entzun.com

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Dossierrak

bidali zure berria Bidali zure artikuluak
Koldo Almandoz 2002-10-03

ROCK IZARRAK ZELULOIDEZKO ZERUAN

David Bowie 1967tik dabil zinema munduan murgilduta David Bowie 1967tik dabil zinema munduan murgilduta

Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Asko dira zinera jauzia egiten duten rock izarrak. Goia jo dute musikari esker, baina, antza denez, horrek ez die erabat asebetetzen. Gizakion izaerari estuki lotutako fenomenoa da: gauza bat lortutakoan gehiago nahi izatea, alegia. Bada, batzuek beren egoa puzten segitzeko eta beste batzuek kontu korronteari zeroak gehitzen segitzeko (edo biak batera) zinean probatzen dute. Noski, fotogrametan agertzeko bestelako arrazoirik duenik ere badago.

Nork ez du inoiz musikaren bolumena igo, begiak itxi eta eszenatoki batetan dagoen kantari bat dela amestu? Jendearen lilura erakarri, isiltasunaren jabe izan, txiskeroen argiak dantzan ikusi ez baduzu sekula halakorik irudikatu, nerabezarorik izan ez duzunaren seinale tristea da.
Gure ametsek, esna gaudela egiten ditugun ametsek batik bat, beti izaten dute soinu bandaren bat. Topikoa badirudi ere, niri behintzat horrela gertatzen zait. Eta ez naiz bakarra. Taberna zuloetan, AC/DCren doinuekin punteo izugarriak eginaz gure rockstar amets frustratuei ihesbidea uzten diegunak adibidez, ez gara gutxi.
Baina ez gaitezen bihurguneetan galdu. Bakoitzak badaki eta zein den bere ametsen soinu banda. Fikzio zientzia jorratzen zuen Phipip K Dirk idazleak Zerekin egiten dute amets ardi elektrikoek? galdera egiten bazuen, guk ideia berarekin, beste moduko galdera bati erantzuten saiatuko gara.

Zerekin egiten dute amets rock izarrek?

Rockstar-ak, leloari jaramon egin ezkero, sexua eta drogaz inguraturik bizi dira. Beraz, hauek, beste guztiok amesten dugun gauzekin ez dute denbora gehiegirik galtzen.
Bestetik, rockstar-ek, rockstar diren momentutik ez dute tenis raketarik hartzen ispilu aurrean raka-raka aritzeko. Musika munduko izarrek ordea amesteko eskubidea ere badutenez, beste zeruetako izar izatearekin amesten dute. Zeluloidezko izarrekin. Kantariak, interprete diren momentutik aktoreak ere badirelako. Kantu edo doinu bati, ahotsa jartzeaz gain gorputza, aurpegia haragia jartzen diote. Yo la tengo taldeak, Welcome to Rockn Roll School bideo izugarrian argi azaldu zuen kantari-aktore analogia hau. Bideo honetan, taldekideak, eskenatokian ia autismoraino jorratzen duten geldotasunaz jabetuta, euren buruak rock n roll eskola batetan apuntatu eta benetako rock izarrek izan behar duten jokamoldea ikasteari ekiten diote. Janzteko modua, mugimendu mimikoak, gitarra punteoak, leihotik botatako telebistak eta abar Ironiaz betetako bideo honetan, rockstar-en izaeraz trufatzeaz gain, euren buruaz barre egiten dakiela erakutsi zuen hirukoteak.
Hala ere, eta azken aldian Operacin Triunfo eta Betizu-ren moduko euskal bertsio sasi-pederastan argi geratzen ari da, egun, rockstar-a izateko ez dela nahikoa kantatzea. Dantza, antzerkia, gorputz espresioa eta gisa honetako ikastaroak ere beharrezkoak izaten dira. Disko multinazionalen helburua Jeniffer Lopez edo Ricky Martin-en kantari klonikoak egitea da. Musika, iragarki eta pelikulak egingo dituzten artista konpletoak; diskoak, kamisetak eta palomitak salduko dituzten izar multi-disziplinarrak.
Rockstar izateko balizko rocknroll eskola honetan izena eman zuen lehena Erregea izan zen. Tupeloko semea aitzindaria izan zen aktoreen lana oholtzara eramaten. Elvis berehala konturatu zen, bere ahotsa bezain indartsuak zirela bere gerri mugimendu kitzikatzaileak. Lentejuelaz betetako urtxintxa hegalari jantzia modan jarri zuena izan zen bere buruaz pertsonai bat egin zuen lehendabiziko kantari herrikoia. Eta arrazoi horregatik, ez da harritzekoa bera izatea zinera salto egin zuen lehendabiziko rockstar mundiala. 33 pelikula egin zituen. Zazpigarren arteko altxorren artean, Love Me Tender, Viva las Vegas eta Blue Hawai. Elvis berehala jabetu zen gabeziak zituela aktore gisa. Behin baino gehiagotan onartu zuen bere espresioa Egiptoko estatuak baino hieratikoagoa zela. Baina ez zion utzi pelikulak egiteari. Zinea diru iturri agortezina zelako Cadillac arrosak oparitzen zituen patilladunarentzat.
Elvisenak beste garai batzuk ziren. Gaur egun, rock izarrek serio ekiten diote aktore lanari. Lehen aipatu bezala, batetik, entretenimenduaren multinazionalen industriak bultzatutako joera da. Bestetik, joera hori ongi txertatzen da rock izarren ego asegaitzarekin. Jorratzen ari garen kontrako joera ere askotan ematen da. Musikari izatearekin amesten duten aktoreak ez dira gutxi. Hurrengo batetarako utziko dugu.



ROCKSTAR = FILMSTAR?

Hainbat rockstar-en ibilbide zinematografikoari erreparatuko diogu. Zerrendan izen asko falta da. Aukeratutakoak ordea, kantariek zinema munduan izandako harreman maila ezberdinak islatzen dituztelako aukeratu ditugu.

Bob Dylan
Zimerman jaunak, Vatikanoko Aita Santuari kontzertua eskaini baino lehen beste hainbat pelikuletan parte hartu zuen. 1967. urtean, D.A. Pennebaker zuzendariak ekoizturiko Dont look back dokumentalean bera izan zen izar nagusia. Urte hartan emandako kontzertu bira baten jarraipena izan zen bere estreinako lana zinean. 1973an ordea filmatu zuen bere lanik ezagunenetarikoa Sam Peckinpah-ren eskutik, Pat Garret and Billy the Kid. Martin Scorsesek ere papertxo bat eman zion The Last Waltz filmean (1978) eta bere azken agerpena Richard Manquard-en Herats of fire filmean izan zen.
Bob Dylanek ez du zeluloidearen munduan sinetsi izan. Eta horregatik lagunak ziren zuzendarien filmetan hartu du parte, bigarren mailako paperetan gehienetan.
Sting
Sting-ek garai batean ez zekien bere bizitzarekin zer egin. Irakasle zen institutu batean baina musika eta interpretazioarekin egiten zuen amets (baleee, Amazonia salbatzearekin ere bai ). Eta badirudi ilehoriak ez duela inongo ametsik baztertu nahi izan. Police-ko kantari eta baxu joleak 16 filmetan parte hartu duelako. Eta guztietan izan du parte hartze nabarmena. Izenburu interesgarri ugari dago Sting-en filmografian. Nork ez du oroitzen Quadropheniako (1979) mod zigortzailea? Edota David Lynch-en Dune (1984) miragarriko gudaria? Horietaz gain, beste hainbat filmetan ere ikusi izan dugu, Julia and Julia (1987), The Adventures of Baron Munchausen (1989) edota Lock, Stock and two smoking Barrels (1998).
Bjrk
Gure islandiar kuttunenak film bakarrean parte hartu du eta esperientziaren ostean, zeluloidezko zeruarekin amestea baino, izotzezko amesgaiztoak nahiago dituela esan du. Ez zen harritzekoa. Lars Von Trier-Bjork konbinazioa lehergailu bat zelako.
Konplikatuegia, eskandinaboegia akaso. Hala eta guztiz ere, lehergailuak eztanda egin eta Dancer in the Dark bezalako miraria atera zitzaien. Drama- musikal-dogmatiko-industriala. Eta Bjork-entzat aktoresa onenari saria Cannes-ko jaialdian. Eta gure zisneak, sariagatik eskerrak eman eta sekula ez zuela berriro pelikularik egingo esan zuen. Mingarriegia zela beste pertsona baten paperean jartzea. Dancer in the Dark-en egindako lana ikusita ulertzen dugu min hori.
Lou Reed
Lou Reed-ek ez du aktore izatearekin amesten. Gaur egun ez behintzat. Eta garai bateko memoria guztiz galdua duenez berak hala dio ezingo dugu jakin inoiz halako ametsik izan duen. Hala ere, bere lagunen hainbat proiektuetan azaldu izan da antzezpen txikietan. Robert M. Young-en One trick Pony-n (1980), Allan Arkush-en Get Crazy-n (1983), Marisa Silver-en Permanent Record-en (1988) eta Paul Auster-en Blue in the Face (1995) harribitxi berezi hartan, non tabako dendako bezeroaren papera egin zuen.
Mick Jagger
Rolling Stones-ko kantaria aktore txarra da. Eta hala eta guztiz ere film interesgarri ugaritan sartu du bere mutur famatu hori. Horien artean esanguratsuenak 1970. urteko Ned Kelly eta urte berean garaiko sexua, drogak eta dekadentzia islatzen zuen Performance film sailka ezina. 1992an gaiztoarena egin zuen Freejack-en eta urtebete beranduago Werner Herzog-ek papertxo bat eman zion Mein liebster feind- Klaus Kinski filmean. Nik ere maite ditut Rolling Stones-ak, baina beti izan naiz Keith Richardsen zaleagoa.
Courtney Love
Grungearen alarguna. Cobain-en hiltzailea? Ezin esan emakume honek atraktiborik ez duenik. Tonto-tonto 18 pelikuletan parte hartu du Hole taldeko kantariak. Lehendabizikoa, Sex Pistols taldeko partaiderik biziosoenaren bizitza kontatzen duen Sid and Nancy: love kills (1986) filma izan zen. Aurrerantzean, Straigth to Hell (1987), The year the punk broke (1992), Feeling Minnesota (1996), People vs Larry Flint (1996), 200 cigarrettes (1999), Man on the Moon (1999), Welcome to Collynwood (2001), Zerrenda luzea da, eta bere lana nahiko txukuna.
David Bowie
Kamaleoi ezizena duen batek ezin zuen beste biderik aukeratu. Igeldoko montaa suiza mitikoaren moduko gora beherak izan ditu bere ibilbide zinematografikoak, baina 1967. urtean The Image filmatu zuenetik ez du etenik izan. Besteak beste, The Virgin Soldiers (1969), Just a Gigolo (1979), The Hunger (1983), Absolute Beginners (1986), Labyrinth (1986), The last temptation of Christ (1988), The Linguini Incident (1992), Twin Peaks (1996), Basquiat (1996), Zoolander (2001) 22 filmetan ikus dezakegu mundua saldu zuen gizona. Eta zinez esan dezakegu, Bowie jauna zazpigarren artearen zeruko Starman-a dela (sentitzen dut hain hitz jolas errazetara jotzea, baina saihestezina suertatu zait).
Madonna
Bowie kamaleoi ezizenez ezagutzen badugu, emakume honi zein jarriko genioke? Zaila da. Ezizen polit gehienak erabiliak daudelako. Hori bazekien Madonnak eta horregatik gustatzen zaizkion modeloak imitatzeari ekin eta estilo propioa lortu du. Anbizio ilehori teitua izatetik, Mae West cow girl-ra dauden pertsonai guztiak islatu ditu bere ibilbide musikalean. Eta Madonnak bai, Madonnak beti egin du amets zine izar izatearekin. Gehienetan, zine munduan topatu izan du gainera maitasuna. Sean Penn, Warren Betty, Banderas eta egun bere senarra den Guy Ritchie zuzendaria. Hola-ren antza hartu baino lehen Ciccone-ren filmografia errepasatuko dugu. 17 egin ditu orain arte. Lehendabizikoa 1979. urtean. Pelikula sasi-erotikoa, A Certain Sacrifice. 1985ean, famatua egiten hasi eta Searching for Susan egin zuen. Geroago Sean Penn senarrarekin Shangai Surprise, Warren Beatty-rekin Dick Tracy eta horren ostean jarraian etorri ziren, beste batzuen artean, A league of their own; Woody Allen-en Shadows and Fog; Body of Evidence Willian Dafoe lagun; Girl 6; Lou Reed-ek bezelaxe Blue in the Face-n ere parte hartu zuen; Four Rooms; 1996ean golden globe saria eman zion Evita eta bere egungo senarrak zuzendu eta estreinatzear dagoen Swept Away. Gure Barbara Streisand garaikideari, askok ez dio aktoresa meritua onartzen baina saiatua denik behintzat ez dio inork ukatuko.
Ice T
Harroa, marihuana zalea eta armatua. Honek ere txikitatik amesten zuen zine izar izatearekin. 14 urtetan 15 film egin ditu eta beste hainbeste tvmovie. Bere lanen artean: New Jack City (1991), Tank Girl (1995), Johnny Mnemonic (1995), Judgment Day (1999), Sonic Impact (1999), Ablaze (2000) Eta bere film guztietan kaa, kaa eta kaa gehiago ematen die zuri, beltz, txinatar eta eskimalei
Iggy Pop
Kamaleoiak gisa guztietako filmak egin dituen moduan, Iguanak bere gustuko proiektuetan soilik egin du lan: 1990. urtean John Waters-en Cry Baby-n, urte bereko Hardware-n, 1995. urtean bere lagun Jin Jarmusch-en Dead Man western existentzialistan, The Crow-ren bigarren zatian eta Bardeetan filmatu eta sekula fundamentuz estreinatu ez zen Oscar Aibarren Atolladero (1995) ciber-western bitxian.


2003, OTSAILA-MARTXOA
bidali zure artikulua Bidali zure artikulua
BESTEAK ETA B ALDEAK

Esan bezala, zerrenda luzea da. Beste asko ere sar genitzake. Whitney Houston, Marian Faithfull, Kris Kristofferson, Jhonny Haliday, Dolly Parton, Tom Waits, Roger Daltrey, Mariah Carey, Tina Turner, Joey Ramone, Vanesa Paradis, rapero dozena erdia Eta ezin dugu aipamenik gabe utzi Frank Sinatra eta Dean Martin bere garaikidearen belaunaldia edota loreen boterearen garaian Janis Joplin, Jim Morrison eta abarrek egindako film esperimental lisergikoak. Rock izarrak izan gabe gertuagoko kantariak ere azaldu dira inoiz zeluloidean. Irungo urretxindorra adibidez. Luis Marianok (argazkian) film sortatxoa egin zuen eta horien artean Fandango eta Violetas Imperiales, azken hau, Carmen Sevillarekin batera. Aznavour frantsesak egindako hogeita hamapiko filmak ere aipatu genitzakeen, edota Adriano Celentano italiarrarenak, edota Miguel Bose espainiarraren lanak Hala ere eta amaitu aurretik, zine zeruko izarren artean, izar berezi batzuk aipatu nahi nituzke. Hainbat arratsalde aspergarri bete dizkiguten izarrak. Tod Browinen Freaks-ak baino, Paradaren Freak-ak bezala definituko ditugunak. Elvisen zine modeloari jarraituaz, dozena erdi kantuen inguruan istorio bat eraiki eta gure guraso askoren gaztaroko zinema aretoak betetzen zituztenen artean Rocio Durcal, Joselito eta, El Golfo, El ngel edo Volver a nacer bezelako X espedienteak filmatu zituen Raphael topa genitzake. Digan lo queee digaaannnn

Erlazionaturiko edukiak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.