entzun.com

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Dossierrak

bidali zure berria Bidali zure artikuluak
Gotzon Hermosilla 2006-05-07

PUNK-OI! kaleetako doinuak, indartsu

Ostiada Oi! Ostiada Oi!

Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Kaleetako doinuak bueltan datoz. Azken urteotan, oi! eta street punka indartsu berpiztu dira Euskal Herrian, eta talde ugari daude sua bizirik mantentzeko prest. Hona hemen punk kaletarraren gorakada hobeto ulertzeKO pista batzuk eta gida moduko bat. On dagizuela.
Larogeiko hamarkadan, RRVren sorreraren garaian, oi! garrasia oso ezagun bilakatu zen Euskal Herrian, batez ere 1985eko udan Kortaturen Mierda de ciudad (jende askok ez badaki ere, Businessen bertsioa da) txosna eta taberna guztietan jartzen hasi zirenean. Bat-batean, skinhead gazteak leku guztietan agertu ziren. Baina fenomeno horren bilakaera oso paradoxikoa izan zen: jende askok uste zuen oi! kontzertuetan egiteko oihu bat besterik ez zela, ez zekiten horren atzean mugimendu bat eta musika estilo bat zeudenik, edo, gehienez, skarekin lotzen zuten. Ondorioz, oi! oihua Baldin Bada edo Tijuana In Blueren kontzertuetan entzuten zen, Zer-Bizio-k Oi oi oi izeneko kantua egin zuen baina benetako oi! taldeak oso gutxi izan ziren garai hartan: Kortatu, Cicatrizen lehenengo etapa, Txorromorro, Bihotz Erre, Puetazo eta ezer gutxi gehiago. Hamarkadaren amaieran (eta hurrengoaren hasieran), RRVren fenomenoaren itzaltzearekin batera, euskal musikaren panorama aldatu zen, bestelako proposamenak agertu ziren Ez ziren garai onak izan kaleko doinuentzat, diskoak grabatu eta kaleratzea ez zen 80etako urrezko garaietan bezain erraza, baina Gipuzkoan, eta bereziki Arrasate inguruan, oi!-ren sugarra bizirik mantendu zen Zakarrak eta, geroago, Iskanbilari esker. Puetazo, Zakarrak, Iskanbila eta, oro har, garai latzetan amore eman ez zuten talde horiek guztiak klasiko bilakatu dira dagoeneko, eta gaurko taldeek begirunea adierazi eta askotan jotzen dituzte haien abestien bertsioak.



Odol berria

Eta milurteko berriarekin, inortxok ere espero ez zuenean, oi! eta street-punkak loraldia izan dute berriro. Talde gazteak dira gehienak, mugimenduaren hastapenak bizi ez zituztenak baina hari eusteko asmo bizia dutenak, talde klasikoetatik zein gaur egungo street-punk taldeetatik edaten dutenak, eta gehienek mezu abertzale eta antifaxista argia dute. Hona hemen berpizkundearen protagonistetako batzuk:

Afonia: Hernani inguruko talde hau 2002an hasi zen zarata ateratzen, eta haien musika oi! bezala definitzea gauzak larregi mugatzea izango litzateke, Entzun!-en argitaratutako elkarrizketan beraiek adierazten zutenez, baina argi dago 80etako punk ingeles klasikoak eragin handia duela haien soinuan. Maketa bat kaleratu dute, zortzi abestirekin (horietako bi, UK Subsen bertsioak) eta duela gutxi Dani izeneko abeslari berria sartu da taldean. Gainerakoan, Pepinok, Aratzek eta Bolbok (horrek Kalekumeak-en ere jotzen du) osatzen dute taldea.

Arkada Sozial: Arrasateko hirukote honek CD polita argitaratu zuen Guns Of Brixton diskoetxearekin, Sin sufrimiento no hay gloria, baina zoritxarrez desagerturik daude dagoeneko. Lastima.

Des-Kontrol: Dudarik gabe, street-punk azken uhin horretako talderik beteranoena (1996tik daude indarrean) eta ezagunena: disko ugari kaleratu dituzte (Des-kontrol, Bronco Bullfrog, 1998; Behin eta berriz, Potencial Hardcore, 2002; Jarraituko dugu singlea Beltza Recordsen eskutik, eta duela gutxi A.C.A.B. izeneko split bat kaleratu dute Hell Beer Boys taldearekin batera, zenbait bildumatan parte hartzeaz gain). Gainera, Euskal Herritik kanpo dezente jo dute, eta iaz AEBetan ere bira txiki bat egin zuten. Arrasate harro egon daiteke Maguk, Hodeik, Unamunok eta Markelek egindakoarekin.

Enboskada: Arrasateko harrobiak zutik dirauela frogatzen duen beste talde bat. 1997an hasi ziren, Txominek, Kukik, Salak, Arresek eta Urtzik osatzen dute, eta duela gutxi street-punk melodikoz beteriko sei kantu sartu dituzte Never Surrender taldearekin batera kaleraturako split diskoan.

Hell Beer Boys: Tolosa eta Beasaingo laukote hau (Iker, Blasco, Gorka eta Leku; azken horren ordez Eneko bateria berria sartu da duela gutxi) 2002an hasi ziren jotzen, eta 2003an Ratas del Oria lehenengo demoa kaleratu zuten, Urban Revolt diskoetxearen laguntzaz. 2004an lehen aipatutako A.C.A.B. diskoa plazaratu zuten Des-Kontrolekin batera.

Jonny Gerriwelt and the Fucking Bastards: Ondarroako talde honek bi disko kaleratu ditu Bronco Bullfrog diskoetxearekin: lehenengoa, 2003an, izenik gabekoa (Cock Sparrer eta Naste Borrasteren bertsioekin) eta bigarrena, Streetpunk rockers (2004). Ingelesez abesten dute eta 80etako punk klasikoa dute eragin nagusi, baina batzuetan Oxymoron eta horrelako talde berriagoak ekartzen dituzte gogora Josuk, Seberrek, Australianok eta Albizuk.

Kalekumeak: Donostiarrak, Errealaren zaleak eta kaskamotzak. 2001ean hasi ziren, Jonander, Gaztelu, Julen eta Bolbo dira taldekideak, eta zuzenean gero eta hobeak dira. Haien kontzertuetan ez dira falta Partisans, 4 Skins edo Infa-Rioten bertsioak, Last Resortekin batera egindako kontzertuan erakutsi zigutenez. Badirudi bederatzi abesti grabatuta dauzkatela kaleratzeko prest, baina, guk dakigula, oraindik ez dituzte argitaratu. Izan ere, azken bolada honetan geldi samar ibili dira, eta litekeena da laster taldean aldaketak egotea.

Mossin Nagant: Sobiet iraultzan erabilitako fusil mota batetik hartu zuten izena lau gasteiztar hauek. Horrek argiro adierazten du zein den red skin talde honen ildo politikoa: gorriak, antifaxistak eta iraultzaileak. 2003. urtean sortu ziren, eta 2005ean kantu bat sartu zuten Xirikak eta Gazte Sareak argitaratutako Entsegu lokala 3 bilduman. Urte berean iraupen luzeko lehenengo lana argitaratu zuten, Redskins sounds from Euskal Herria (Guns Of Brixton). Rufok, Ibaik, Rubenek eta Mikelek osatzen dute taldea.

Never Surrender: Lehen esan bezala, duela gutxi CD bat atera dute Enboskadakoekin batera, eta oi! azkar eta oldarkorra egiten dute. Arrasatekoak, nola ez. Red Alert eta Real MacKenziesekin jo dute, eta etorkizun handia dute aurrean.

Oi! Kobras: Bilboko street-punkaren ordezkariak, 2000 urtean hasi ziren baina 2003 urtetik aurrera ekin zioten indartsu eta formazio egonkor batekin: Jordi, Pia, Sergio, Pedro eta Fede (azken hori, Suspenderseko kide ohia). Maketa pare baten ostean eta Musikherriaren bilduman parte hartu ondoren, 2005eko hasieran argitaratu dute lehenengo diskoa, No olvides. Copyleft-aren aldekoak dira, eta horrek esan nahi du musika bitartekarien eskuetatik askatu eta autogestioaren bidea aukeratzen dutela. Haien kanta guztiak webgunean dituzte eskuragarri: www.oikobras.org

Ostiada Oi!: Elgetako boskote honek CD bat argitaratu zuen 2003an Guns Of Brixton diskoetxearen bidez, Behin betiko, eta han gaitasun aparta erakusten dute tempo erdiko himnoak egiteko. Haien musika ez da abiada handikoa, baina oso gogoangarria eta melodikoa, Punk-oi! edo Behin betiko skinhead kantuek frogatzen dutenez. Zakarrak-en bertsio bat ere sartzen zuten. Makarrok, Aniotzek, Asierrek, Josuk eta Ikerrek osatzen dute taldea, eta Cockney Rejects eta Last Resortekin jo dute. Suspenders: Kaleko punkaren berpizkundea Gipuzkoako fenomenoa da batik bat, baina Bilbo inguruan ere mugimendu handia dago, eta Suspenders dira, dudarik gabe, talderik esanguratsuena. 1999an sortu ziren, eta, zenbait aldaketaren ostean, formazioan honako hauek gelditu ziren: Kolinas, Iaki, Dabid, Miner eta Imanol. Bilboi! izeneko maketa baten ostean, 2002an lehenengo diskoa argitaratu zuten, Quien siembra vientos recoge tempestades, (Class Pride-Joker Records; geroago Bronco Bullfrogek berrargitaratu zuen), euskal oi!-ren klasiko bat Morire en la calle, Marcha de botas, Skinhead eta antzeko abestiei esker. Kontzertu pila egin dute, besteak beste, Oxymoron, Cockney Rejects, Vanilla Muffins edo Stage Bottlesekin, eta artikulu hau argitaratzen denerako kalean izango dute haien bigarren lana, Bilbo & roll, biniloan ere aterako dena eta Bilborocken aurkeztuko dutena NCCrekin batera.

Zartako: Askotan, Zartako Oi! izenarekin agertu dira kontzertuetako karteletan. Suposatzen dugu, Irueko Zartako taldearekin ez nahastearren edo. Hauek Deustutik datoz, 2003an hasi ziren eta Aritzek, Portuk, Gaizkak, Unaik eta Josuk osatzen dute taldea. Agnostic Front, Madball eta New Yorkeko antzeko taldeen eragina sumatzen da haien musikan, baina oinarria oi! eta street-punka da, oldarkorra eta oso politikoa. Entzuterik izan ez dugun disko bat kaleratu dute Madrilgo Producciones Suburbanas zigiluarekin, Ohorea eta harrotasuna.


Besterik ere badago, noski. Alde batetik, talde berriak dauzkagu, eta horretan ere, Gipuzkoa nagusi: Azpeitiko Apunta! eta Semeputiek, Arrasateko Ardi Galduak eta Aggressive Combat, Disorders (Zaldibar), Bergarako Doubling Boys (antza denez, Oihu egin nahi dut izeneko diskoa prest daukate), Aorga-Hernaniko Orreaga 778 edo Malos Tiempos donostiarrak (taldea berria da, baina taldekideek eskarmentu handia dute; CD bat argitaratu dute Defecto Humanorekin batera). Bizkaitik, Ukabilkada (Uribe Kosta) eta Los Roas (Barakaldo-Trapaga; kontzertu bakarra egin dute, baina laster zeresan ugari emango dute). Eta Nafarroan, Gatazka Oi daukagu.
Beste aldetik, 77ko punka egiten duten taldeak dauzkagu. Oi! edo street punk gisa definitzea latza bada ere, talde horiek eszena horretatik gertu daude, eta askotan, punk-oi! taldeekin jo ohi dute. Horien artean, jakina, Brigada Criminal ditugu ezagunenak, street-punk ukitu nabaria dute eta kaskamotz guztien talde kuttuna da, baina Valium Generation, Golpe De Estado, Defecto Humano edo Plan B ere ezin ditugu ahaztu. Ikusten duzuenez, badago mugimendurik. Gipuzkoako Holidays In Bardulia jaialdia (aurtengoa hirugarrena izan da) eta Bizkaiko Hagamos del oi! una amenaza kontzertuak (zortzi bat egin dituzte orain arte) talde horientzako erakusleiho aparta izaten dira. Eta ezin aipatu gabe utzi Gipuzkoako Bando Punk fantzineak egiten duen lana, mugimendu horren guztiaren lekukotasuna jasotzeko. Lehen hilabetekaria zen, orain bi hilean behin plazaratzen da eta, guk dakigula, orain arte 14 zenbaki kaleratu dituzte. Gero eta hobeak dira, umorea eta freskotasuna inoiz galdu gabe.



Punks & skins

"Gustatuko litzaidake norbaitek azaltzea zein desberdintasun dagoen oi! eta punkaren artean, nik neuk ideiarik ere ez daukat-eta. Dakidan bakarra da punk talde batean hasi nintzela 1977an, eta punk talde batean nagoela oraindik, hortaz, ez dakit oi! kontu hori nondik etorri den. Angelic Upstartseko abeslari Mensiren hitzak dira horiek, eta ez zaio arrazoirik falta. Batzuetan, etiketek ilundu egiten dituzte gauzak, argitu beharrean. Baina, era berean, egia da oi! musikak nortasun eta historia berezia duela, punkarekin lotua eta, aldi berean, desberdina.
1976ko eztandaren ostean, sistemak azkar asko irentsi zuen punk iraultza. Talde batzuk desagertu ziren, beste askok haien letra eta doinuak nabarmen bigundu zituzten, arrakasta komertzialaren bila. Hedabideak bat etorri ziren: punka hilik zegoen. New wave izenekoaren txanda zen. Garai berriak, moda berriak.
Jakina, mundu guztia ez zetorren bat ikuspegi horrekin. Erresuma Batuan, zenbait taldek punkaren izpiritu matxinoari eutsi nahi izan zioten: Sham 69, Angelic Upstarts, Slaughter & The Dogs, Cock Sparrer. Gerora, 1980tik aurrera, talde gazte ugarik bat egin zuen multzo horrekin: askok punk ingelesaren bigarren belaunaldia deitu zioten mugimendu horri (Vice Squad, GBH, Peter & The Test Tube Babies).
Beste fenomeno bat gertatu zen horrekin batera: skinhead mugimenduaren berpiztea. Skinena 60etako hamarkadatik zetorren gazte mugimendua zen, baina 1978tik aurrera indar berria hartu zuen eta ohiko bilakatu zen kaskamotzak punk kontzertuetan ikustea. Bi multzoen arteko hasierako ika-mika eta liskarrak adiskidetasun sentimendu bihurtu ziren, eta laster agertu ziren punkek eta skinheadek osatutako lehenengo taldeak. Hori da, hain zuzen, oi!-ren jatorria. Garry Bushell musika kazetariak asmatu zuen berba (kaleko hizkeratik hartua da, eta eh txo! edo horrelako zerbait esan nahi du) skin jatorriko taldeak edo kaskamotzak eta punkak biltzen zituztenak izendatzeko.


Loraldia eta gainbehera

1980an argitaratu zen Oi! The Album izeneko bilduma, mugimenduaren bataio-agiria. Han agertzen ziren, besteak beste, Cockney Rejects (Oi oi oi izeneko kantuarekin; berehala bilakatu ziren mugimendu berriaren talde nagusietako bat), 4 Skins, Cock Sparrer edo Angelic Upstarts. Ondoren, beste bilduma asko agertu ziren: Strength thru Oi!, Carry on Oi!, Oi! Oi! Thats yer lot Normalean, bilduma horietan agertzen zirenak mugimenduaren klasikotzat jo izan dira: lehen aipatutakoez gain, The Business, Last Resort, Blitz, Red Alert, The Oppressed Bildumez gain, single eta LP ugari kaleratu zen garai hartan. Punka kalean zegoen berriro.
Apurka-apurka, etiketa huts izatetik musika mota berezitua izatera igaro zen oi!, punkarekin lotua baina, era berean, ezaugarri bereziak zituena: ez da ohiko punka edo hardcorea bezain azkarra, eta abiadurari baino, garrantzi handiagoa ematen diete melodiari eta koroei. Himno itxurako kantak izaten dira, lagunekin tabernan, garagardo bat eskuan duzula, edo futbol zelaiko harmailetan kantatzeko aproposak. Letretan, borroka, futbola, garagardoa eta langile klasekoa izatearen harro-tasuna.
Hasieratik, hedabide handiek jo puntuan hartu zuten oi! mugimendua. Garai hartan National Front alderdi ultraeskuindarra gogor saiatzen zen skinhead gazteak erakartzen, eta hori baliatu zuten batzuek oi! mugimenduari nazi eta arrazista izatearen ospe txarra emateko, nahiz eta ezinezkoa izan lehenengo belaunaldiko oi! taldeen testuetan faxismoaren edo xenofobiaren aztarnarik aurkitu. Gauzak izugarri okertu ziren 1981eko uztailaren 4an, 4 Skins, Business eta Last Resort taldeek Southall auzoan eman beharreko kontzertuan istilu larriak jazo ondoren. Horren aitzakian, hedabideek sekulako kanpaina abiatu zuten oi!-ren kontra, eta ondorioak tamalgarriak izan ziren: aretoek ateak ixten zizkieten oi! taldeei, ezinezkoa zen zuzenean jotzea, talde asko desegin zen edo heavy metal jotzera pasatu ziren 1985erako, Ingalaterrako punk-oi! eszena erabat lur jota zegoen. Baina, paradoxikoki, orduan hasi zen oi! mugimendua indarra hartzen munduko beste hainbat lekutan, Euskal Herria barne.
Urte hauetan guztietan, beti egon dira musika mota honen sugarra bizirik mantendu duten taldeak. Baina 90eko hamarkadaren erdialdetik aurrera, berpizkunde orokorra izan zen mundu osoan: Anti-Heros, Templars, Oxymoron, Dropkick Murphys, Discipline Eta, horrekin batera, 80etako talde asko berriro itzuli zen. Ordurako, punkak ibilbide luzea egina zuen, eta beste punk mota batzuetatik desberdintzeko street-punk izena erabiltzen hasi ziren zenbait fanzine eta aldizkaritan. Etiketak etiketa, argi dagoena da kaleko doinu errebeldeak itzuli direla, eta badirudi luzarorako izango dela.

2006, OTSAILA MARTXOA
bidali zure artikulua Bidali zure artikulua
Skinhead fanxineak atzo eta gaur

Behar bada, skinhead fanxineei dagokienean, garairik joriena, 80ko hamarkadaren bukaera eta 90eko hasiera izan zen Euskal Herrian. Mugimenduaren aniztasunaren eta batzuetan elkar ezinikusiaren isla izan ziren. Gainera, Hego Euskal Herriko probintzia guztietan argitaratu ziren. Bilbon bi kaleratu ziren: Kaskamotzak eta Doctor Skinhead. Lehendabizikoak ska, punk eta oi! taldeen inguruko erreportajeak zekartzan, gai politikoak eta kirolezkoak ere! Bigarrenaren bost zenbaki argitaratu ziren eta oi! taldeak, futbola, ska eta bestelako gaiei arreta jarri zieten.
Gipuzkoan, Irunen, inoiz existitu behar izan ez zuen fanxinea argitaratu zuten: Leinu berriaren bila, euskaraz goitik behera, kirats nazi samarra zerion, nahiz eta egileek ukatu egiten zuten. Azkenik, Gasteiz eta Iruean ska eta reggaea ardatz zituzten bi fanxine argitaratu ziren, Nite Klub eta Black & White hurrenez hurren. Lehenengoek Oi! eta punk-skinen kontrako jarrera oldarkorra, itxia eta fundamentalista erakutsi zuten. Gauza batean arrazoia zeukaten ordea: Jamaikako musika eta jatorria errazegi ahazten ditu kaskamotzen zati batek. Black & White aldiz, oso gorria eta oso euskal herrizalea zen, irekiagoa azaldu zen azken garaian eta soul nahiz early ska eta reggaea biziki maite zituen Koldo arduradunak, Red London gisako taldeak inoiz agertu bazituzten ere.
Gaur egun, Zarata daukagu skinzine esanguratsuenetako bat. Bilbon egiten da eta oi! eta punk eszenan ardazten da irakurri dugun lehen zenbakia, skari tarterik eskaintzen badio ere
Testua: Sagardantza

Erlazionaturiko edukiak

1 iruzkin

Olaztiko Gazte Asamblada 2016-09-02 15:26:28

Aupa! Olaztiko gazte asamblada gara ta irailaren 23an herriko festak ditu ta egun horretan contzertu sorta bat egin nai ditugu... The sinners alerta gorria eta zuekin nola zabiltzate?

Iruzkinean iraina badago, jakinarazi.

Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.