Surfa, hondartza eta neska-mutikoak
Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Zaila da benetan surf musika zer den azaltzea. Batzuk Beach Boys ezagunen melodiak direla esango dute; beste batzuk, ordea, rock and roll instrumental gordin eta zikina aipatuko dute. Baten batek, gainera, Jack Johnson bezalako kantautore surflariaren kantu arrakastatsuak gogoratuko ditu. Surf film garaikideetan, gainera, hardcore-punk hotsak ere entzun ohi dira... Zalantza eta galdera horiei erantzuna bilatzeko ezinbestekoa da historian atzera begiratzea. Beraz, hartu ohola eta murgildu gaitezen surf dimentsioaren ozeanoan. Uhinen doinuek eta Fender gitarrek bat egiten duten itsaso zabal eta sakonean.
Rock and rolla gainbehera zihoan 1959 eta 1960 urteak bitartean. Elvis Presley, Chuck Berry edota Fats Domino bezalako artistek gutxi edo ezer egin zezaketen nerabeei zuzenduriko Frankie Avalon bezalako izar aurrefabrikatuen aurrean. Doo-Woop-aren melodiak nonahi entzun zitezkeen eta twist-a gogor jotzen ari zen dantzaleku guztietan. Folk kantarien eztanda lehertzear zegoen eta Motown soul zigilu dotoreko doinuek irratian etengabe jartzen ziren. Horrela, rock and roll instrumentala benetako r’n’r gordinaren gotorleku bakarra bilakatu zen. Era berean, surf kultura berri eta gaztea garatzen hasi zen Kaliforniako hegoaldean. Surflari bihurri horien inkonformismoa AEBetako bizitza modu kontserbadorearen baloreen kontra agertu zen. Talka horren aurrean r’n’r-ak bere ohiko lana egin zuen: belaunaldien arteko gatazka bizitu.
Link Wray, Duane Eddie, The Ventures edota The Champs bezalako talde eta artista nerabeak ziren rock and roll instrumentalaren jarraitzaile sutsuenak. Gitarra elektrikoen doinu gordinak maite zituzten. Hala, oihartzun handiko riff gitarrak nagusi ziren haien kantuetan. Gitarra nagusiak, bigarren gitarra batek, baxuak eta bateriak osatzen zuten taldea (kasu batzuetan, saxoa, teklatuak, tronpeta edota hirugarren gitarra bat ere gehitzen zitzaien). Musikariak hondartzetatik gertu bizi ziren nerabeak ziren. Sarritan gazte horiek surfa ere praktikatzen omen zuten. Antza, hori dela eta deitu zioten surf musika. Soinuari dagokionez, gitarra nagusiari ‘reverb’ edo oihartzun moduko efektu berezia eransten zioten. Efektu hori surf estiloaren ezaugarri nagusia da. Gitarren soinua asko anplifikatzen du eta “hezetasun” berezia gehitzen dio. Zale puristen iritziz, gainera, efektu hori Fender markako gitarra eta anplifikadoreekin soilik lor daiteke.
Sasoi berean, The Beach Boys talde arrakastatsua eratu zen. Haiekin batera surf estiloa sortuko zuen musikariak bere lehen pausuak eman zituen: Dick Dale. 1955 urtean Richard Monsour-ek, gerora Dick Dale, Country and Western estiloko musikari handia izan nahi zuen eta Los Angeles inguruan jo ta ke aritu zen kontzerturen bat lortu arte. Balboako izozkitegi bateko bezeroez osaturiko entzuleria izan zen bere lehendabiziko publikoa. Hain txarto abestu omen zuen, entzuleek isiltzeko eskatu omen ziotela. Ondorioz, instrumentalak jorratzen hasi omen zen. Dale tematiak, baina, bereari ekin zion eta azkenik, Rendezvous Ballroom dantzaleku zaharra alokatu eta Del-Tones bere taldearekin jotzea lortu zuen. Entzuleria gehienbat surflariekin osatua zegoen. Dale-n doinua surfarekin lotu zuen publikoak eta une horretan surf estiloa sortu zela esaten omen da. Hori dela eta, gitarra jolearen 1961eko Let’s Go Trippin’ izeneko konposizioa lehendabiziko surf instrumentaltzat hartu izan da.
Leo Fender gitarra egileak Dick Dale-ri ematen zizkion bere gitarrak probatzera. Bien arteko harremana asko estutu zen eta lankidetza horren ondorioz, Dual Showman anplifikadorea eta Reverb Unit efektu kutxa merkaturatu ziren. Jostailu elektroniko horiei esker, gitarra jotzaileak doinu propio eta berezia lortu zuen. Haien musikan Ekialdeko doinuen eragina ere antzeman daiteke. Laburbilduz, Dick Dale “surf gitarraren errege” izendatu zuten. Haren itzalean Orange konderrian beste hainbat talde gazte jaio ziren, The Chantys eta The Original Surfaris, besteak beste. Horrela, musika fenomenoa Kalifornia osora hedatu zen. Esaterako, jatorri hegoamerikarra zeukaten talde instrumental latinoak ere agertu ziren. Are gehiago, Kalifornian bizi gabe eta surf estiloaren eztandaren berri izan gabe ere, rock and roll instrumentala jo ohi zuten taldeak ere baziren AEBetan barrena. Hala, 1960 eta 1962 urteak bitartean San Luis Obispo hirian The Revels taldeak Church Key bezalako rhythm and blues single itzelak grabatzen zituen. Gauza bera gertatu zen Ventures klasikoekin. Jatorriz surf mugimenduarekin lotura zuzenik eduki ez arren, r’n’r instrumentala jorratzen zuen talde bikaina zen. Hala ere, surf disko handiak ere grabatu zituen, tartean, 1963 uteko Surfing. Hortaz, ez dago oso argi non dagoen surfaren eta r’n’r instrumentalaren arteko muga, bi estiloak garai eta lurralde berean jaio baitziren, elkarren berri jakin gabe. Nolanahi ere, bi kasuetan, nerabeei zuzenduriko dantzarako musika zen eta horrek gazteri inkonformistaren grina eta parranda zaletasuna piztu zituen.
NERABEAK, TRAJE MERKEAK
ETA FENDER GITARRAK
Surf taldeen beste ezaugarri nagusienetako bat irudia zen. Traje merkeekin jantzita taularatzen ziren. Egun surf kulturarekin lotzen diren alkandora hawaiiarrak ez ziren inondik ere ikusten. Soinekoekin bat egiten zuen Fender ekipoa ere harro erakusten eta jotzen zuten. Dick Dale erregeak ezaguna egin zuen Fender Stratocaster zen gitarra modelo erabiliena, Jaguar, Jazzmaster eta Mustang gitarrak ere sarritan ikusten zirelarik. Taldekideen adina ere adierazgarria zen. Dick Dale bera generoaren aitonatzat jo daiteke zeuzkan 23 urteekin. Gaztetxoak ziren oso surf musikariak. Hala, The New Dimensions taldeko Michael Lloyd-ek 13 urte zeuzkan eta Diamonds edota Nomads taldeetako zenbait taldekidek 12 eta 13 urte zeuzkaten. Oro har, batez bestekoa 15 eta 16 urtekoa zen.
Zigilu independenteak surf singleak kaleratzen hasi ziren eta ondorioz surf doinuak AEBetako txoko guztietara zabaldu ziren. Surf musikaren garairik onenak ziren. Gazteek surflariak izan nahi zuten, surflariek bezala hitz egiten zuten eta oholak ere erosten zituzten. Surf musika ez zen, baina, surflarien gustuko. Surflariek ez zuten surf taldeetan jotzen. Hori horrela izan da generoaren hastapenetatik. Benetako surflariek nahiago zuten r’n’r eta blues zaharra. Nola maitatuko zuten ba lau mukitsuk eginiko zarata instrumental hura? Ez hori bakarrik, lehen aipatu bezala, surf talde dezente kostaldeetatik urrun zeuden tokitan ere eratu ziren, hortaz, ezer gutxi zekiten olatuetan irristatzen diren oholekin egiten diren maniobrez. Horren lekuko, Coloradoko Astronauts eta Minneapoliseko The Trashmen dira. Azken horiek Kaliforniara eginiko bidaia batean ezagutu zuten generoa eta gero Surfin’ Bird bezalako klasikoak idatzi zituzten. Estiloarekin zerikusi gutxi zuten zenbait artistek ere modan zegoen estiloa jorratu zuten, besteak beste, Duane Eddie musikariak You Baby’s Gone Surfin’ lana grabatu zuen eta Bo Diddley musikari beltz handiak Surfin’ with... diskoa karrikaratu zuen. Zineak ere surf generoa landu zuen Beach Party Movies (Hondartza Festetako Filmak) izeneko azpigeneroa dela medio. Frankie Avalon bezalako nerabe idolo barregarriek antzezturiko komedia merkeak ziren. Estiloak goiena jo zuen.
SURF ABESTUA
Surf abestua instrumentala baino askoz ezagunagoa da, batez ere Beach Boys talde arrakastatsu eta klasikoari esker. Muturreko zaleentzat, baina, ‘Hondartzako Mutikoena’ ez zen surf musika. Egia da, gitarra distortsionatuetatik baino, pop kontzeptutik gertuago zeudela. Surfin’ USA eta Surfer Girl, haatik, surf generoko lanak direla baiezta daiteke. Lehenengoan bost instrumental jasotzen dira, tartean, Dick Dale gitarra jolearen Misirlou eta Let’s go Trippin’ kantuen bertsioak. Nolanahi ere, musika industriak ahalegin handiak egin zituen Beach Boys olatuen generoan sartzeko. Horrela, 1968 urtean Capitol diskoetxeak bere horretan jarraitzen zuen, Beach Boys AEBetako surf talde onena zela adieraziz. Kontuan izan behar da sasoi hartan taldea psikodeliarekin esperimentatzen ari zela.
Brian Wilson taldeko liderrak landu zuen surf abestuaren ideia. Berak inork baino hobeto uztartu zituen Chuck Berryren akordeak eta ahots armoniak. Izugarrizko arrakasta izan zuten. Ondorioz, surflariak bero-bero jarri ziren haien kulturaz ziztrinik ere ez zekiten mutiko zintzo haiek dirutza itzelak egiten ari zirelako. Genero abestuaren beste ordezkari garrantzitsu batzuk Jan & Dean izan ziren.
Surf abestuak mainstream-arekin bat egin zuen eta instrumentala lurpean hondoratu zen. Beraz, instrumentala benetako generotzat hartu da eta abestua, ordea, estilo komertziala bezala arbuiatua izan da. Nolanahi ere, surf estiloak behera egingo zuen nabarmen 1965 urtean The Beatles laukote ingelesa agertu zenean. Bob Dylanek gitarra hartu zuen eta Vietnameko gerrak surf mugimendua hil zuen.
SURF PUNKS
70eko hamarkadan surf generoa erabat desagertu eta bilduma zaleen kontua bilakatu zen. 80ko hamarkadaren hasieran, berriz, surf revival talde batzuk agertu ziren. Esaterako, Nightridres taldea Surf Beat’80 diskoarekin. Aipatu hamarkadaren amaieran generoa biziki aldarrikatzen zuten hainbat rock and roll talde agertu ziren. Phantom Surfers eta Untamed Youth bigarren susperraldi horren ordezkari garrantzitsuenak izango lirateke. Aipatzekoak dira zenbait hardcore-punk taldek surfarekiko erakutsi zuten zaletasuna. Horrela, JFA eta Agent Orange taldeek zenbait surf klasiko egokitu zituzten haien disko zoragarrietan. Ikuspuntu barregarri batetik ere jorratu izan da estiloa. Hala, Los Angeleseko Surf Punks izeneko taldea surf kulturaz trufatu zen nabarmen. Musikari dagokionez, surfa, punka eta new wave-a uztartzen zuten lotsagabe.
1994 urtetik aurrera generoak hirugarren susperraldia bizi izan du. Quentin Tarantinoren Pulp Fiction filmari esker, Dick Daleren riffak nonahi entzuten ziren. Estiloa ezagunagoa egin zen eta talde ugari sortu ziren. Ohikoa denez, hazkunde horrek erdipurdiko talde asko ekarri ditu. Hala ere, egun talde interesgarri asko entzun daitezke, tartean, The Straitjackets estatubatuarrak, 50 Foot Combo belgikarrak, Los Coronas (madrildarren azken diskoa Gaztelupeko Hotsak zigiluak argitaratu du), Bambi Moleesters kroaziarrak edo Lost Acapulco mexikarrak (Hego Amerikako zenbait herrialdetan surf eszena ikaragarria da).
Iritsi gara jada XXI mendera eta gezurra badirudi ere, gurean ere badira surfa maite eta jotzen duten hainbat musikari, eta jakina, surflari. Artikuluan bertan euskal tsunamiaren lau ordezkariren hitzak jaso dira: The Longboards, Sfinters, Los Stupefactos eta Las Sfintters. Ezin amaitu, baina, The Uski’s arrakastatsuak aipatu gabe (ikusi Entzun aldizkariaren 46. zenbakian jasotako elkarrizketa). Surflariak izateaz gain, haien kantuetan surf estiloaren arrastoak suma daitezke. Lehenengo laurek, baina, pieza mutuak nahiago dituzte, Laida hondartzako surflariek bizkaieraz abesten duten bitartean. Uski’s-en kantuak Euskadi Gaztean entzuten dira eta Tolosako Sfinters-enak kez beteriko zulo ilunetan. Lehenengoak komertzialak eta bigarrenak underground ote? Uski’s euskal Beach Boys-ak dira eta Barakaldoko Longboards euskal Ventures-ak? Lau hamarkada igaro arren, gauzak ez dira horrenbeste aldatu. Hobe duzue neoprenoa hartzea urrunean olatu hotsak entzuten dira eta...
THE LONGBOARDS EZKERRALDEA BEACH
Barakaldoko hirukotea Euskal Herrian egiten den surf musikaren ordezkari nabarmenenetakoa da. Iaz Surf Shots izeneko singlearekin izugarrizko kritika onak jaso ondoren, orain Grand Surf izeneko lehendabiziko disko luzea argitaratu dute El Toro zigilu katalanarekin. Surf instrumentala bikain jo ez ezik, 50 eta 60ko hamarkadetako herri kultura estatubatuarra biziki maite dute. Alfredo Romero gitarra jolearekin luze solastu gara apar artean eta olatuek eragiten dituzten rock and rollaren sekretu guztiak erakutsi dizkigu.
Nortzuk osatzen duzue taldea?
Ander Badak (1967 urteko Premier bateria), Jordi Longboardsek (Ferder Jazz Bass Highway baxua) eta neuk, Alfredo Romero (1965 urteko Mosrite Ventures California gitarra eta 1963 urteko Unit Fender distortsioa).
Aurretik beste talderen batean jo duzue?
Nik Yo Soy Julio Cesar, Isidoro y su CCPP, Cool Spiders eta beste talde batzuetan jo dut. Besteentzat hau da haien lehendabiziko egitasmoa. Hala ere, haien instrumentuak aspalditik jotzen dituzte.
Zergatik aukeratu zenuten surf musika?
Surfak aukeratu gintuen, kar, kar. Egia esan, musika horrek batu gintuen. Hasieran genero horretako kantu estandarren bertsioak egiten genituen eta azkenik debozio bilakatu zen. Surfa jotzea beharrizana da guretzat. Olatuari ondo heldu eta oraindik hemen jarraitzen dugu.
Surfa eta rock and roll instrumentala jotzeko teknika asko behar da?
Bai. Ez dut ukatuko. Jo nahi duzun surf estiloak, ordea, teknika maila jakin bat eskatzen du. Guk biderik zailena aukeratu genuen, hots, klasikoa. Surf estilo ilunena da. Generoko artista handi eta ilunak entzuten genituen eta estiloaren sekretuak deskubritzen saiatzen ginen. Galdera oso sinplea zen: Zergatik dauka Ventures edo New Dimensions taldeek egiten duten surfak hain soinu dotorea? Galdera horri erantzunez ikasi genuen akorde, erritmo eta konposizio ildo horiekin jotzen. Lan gogorra da doinu hori lortzeko, orain arte ikasitakoa ahaztu behar duzulako. 70eko hamarkadatik hona beste modu batera jotzen dira bateriak eta gitarrak. Hau beste kontu bat da. 50eko hamarkadatik 65-68 urte bitartera jotzeko era oso ezberdina zen. Nire ustez, musika garaikidearen zati handi batek ahaztu egin du nola jotzen zen sasoi hartan. Guk, ordea, gogorarazten saiatu gara.
Egun Euskal Herrian badira surf talde batzuk (Sfinters, Stupefactos...) eta Estatuan ere antzeko zerbait gertatzen da (Derrumbes, Los Coronas...). Aldaketa bat eman dela esango nuke, surfa entzuteko aukera ere Euskal Herriko zenbait txokotan badago. Aldaketarik nabaritu duzue hasi zinenetik gaur arte?
Estatuan harrera itzela da. Surfak ez ditu jendetza handiak biltzen (eta beti horrela izatea nahiko nuke), baina harrera beroa da. Genero xelebrea dela esango nuke. Dantzagarria da eta kontzertuak jai handiak bilakatzen dira: neskak ikusten dira (beste genero batzuetan oso urriak izaten dira, kar, kar), kolore asko eta oso alienazio gutxi. Dibertsio hutsa da: fun, fun, fun. Dogma gabeko dibertsioa da. Ez dauka mezurik; musika instrumentala soilik. Hondartza, olatuak... amaiera gabeko udaren estereotipoak. Underground hutsa: Z serieko zinema, terrore merkea, Spaghetti westerna... Mundu osoko surfak betidanik aipatu du Espainia bere kantuetan. Euskal Herrian, akaso apur bat gogorregiak gara: gehiegi saturatzen dugu, molestatu, distortsionatu... alde horretatik itxiagoak gara. Gogorregiak. Nolanahi ere, txundituta nago doinu aldaketa honek jendearengana izan duen eragin positiboarekin. Egia esan, beti izan gara apur bat tropikalak eta munduko surflari onenak, gainera, hemengoak dira, beraz, gauzak ondo doaz eta hobera egingo dute!
Maketa bat grabatu zenuten eta hari esker Mondo Sonoro aldizkariko maketa lehiaketaren finalera iritsi zineten. Grabazio horrek, gainera, badu bere istorio xelebrea.
Istorio polita da. Lau kantu grabatu genituen garajean. Bi mini disc lurrean ipini eta zuzenean grabatu genuen. Asmoa geure soinua nolako zen ikustea zen. Grabaturikoa entzun eta soinu oso ona zeukala pentsatu genuen; benetako surfaren doinua zeukan. Grabazioa La Furgoneta Azul izeneko web gune batera iritsi zen eta ohartu ginenerako lau kantuak sarean zeuden. Kantuak Jon Blair, Nightriders (78-79 urteetan izan zen Surf revivalean sortu zen talde onenetarikoa) taldeko liderrak entzun zituen. Asko laudatu zituen eta gero Ohioko Tom Hinders-i eman zizkion. Hinders iaioa da generoan eta Tsunami Soul izeneko bere irratsaioan jarri gintuen. Era berean, Phil Dirt Surf munduko guru kaliforniarra La Furgoneta Azulekin harremanetan jarri zen, gero gurekin hitz egiteko. Beraz, beste hiru kantu grabatu eta grabazio txukunagoa egitera animatu ginen. Bertsio pare iluna ere jaso genuen: Sentinelsen Big Surf eta Relampagosen Nit de Llampecs. Grabazioa formatu berdinarekin egin genuen, mini disc-ak lurrean eta zuzenean. Horrela sortu zen zazpi hazbeteko Surf Shots maketa eta egundoko kritika onak jaso zituen hedabideetan, hala nola AEBetako Reverb Central aldizkarian eta Britania Handiko Pipeline Mag aldizkarian. Hortaz, taldearekin serio jarraitzea erabaki genuen, behintzat surf talde batek ahal duen bezain serio. Demo horretako kantuak nazioarteko zenbait bildumetan ere jaso ziren, tartean, Alemaniako Banzai magazinek eta AEBetako Continental Magazinek kaleratu zituzten diskoetan. Mondo Sonoro aldizkariaren ezustekoa izan zen. Ez ginen aurkeztu ere, zur eta lur gelditu ginen. Asko eskertu genuen. Azkena aretoan egin zuten festan ondo aritu ginen. Goraino zegoen. Prentsak ondo hartu gaitu eta eskertzekoa da.
Orain Gran Surf izeneko diskoa kaleratu duzue Kataluniako El Toro Records zigiluarekin. Nola jarri zineten harremanetan zigiluarekin?
El Toro zigilua gertatu zaigun gauzarik onena da, ez bakarrik Estatu mailan baizik eta nazioarte mailan ere. 50eko hamarkadako r&r, rhythm and blues eta surf doinuak argitaratzen dituen zigilu onenetarikoa da, onena ez bada. Zigiluak, gainera, talde amerikarrak kaleratzen ditu eta publiko amerikarra ere badauka. Antolakuntzari dagokionez, zigilu izugarria da. El Torok demoa entzun eta hurrengo grabazioa argitaratzera konprometitu zen. Eta horrela egin du. Pozik gaude zigiluko erreferentzien artean egoteaz.
Zer dakar diskoak eta non grabatu duzue diskoa?
Diskoan hamabi kantu bildu dira: %75 geureak dira eta gainontzekoak bertsioak. Jorge Explosion-ekin grabatu dugu Circo Perroti estudioetan, grabazio analogikoa bilatzen baikenuen, bobinekin, mikrofono zaharrekin... eta pixelik gabe (ez genuen Profullik nahi). Erabat zuzenean grabatu nahi genuen taldearen bihotza jasotzeko. Taldea mono doinuarekin eta erreal. Txundituta gelditu ginen bai gu bai bera. Jorgerekin enpatia erabatekoa izan zen, Vox organoa ere jo du zenbait kantetan eta laugarren Longboard dela esango nuke. Urrian edo azaroan itzuliko gara bigarrena grabatzera. Disko hori Greziako diskoetxe batek kaleratuko du. Pozik gaude diskoarekin. Atzerriko prentsan kritika onak jaso ditu eta erantzuna izugarria izan da. Kanpoan jotzea ere espero dugu. Antza, Frantziara joango gara eta Hego Amerikan bira bat egiteko asmoa ere badaukagu; zerbait prestatzen ari gara bertako kontzertu agentzia batekin. Portzierto, Hego Amerikan genero honek kristoren harrera dauka.
Kanturen batean abesten al duzue?
Bai, katalanez eta serbiar-kroaziarrez; ez, txatxetan nabil. Ez dauka kantu abesturik, horrela gehiago aurrezten dugu diskoaren liburuxkan.
Surfa ez ezik, beste estilo batzuk ere entzungo dituzue. Estilo horiek ba al dute eraginik zuen doinuan?
30, 40 eta 50eko hamarkadetako musika entzuten dugu, Edmundo Roos, Benie Godman, Coltrain, Charlie Parker, baita free jazza, jazza eta dantza banda instrumentalak, esate baterako, Xabier Cugat. Hot Rod r&r estiloa ere entzuten dugu, r&r koipetsu asko eta Link Wray etengabe. Musika interesgarri asko dago, baina beti ere 70eko hamarkada aurretiko estiloekin lotuta. Jimmy Hendrixekin musikak behera egin du. Ez dugu atsegin.
Soinu Bandak ere eragin nabarmena dira zuen doinuan. Zeintzuk dira zuen konpositore eta film kutunenak?
Zinema oso zabala da. Nik Roger Corman eta Fritz Lang maite ditut bereziki, baina edozein film on gustuko izaten dut. Hori bai, zine komertzialik ez, nahiago dut hildakoak jaten dituzten zonbiak ikusi, Seven edo antzeko beste zakarkeri bat ikusi baino. Zinean musika artelan izugarriak egin dira. Ennio Morriconne da aipagarriena, spaghetti westerna bikain imitatzen duten artistak egon arren. Taldean Kurosawaren zinema eta Hollywoodeko zinemagile klasikoak maite dituenik ere bada. Niretzat zine japoniarra, ordea, klaustrofobikoa da. Agian Kitano bezalako zuzendari garaikideak atsegin ditut edota Hong Kongeko akzio zinea, esaterako Tsiu Hark zuzendaria. Jesse Franco ere atsegin dut. Lovecraft estiloko pulp irakurketak ere maite ditut. Estilo horretako terrore eta fikzioak zoratzen nau, eta nigan sortarazten dituzten sentsazioak ez ditut aurkitzen zine konbentzionalean. Portzierto, Estatuko ia surf talde guztiek Planet Atlon izeneko film baten soinu bandan esku hartu dugu. Datorren urtean estreinatuko da eta flipatu egingo duzue, zuri eta beltzez eginiko 50eko hamarkadako zientzia fikzioa da eta!
Hot Rod musika, r&r instrumentala eta frat musika, surf estilotik oso gertu dauden doinuak dira, eta ziur gustuko izango dituzuela. Soinu hauetan inoiz murgildu ez dena erabat nahastu daiteke eta estilo guztiak surfaren zorroan sartu. Zuek ezberdintasunak ikusten dituzue?
Noski, ezberdintasunak nabaritzen ditugu. Gaur egun, izan ere, hot rod surfa baino gehiago jorratzen dugu. Auto gehiago, surf gutxiago, moto eta abiadura gehiago. Rock and roll instrumentala ere jotzen dugu, r&r koipetsuaren ildotik heltzen diogu, Link Wrayren labankadekin urratuz. Estilo horiek ezberdindu eta probatzen ditugu, baina ez ditugu kantu berean nahasten. Ez gaude musika mestizaiaren alde, gurea originala da, garbia. Prototipoak egiten ditugu ez nahasketak.
Surf estiloko musikariak ez dira surflariak izaten. Zuek surfean aritzen zarete?
Ez gara iaioak, baina itsasoan sartzen gara oholekin, batez ere udan. Abiadura handiko eta akziodun kirolak atsegin ditugu: autoak, skatea edota surfa. Ander adituena da surfean eta skatearekin. Hankak suntsituta dauzka eta itsasoan ere ondo moldatzen da. Bateria urpekaritzan ere aritzen da. Biziki maite dugu itsasoa, eta baita rally klandestinoak ere. Abiaduraren bizioa gaindituko duenik ez da.
Zeintzuk bost disko gomendatuko zenizkioke doinu hauek entzun ez dituen bati?
Rumble (Link Wray); King of the Surf Guitar (Dick Dale); Surfing Bird (Trashmen); New Dimensions (New Dimensions); Surf Mania (Surf Teens) eta Journey to the Stars eta Smash (The Ventures)... bost baino gehiago dira, baina tira...
Amaitzeko, Dick Dale ala Link Wray?
Link Dale eta Dick Wray, gitarra jole handiak.
2006, abuztua – iraila