Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Surf gitarren teknikan egundoko garrantzia dauka ekipoak. ‘Vintage’ edo zaharra izan ohi da. Hau da, 60ko hamarkadakoa behar du izan. Doinu horren ezaugarri nagusiena Reverb oihartzun efektua da. The Longboards taldeko Alfredo Romero gitarra joleak azaldu duenez, “anplifikadorean integratuta ez dagoen erreberberazio unitateak eragiten du. Unit Reverb Fender izena dauka. Kutxa magikoa da eta doinua tantaka irtengo balitz bezala entzuten da. Ur azpian egongo bazina bezala. Egun ez dira fabrikatzen, reverb efektua anplifikadoreetan integratuta baitator. Hori dela eta jatorrizko soinua galdu egin da”, azaldu du gitarra joleak. Jatorriz ekipoa Fender bassman anplifikadoreak eta Reverb unitateak osatzen zuten. Gerora konbinazio hori desagertu eta Fender Twin Reverb anplifikadoreak ordeztu du. “Twin Reverb hori fina izan arren, ez du jatorrizko soinua eragiten. Nerabez osaturiko surf taldeek sortzen zuten jatorrizko soinu sakona, alegia. Guk reverb unitate hori berreskuratu dugu”, dio Alfredok.
Olatuen zarata imitatzen duen gitarra doinuaren bigarren ezaugarri nagusia vibratoa da. “Surf teknika argia da eta Duane Eddie da maisua”, baieztatu du Alfredok. Vibratoa surf gitarra orok (Mosrite, Jaguar, Stratocaster..) izaten duen palanka da. Akordeak arrastatzeko balio du. “Nota baten atzean gelditzen den itsasoaren efektu modukoa da”, dio Longboards-eko gitarra joleak. Eskumuturra azkar mugitu behar da eta vibratoak akordeen edo melodiaren sekuentziak “busti” behar ditu. “Zure gitarrak eragiten dituen olatuetan surfean ari bazara, vibratoak melodiaren gainean irrist egin behar du.”, nabarmendu du Alfredok amaitzeko.
APOCALIPSE SURF
Zaila da bi lerrotan surfak eta zineak izan duten harremana laburtzea. Beste hainbat jardueretan ez da hain ohikoa izan, baina kasu honetan ezinbestekoa izan da zinea egun surfak bizi duen globalizazioan. 70. hamarkadako Euskal Herriko surflariek, ingurura iristen ziren filmetan ikusi eta ikasi behar zituzten munduko beste puntetan egiten ziren aurrerakuntzak bai surf teknikan bai materialetan.
Badira surf pelikulen unibertsoan, izenburu mitiko batzuk. Horien artean bi nabarmenduko nituzke nik. Bruce Bown-en Endless Summer (1966), non bi gaztek, euren tablak hartu eta olatu bila abiatzen ziren mundu osoan zehar: uda non, surflariak han. Geroago John Miliusen The Big Wednesday (1978) etorriko zen. Bertan, bizitzaren gorabeheren aurrean, surfak hiru laguni elkarrekin egoteko eskaintzen dien tarte magiko hori primeran erakusten du.
Badira ere, 60. eta 70. hamarkadako surfaren gorakadarekin batera ekoiztu ziren izenburu asko. Film gehienak zaborra izan arren, garai ezberdinetako gazteek ongi pasatzeko, gitarra elektrikoen soinu berriekin gerria mugitu eta olatuak hartzeko duten grina erakusten zuten. Zentzu horretan entretenigarriagoak suertatu daitezke garai bereko B serieko film batzuk, non itsas munstro batek edo surflari makarra talde batek euren legea inposatu nahi izaten zuen Kaliforniako hondartza eguzkitsuetan. Hauen artean bereziki paranormala Surf nazis must die filma.
Surf film gehienak dokumentalak izaten dira. Surflariek berez surfa modu puruan ikusi nahi izaten dutelako. Hollywood-ek surf gaia jorratu duenean ez du gehiegi asmatu. Pointbreak izan daiteke ezagunena, North Shore eta Blue Cruz filmek ere surfa ardatz izan dute… baina jakina da ikuslego orokorrarentzat lan egiten denean hainbat alorretan kale egiten dela. Hala ere, eta aipamen labur honekin amaitzeko, zeluloidean jaso den surf eszena kuttunena aipatuko dut. Sekuentzia hori Coppolak zuzendu eta Jhon Milius gidoigile izan zuen Apocalipse now filman ageri da.
Robert Duballek antzezten duen Bill Kilgore koronelak bere gizonen artean berak miresten duen Jhonson surf txapelduna dagoela dakien unetik, bere guda estrategia guztia olatuen arabera moldatzen du. Olatuak dauden guneak konkistatu nahi ditu hain justu bere soldadua surfean ikusi ahal izateko. Itsas adar batean bi aldeetara irekitzen den olatu bat ikusten duenean hara abiatzeko ordena ematen du. Baina soldadu batek hura Charlien gune bat dela ikus arazten dio. Orduan Kilgore koronelak “Charlies don’t surf” erantzun eta jesukristoren atakea abiatzen du olatu hori berea egiteko. Jhonson soldaduari tabla eman eta “Surf or Fight!” esan ostean zine historiako guda eszena handienetako bat hasten da: kanoiek eta helikopteroek, Wagnerren walkirien martxaren doinuaz lagundurik oihana napalm bonbaz suntsitzen duten bitartean bi alboetara irekitzen den olatua urertzaren kontra apurtzen da. Erasoaren amaieran, Kilgore koronelak zera esaten die gizonei: “Usaintzen duzue? Usaintzen duzue? Hori napalm-a da seme! Munduan beste ezerk ez du horrela usaintzen!”
Koldo Almandoz
SFINTERS
(Perla Negra eta Soledad Miranda)
LINK WRAY-REN HILHOTZA
Noiz sortu zen taldea eta non?
Taldea Tolosan sortu zen duela hiru urte. Tolosatik ibiltzen gara eta betidanik ezagutzen dugu elkar. Taldearena aspalditik geneukan buruan bueltaka.
Nortzuk osatzen duzue taldea?
Hasieran hirukote ginen: Caliman (baxua), La Perla Negra (bateria) eta Soledad Miranda (gitarra). Gero Johnny Pisacables (gitarra) gehitu zaigu, hortaz orain laukote modernoa gara.
Zerbait grabatu duzue edo grabatzeko asmorik duzue?
Geuk ekoiztu dugun demoa (CD-R) argitaratu dugu: The Original Anal Suf-Shit. Orain Demo 2 izen klabea daukan maketarekin ari gara. Egunen batean, baina, grabazioa erabat bukatzen badugu, ziurrenik Trashing Youassay izena izango du eta Kaliforniako Modern Sleeze Records zigiluak kaleratuko du. Esku artean grabazio proiektu asko dauzkagu, hala nola The Foralettes soul talde nafarrarekin hamar hazbetekoa grabatzea eta Planet Atlon izeneko filmaren soinu bandan kanturen bat sartzea. Azkenik, zenbait bildumetan ere agertuko gara.
Zergatik sortu zenuten taldea eta zergatik aukeratu zenuten surf musika?
Gure herrikidea izango bazina ez zenuke galdera hau egingo. Gure herria aspergarria da eta horrek eraman gaitu taldea eratzera. Surf-Shit-a aukeratu genuen rock and rollaren oinarria delako. Guretzako, gainera, gauzarik punkena, errazena eta dibertigarriena da. Jotzen ez jakiteak eta doinu zaharrak maitatzeak ere zerikusia izan dute.
Nola deskubritu zenuten surf estiloa?
Gure bizitzen parte da: melodia gogora erraz horiek, Munster familia, Tarantinoren filmak, Ennio Morricone musikaria, Hawai 5-0 telesaila… duela sei edo zazpi urte, baina, Strummin’ mental diskoa iritsi zitzaigun eta harrez geroztik surf soinuak harrapatu gaitu, ez dago ihes egiterik!
Surf instrumentala ala abestua?
Gurean argi dago: instrumentala. Abestua ere atsegin dugu, baina oso alferrak gara hitzak idazteko. Gainera, oso gaizki abesten dugu.
Bertsiorik egiten al duzue? Zeintzuk?
Bertsioak egiten duen taldea gara batik bat, geuk idatziriko kanturen bat izan arren. Egokitzen ditugun taldeen artean honako hauek daude: Ventures, Tornados, Surfaris, Los Rebeldes del Rock, Relámpagos...
Nola ikusten duzue surf eszena Euskal Herrian?
Ondo ikusten dugu. Taldeak sortzen ari dira, tartean Stupefactos, The Longboards... Iruñeko Huevos Fritos taldeak ere surfak eragindako gitarra riff handiak jotzen ditu. Hala ere, ez dugu hondartzarik nahi, surf mehatxua exijitzen dugu.
Eta Estatuan?
Estatuan oraindik oso ezagunak ez diren talde oso onak daude, esaterako, Derrumbes, Tiki Phantoms, Born Losers, Los Flamingos... ikertu eta baietz beste 15 aurkitu!
Ezinbesteko suf disko zahar bat eta garaikide bat.
Ventures-en Live in Japan’65 eta Ray Daytonaren Fasten Sean Belt.
Beach Boys ala The Trashmen?
Trashmen! Surf-shit-a aldarrikatzen dugu. Beach Boys erreferentea izan arren, “mutiko zintzoen” estetika horrekin eta melodia gardenekin ez gatoz bat. Hala ere, janzten zituzten alkandora hawaiiarrak atsegin ditugu! Disko onak dauzkate, baina Trashmen betirako!!!
Link Wray ala Dick Dale?
Zein galdera mota da hau! Link Wray ezbairik gabe! Link Wrayren Zombie-ak laster D. Dalen burua ekarriko digu. Musikalki ez dugu D. Dale gorrotatzen, baina bai gorrotatzen dugula bera.
Olaturik hartzeko asmorik bai?
Gehienbat ajeak harrapatzen ditugu. Ez gara batere surflariak. Surf estetika atsegin dugu, –surfaren estetika, ez “surf modarena”–, baita neskak bikinia soinean dutela, eta antzekoak, baina daukagun ohol bakarra plantxarena da.
Zuekin harremanetan jartzeko
:
www.myspace.com/sfinters (hor informazio osoa dago!) eta kuxkuxeroentzat http://www.ipunkrock.com/diario/104
LOS STUPEFACTOS lanperna surflariak
(Igor Stupefacto)
Noiz sortu zen taldea eta non?
2004 urteko udaran sortu zen Psilocybenean (Hondarribiko musika elkartea).
Nortzuk osatzen duzue taldea?
Endika Stupefacto (baxua), Ixa Stupefacto (gitarra), Unai Stupefacto (bateria) eta Igor Stupefacto (gitarra).
Zerbait grabatu duzue edo grabatzeko asmorik duzue?
Los Stupefactos bezala ez dugu oraindik ezer grabatu, nahiz eta Psilocybek argitaratu dituen bi diskoetan kanturen bat sartu.
Zergatik sortu zenuten taldea eta zergatik aukeratu zenuten surf musika?
Lanpernak bila ari ginela, bat-batean olatu handiek bi gitarra, baxua eta bateria ekarri zituzten kostaldera, hori bai ezustekoa!
Nola deskubritu zenuten surf estiloa?
Ez genuen surfa deskubritu, hark deskubritu gintuen Irungo Bloody Mary dendan.
Surf instrumentala ala abestua?
Instrumentala ezbairik gabe.
Bertsiorik egiten al duzue? Zeintzuk?
Oraingoz gehienbat bertsioak jotzen ditugu, abesti pare bat geureak izan arren: Rosita eta Atlantida. Honako talde hauen kantuak egokitzen ditugu: The Ventures, The Shadows, Link Wray…
Nola ikusten duzue surf eszena Euskal Herrian?
Dakizunez lauzpabost talde gaude oraindik. Ez gaude mugimendu baten aurrean, baina Mundakako olatua bueltatu denez, gaitzerdi!
Eta Estatuan?
Los Coronas beste talde guztien gainetik daude.
Ezinbesteko surf disko zahar bat eta garaikide bat.
Zaharren artean, The Ventures klasikoen edozein bilduma edo Chantays-en Pipeline eta garaikideen artean, Los Straitjackets-en edozein lan, Slacktone-ren In To The Sparkle, The Breakaways-en Time Surfin’, eta abar luze bat...
Beach Boys ala The Trashmen?
Trashmen.
Link Wray ala Dick Dale?
Link Wrayren soinu gordina eta Dick Dale-n abiadura.
Olaturik hartzeko asmorik bai?
Oholtzara olaturen bat iristen bada bai!
Zuekin harremanetan jartzeko:
losstupefactos@hotmail.com
LAS SFINTTERS surfin’ bikinis
(Maialen)
Noiz sortu zen taldea eta non?
Taldea 2004 urteko udaran sortu zen, Hondarribin.
Nortzuk osatzen duzue taldea?
Naiara (gitarra), Nahikari (baxua), Naiara (bateria) eta Maialen (ahotsa eta gitarra).
Zerbait grabatu duzue edo grabatzeko asmorik duzue?
Oraindik ez dugu ezer grabatu, hasiberriak gara eta. Denborarekin, baina, auskalo zer gerta daitekeen. Oso kontent gaude taldearekin eta agian hemendik urte batzuetara...
Zergatik sortu zenuten taldea eta zergatik aukeratu zenuten surf musika?
Ez dakit nola hasi ginen. Denboratxo bat generaman taldea sortzeko asmoarekin. Gogo handia geneukan eta lagunek ere asko lagundu gintuzten. Surf musika Los Straitjackets taldearen bidez ezagutu genuen. Haien erritmoak oso erakargarriak dira eta soinean daramaten Mexikoko borroka libreko maskara horiek ere asko atsegin ditugu.
Nola deskubritu zenuten surf estiloa?
Kasualitatez kasete bat uzten dizute eta horra hor surfa! Estiloan gehiago murgildu eta estilo bereko talde gehiago ezagutzen dituzu.
Surf instrumentala ala abestua?
Biak, bakoitzak bere xarma berezia dauka. Gure kasuan, biak nahasten ditugu, hobe pasatzen baitugu.
Bertsiorik egiten al duzue? Zeintzuk?
Bai, Los Straitjackets-en Time Bomb, Satan’s Pilgrims-en Plymouth rock, Katty Lynn and the Playboys-en Rock City, Bomboras-en Tortilla, Fifty Foot Combo-ren Evil Walks In... bertsio desberdinak ere nahasten ditugu.
Nola ikusten duzue surf eszena Euskal Herrian?
Beste bi talde ezagutzen ditugu, Stupefactos eta Sfinters. Lehen ez genuen surfa jotzen duen talde euskaldunik ezagutzen, eta kristoren ilusioa egiten digu, haien lagunak ere bagara eta gure solasaldietan surfa da nagusi.
Eta Estatuan?
Talde oso onak daude: Los Coronas, Los Derrumbes, Born Losers... Los Coronasekin dezente flipatzen dugu. Oso teknikoak dira eta zuzenean erakusten duten soinua itzela da!
Ezinbesteko suf disko zahar bat eta garaikide bat.
Link Wray-re Rumble eta Satan’s Pilgrims-en The
Best Of.
Beach Boys ala The Trashmen?
The Trashmen.
Link Wray ala Dick Dale?
Biak.
Olaturik hartzeko asmorik bai?
Oraindik olatu txikietan oso kontent ibiltzen gara; ea pixkanaka olatu handiagoak hartzen ditugun.
Zuekin harremanetan jartzeko:
www.fotolog.com/siamdar edo matxmo@hotmail.com
2006, abuztua – iraila