Nirvana); Calvin Johnson (K Records diskoetxekoa), Guy Debord / Raoul Vainegem (situazionismoaren barnean egindako lanarengatik) edo zine independenteko John Cassavettes zuzendari eta aktorea (Le Tigrek abesti bat egin zuen haren omenez). Gainera, mutilak ere bazeuden riot grrrl talde askotan. Huggy Bear-en, esaterako, bi zeuden, Chris eta Jon. Oso gutxitan antolatu ziren kontzertuak “emakumezkoentzako bakarrik” eta asmoa ez zen inoiz izan aldekoak baztertzea, baizik eta erosoago sentitzea. Riot Grrrl mugimenduko txarrena Voodoo Queens bezalako taldeak izan ziren, poparen disparateak harrapatuta: egun batean edertasunaren estereotipoak kritikatzen zituzten Supermodel superficial izenburuko singlean eta hurrengoan Keanu Reeves-en fisikoarekin lerdea botatzen zuten Kenuwee head kantuan. Gutxi iraun zuten –disko bakarra atera zuten– eta inork ez die faltan botatzen. Kontuz: nerabe funts-gabe baten bat kenduta, ez gaude neskatila izutiez osatutako mugimendu baten aurrean. Riot grrrl mugimenduko neska askok (Bikini Kill taldeko abeslaritik hasita), musika tresnak erosteko dirua strip-tease lokaletan sesio batzuk eginez lortzen zuten (alokairua pagatu edo anpli berri bat erosteko gutxienekoa atereaz). Eurek zioten modura: “Hobe hori kamarera bezala lan egitea baino”.

Zergatik amaitu zen?
1993ko martxoaren 13ko Melody Maker-en Bikini Kill taldeko Tobi Vailek emandako bertsioarekin gelditzen naiz: “Momentu honetan, Riot grrrl ekintzan baino bere nortasunean jartzen ari da arreta gehiago. Niretzako inportantena ez da zer neska mota naizen, baizik eta zer nolako subertsioa behar dudan. Gainera, inguru honetako bandei etiketa honek ez die mesede handirik egiten. Horregatik, gaurtik aurrera, nik ez dut nire burua riot grrrl-tzat hartuko. Baina mugimendua asko inporta zait, talde bat sortzea neska batentzat mutil batentzat bezain normala izatea nahi dut. Orain ez delako…”

Zer gelditzen da guzti horretaz?
Dirudiena baino gehiago. Rock Planeta batean, non taldeak gutxika itzaltzen diren, egia esateko, riot grrrl eszenako totem-ek aurrera egiten jakin dute. Katlheen Hanna oihutik (Bikini Kill) dantzara pasatu zen (Le Tigre). Slant 6 zakarrak Quix*o*tic delikatuetan birziklatu ziren. Sleater Kinney-ekoak diskoz disko hobetuz doaz eta, gainera, bateria jotzaileak, Janet Weissek, talde paralelo bikain bat dauka Quasi deitzen dena (disko oso onak grabatzeaz gain, Elliot Smith desagertua laguntzen zuten batzuetan). Bestalde, musika-aktibisten belaunaldi berri bat badago, hala nola Erase Errata, eskola zaharreko fundamentuak bere egiten dituztenak, after punk ukitu bat emanez. Beren diskoak oso gomendagarriak dira, eta baita Dancing Machine: Erase Errata Remix EP (2003) izenekoa, non lau erremix-egile prestigiotsuren esku jartzen diren: Adult, Matmos, Kid 606 eta Kevin Blendchdom. Beste sorpresa berri samarra Scout Niblett da (ederra da bere ahotsa eta bere Sweetheart Fever diskoa, 2001). Berri on gehiago: The Gossip, AEBetako neska-taldea, blues minimalistako ziztadak banatzen dabilena. Bukatzeko, Chicks On Speed alemaniarrak aipatu behar direla suposatzen dut, mugimenduaren oinordeko fashion-ak, oraindik zalantzak sorrarazten dituztenak. Diskurtso borrokalaria freskatu edo, aitzitik, desaktibatu egiten dute? Posdata: Klathlen Hannak dio Riot grrrl terminoa Washingtonen sortu zela, 1991ko maiatzean. Hirian egon ziren liskar batzuen ondoren izan zen, jendeak poliziaren bortizkeri gertaera bat salatzen ari zenean. Poliziak El Salvadorreko etorkin bati tiro egin zion hainbat lekukoren aurrean eta gero esan zuen atxilotua izateko erresistentzia jarri zuela. Dirudienez, hiriko artista bat, Jean Smith, telebistaz ari zen liskarrak ikusten esan zuenean: “We need a girl riot too…”. Hor zeuden Allison eta Molly, Bratmobilekoak, eta fanxine bat izen horrekin bataiatzea erabaki zuten.



DISKO NABARMENAK

Bikini Kill
The CD Version of first two albums
Kill Rock Stars, 1992

Segur aski hobe litzateke Pussy-whipped (94) edo The Singles (98) gomendatzea, taldearen ertz gehiago erakusten dituztelako disko horiek. Baina, honako lan honek abesti gehiago izateaz gain, riot grrrl posible egin zuen hasierako tentsio guzti hori zeukan (frustrazio, “coolness” eta komunikatzeko gogoa). Ados, White boy bezalako gauzak elementalegiak entzuten dira, baina hemen ereserki eztabaidaezin batzuk badaude: Rebel girl, This is not a test, Resist Psychic death edota Outta Here balada ederra.

Huggy Bear
Taking the rough with the smooth
Wiija, 1993

Jostailuzko Pistols batzuk izan ziren. Disko bakarra grabatu zuten, Weaponry listen to love (94), eta gero taldea desegin zen. Ia inork ez du gogoratzen euren punk pop txatarra apasionatua. Diskoa baino, beren singleen bilduma hau gomendatzen dugu, beren indar, pozoi eta erakargarritasun guztia gordetzen duena. Zirriborro nerbiotsu eta asimetrikoak botatzen zituzten, baina baita Her Jazz, Pansy twist edota Shaved Pussy Poetry bezalako single indartsuak ere. Integrismo erromantikoa eta “pandilleroa”, arrakasta zerrenden plastikoa urtzen saiatzeko.

Le Tigre
Le Tigre
Mr Lady, 1999

Beren diskorik famatu eta osatuena bigarrena da, Feminist Sweepstakes (2001), non banda gorputz gehiago erakusten duten. Hau aldiz, aurre-prestatutako ideien bilduma bat da, indibidualki edo kolektiboki prestatua taldekide ezberdinen logeletan (horregatik ohe hori eta musikarien karnet argazkiak bereiztuta). Katheen Hannak inoiz konposatu duen piezarik onenak irekitzen du diskoa: Deceptacon, non antigoaleko rock and rolla, punk errabia eta base elektroniko bat bikaintasunez eta soiltasunez nahasten dituen. “Ebaki eta itsatsi” perfektua, zeinari inoiz ez zaizkion josketak ikusten. Hot Topic (euren emakume-heroien zerrenda), What’s your take on Cassavettes (zinegile underground-ari buruzkoa) eta My Metrocard (idei sinpleenekin kutsatzeko gaitasuna) kantuak nabarmentzekoak dira baita ere.

Sleater Kinney
All hands on the bad one
Kill Rock Stars, 2000

Segur aski disko freskoagoak dituzte, Dig me Out (1997) kasu, The Kinks Controversy-ri kopiatutako portadarekin. Lan helduagoak, organikoagoak eta zailagoak grabatu izan dituzte baita ere: One More Beat (2002). Baina disko hau gomendatzen badugu belarrientzako plazer bat-batekoa delako da: abesti landuak, itsaskorrak, ia radiofurmuletakoak, jarrera indie-punk-riot baten zerbitzura. Adibiderik onena: You are no rock’n’roll fun. The Professional eta Male Model abestietan rockaren balore maskulinoak zalantzan jartzen dituzte. #1 Mus Have kantuan berriz, riot grrrl-en gaineko autokritika egiten dute. Apartekoa.

Quix,´ O´ Tic
Mortal mirror
Kill Rock Stars, 2002

Hasieretako riot grrrl taldea izan zen Slant 6-eko errautsetatik sortutako banda. Slant 6-k klasea eta abestiak zituen, batez ere bigarren diskoan: Inzombia (1995). Eboluzio logikoa jarraituz, Quix´o´tic-ek zolitasunaren aldeko hautua egiten du agresibitatea baztertuz, miniatura espektralak eginez, zeinak errealitate paralelo batetik deitzen dizuten (asko perfektuak lirateke Tim Burton-en pelikula batean).Bigarren lan honetan, beren kultura musikal zabalak Aharon Neville (Tell it like it is) naiz Black Sabbath (Lord of this world) bertsioneatzea ahalbidetzen die. Uzta propioa berriz, Annonymous Face-ren blues-popetik psikodelia gotikoraino (Ice Cream Sundae) doaz. Oso atsegina.



LE TIGRE errebeldeak

Munduan baldin badago musika talde bat feminismoaren eta baita gay mugimenduaren alde aktiboki jarduten dena –musika eta estetikaren indarra arma nagusi bezala erabiliz– berau Le Tigre dugu, Kathleen Hanna, JD Samson eta Johanna Fateman partaide dituen taldea. Beren azken diskoak This island izena darama. Moda, punka, jarrera eta dantzarako musika erakusten dute. Zuzenean talde freskagarri eta dantzagarria dugu.

BEREN MUSIKA
Old school hip hop doinuak, pop elektronikoa, 80. hamarkadako disco musika, gitarra zorrotzak, retro punk jarrera.

TALDEKIDEAK
Kathleen Hanna: Estatu Batuetako Oregon hirian jaioa, gaztetatik hasi zen drogekin jolasean, argazkilaritza klasetan ere aritu zen eta hainbat talde aktibistetan parte hartu zuen. Bera da Le Tigre taldearen buru. Gazte garaietan hainbat musika taldetan ibili izan da, guzti horien artean Bikini Kill izan zen famatuena, gaur egun –jada desagertuak– kultuzko taldea bilakatu delarik. Honekin batera, Riot grrrl aldizkarian ere parte hartu zuen, garaiko feminismoaren bandera eta lesbianismoaren erreibindikazio iturri zelarik. Korronte baten sortzaile.
JD Samson: Ohioko mendi etxe batean jaio zen, etxetik alde egin eta Gay eta Lesbianen mugimenduaren aldeko elkarte bat sortu zuen. 15 urterekin bere lesbiana izatea erakutsi zuen, garaian hainbat arazo sortu zizkiolarik. New Yorkeko eskola batean hasi zen eta homosexualitatearen eta aktibismoaren aldeko ikasketetan jardun ere. Lesbianismo munduko zinema esperimental eta punk mugimenduan sartua ibili da buru belarri. 2000. urtean Le Tigre taldearekin bat egin zuen eta 2003an bere taldea sortu ere, Dykes Can Dance deiturikoa. Lesbianek ere dantzan bazekitela erakutsi nahi izan zuen.
Johanna Fateman: Beronen gazte denborak ez ziren beste biena bezain bohemioak izan, baina bai izan zuen sorkuntzara bideratutako eta lotutako gazte denbora. Portland hiriko arte eskolan aritu zen, bertan fanxine ugari jarri zituen martxan, laster egin zen Kathleen-en laguna, berarekin bizitzera joan eta Le Tigre taldera batu zen, Bikini Kill banatu ondoren. Gaur egun proiektu paraleloak baditu.

TALDEAREN IBILBIDEA
Sei urte igaro dira Hanna eta Fateman ezagutu eta taldea martxan jartzea erabaki zutenetik. Le Tigre ezohiko talde bat dugu, bai zentzu artistikoan bai sorkuntza musikalari dagokionez. Hiru taldekideak Arte Ederretako eskolatik irtendakoak ditugu. Batetik, Hannak gitarra eta erritmo kaxekin esperimentatu du, Fatemanek Snarla deituriko fanxine feminista editatzen zuen eta beraiekin –gero taldea utziko zuen– Sadie Benning bideo artista aritu zen. Hiruek grabatu zuten 99an Le Tigre diskoa, garai haietarako lan aurrerakoia eta New Yorken egun ematen ari den dance-punk mugimenduaren lehenengo aitzindariak!!! Taldea agertu baino lehen, hiru neska hauek ondo zekiten nola egin dantzarako musika underground-a. Ondoren, Feminist Sweepstakes etorri zen, 2001. urtean. Disko honetan JD Samson sartzen da. Ideologia ezkertiarra eta punka da beren abestien ildo nagusia. Disko honekin Euskal Herrira ere hurbildu ziren, astearte gau batez Bilbon eskaini zutelarik kontzertu berezi bat oso lagun gutxiren aurrean. Bilbo ez da New York.

THIS IS ISLAND (Strummer recordings/Universal)

This Island deitzen da beren disko berria. Punk elektronikoa jorratzen dute, sexu bereko bikoteen ezkontza aldarrikatzen dute momentu oro eta Bush Estatu Batuetako gobernutik botatzearen aldekoak dira. Disko berri honetan taldeak zeukan soinuak moldaketa bat izan du; oraingoan sonoritate elektronikoago bat lortu dute, 80. hamarkadan duelarik jatorria. Diskoa Universal multinazionalaren azpizigilu batekin plazaratu dute, Strummer recordings (bertan The Rapture eta The Mars Volta moduko taldeak daude). Lortutako sonoritate berri honetan gitarren presentzIa jaitsi egiten da, teklatu, sintetizadore eta erritmo kaxei lekua utziz. Soinu ezberdinen arakatzaile eta sortzaile ditugu era berean, era analogiko zein digitalean eginak, baina beti ere zentzu lo-fi eta underground batean planteaturik. Diskoa Pro Tools programarekin (ordenagailu programa bat musika egiteko eta eraldatzeko) dago egina eta produktore moduan Sonic Youth eta Public Enemyrekin aritutako Nick Sansano ibili da. Aipatu behar da baita ere, diskoan The Cars taldeko Rick Ocasek-ek ere parte hartu duela. Abestiek oinarri elektroniko sendoak azaltzen dituzte eta era berean gitarren erabilera organiko bat. Testuei dagokienez, feminismoa, Bush-en aurkako jarrera etengabea, eskubideen goraipatzea, Irak-eko gerraren kontrako manifestuak... Adibide gisa, diskoko New Kicks abestiak New Yorken 2003ko otsailaren 15ean eginiko manifestazioan bilduriko ahotsak eta soinuak daramatza, abestian Susan Sarandon-en edota Spike Lee-ren hainbat filmetan azaltzen den Ossie Davis aktorearen ahotsak ere azaltzen direlarik. 80. hamarkadako disco doinuen oiartzuna I’m So Excited, Pointer Sisters taldearen abestiaren bertsioan azaltzen da; 82. urteko diskoteka kutsuko abestia. Oro har, planteamendu underground eta organiko batekin buruturiko lana da berau. Helburu nagusia protesta testuak dantzarako musikarekin lotzea da.

2005, APIRILA - MAIATZA
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.

Berri Laburrak

  • OSKORRIren agurraren aurrean gaude? Irakurri hemen.
  • BOB DYLAN, uztailaren 11n BILBOko Guggenheim zabalgunean, 21:00etan.
  • Mundumira jaialdia asteburu honetan Leintz-Gatzaga eta Eskoriatzan. Programa hemen!
  • Manu Chaok Galizian joko du maiatzaren 17an eta 19an Reperkusión jaialdian.
  • Los Carniceros del Norte taldeak Otxaten (Araba) grabatu du bere bideo berria: Nekromantikos.
  • Governors + Willy Toledo: Bertigo bideoa

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!