Ramones - The KKK Took My Baby Away. Nor da KKK? Eta noren neska zen eraman zutena?
Ramones maitatzeko arrazoi asko daude. Horietako batzuk musika estiloari dagozkio: zenbait osagai nahastuz, estilo berria sortzea lortu zuten, gogorra eta aldi berean gozoa, oldarkorra eta dibertigarria, punkaren garraztasuna eta 60etako pop azukrezkoaren melodia perfektuak uztartzen zituena eta gerora milaka aldiz imitatua eta kopiatua izan dena. Hortaz, punk eztandaren talderik garrantzitsuena izan zen, Sex Pistols eta The Clashekin batera, baina musika estilo horren mugak gainditu eta rockaren historian aztarna ezabaezina utzi zuten.
Gero, abestiak ditugu, jakina. Ezagutzen al duzue hain ibilbide luzean hainbeste abesti bikain egin dituen beste talderik? Asko ez dira, bada. Ramonesek klasiko sorta ikaragarria utzi digute, kanta gogoangarriak, pop harribitxi ederrak, rock’n’rollaren historian betiko geratuko direnak.
Hori guztia egia da. Baina, nire ustez, Ramones maitatzeko arrazoi nagusia taldearen filosofia bera da. Uste dut beste inork ez duela hain ondo islatu hamazazpi urte izatearen bizipoza. Ramones teenager izpirituaren ordezkaririk behinenak ditugu. Dibertigarriak dira, xaloak eta oldarkorrak, gozoak eta zaratatsuak. Neskei, hondartzei eta itsasgarria esnifatzeari kantatzen diete, eta haien abestiek salto egitera eta ondo pasatzera gonbidatzen zaituzte. Milaka aldiz entzun ditudan arren, oraindik ere, Ramonesen abestiek umore oneko jartzen naute, bizitzeko gogoak sartzen dizkigute nerabezaroa aspaldi atzean utzi genuenoi ere. Horregatik dira hain handiak.
Forest Hillseko laukotea
Jeff Hyman, John Cummings eta Douglas Colvin New Yorkeko Forest Hills auzoko hiru gaztetxo ziren, hiriak eskaintzen zien zabor-bizitzaz eta 70etako musika panoramaz asperturik zeudenak. Douglas (Dee Dee), arazoz beteriko mutikoa zen; Alemanian hezitakoa (aita Armadakoa zen), gurasoak banandu ondoren New Yorkera ailegatu zen, eta ez zen ondo moldatzen bizitoki berrian. Laster hasiko zen drogak saltzen eta hartzen, bai eta prostituitzen ere drogak erosi ahal izateko. Johnny (eraikuntzan lan egiten zuena) ezagutu zuen, eta harriturik ikusi zuten biak The Stoogesen zale amorratuak zirela, rock sinfonikoa nagusi zen garai hartan oso ohikoa ez zena. Jeff (Joey), aldiz, oso mutil herabe eta bakartia zen: gurasoak banandu zirenetik apenas ateratzen zen bere gelatik, eta zenbait buru arazo zirela-eta denboraldi bat emana zuen ospitalean.
Hiru lagunek talde bat egitea erabaki zuten: Joeyk bateria jotzen zuen, eta Dee Dee zen abeslaria. Taldeak Performance izeneko estudioetan entseatzen zuen. Estudio horietako jabea Thomas Erdelyi zen, ekoizlea eta Joeyren aspaldiko laguna. Taldeak Thomasen interesa piztu zuen berehala: oso txarrak ziren eta ez zekiten jotzen, baina nortasuna bazuten, dibertigarriak eta kitzikagarriak ziren, eta hori ez zen oso ohikoa 1974an. Thomas taldearen manager bilakatu zen, eta hainbat aholku eman zizkien: besteak beste, Joeyk kantatu behar zuela eta beste bateria jotzaile bat bilatu behar zutela. Baina taldearen ezaugarrietara moldatzeko moduko bateria egokirik topatzen ez zutenez, azkenean, Tommyk berak bateria jotzen ikastea eta taldean sartzea erabaki zuen.
Horrela osatu zen laukotea. Egia esateko, komikietako pertsonaiak ematen zuten, eta nork bere pertsonaia edo rola jokatzen zuen taldean: Joey, altua, itsusia eta baldarra, Motown-eko emakumezkoen taldeekin maiteminduta, taldearen pop izpirituaren jagolea; Dee Dee, gogorra eta bihurria, Ramonesen punk alderdiaren ordezkaria; Johnny, burugogorra, karratua, diziplinatua, bere Mosrite gitarra mitikoari beti atxikia; eta Tommy, askoren ustez, taldearen benetako burmuina, lehenengo diskoak ekoitzi eta, batzuek diotenez, taldearen irudia eta ideia asmatu zituena.
Taldearen kontzeptua berria zen oso; denak uniformatuak agertzen ziren, larruzko jaka beltzak, praka bakero urratuak eta zapatila zikinak jantzita, eta begiak estaltzerainoko txima luzeekin. Zuzenean, kontzertu laburrak egiten zituzten, 40 bat minutukoak, eta abestien artean ez zuten atsedenaldirik hartzen: ekaitz baten moduko zaratazko anabasa geldiezina antolatzen zuten, baina, horren azpian, pop melodia kutsagarriak atzematen ziren. Jende askok pentsatu zuen broma bat besterik ez zirela, baina beste asko txundituta geratu zen horren aurrean.
Hasteko hiru harribitxi
Hamazortzi bat hilabetean (1976ko apiriletik 1977ko azarora) Ramonesek hiru disko izugarri argitaratu zituzten: Ramones, Leave home eta Rocket to Russia. Han daude taldearen ia klasiko guztiak eta Ramonesen soinuaren ezaugarri nagusiak: letra minimalista eta dibertigarriak, motozerra dirudien gitarra bat, melodia itsaskorrak… Punkaren eztanda urte haietan gertatu zen, eta Ramones mugimendu berriaren ordezkari bilakatu ziren.
Rocket to Russia kaleratu ondoren, Tommyk erabaki zuen nahiago zuela itzalean geratzea, eta taldeko ekoizle eta aholkulari izaten jarraitu bazuen ere, beste bateria jotzaile bat sartu zuten, Mark Bell (aurrerantzean, Marky Ramone).
Aldaketa horien ostean, laugarren diskoa grabatu zuten, Road to ruin, (1978, Tommy Ramone da ekoizlea) eta lehenengo aldaketak sumatzen dira: etengabe jotzeak dakarren nekea eta asperdura hainbat letratan nabari dira (I wanna be sedated, I just wanna have something to do) eta beste kanta batzuetan soul eta pop gardenera hurbiltzen dira (Needles and pins-en bertsioa, Questioningly). Hurrengo urtean, taldea film batean agertu zen, Rock’n’roll high school izenekoan, eta soinu bandarako hainbat abesti grabatu zituzten; eta taldearen lehenengo zuzeneko diskoa argitaratu zen, It’s alive, askoren ustez zuzenean inoiz grabatu den diskorik onena.
Baina hamarkadarekin batera, punkaren lehenengo olatuaren eragina moteltzen da. Talde asko desagertzen da, eta aurrera egitea lortzen dutenak (The Clash, The Damned, Stiff Little Fingers) aldaketak egitera beharturik aurkitzen dira. Ramonesen kasuan, aldaketa erradikala izango da, eta bat baino gehiago harriturik geratu zen jakitean Phil Spector izango zela hurrengo diskoaren ekoizlea. Bi kontzeptuak arras desberdinak ziren (Ramonesen sinpletasuna eta Spectorren “soinu-horma” eta moldaketa barrokoak). Grabaketa tentsioz betea eta gorabeheratsu samarra izan zen, baina emaitza (End of the century, 1980) bitxia da, eta bertan Do you remember rock’n’roll radio agertzen da, beharbada taldearen arrakastarik handiena Ramonezale amorratuak ez direnen artean.
Dena dela, diskoak ondorio txarrak ekarri zizkion taldeari: Joey eta Johnnyren arteko desadostasunak, Dee Deeren drogazaletasuna…Hurrengo diskoetan, nahiz eta abesti onak izan, maila dezente jaisten da (Pleasant dreams, 81ekoa; Subterranean jungle, 83koa). Gainera, Markyk taldea utzi zuen, alkoholarekin zituen arazoek behartuta. Horren ordez, Richie Ramone sartu zen bateria jotzaile.
Hiltzeko gogorregiak
Baina Ramones gogorregiak ziren hiltzeko, eta hala erakutsi zuten hurrengo diskoan, Too tough to die (85). Tommy Erdelyi berriro agertzen zaigu ekoizle gisa, eta taldeak ongi erakusten du zenbait kantatan (Wart hog, Endless vacation) AEBetako garai hartako hardcore taldeek asko zor zietela Forest Hillsekoei.
Hurrengo urteetan, Ramonesek jarraitu zuten diskoak ateratzen: Animal boy (86), Halfway to sanity (87), Brain drain (89). 70etako diskoak bezain biribilak ez diren arren, guztietan daude abesti entzungarri eta gozagarriak, eta Ramonesen klasikoen zerrendari abesti gehiago gehitu zizkioten (Animal Boy-ko Somebody put something in my drink edo Gonzo goes to Bitburg; Halfway to sanity-ko I wanna live; Brain drain-eko I believe in miracles edo Pet sematary, izen bereko filmean agertzen zena). Brain drain diskoak beste albiste bat ekarri zuen, izan ere, Marky Ramone berriro sartu zen taldean, eta Ramonesen bateria jotzaile izaten jarraituko zuen taldea desagertu arte.
Baina albiste guztiak ez ziren hain onak izan. Brain drain grabatu ondoren, Dee Dee-k alde egitea erabaki zuen. Taldearen barneko egoera gero eta txarragoa zen eta Dee Dee nekatuta eta nazkatuta zegoen, Please kill me liburuan dioenez: “Hamabost urte eman genituen birak egiten, etenik gabe. Furgonetan inork ez zidan hitzik egiten. Urteak ziren Johnnyk eta Joeyk ez ziotela elkarri hitzik egiten. Logela banatan egoten ginen, autobusean banatuta egoten ginen. Ezin genion elkarri begiratu. Gauero Pinhead jo behar genuen, eta abesti horri gorroto nion. Glad to see you go heltzen zenean, pentsatzen nuen, bero, kontzertuaren hiru laurdenak igaro dira, laster amaituko dugu eta hotelera joan ahal izango naiz”. Hortaz, 1989ko maiatzaren 7an Dee Dee-k azken kontzertua egin zuen Ramonesekin; aurrerantzean, baina, jarraituko zuen taldearekin kolaboratzen eta Ramonesentzat abestiak egiten.
Zale askok pentsatu genuen Dee Dee-rik gabe ezinezkoa zela Ramonesek jarraitzea, baina ez zen hala izan: ordezko bat bilatu zuten, Christpher Joseph Ward izeneko Long Islandeko gaztetxo bat, Los Gusanos taldean ere aritu zena (hemendik aurrera, CJ Ramone). Esan dezakegu CJri loteria egokitu zitzaiola: Ramonesen zale amorratua zen eta, bat-batean, ametsa errealitate bilakatu zitzaion.
CJrekin hasten da taldearen azken aroa. Lehenago, eta taldearen bolada txarra apur bat estaltzeko, Ramonesen abestirik ezagunenak jasotzen zituzten hainbat bilduma argitaratu zituzten (Ramonesmania, 1988an, All the stuff vol I & II, 1990ean). Gainera, CJrekin grabatu zuten lehenengo diskoa zuzeneko bat izan zen, Loco live (91), Bartzelonan egindako kontzertu bat jasotzen duena eta hori ere abesti zaharrez betea, taldearen irudimena agortzen ari zen seinale. Hurrengo diskoa, Mondo bizarro (92koa) ere ez zen suziriak botatzeko modukoa (nire ustez, Ramonesen diskorik txarrena). Gauzak apur bat zuzendu ziren hurrengo diskoarekin: Acid eaters (93), 60etako abestien bertsioekin osatutako lan bitxia (Who, Love, Dylan eta abarren kantak agertzen dira, hori bai, Ramonesen galbahetik igaro ostean).
Baina argi zegoen taldea azkenetan zegoela. Hala ulertu zuten lau taldekideek eta, horregatik, ametsa amesgaizto bilakatu baino lehen, jarraitzaile guztiei agur esatea erabaki zuten azken disko batekin: Adios amigos (1994). 1996 arte kontzertuak egiten jarraitu zuten, eta urte hartan taldea desegin zen. Ondoren etorri ziren zuzenekoak (Greatest hits live, 96koa; We’re outta here, Ramonesen azken kontzertua jasotzen duena), bildumak (Hey ho let’s go, 99koa), Ramonesen bertsioekin osatutako omenezko diskoak (zientoka: We’re a happy family aspergarria, Munsterrek argitaratutako Rock’n’roll radio, White Jazz diskoetxearen The song Ramones the same… Soilik Argentinan Ramonesen omenezko hiru disko desberdin argitaratu zituzten 2003an!), piratak (Blitzkrieg 76, I don’t care about history) eta abar.
Zaleek beti izan dute itxaropena egunen batean taldea berriro ikusteko, baina badirudi balbea Forest Hillseko familiarekin tematu dela. 2001eko apirilean Joey Ramone zendu zen, 49 urte zituela, eta disko polit bat grabaturik utzi ondoren: Don’t worry about me. 2002ko ekainean, Dee Deeren txanda izan zen, antza denez, heroina gaindosiak jota; eta duela gutxi, 2004ko irailaren 15ean, Johnny Ramone hil zen.
RAW: RAMONES IRUDITAN
Ramonesen bideo ugari dabil bazterretan, baina berriki argitaratutako Raw DVDa da Forest Hillseko taldearen izpiritua iruditan jasotzearren egin den saiorik biribilena, orain artekoan behintzat. Zoritxarrez, DVD horretako erreportaje nagusia ez dago kronologikoki antolatua, eta garai guztietako materiala agertzen da nahas-mahasean. Gauza asko interes berezirik gabeko betegarriak dira (Dee Dee paseatzen, Joey jaten, Marky kaka egiten…) baina beste gauza asko ikusgarriak dira benetan: esaterako, Brasil eta Argentinako zale erotuek egiten dieten harrera beldurgarria, edo zenbait telebista saiotatik hartutako irudiak. Musikalki, onena Italiako telebistaren saio bat da, 1980koa eta 27 minutukoa, Ramonesen kontzertu baten hainbat abesti jasotzen dituena; ikaragarria! Dena den, badirudi Raw ez dela izango Ramonesi buruzko azken dokumentala; duela gutxi, AEBetako eta Erresuma Batuko aretoetan hasi dira End of the century izeneko filma ematen, eta otsailean DVD gisa jarriko dute salgai, hori bai, sistema amerikarrean. Europan, oraingoz, itxaron egin beharko. Filmak Ramonesen historia jasotzen du, eta, antza denez, nagusiki CBGBko garaietan jartzen du arreta.
Ramones etengabe aritu ziren jotzen. Beren ibilbide luzean 2.263
kontzertu egin zituzten, eta mundu osoa goitik behera zeharkatu zuten
hainbat aldiz. Euskal Herrian ere izan ziren, jakina: 80ko hamarkadan
hainbat aldiz jo zuten Anoetako kiroldegian (oraindik ere oilo ipurdia
jartzen zaigu kontzertu haiek gogoratzean), beti ere arrakasta
itzelarekin: 1989ko otsailean eman behar zuten kontzerturako sarrera
guztiak agortu ziren, eta, azkenean, bi emanaldi egin behar izan
zituzten, otsailaren 11 eta 12an. Horrez gainera, Portugaleten ere jo
zuten, baina CJren garaian eta Dee Dee gabe.
Bakarka edo beste taldetan ere, Ramone familiako kideak gurean izan dira
behin baino gehiagotan. 90eko hamarkadan Dee Dee Ramonek kontzertu
lotsagarri bat egin zuen Bilboko En Canal aretoan: garai hartan Dee Dee
drogen menpe zegoen, taldea ere hala moduzkoa zen eta emanaldia desastre
hutsa izan zen. Marky Ramone ere pare bat aldiz etorri zen The
Speedkings taldearekin batera (Moganbon eta Bilborocken), eta azkeneko
aldiz Misfitsekin jotzen ikusi dugu.
Ramonesek euskal zale ugari izan dituzte beti, baina, bitxia bada ere,
euskal taldeetan izan duten eragina oso mugatua izan da, hasiera batean
behintzat. RRV izenekoan eta, oro har, 80etako taldeen artean, musikari
gehienek Erresuma Batuari begiratzen zioten, eta hango taldeetatik
edaten zuten (Clash, Stiff Little Fingers, Angelic Upstarts, Specials…).
Punk amerikarraren eragina oso berandu ailegatu zen gurera. Salbuespen
bakarra Barakaldon topa dezakegu: Distorsion Ramonesen zale amorratuak
ziren eta haien bertsio ugari jo eta grabatu zituzten (eta gaztelaniazko
izenburuak jartzen zizkieten: Niño pijo, Ke les den…). Putakaskak ere I
wanna be sedated jo ohi zuen zuzenean.
Hamarkada berria
90eko hamarkadaren hasieran, RRV agortu eta joera berriak hedatzeaz
batera, gauzak dezente aldatu ziren, eta askoz errazagoa da garai
haietako taldeetan Ramonesen eragina topatzea. La Perrerakoek,
esaterako, Ramonesen It’s alive disko osoa jotzen omen zuten haien
entseguetan. Los Clavos ere oso Ramonezaleak ziren, eta New Yorkeko
taldearen hainbat bertsio egin zituzten, eta Homenaje a Ramones izeneko
EP batean ere hartu zuten parte. Los Clavos desegin ostean, taldeko kide
Juan Carlos Parlangek Bonzos sortu zuen, non Ramonesen eraginak are
nabarmenagoak diren, batez ere lehenengo diskoan, 341 Broome st.
izenekoan.
1990eko azaroan, Ramonesekin zoratuta zebiltzan hainbat lagunek egitasmo
bitxi bat jarri zuten abian: Ramones sessions. Kontua zen lau talde
biltzea (La Perrera, los Clavos, Anestesia eta Lusty Men) Ramonesen
bertsioak egiteko. Pare bat kontzertu egin zituzten (Deban eta Bilbon),
eta asmoa zen kontzertuok grabatu eta disko bat argitaratzea, baina
azkenean disko hura ez zen inoiz kaleratu.
Gaur egun ere igartzen da Ramonesen itzala: horren adibide dugu
Munsterrek argitaratutako Rock’n’roll radio Ramonesen omenezko diskoa.
Bertan euskal talde ugari agertzen da Ramonesen bertsioak egiten: Señor
No, La Secta, Safety Pins, Zodiacs, DDD, Ya Te Digo, Popper…
Baina Euskal Herrian Ramonesi buruz berba egiten dugunean, bi izen
aipatu behar dira ezinbestez: Ladys Ramone eta Los Gramones. Ladys
Sestaoko punk beterano bat da, hamaika istoriotan zaildua (Eskorbutokoen
kolaboratzailea, mundu osoan ibilitakoa, Ramonesen disko bildumarik
handienaren jabea… liburu oso bat beharko genuke haren abenturak
kontatzen hasiz gero). Mikel Biffs (Safety Pins) eta Jorge Reboredo
(NCC, The Snobs) lagun zituela, disko bikain bat grabatu zuen 2002an,
Hoy Bilbao, mañana New York, oso dibertigarria eta Ramonesen bertsioz
beterikoa. Urte berean beste disko bat argitaratu zuen, Somos
antisocial, eta ondoren Australiara abiatu zen, baina duela zenbait
hilabete itzuli da eta badirudi gauza gehiago egiteko gogoz dagoela.
Gramones ere oso handiak dira: lau musikari gasteiztar (horien artean,
Pela Obligacionesen abeslaria) Ramonesen bertsioak jotzen. Zuzenekoak
baino ez dituzte egiten (gero eta gutxiago, zoritxarrez), eta zure
etxetik gertu jotzen badute, ez galdu, guztiz dibertigarriak dira-eta.