Memphis, Tennesse: Sun Records zigilu ospetsuaren sorlekua, rockabillyen sehaska, amerikar gizartearen arrazakeri gordinenaren gotorlekua... 60ko hamarkadan musika beltzak bizi izan zuen iraultza koloretsuenaren lekuko izan zen. Stax! hatzek elkar jotzean eragiten duten soinuaren onomatopeia izan zitekeen soilik, baina urteen joanarekin R&B musikak egin duen ibilbidearen erreferente nagusia bilakatu da.
Zigilu honen historian bi garai nabarmendu daitezke; lehena, 1961etik 1968ra doana eta bigarrena, berriz, 1969tik 1972ra iristen dena. Bi garai hauek, noski, ezberdinak izan ziren bai musikalki bai historikoki. Hamarkada horretan zehar amerikar gizarteak aldaketa handiak jasan zein eragin zituen, aldaketa soziopolitiko hauek musikan islatuz. Stax zigiluaren lehen garaian soul musika izan bazen nagusi, bigarren garaian funky doinuak nabarmendu ziren. Guk, batez ere, lehen urte haietan egindako lanei egingo diegu so.
Lehen urratsak
Stax zigiluaren historia, Jim Stewart eta Estelle Axton anai arreben historia da (St + Ax). Jim 1930ean jaio zen Memphis hiritik 100 kilometrora dagoen Middleton herrian. Country talde bateko biolin-jolea, Jim Stewart musika eta kultura afroamerikarretik aldendua bizi izan zen 17 urterekin Memphis hirira iritsi arte. 1957an country musikaren ekoizpenera zuzendutako zigilu txiki bat sortu zuen, Satellite. Esfortzu eta saiakera handien ondoren hainbat single aurkeztu zituen, hauetako bat, Blue Rose, berak idatzia, baina tamalez Satellite zigiluak porrota baino ez zuen ezagutu. Diskoen ekoizpenak eragindako gastuei ezin aurre eginik ekoizle gazteak arrebarengana jo zuen. Estelle Axtonek bere etxea hipotekatu behar izan zuen proiektu honekin segi ahal izateko, baina ordainean Satellite zigiluko bazkide berria bilakatu zen.
Urte horretan bertan, 1959an, Chips Moman musika ekoizlea batu zitzaien Jim Stewart eta honen arrebari. Georgian jaiotako musikari honek kontutan hartzeko ibilbidea zuen ordurako; Gene Vincent rockabilly gaztearekin hainbat kontzertu emanak zituen eta esperientzia handia zuen ere estudioko lanetan, Phil Spector-en estudioetako gitarra-jole bezala aritua baitzen. Bada, Chips Moman gitarra-joleak musikaren industria nahiko ongi ezagutzen zuela esan dezakegu eta bere etorrera erabakigarria izan zela Satellite zigiluaren etorkizunerako. Brunswick hiriko estudio txiki batean burutu zituzten lehen grabaketa saioak, gutxira, berriz ere Memphis hirira itzuli ziren arren. McLemor kaleko 926. zenbakian kokatu zuten Satellite zigiluaren estudio berria, Capitol zine areto zaharraren egoitzan, eta estudioari itsatsirik, denda txiki bat jarri zuten, sasoi hartan esku artean zituzten singleei berehalako irteera emango zien denda bat. Zine horrek, gerora, Souslville USA izena hartuko zuen.
Egun haietako batean, Memphiseko irrati batean blues saio gogoangarriak egin ohi zituen gizon bat iritsi zen dendara. Irrati esatari zaharrak bere alaba Carlarekin batera single bat grabatzearen proposamena egin zien Satellite zigiluko arduradunei. Zer esan eta zer egin ez zekitela gelditu ziren estudioko jabeak baina, azkenik, onartu egin zuten proposamena. Cause I love you izeneko disko hau izan zen zigiluaren lehen single garrantzitsua eta irrati esatari zahar hura, noski, Rufus Thomas baino ez zitekeen izan, 1953an, Bear Cat izeneko abestiari esker nazio mailako arrakasta lortu zuen abeslaria. Sun zigiluak ekoiztutako kanta honek sekulako polemika eragin zuen disko-merkatura iritsi bezain pronto. Gogoratuko duzuen bezala, urte horretan bertan Big Mama Thornton blues abeslariak bere ibilbide osoko arrakasta handiena grabatu zuen, Hound dog izeneko singlea. Blues indartsu honek izan zuen arrakasta ikusita, Sun diskoetxeko jabeak, Hound dog abestiaren replika edo erantzuna izango zena grabatzea pentsatu zuen, hau da, Bear Cat. Honek, ordea, ez zien batere graziarik egin Hound Dog abestiaren eskubideak zituztenei eta plagio egitearen salaketa jarri zuten auzitegian. Sam Phillipsek kontutan hartzeko isuna ordaindu behar izan zuen.
Satellite zigiluaren hurrengo diskoa ere Carla Thomas abeslariak grabatu zuen, Rufus Thomas zaharraren alabak. Gee Whiz izeneko kanta, Carla berak idatzia eta konposatua, aurreko singlea baino askoz ere entzunagoa izan zen eta Satellite zigiluak Cause I love you singlearekin lortutako irabaziak bikoiztu zituen. Jim Stewart eta Estelle Axton anai arreben zigilu txikia fruituak ematen hasi zen azkenik ere. Ordurako jada, Atlantic zigilua hartu emanetan hasia zen Satellite zigiluarekin. Bi diskoetxeek akordio batean jaso zituzten masterren salerosketen inguruko kontuak eta honekin batera, noski, diskoen distribuzioari loturik zetozen beste hainbat kontu, esateko, nazio mailan zer nolako distribuzio politika jarraituko zen. Gee Whiz singlearen arrakastaren ondoren, ordea, Atlantic zigiluko ekoizle nagusiak, Jerry Wexlerrek, gehiago eskatu zion hegoaldeko zigilu txiki honi. 1961. urtea zen eta Satellite Amerikako pop arrakasten zerrendetako Top Ten sailkapenean zegoen.
Urte horretan bertan, beste arrakasta handi bat lortu zuen Satellite zigiluak. Ordura arte estudioko musikari bezala aritu ziren The Royal Spades taldeko kideek –tartean Estelle Axtonen semea, Charles ‘Packy’ Axton saxo tenorea– hainbat aldaketa egin zituzten talde barruan eta izen berri bat hartu zuten: The Mar Keys. Izen berriaz grabatu zuten lehen musikalana Satellite zigiluaren historian aurkitzen den instrumental zoragarrienetako bat duzue, Last Night. Single honen arrakastak ustekabean hartu zituen zigiluko arduradunak, ez zuten horrenbesteko arrakastarik espero. Ordura arte zigilu txiki bat izan ziren, baina azken singleekin lortutako irabaziek lehen mailako diskoetxeen parean jarri zituzten eta honek erabaki garrantzitsu bat hartzera bultzatu zituen. Garai hartan Satellite izeneko beste zigilu bat zegoen Amerikako merkatuan eta gaizki ulerturik egon ez zedin Jim Stewart eta Estelle Axtonek zigiluaren izena aldatzea erabaki zuten, Stax izan zen hautatuko izen berria. Zigiluko bi jabeen abizenak uztartzen zituen izena.
Soulsville USA
Izen aldaketarekin batera, beste hainbat aldaketa eman ziren zigiluaren barruan. Esateko, garai hartan hasi zen David Porter musikari gaztea Stax estudioetarako lanean. Erabat ezezaguna izan arren, gazteak talentu ukaezina zuen, musikarako sen berezi bat, eta ondorengo urteetan (batez ere Isaac Hayes musikagilearekin batera lanean hasi zen garaian) ederki asko frogatu zuen bere balioa. Jendearen gehiengoak ez dakiena zera da, ordurako David Porterrek ibilbide motz baina ikusgarri bat egina zuela Savoy bezalako zigiluetan. Bere ibilbideko lehen single hauek ez zuten inongo oihartzunik izan eta, gainera, nahiko zailak dira aurkitzen, goitizen ezberdinekin argitaratu baitzituen. Hau dela eta, Stax zigilura iritsi baino lehenagoko lan hauei ez zaie gehiegizko garrantzirik ematen eta normalki aipatu ere ez dira egiten. David Porter izan zen Stax zigiluko nominan sartu zen lehen konposatzaile beltza.
Stax zigiluko kondairaren arabera, sasoi hartan iritsi zen ere Booker T izeneko gazte bat hegoaldeko diskoetxe txiki honetara. Auzoan bertan hezitako gazte hau, egun osoa Souslville inguruetan ibiltzen omen zen; edozein lan egiteko prest, bere aukera noiz iritsiko zain... Gazte burugogorra izanik, behin eta berriz froga bat egin ziezaioten eskatu zuen eta Chips Moman ekoizleak erabat asperturik baiezkoa eman zion azkenik. Booker T organoa jotzen hastean, Chips aho zabalik gelditu zen. Ez zuen inoiz horrelakorik entzun!! Huraxe zen estudioko grabaketetarako falta zitzaien teklatu-jolea: Booker T.
Stax zigiluak estudioko musikari bikainak zituen, hauen artean, Al Jackson bateria jolea, Lewis Steinberg baxu jolea (ondoren Duck Dunnek ordezkatuko zuena) eta Steve Crooper gitarra jolea, baina behar den moduko talde instrumental bat osatzeko teklatu-jole bat falta zitzaien eta Booker T izan zen postu honetarako aukeratua. Lau musikari hauek sortu zuten, egia esan, Stax bezala ezagutzen dugun estilo berezi eta bereizgarria. Lau gazte hauek batera jotzen hasi ziren une horretantxe hasi zen indartzen eta forma hartzen Stax soinua. Aipagarria da ere, beste inork ez bezala islatu zutela Stax zigiluaren espiritu edo izaera, arraza ezberdinen integrazioan sinesten zuen ametsa. Bi musikari zuriak izanik eta beste biak afro-amerikarrak, hauek egiten zuten musika sailkaezina zen. Ez zen ez beltzen ez zurien musika… Stax etxearen musika baizik. Booker T eta bere mutilak izen bitxi zein esanguratsu batekin aurkeztu ziren, Booker T and the MG’s (Memphis Group) eta laukotearen lehen arrakasta berehala iritsi zen, inork espero baino lehen.
Egun aspergarri batean, Memphiseko estudioetan grabatzeko zain zeudela, inprobisatzen hasi ziren. Dirudienez, beraiekin grabatu behar zuen abeslaria ez zen azaldu eta musikariek, eguna aprobetxatu nahian, instrumentuak hartu zituzten. Inguruan zebilen norbaitek grabagailua martxan jarri zuen eta jam session hartatik sekulako arrakasta atera zen, Booker T and the MG’s taldearen izenburu handiena: Green Onions.
Booker T and the MG’s taldekoak Amerikako zerrendetara iritsi ziren une horretantxe, hiriko beste abeslari batek, William Bell izeneko musikagileak, zigiluan lanean hasteko zortea izan zuen. Chips Moman ekoizlearen laguna eta Rufus Thomas blues abeslariarekin hainbat kolaborazio egindakoa, William Bell fede handirik gabe iritsi zen Stax zigilura. You don´t miss your water izeneko kanta grabatzea proposatu ziotenetan, ordea, abeslariak beste jarrera bat hartu zuen... William Bell abeslariak ahotsa hustu zuen kanta honetan, baina ondorioa nazio mailako hit erraldoi bat izan zen.
Jarraian datorrenari aparteko atal bat eman diogu, Otis Redding abeslari bat baino zerbait gehiago izan baitzen Stax zigiluarentzat. 1962tik aurrera, Otis Redding diskoetxearen zeinu edo ikur nagusia bilakatu zen, bere enbaxadore onena. Musikari afroamerikarraren abestiek sekulako salmentak izan zituzten eta zuzeneko emanaldiek berriz, eszenatokietako hautsak harrotu. Otis musikaren munstro bat izan zen eta inongo dudarik gabe, Stax zigiluaren lehen garaian nabarmendu dezakegun izar distiratsuena. Bere ibilbidearen hasieran, ordea, inork ez zuen txanpon erdirik ematen bere alde eta kasualitate hutsez iritsi zen Stax zigilura. 1962tik 1967ra bitartean egin zituen grabaketak Stax zigiluaren historian aurkitzen ditugun aipagarrienetako batzuk dira.
Memphiseko zeruan soul izarrak
Otis Redding abeslariarekin lortutako arrakasta itzelaren ondorioz, Atlantic zigiluak Memphiseko diskoetxean kokatu zituen bere esperantza guztiak. Jerry Wexler ekoizleak Miami inguruetan mugitzen ziren bi gazte afroamerikar kontratatu zituen garai hartan, Sam Moore eta Dave Prater, eta ideia ona iruditu zitzaion bi abeslariak Stax diskoetxeko estudioetara bideratzea. Jerry Wexlerrekin batera iritsi zen baita ere, hegoaldeko diskoetxera, Atlantic zigiluak esku artean zerabilen teknologia berria. Honek aldaketa handiak eragin zituen ekoizpen eta grabaketa sisteman, aparatu zaharkituak alde batera uztean egiteko modu berriak azaleratu baitziren. Stax zigiluko lan taldeak berehala uztartu zituen Sam & Dave eta Hayes & Porter bikoteak; Isaac Hayes eta David Porter izan zirelarik Floridako bikotearen arrakasta gehienen egileak. Bikoteak Stax zigiluan kaleratu zuen lehen kanta, You don’t know like I know, R&B zerrendetako Top Ten sailkapenera joan zen zuzen-zuzen, eta hau ikusita, Jerry Wexler ekoizleak Atlantic eta Stax konpainiek hitzartua zuten distribuzio kontratua aldatu nahi izan zuen. Aurrerantzean, Atlantic diskoetxeko izar handienek Stax estudioetako musikari eta musikagileekin egingo zuten lan. Akordio berri honi jarraituz, Wilson Pickett bezalako izar handiak iritsi ziren Memphisera. Eta esateko, Wilson Pickett berak Stax soinua bezala ezagutzen den estilo edo egiteko era berezi horren barruan arrakasta handiak lortu zituen, In the midnight hour eta 634-5789 tartean.
Asko idatzi eta esan da, Sam and Dave bikotearen gehiegizko arrakastaz. Stax zigilura iritsi baino lehen bikoteak ez zuen kanta bat bera ere Amerikako irratietan, baina Hayes & Porter musikagileekin lanean hasi bezain pronto bikotearen ibilbideak bestelako norabide bat hartu zuen. Honek, bikotearen arrakastaren % 100 Hayes & Porter musikagileen talentuaren isla baino ez zela izan azaltzen du. Sam and Dave abeslariek Stax diskoetxearekin atera zuten hurrengo kantak, Hold on I´m coming izeneko singleak, bazter guztiak astindu zituen, salmenta sinestezinak eraginez. Abestiaren letrak, adiskidetasunaren gorespen edo exaltazioaz hitz egiten duela dirudien arren, bestelako anekdota kurioso bati egiten dio aipamen. Dirudienez, abesti hau idatzi aurreko egunetan, Isaac Hayes musikagileak egunak zeramatzan beherakoaz. Larrialdiren batean, korrika sartu omen zen komunera, WC-an paperik ez zegoela ohartu ere egin gabe. Zer egin ez zekiela, oihuka hasi zen... eta David Porterrek horixe erantzun omen zion: “Hold on I’m coming!!” Egoera tamalgarri horrek hainbesteko grazia egin zien eskuartean zuten musikalan berriari izenburu horixe jarri ziotela.
Arrakastaren gailurrean, Staxeko jabeetako batek, Jim Stewartek, salmenta arlorako zuzendari berri bat hautatu zuen, Al Bell. Musikaren industria oso ongi ezagutzen zuen gizona, bera izan zen Eddy Floyd Stax zigiluarekin lanean hastearen arduraduna. The Falcons ahots taldeko kide izandako abeslari honek arrakasta handiak eman zizkion Memphiseko diskoetxeari, azpimarragarriena Knock on Wood izenekoa delarik. Musikagile bezala ere kontutan hartzeko lana utzi zuen, Otis Redding eta Wilson Pickett soul izarrentzat kantak sortuz.
Beherakada
Stax hainbeste gizendu zen hain denbora gutxian, konpainia barruan lehen tentsioak azaleratzen hasi zirela. Estelle eta Jim anai arrebak etengabeko eztabaida batean murgildu ziren diskoetxea hartzen ari zen norabide berria zela eta. Artista berrien etorrerarekin, ordura arte Stax zigiluan lan egin zuten artistak bigarren maila batean gelditu ziren eta honek sentsazio mingotsa eragin zuen etxeko langileen artean, lehen aldiz diskriminatuak sentitu ziren. Egoera honi, Jerry Wexler ekoizleak egin zuen joko zikin baina trebea gaineratu behar zaio. Negozio gizon abila izanik, lehen arazoak sumatu bezain pronto, Stax zigilua utzi eta alde egin zuen, berarekin eramanez berarekin batera etorri ziren artista gehienak eta hauek grabatu zituzten abestien royaltiak. Gauzek ezin zuten bada, okerrago joan… edo bai. 1967ko abenduaren 10ean, zigiluko izar handiena, Otis Redding, hegazkin istripuan hil zen.
Stax goes funky
1968an, Estelle Axton eta Jim Stewart anai arrebek Gulf & Western enpresari saldu zioten hainbeste kostata eraiki zuten diskoetxea, baina salmenta honi esker, Stax zigiluak bizirik iraun ahal izan zuen. Diru sarrera hauek berpiztu egin zuten Memphiseko zigilua eta Staxen bigarren garai oparoa une horretantxe hasi zela esan dezakegu. Bigarren garai hau lehenengoa bezain garrantzitsu eta liluragarria izan zen, baina beste hainbat orrialde beharko genituzke urte haietan Stax zigiluan gertatutakoak behar bezala azaltzeko... beraz, beste baterako utziko dugu eta labur-labur kontatuko dugu garai hartan Stax zigiluak eman zuena.
Memphiseko diskoetxe garrantzitsu hau Gulf & Western enpresaren eskuetan erortzean, Estelle Axtonek Stax zigilua, berak sortutako diskoetxea, utzi zuen. Dirudienez, ez zuen proiektu berri honekin jarraitzeko inongo ilusiorik eta egoera hartan lan egitea baino nahiago izan zuen diskoetxearen zortea halabeharraren eskuetan uztea. Eta hain zuzen ere, halabeharrak etxera ekarri zuen berriro Stax zigilua.
1970ean, Jim Stewart eta Al Bell bazkideek Stax konpainia erosi zuten. Gulf & Western enpresarien zuzendaritzapean, zigiluak galerak baino ez zituen izan eta diskoetxea erabat debaluatu baino lehen berriro saltzea erabaki zuten. Jim Stewart eta Al Bell bazkideak Deutsche Grammophon konpainia erraldoiaren diruaz aritu ziren salerosketa honetan, baina diskoetxearen funtzionamendu osoa berriro beraien eskuetan gelditu zen. Lehen erabaki garrantzitsua, lan taldeari egokitu zitzaion... Motown zigiluarekin lan egindako ekoizle eta teknikari mordoxka bat hartu zituzten eta Stapple Singers, The Dramatics, Frederick Night edota
Isaac Hayes bezalako musikariengan jarri zuten beraien konfiantza osoa. Talde hauetako askoren ibilbideak erabat ezezagunak ziren, baina garai hartan kaleratu zituzten diskoak Stax zigiluaren historiako arrakasta handienetako batzuk bezala gogoratzen dira. Aipagarria da baita ere, 1973an, Wattstax jaialdia ospatu zela. Kontzertu erraldoi hartako leloak garaiko gizarte afroamerikarraren sentimendu eta borroka islatu nahi izan zuen: “I’m Black and I’m Proud”. Nazioa gidatzen zuten politikari zuriek ez zituzten oso gustukoak “Black power” aldarrikapen hauek eta honek ere arazoak ekarri zizkien diskoetxeko jabeei. Edonola ere, arazo handienak ekonomikoak izan ziren. Stax diskoetxeak ezin izan zion buelta eman 60ko hamarkada bukaeran hasitako krisiari eta azkenean, ateak itxi behar izan zituen. Staxeko zuzendarietako askok kontutan hartzeko dirutzak elkartu zituzten, ondoren alde egiteko, eta gelditu zirenek ez zuten krisi egoera honi aurre egingo zion irtenbiderik aurkitzen jakin. 1976an, Estelle Axton eta Jim Stewart anai arrebek izan zuten ametsa zorrez betetako putzu batean bukatu zen. Soulsvilleko ateak ixtean, umezurtz gelditu ziren musika afro-amerikararren eta bereziki soul musikaren maitaleak.
Otis Redding Jr. (Otis Redding predikari baptistaren semea) 1941eko irailaren 9an jaio zen, Dawsonen, Georgian. Dudarik gabe, aitaren lanbideak sakonki markatu zuen Otis gaztetxoa, aitak gidatutako elizkizun haietan ezagutu zuelarik musika. Dawsonen jaioa izan arren, Macon izeneko herri batean hezi eta koxkortu zen eta han ekin zion bere musika ibilbideari, Vinevilleko eliza baptistan. Aita hil ondoren familia bere ardurapean gelditu zen eta oso gaztetxotan hasi behar izan zuen lanean. Honek, halere, ez zion amesten eta abesten jarraitzea eragotzi eta lan zein eginbeharrak musikarekin tartekatu zituen. Sasoi hartan lan ezberdinetan aritu zen, esaterako, denboraldi batez gasolindegi batean egin zuen lan eta tren bateko pikadore ere izan zen. Ordea, aipatu bezala inoiz ez zuen musika alde batera utzi eta bere familiarentzat diru gehiago irabazi nahian, The Upsetters taldean hasi zen abesten, Little Richard rock and roll izarraren talde aitzindarian. Bere herriko abeslari lehiaketan ere ohiko parte-hartzailea izan omen zen. Txapelketa honetako saria ez zen oso handia, bost dolar, baina ezer baino hobea zen eta Otis Redding-ek gustuko zuen abestea. 15 urtez jarraian lehiaketa irabazi ondoren, parte hartzea debekatu zitzaion.
Beranduxeago, beste talde batekin hasi zen abesten, Johnny Jenkins and the Pinetoppers taldearekin hain zuzen, eta erabaki honek, berak jakin gabe, erabateko aldaketa ekarri zuen bere bizitzara. 1962an, Stax zigilua eta Pinetoppers taldea Memphiseko estudioetan hainbat instrumental grabatzeko akordio batera iritsi ziren. Otisek, taldeko abeslaria izanik, ez zuen zertan grabaketa saio haietara joan, baina taldeko adiskideek furgoneta gidatzeko “chauffeaur” bat eskertuko zutela eta musikari afroamerikarrak Memphiseraino egin zuen bidaia.
These arms of mine
Grabaketa saioa desastre hutsa izan zen. Taldeak ez zuen nota bat bera ere asmatzen eta Jim Stewart pazientzia galtzen hasi zen. Booker T-k, berriz, The Pinetoppers taldearen talentu zein fundamentu eza ikusita nahiago izan zuen grabaketa bertan behera uztea eta alde egin. Bere ordez, Steve Crooper gitarra-jolea jarri zen teklatuan. Hainbat saiakeraren ondoren eta grabaketa saio haietatik ezer onik aterako ez zela jakinda, Jim Stewartek grabaketa eten eta Pinetoppers taldekoak Georgiara bidali zituen bueltan. Johnny Jenkinsek, ordea, Stax zigiluarekin hitzartua zuten denbora aprobetxatu nahian, taldeko abeslariari froga bat egin ziezaioten eskatu zuen. Ordurako, Jim Stewart nerbiotatik gaixo zegoen, desesperazioak jota, baina Otis Redding izeneko abeslari gazte hari aukera bat ematea onartu zuen. Otis Redding-en froga ere desastre hutsa izan zen. Little Richard abeslariaren kanta bat aukeratu zuen froga hartarako, Hey Hey Baby kantaren lehen notak abesten hasi orduko, Stewartek grabaketa gelditu zuen: “Eh mutiko!! Hau al da daukazun guztia? Ez dugu Little Richarden imitadore bat behar!” Otisek beste aukera bat eskatu zuen eta bigarren aldi honetan, berak idatzitako balada bat abestu zuen: These arms of mine. “Uauh!” oihu egin zuen Stewartek. “Orain bai, orain badugu zerbait ona”. Abesti honek Staxen azpizigilu berria estreinatu zuen, Volt izenekoa, eta arrakasta borobila izan zen Estatu Batuetako pop single salduenen zerrendetan.
Otis “hit maker”
Handik urtebetera, Otis Redding Stax diskoetxeko estudioetan zen berriz. Grabaketa saio haietan jaso zuen izenburua, Pain in my heart, bere ibilbide osoko kanta entzunenetako bat bezala gogoratzen da eta une hartan ere sekulako arrakasta izan zen R&B zerrendetako lehenengo posturaino iritsiz. Ondorengo urteetan, hainbat single eta LP grabatu zituen, gehienak arrakasta handiak eta hauetako batzuk hit erraldoiak; Sam Cooke soul izarraren heriotzatik hilabete batzuetara kaleratutako Otis blue diskoa duzue honen adibide. Aditu batzuen ustez gehiegizko oihartzuna izan duen diskoa, Otisek Sam Cooke abeslariaren hainbat kanta jaso zituen LP honetan, hauen artean aurkituko dituzuelarik Shake eta A change is gonna come abestien moldapen bikainak. Denbora gutxian, Otis Redding, Stax zigiluko “hit maker” handiena bilakatu zen, arrakastak sortzeko makina bat, baina honek ez zuen eszenatokietatik aldendu. Zuzeneko emanaldietan berak aukeratutako musikari batzuekin abestu ohi zuen, The Bar Kays taldekoekin, eta telebista zein irratian saio gogoangarriak utzi zizkigun ere, Ready Steady Go programa ingelesean egin zuen agerraldia delarik bere ibilbide osoko famatuenetako bat.
Stax zigiluarekin lan egin zuen garai emankor honetan (ez ahaztu bere single gehienak Volt zigiluarekin kaleratu zituela) grabatu zituen ere bere ibilbide osoko izenburu onenetako batzuk, hauen artean, Respect izeneko klasikoa, berak idatzia izan arren Aretha Franklin soul abeslariak grabatutako moldapenean pasa dena musikaren historiara eta Rolling Stones gaztetxo batzuen Satisfaction, Otis Redding abeslariaren moldapenean kanta borobila iruditzen zaiguna.
Georgiako seme kuttunak, beste artista batzuk lagundu eta ekoizteko astia ere izan zuen, Johnny Jenkinsekin batera JOTIS izeneko zigilua sortu zuelarik (Johhny + Otis). JOTIS izeneko zigilu honek soul izar garrantzitsuak eman zituen ezagutzera, Arthur Conley bezalako abeslarien lehen kantak plazaratuz. Aipagarria da, esateko, Arthur Conleyk lortu zuen lehen arrakasta handia, Sweet soul music, Otisek eta Conleyk idatzitako kanta bat izan zela. 1967an, Stax zigiluak, Europan barrena bidali zituen bere artistak. Kontinente Zaharrean burututako bira honen emaitza Europako hiri garrantzitsuenetan jasotako zuzeneko emanaldien disko bikoitza izan zen. Bira honi esker, Stax zigiluko artista askoren ibilbideek gorakada ikusgarria jasan zuten eta Otis Redding soul izarra bere une goxoena dastatzen hasi zen.
Monterey
1967ko ekainean, Estatu Batuetako txoko guztietatik iritsitako milaka eta milaka gazte Montereyko pop jaialdian bildu ziren. Janis Joplin eta Jimi Hendrix bezalako musikari gazteak ezagutzera eman zituen jaialdi hau amerikar musikaren erakustazoka nagusia bilakatu zen egun haietan eta gaur egun, 60ko hamarkadako jaialdi handienetako bat bezala gogoratzen da. Beach Boys taldeak izan behar omen zuen jaialdi honetako sorpresa, baina, azken orduan eta azalpen handirik eman gabe, taldekideek ezezkoa eman zioten gonbiteari. Jaialdian parte hartu behar zuen talde garrantzitsuenak gonbiteari uko egitean antolatzaileek Otis Redding abeslariarengana jo zuten korrika. Musikari afroamerikarra Amerika osoaren ahotan zegoen garai hartan, eta egia esan, ez zuen horrelako jaialdi batean parte hartzeko inongo beharrik, baina Otisek onartu egin zuen gonbitea. Askori arraroa iruditu zitzaion arren, Otis Redding ez zen bere ohiko talde laguntzailearekin azaldu, hau da, ez zen The Bar Kays taldekoekin igo eszenatokira, Stax zigiluarekin batera sortu ziren bi talde mitikoekin baizik, The Mar Keys eta Booker T and the MG’s taldeekin hain zuzen. Otis Redding abeslariaren kontzertua gaueko azken emanaldia izan zen... Han, Montereyn, goizeko ordubatean eta euripean, Otis Redding-ek bere bizitzako kontzertua eman zuen, askoren ustez soul musikaren historiako kontzertu onena. Hogei minutu exkaxetan han bildutako gazteei soul ikuskizun harrigarri zein hunkigarria eman zien. Hippie mugimenduaren eta kontrakultura amerikarraren inguruan zebiltzan gazte haiek ez zuten inoiz horrelako energia eztandarik ikusi, horrelako musika zurrunbilorik. Gau hartan, Otisek bost kanta interpretatu zituen soilik ( Shake, Respect, I’ve loving you too long, Satisfaction eta Try a little Tenderness...), baina nahikoa izan ziren entzuleak bere oinetara jartzeko.
(Sitting on) The dock of the bay
1967ko abenduaren 6an eta 7an, Otis Redding-ek The Dock of the bay kanta grabatu zuen. Bere bizitzako azken egun haiek egun goxoak izan ziren. Montereyko kontzertu ikusgarriaren ondoren fama une eztitsuaz gozatzen ari zen eta etorkizunari begira ere ideia eta proiektu pila bat zerabilen buruan. Hiru egun beranduago ordea, “Fortunak” heriotzaren besoetara eraman zuen. Otis Redding eta Bar Kays taldeko musikariek hegazkin istripua izan zuten Wisconsin herrialdeko lurrak zeharkatzen ari zirenean. Hegazkina Monona izeneko laku batera erori zen.
Soul musikak izan duen izar handienetako bat 26 urterekin hil zen. Bere hiletara 5.000 pertsona joan ziren, tartean, garaiko soul izar handienak eta industriako izen esanguratsuenak. Kuriosoa iruditzen zaigu Otis Redding, Sam Cooke soul izarra baino egun bat lehenago hil izana. Bi musikari hauen heriotzen artean hiru urteko aldea dagoen arren, kuriosoa da biak abenduko egun horietan hil izana, Sam Cooke abenduaren 11n eta Otis Redding abenduaren 10ean. Beharbada, Otis Redding izeneko artista hau Sam Cookek utzitako hutsunea betetzera etorri zen... Otis Redding hil eta egun batzuetara, The Dock of the bay Estatu Batuetako irrati guztietara iritsi zen. Istripuaren oihartzunak gorantz bultzatu zituen singlearen salmentak, lehen aldiz, Otisen kanta bat Estatu Batuetako pop arrakasten zerrendetako lehenengo postuan sailkatu zelarik. Tamalez, berak ez zuen hori ikusi.