entzun.com


Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Dossierrak

ARITZ SOUND SYSTEM 2004-02-07

REGGAEA abiadura bizian

Marihuana jakinduriaren belarra da rastafarientzat. Marihuana jakinduriaren belarra da rastafarientzat.

Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Izaki biziduna da reggaea. Musikaren mugak apurtu eta haratago doan izaki bizia da eta egunero eboluzionatzen, eraldatzen doa. Zergatia ulertu gabe horrenbeste erakartzen gaituen izaki honen arima ezagutu nahiko genuke, baina zenbat eta gehiago sakondu orduan eta gutxiago dakigula konturatzen gara. Azaletik mamira bide luzea dago ordea.

ESTILO BAT BAINO ASKOZ ERE GEHIAGO

"Reggae" hitza ezaguna da mundu osoan nahiz eta askotan hitz hori ahoskatzeko ere modu egokia zein den asmatzerako zalantzak ditugun. Reggae hitza aipatzerakoan Jamaika, Bob Marley, hondartza zuriak, palmondoak, udara, ileko txurroak eta marihuana datorkigu guztioi burura. Horiek dira bururatzen zaizkigun lehen irudiak, baina zer da benetan reggaea, zer ezkutatzen da irudi/topiko horien atzean?
Reggaea musika estilo bat izendatzeko erabiltzen den hitza da, baina reggaea musika estilo bat baino askoz gehiago da. Reggaea musika estilo bat da, baina musika estilo guztiekin gertatzen den bezala, zorionez, bizirik eta etengabean eraldatzen dagoen energia bizia da. Reggaea adar ugari dituen zuhaitza da. Adar bakoitzak bere berezitasunak ditu, beste adarretatik desberdin egiten dituena, baina azkenean, adar guztiak sustrai berdinak dituen enborretik sortzen dira. Reggaea musika da, bai, baina reggaea musika baino askoz gehiago da. Reggaea sentimenduak adierazteko tresna da, mundua ulertzeko filosofia eta bizitzari aurre egiteko modua da. Reggaearen unibertsoan Afrikatik indarrez kanporatutako esklaboak daude, mendeetan zehar exodo horren ondorioak sufritu zituzten esklaboen ondorengoak daude eta gaur egun, etxetik urrun, arrotza zaien hizkuntza, kultura, bizimodu eta ohitura batzuekin bizitzera ohitu behar izan direnak daude. Haiek eta guk, reggaearen magiak erakarrita, reggaeaz zerbait dakigula uste eta gure ezjakintasunean, reggaeaz hitz egin eta idaztera ausartzen garenak.

Reggae musika

Eboluzionatzen eta etengabean eraldatzen den izaki bizia da reggaea eta horregatik, egun batetik bestera aldatzen ari delako, oso desberdina da gaur egun eta duela urte batzuk egiten zen reggaea. Labur azaltzen saiatuko gara. Reggaea, gaur egun ezagutzen dugunaren aitona, 60ko hamarkadan jaio zen. AEBetako R&Ba eta Jamaikako mentoaren arteko maitasun harremanak skaren sorrera ekarri zuen. Urte alaiak ziren haiek. Jamaikak ingelesen kolonia izateari utzi zion, formalki bada ere, 1962an independentzia lortu zuenean. Etorkizun hobe baten esperantzarekin sortu zen ska musika, alaia eta dantzagarria. Ez zuen asko iraungo. Kolonialismo batetik bestera pasa ziren eta berehala AEBetako dirudunek, eguzki izpien egarri, irla bereganatuko zuten. Rocksteady deitu zioten, turistentzat aproposak ziren erritmo eta letra goxoak, azukrez gainezka, zituen musikari.
Urteak pasa eta sendi boteretsu batzuk kenduta, miseria gorrian eta esperantzarik gabe bizi ziren jamaikarrak. Independentziak ez zien espero zuten bizimodua ekarri eta musika bihurtu zen, erlijioa eta ganjarekin batera, aurrera egiten laguntzen zien euskarria. Marcus Garveyren esanek begiak ireki zizkien eta beltza izatea ona zela eta beltz izateagatik arro sentitu behar zirenaren mezuak reggae musikaren bidez sukarra bezala zabaldu ziren, irrati eta sound systemen bozgorailuak lagunduta. Garai berri baten sorrera zen.

Bizitza oso bat

70. hamarkada, gure ustez, reggae musikaren urrezko aroa izan zen; bai musikalki eta baita eduki eta sentimenduei dagokienean. Musika jaioberriaren indarra geldiezina zen eta besteak beste, Bob Marley bezalako abeslari eta musikari apartei esker, mundu osora zabalduko zen, zeharkatzen zuen mundu hori eraldatzeko gogo biziarekin. Diskogintza alorrean, garai ilunak izan ziren reggaearentzat, baina, zorionez, gaur egun, hainbat reggae zaletu eta diskoetxeen arkeologi lan izugarriari esker, ustez galduta zeuden edota lortzeko oso zailak ziren garai hartako altxor ugari berreskuratzen ari dira. Azpimarratzekoa da Blood & Fire, Pressure Sounds edota, azken aldian, Trojan bezalako diskoetxeak egiten ari diren lana.
80. hamarkadaren etorrerarekin eta Bob Marleyren heriotzak suposatutako kolpearekin, gauzak nahasten hasten dira reggae munduan. Sound systemetan animatzaile bezala hasi ziren hizlariek edo toasterrek estilo propioa sortu dute eta dagoeneko U-Roy, Big Youth, Dennis Alcapone eta antzeko aintzindariek belaunaldi berriaren etorrera ezagutzen dute; Dillinger, Scotty, Yellow Man, Charlie Chaplin, e.a. Jarrerak aldatzen hasi dira. Dancehall-ak lehen pausoak emango ditu eta produkzio berriak nagusitzen dira. Sugar Minott, Don Carlos, Barrington Levy, Triston Palmer, Michael Prophet... Hamarkadaren azken urteekin batera eta teknologi berrien aurrerapenekin, reggaeak janzkera berria ezagutuko du; erritmo kaxak, sintetizadoreak, samplerrak... jamaikarrak maisu dira soinuekin jolastu eta esperimentatzeko garaian. Nola liteke horrelako lur eremu mugatuak horrenbesteko musika sortzeko gaitasuna izatea? Zorionekoak gu.
90. hamarkada. American Way of Life. Belaunaldi berriek momentua gozatu nahi dute. Eh! Agure, bost axola niri Marcus Garvey, Haile Selassie eta Afrikarako itzulera. Nahiko lan dugu gure burua zaintzearekin. Dirua, kotxe potenteak, festak eta emakume ederrak nahi ditut nik eta aurrean jartzen zaidana txikituko dut. Ulertzen? Geroz eta potenteagoak diren sound systemetan (potenteagoak? Posible ote?) dancehall-ragga estiloa da nagusi. Kolpe lehorrak eta baxu lodiak, izerdiaz blai. Slackness. Nor gogoratzen da Culture, Burning Spear, Augustus Pablo, Israel Vibration, Ijahman eta antzeko agureetaz? Maisuak Europan bilatzen dute babesa eta Europako whitie reggae zaletuak pozik. Bizitzaren gorabeherak. Nork dio zikloak joan etorrian doazela? Garnett Silk, Sizzla edo Luciano bezalako gazte belaunaldiek oroimena berreskuratu dute eta Beenie-man, Buju Banton, Bounty killer eta beste fedegabe askok argia ikusi dute, tarte baterako behintzat. New roots, digital roots eta singjay estiloen garaia da. Sustraiak eta teknologia. Ahots zakarrak eta melodikoak eskutik helduta. Ederra izan da iraun duen bitartean.
2004. Euskal Herrian (Hego aldean bereziki) apenas entzuten den arren, gaur egun reggae musikaren adarra den dancehall-ragga estiloak arrakasta komertzial izugarria du, AEBetan bereziki. Eta arrakasta hau neurri handi batean hip-hop eta R&B estiloen eskutik iritsi zaio. Jakina da, rap eta reggae musikaren artean lotura estua dagoela. Musika adituek diotenez, 70eko hamarkadan jamaikar etorkinek New York hirian antolatzen zituzten sound systemetatik sortu zen rapa eta zalantzarik ez dago, gaur egun, rap eta dancehall estiloak eskutik doazela, baita zerrendako lehen postuetan ere. Gaur egun (zenbat egun iraungo du?) Sean Paul da jamaikar izarrik kotizatuena eta musika industria boteretsuak berehala elkartu du R&B komertzialaren erregina berria den Beyoncerekin. Def Jam eta Tuff Gong zigiluek Def Jamaica izeneko bilduma kaleratu dute dancehall eta rap izarren arteko elkarlanekin, LL Cool J raperoa Wayne Wonder jamaikarraren No Letting Go kantuaren nahasketan azaltzen da, Elephant Man Missy Elliott-en diska berrian gonbidatu bezala dago eta zerrenda amaigabea da. Reggae-dancehallak AEBetako eta Frantzia edota Ingalaterrako gazteak zoratzen ditu (jamaikar gazteak aspaldi zoratu zituen) eta horrek dirua ematen du. Urte batzuk dira rap musika ghettoetako musika izatetik salmenta gehien sortzen dituen musika izatera pasa zela. Bi estiloak elkartuta irabaziak bikoiztuko ote? Musikalki emaitza erakargarriak ematen dituela (zerrendetatik kanpo geratzen direnak bereziki) ezin uka, nahiz eta eduki eta eskaintzen duten irudiari dagokionez atzera pauso nabarmena eman den. 90eko hamarkadaren erdialdera nagusitu zen sustraizko reggaeak indarra galtzen ari da azaleko mezuak eta estetika erabiltzen dituen dancehall-raggaren aurrean. Luciano, Prince Malachi, Bushman, Capleton, Anthony B, Turbulence, Morgan Heritage eta gutxi batzuk lortzen dute maila mantentzea. New roots delakoaren bultzatzaile izan zen Sizzla oso erreta dago eta hobe luke opor batzuk hartuko balitu eta jende berriaren artean, gehienak Dancehall-ragga estiloak erakarrita daude; Ward21, Mr.Vegas, T.O.K., Predator eta guztien artean, gaur egun errege den Elephant Man. Reggae musika aldaketa berri baten atarian dago eta guk, aldaketa horrek ekarriko duen zurrunbilotik gertu egon nahi dugu.



REGGAEAREN GIDA LABURRA EUSKAL HERRIAN

Euskal Herria tropikala noiz bihurtuko den zain geratzen bagara jai dugu reggae zaletuok. Rockaren eta musika komertzialaren eremu honetan lan handia dago egiteke eta gutxi bagara ere, burugogorrak eta temati xamarrak garela ez du inork ukatuko.
80. hamarkada hasieran ska jamaikarraren oihartzunak indarra hartu zuen Ingalaterran, Two tone delakoa, eta baita Europako hainbat txokotan ere. Euskal Herrian Kortatu, Baldin Bada eta punk/rock ska/reggae estiloen eragina zuten taldeen garaia zen. Aurrerago reggae klasikoa jorratzen saiatu diren hainbat talde ere sortuko ziren; Potato, horien artean ezagunenak baina ez bakarrak (Arawak, Xuya, Dr. Deslay...). Eta gaur egun? Zer mugitzen ari da Euskal herrian jamaikar doinuen inguruan? Hona hemen gida antzeko zerbait, zaila da guztia jasotzea, baina erreferentzi modura balio dezake (aurrez barkamenak kanpo geratu direnei. Informazio gehiago behar izanez gero: 943-333873 argiteria@euskalnet.net).

TALDEAK
Reggae musika egiten duten taldeei dagokionean, Potato beteranoen baimenarekin, Basque Dub Foundation kolektiboa da zalantzarik gabe erreferente nagusia. Iñaki Yarritu bilbotarraren egitasmoak bi disko kaleratu ditu (autoprodukzioa lehena eta Loud&Lone Santanderreko taldekoekin Brixton zigiluaren bidez kaleratutakoa bigarrena). Urteen poderioz eta taldekideen lan txukunari esker Europako reggae talde onenetakoa bihurtu da BDF. Maila apalagoan aurkitzen diren taldeen artean daude Iparraldeko Yassa eta Root System, Bilboko Akatz, Azpeitia aldeko 12 Tribu eta Hernaniko Black Jiko.

DISKOETXEAK
- Brixton Records: Izen bera duen disko dendan sortua eta azken aldian maila altuko jamaikar musika lantzen duten taldeen lan berriak kaleratu dituena (New York Ska Jazz Ensemble, Brixton Cats bildumak...).
- Massive Records: BDF-ren lehen diskoa kaleratzeko sortua.

SOUND SYSTEMAK
Nahiz eta Euskal Herrian sound systemak (jamaikar erara) antolatzea zaila den, badira horretan saiatzen diren reggae maitale zoroak. Horien artean:
- Bad Sound System: Irungo Iñakiren sound systema. Depor taberna.
- Dreadrive: Donostiako Ibon eta Diego rasten sound systema. Azken aldian promotora lanetan ere ari dira. Animo!
- Kultcha Links: Angeluko Xtore hip-hop dendaren inguruko sound systema.
- Selektah Sound System: Selektah Kolektiboko lagunen sound systema. Reggae eta musika beltza oro har. Daddy Jeff, Molte MC, Dz eta Aritz Sound System.

DENDAK
- Massive diskak (lehen Rasta Shop): Kristo kalea 5, Bilbo. Reggae musikan espezializatua.
- Brixton Records: Kresaltxu kalea, Getxo. Reggae, ska eta rocksteady.
- Beltza Records: Bretxa, Alde Zaharra. Donostia. Reggae eta musika beltza.
- Ghetto Diskak: Latxunbe auzoa 5, Hernani. Reggae, musika beltza eta elektronikoa.
- Interesgarriak: Old Skool (Hip-hop, Donostia), Bertso Hop/Bilintx (Irun), Xalem (Iruñea)…

LIBURUAK
- Por los ríos de Babilonia (Josetxo Mintegi). Bob Marleyren biografia. Erdaraz.
- Bob Marley. Begirunea, maitasuna eta askatasuna. (Aritz Usandizaga, Txalaparta). Euskaraz. Mikel Barreiroren marrazkiekin. Erreportaje honetan esandakoa osatzeko oso baliagarria izan daiteke, reggaearen mundu konplexuan murgiltzeko lehen urrats bezala. Informazio gehiago: 943-333873.

TABERNAK
Bizitzaren parte handia (handiegia) taberna zuloetan sartuta. Posible ote?
Ihintza (Zumaia), Bodega (Hernani), Depor (Irun), Zagit (Iruñea)...
Haize freskoa behar dut!



RASTAFARI
Sinistu behar duzu. Kale gorrian zaude, txabola zikin batean, sosik gabe, lanik gabe, eta etorkizuna zure azaleko kolore iluna baino ilunagoa da. Beltza zara, basatia, historiarik gabea, oroimenik gabea eta duintasunik gabe bizi zara kale gorrian. Sinistu beharra duzu, sinistu nahi duzu. Entzun al duzu? Afrikan Ras Tafari Makoken izeneko etiopiar bat koroatua izan da. Haile Selassie da! Erregeen Errege, Jaunen Jaun, Judako Leoi Konkistatzailea... Jainkoaren semea! Munduan zehar indarrez sakabanatutako afrikar esklabo guztiak askatu eta Afrikara, etxera bueltan eramango ditu. Etxera bueltatuko zara eta aske izango zara. Rastafariren gotzainek bidea erakutsiko dizute, Jah da zure jainkoa, Babilonian bizi zara eta infernu honetatik aterako zaitu.
Erlijio gehienekin gertatu bezala, rastafarismoak ere interpretazio asko ditu, eta urteekin aldatuz joan dira. Aldaketarik gabe mantendu direnak ere egon badaude, eta rasta gehienek errespetatzen dituzte, gutxi gorabehera. Adibidez, rastafariek debekatuta dute alkohola edatea, tabakoa erretzea eta arraina edota haragia –bereziki txerrikia– jatea. Gatza ere debekatuta dute. Gorputzaren eta arimaren garbitasuna adierazteko Ital hitza erabiltzen dute, naturala, garbia ez den guztiak izpiritua zikintzen duelako eta ezin dute onartu. Rasta erlijioaren jarraitzaileen paradisuak Zion du izena. Hiltzen direnean, beraz, Zion izeneko lurraldera doazela uste dute.
Elikadura kontuetan dituzten debekuez gain, rastafariek debekatua dute ilea, bizarra edota gorputz-atalak moztea ere. Hau dela eta ilea neurrigabe hazten zaie, eta beltzek ilea oso kizkurra dutenez, txurroak sortzen zaizkie. Txurro hauei “dreadlock” deitzen diete rastafariek.
Arau eta betebehar hauek zintzo jarraitzea konpromiso erlijiosoaren eta fededun zintzoaren adierazgarri dira. Hala ere, azkenean bakoitzak ahal duen neurrian edota nahi duen heinean betetzen ditu eta ezin da orokortu. Txurroak daramatzaten guztiak ez dira rastafariak. Estetikoki gustatzen zaizkielako eramaten dituzte askok eta gauza bera gertatzen da marihuanarekin. Erretzaile guztiak ez dira rastak eta belar “sakratua” erretzen duen guztiari ez zaio derrigor reggae musika gustatu behar. Eta alderantziz: reggaearen zale guztiek ez dute nahitaez erretzaile amorratuak izan beharrik, nahiz eta askok hala uste duen. Ukaezina da, ordea, reggae musikak, rasta erlijioak eta marihuanak lotura estua dutela.



SOUND SYSTEM
Sound Systemak Jamaikako dantzaleku mugikorrak dira. Izarrak sabai dituen irla itxurako dantzaleku erraldoi honetan edozein txoko da aproposa festa antolatzeko. Furgoneta bafle erraldoiekin bete eta auzoz auzo ibiltzen dira musika jartzen. Selektoreek musikaren aukeraketa egiten dute eta toaster edo deejayek (ez nahastu hemengo dj kontzeptuarekin) mikrofonoa eskutan dutela jendea berotzen dute.
Lehenengo sound systemak 50eko hamarkadakoak dira eta orduz geroztik, Jamaikar musikak bizi izan duen eboluzioaren lekuko izan dira. Garai hartan AEBetatik ekarritako R&Beko biniloekin antolatzen zituzten sound systemak. Denborarekin, Jamaikako lehen grabazio estudioak sortu zirenean, R&B eta bertako mentotik eratorritako ska doinu dantzagarriek bereganatu zuten guztia. 1962an Jamaikak independentzia politikoa lortu izana ospatu beharra zegoen. Hortik rocksteady eta reggaera pauso bat besterik ez dago. Sound systemetan arrakasta gehien zituzten kantuak jarri ohi zituzten, jatorrizko bertsio bokalak ziren gehienak eta abeslariak libre uzten zuen tarte laburretan sartzen zen toasterra bere hitz jarioarekin. Motz geratzen zitzaion ordea eta laster hasi ziren singleen B aldeetako bertsio instrumentalak erabiltzen. Azkenean sound systemetako animatzaileak izatetik diskoak grabatzera pasa ziren reggaearen zuhaitz aberatsari adar berria gehituaz. King Tubby bezalako soinu teknikariei esker A aldeko kantu bokala berriro nahasten hasi ziren, baxu eta bateriari garrantzia emanaz, soinu efektuak gehituaz (echo eta deelayak bereziki) eta ahotsa moztu eta bigarren maila batean utziaz. Dub deitzen zioten nahasketari eta toasterrek egindakoarekin bezala, reggae musikaren azpiestiloa bihurtuko zen.



AFRIKA
Ama lurra. 1492. urtea, Kristobal Kolonek Amerika topatzen du, kasualitate odoltsua. Urteetako ustiaketa eta sarraskien ondorioz bertako indiarren kopurua nabarmen gutxitzen da. Espainiarrak lehenik eta ingelesak geroago Afrikara doaz esku lan merkearen bila. Esklabutzaren garaia da. Mendeetan zehar milaka afrikar indarrez kanporatuak izango dira. Exodoa. Milaka haur, gizon-emakume, sendi, herrixka, herrialde, nazio, zibilizazio, hizkuntza eta kultur suntsituak dira. Amerikan zehar sakabanatuak eta zanpatuak dira. Beltza zara, zuriaren menpeko. Beltza zara, zikina, alperra, tontoa, ezjakina, atzeratua, basatia eta esklaboa. Mendeak igaro beharko dira amesgaiztotik esnatu eta Marcus Garveyren hitzek begiak irekitzen lagundu arte. Beltzarana zara bai, baina beltza ederra da. Deabru zuriek zure anai arrebak bortxatu eta hil zituzten, gupidagabe. Deabru zuriek indarrez egin zintuzten esklabo baina zu gizon askea zara. Afrika izeneko lur ederrean jaio zinen, afrikarra zara eta Afrika da zure etxea. Lurralde aberatsa da, zibilizazio eta kultur aurreratuekin osatua. Etxetik indarrez bota zintuzten eta orain, etxera bueltatzeko garaia iritsi da. Reggae musika etxegabeen musika da, esklabo afrikarren musika eta idazten eta irakurtzen jakin gabe hizkuntz arrotza hitz egitera behartu zituztenen musika da.



GANJA
Rastafarientzat marihuana jakinduriaren belarra da eta belar hori erretzea Jainkoarekin harremanetan jartzeko bitartekoa da, errito erlijiosoa. Erretzeaz gain, belarrari erabilpen ugari ematen diote: janariari botatzeko, infusioak egiteko, sendabelar modura... Ez gara marihuanarekin gehiegi luzatuko ziur belar honi buruz gu baino askoz ere gehiago dakizuelako eta.
«Belarra erretzen duzunean zure burua nolakoa den erakusten duzu. Belarrak egiten dituzun gauza txar guztiak erakusten dizkizu. Zure kontzientzia da. Zure buruaren argazki zehatza erakusten dizu. Belarrak pentsatzen jartzen zaitu, meditatzen jartzen zaitu. Agian, pertsona lasaia eta orekatua bazara, posible duzu belarrik gabe meditatzea. Mendira bazoaz, txorien kantuak entzungo dituzu. Baina belarra erretzen baduzu, txorien kantuak ederragoak irudituko zaizkizu eta meditatzen lagunduko dizute. Belarra gauza naturala da, zuhaitzak bezala hazten da. Biblian, liburu santuan, idatzita dago gizakiak behar bezainbeste belar erre behar duela Jainkoarekin komunikatzeko». Bob Marley



ELKARRIZKETA: IÑAKI YARRITU (BASQUE DUB FOUNDATION)
Reggaea da Iñaki Yarrituren bizitza (horrela dio berak). Bizitzako urte gehienak bere pasioa den musika hau ezagutzen eta ezagutarazten eman ditu eta gaur egun gai honetan maisu da. Reggaea hobeto ezagutzen lagunduko diguten galdera hauei erantzun digu.

Loud & Lonerekin kaleratutako diskoaren aurkezpen bira egin eta gero badirudi orain lasaiago zabiltzatela, eta badirudiela diogu, taldeko partaide bakoitzak bere proiektuak dituelako, eta ziur gaude oso lanpetuta ibiliko zaretela zuen gauzekin. Zertan ari da une honetan Iñaki Yarritu? Zein da BDFren gaur egungo egoera? Zeintzuk dira epe laburrera dituzun asmo eta helburuak?

BDF-rekin Studio One eta antzeko diskoetxeen base klasikoak grabatzen ari gara eta erritmo horiekin Luciano, Mikal Rose (Black Uhuru ohia), Al Campbell, Ranking Joe, Sugar Minott, Wayne Smith, Hopeton James, Chronicle eta Bunny Lie Lie bezalako abeslari jamaikarrak eta baita zenbait abeslari frantses ekoizten ari gara. Ekoizpen hauek aurten kaleratuko dira 7”ko single formatuan. BDF estudioko banda bezala bultzatu nahi dugu, inspiratu gaituzten Jamaikako estudio banda klasikoen antzera.
Europa eta AEBetan zuzeneko emanaldiak eman nahi ditugu. Dagoeneko frantses estatuko hainbat reggae jaialditan aritu gara Lee Perry edo Culture bezalako taldeen telonero gisa. Horretaz gain, Earl Sixteen, African Simba eta Byron Otis bezalako reggae izarren zuzeneko banda (Backing Band) bezala aritu gara eta asko interesatzen zaigun gauza da, horrelako abeslariekin jotzerakoan asko ikasten delako eta besteen begirunea lortzeko modua delako.
BDF-ek Ingalaterrako reggae merkatu espezializatuari begira Breaking the Rules/Dub izeneko lehen binilo singlea kaleratu du.
Loud & Lone taldea desegin eta gero Roberto Sanchezek sortutako Lone Ark proiektuak lehen lana kaleratuko du aurki eta bertan BDFko musikariek parte hartu dugu.
Pertsonalki Londongo hainbat reggae talderekin jotzen dut eta reggaearen barruko estilo desberdinak jorratzen ditugu (rocksteady, dancehall, dub...). Reggae musikari buruzko liburu batean parte hartu dut, baina etengabe atzeratzen ari da eta ez dakit azkenean noiz kaleratuko ote den.
www.reggaenews.co.uk web orria gestionatzen dut BDFko beste partaide batekin batera eta bertan BBCko reggae atalarekin elkarlanean ari gara. Reggae disko denda batean lanean ari naiz... eta ikusten duzuenez reggae musika da nire bizitza!!!

BDF-k duela gutxi Spanish Town izeneko bilduman parte hartu du. Bilduma horretan Espainiako estatuko reggae taldeak biltzen dira. Nolakoa da, zure ustez, reggae musikaren egoera Estatuan (taldeak, kontzertuak, erakundeak...)? Eta Euskal Herrian?

Beste herrialdeekin alderatuaz hirugarren mailan gaude nahiz eta hutsetik hasi garela kontutan izanda egoera asko hobetu den. Dagoeneko jarraikortasuna duten jaialdi batzuk egiten dira eta geroz eta gehiago dira kontzertuak eskaintzera datozen reggae abeslari eta musikariak. Madril, Bartzelona edo Valentzia bezalako hirietan gaur egun egiten den dancehall estiloarekin oso interesatua dagoen generazio berria dago. Hip-Hop eta Ragga estiloen arteko harreman onaren ondorioa da ziurrenik. Euskal Herrian, oro har, reggae klasikoa gustatzen zaigu gehiago (roots reggae, dub...) eta ez horrenbeste dancehall (ragga) estiloa.
Taldeen mailari dagokionez ezin da orokortu, baina mailak nahiko baxua izaten jarraitzen du nahiz eta oso interesgarriak diren talde batzuk dauden. Guri dagokigunean, BDF-ko entzuleri handiena hemendik kanpo dagoela argi dugu. AEBetan, Japon eta Europan hemen baino entzule gehiago ditugu. Gure musikak ez dio komertzialtasunari jarraitzen eta ez dugu gure burua ezertaz mozorrotu nahi gehiago saltzeko. Jendeak egiten duguna ezagutu eta onartzea nahi dugu, nahiz eta horrek gutxiengo batengana iritsiko garela suposatu. Denborak esango du.

Londresen bizi zara. Londres da gaur egun, oraindik ere, reggae musikaren gune garrantzitsuena Europan? Zeintzuk dira gaur egun reggae musikak dituen korronte nagusiak? Eta nazioarte mailan?

Neurri batean London da oraindik gaur egun reggae musikaren gune garrantzitsuena Europan. Denda, sound system, artista eta musikarien mailari dagokionez London da erdigunea. Jaialdiei dagokionez berriz, Alemania eta Frantzian egiten ari dira gaur egun jaialdi handienak. Mundu osoan egiten da maila altuko reggaea. Dagoeneko apurtu egin da Jamaikak, Ingalaterrak eta AEBak zuten nagusitasuna. Azken urteotan bi dira reggae musikak dituen korronte nagusiak: Dancehall (Europan ragga bezala ezagututakoa). Gazte jendearen artean arrakasta handikoa. Produkzio digitalizatuagoak dira, minimalistak, oso perkusiboak eta neurri handi batean esperimentalagoak. Hip-hop eta R&B estiloekin lotura handia du bai produkzioari dagokionez eta baita letra eta edukiei dagokionean ( gaiak: Jamaikaiko eguneroko bizitza, moda, sexua, parranda, ghettoak, biolentzia, gansterrak, slackness, e.a.). Bestea reggae klasikoa (Vintage Reggae) da. Bere barruan estilo desberdinak onartzen ditu Lovers, Roots reggae, Dub eta Revival. Ohiko instrumentuekin batera erritmo digitalak uztartzen dira. Zaindutako produkzioak, baxu lineak eta letren eduki desberdinak (maitasuna, espiritualtasuna, kontzientzia, ihesi egin beharra e.a.).

Zer ekarri dio Internetek reggae musikari? Eta etorkizunean?

Gaur egun informazio izugarria dago jendearen eskura. Lehen, nik sei edo zortzi urtetan biltzen nuen informazioa orain internetekin bi astetan lortu daiteke! Musika lortzea ere oso erreza da, interneten bidez diskoak eskatu ditzakezu edota MP3ak jaitsi. Nire belaunaldiko jendeak urteak behar genituen disko zehatz batzuk lortu eta entzuteko (disko horiek entzutea amesten genuen) eta orain internetekin une batetik bestera lortu ditzakezu. Izugarrizko informazio kopuru handia dago, baina horrek askotan nahasketa sor dezake; interneteko informazio asko gainera ez da batere zehatza.

2004, APIRILA-MAIATZA
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.

Berri Laburrak

  • Fermin Muguruza & Kontrakatxa Hego Amerikan daude maiatzaren 16tik: Chile, Montevideo, Bogota, Mexiko...
  • Foehn zigiluaren udaberriko nobedadeak: BALAGOren Darder eta OSO LEONEren Mokragora.
  • Zaramak hiru abesti dituen disko labur batekin datorkigu: Sinestezina. Hemen entzun.
  • Jazzaldian euskotarrak: 18 talde, 9 dj, B. Achiary, I. Salvador, M. Azpiroz, Igelaren Banda... www.heinekenjazzaldia.com
  • SONISPHERE 2013: Madril (Mai 31) & BCN (eka 1). Kartela: IRON MAIDEN, ANTHRAX, MEGADETH, AVANTASIA...
  • Balerdi Balerdi taldeak Petti beratarra fitxatu du. http://balerdibalerditaldea.wordpress.com/

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!