Carlitus diskoaren bultzatzailea
Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Hauxe da Kataluniako Propaganda Pel Fet diskoetxearen eskutik datorkigun proposamen berria: Advertenciès i Advertimets, de la inquietud a l’actitud. Bertan, Katalunian eta katalanez eginiko hip hop eta tendentzia berrien talde bilduma aurki dezakegu. La Pupil-la, Pirat’s Sound Sistema, Saiaia, Lama Nasa, Gato-el-qiman, Digital Vendetta, Tret de Gràcia, Dring Dublé, Magnetopore eta Labatzuca taldeek osatzen dute bilduma hau. Katalunian jorratzen ari diren bide berrien adierazle garbiak ditugu.
Propaganda Pel Fet diskoetxeko kide den Cartlitusek honela azaltzen digu bilduma honen sorrera: “Duela denbora dezente genbiltzan ideia honekin, hip hopa eta elektronika inguruko proposamen ezberdinak ikusten genituen gure inguruan, baina kalera ateratzeko eta jaialdietan parte hartzeko zailtasunak zituzten, lokaletan lan egiten ari zen jendea baina ez zen kalera ateratzera animatzen. Guk talde desberdinak elkartu eta denon artean bilduma bat egitea proposatu diegu, beraien lana ezagutarazteko, denen artean harremanak egiteko…”. Aukera aparta eskaini die diskoetxeak artista hauei. Izan ere, hamar talde hauek ez baitzeukaten abestirik argitaratuta eta lan honetarako grabatu dituzte beren lehen abestiak.
Talde gehienak zuzenean ikusteko aukera handirik ez da egon. Pirat’s Sound Sistema da zuzeneko gehien eskaini dituena eta horren adibide garbia maiatzean zehar Euskal Herrian eta Katalunian Betagarri eta Obrint Pas taldeekin egin dituzten kontzertuak dira. Beste batzuk, disko hau argitaratzearekin batera hasi dira zuzenera irteten, La Pupil-la, Lama Nasa eta Gato-el-qiman adibidez. Azkenik, badaude zuzenekoak eman ez dituztenak ere, hauei diskoetxetik zuzenekoak prestatu eta eman ditzaten animatzen ari zaie. Lan handia egin du Propagandak Pel Fetek talde guztiak elkartzeko: lokaletatik pasatu, talde ezberdinak entzun, bilaketa lan handia, zalantzarik gabe, baina azkenean emaitza ederra eta oso lagungarria suertatu da Katalunian, hip hop, reggae, elektronika… doinuetan sortzen ari diren proposamen berriak ezagutzeko. Hamar talde berriren doinuak ezagutzeko parada ezin hobea beraz bilduma honetan.
“Hemendik aurrerakoa guztion lana da, taldeena, entzuleena, gurea (diskoetxea)…, dio Carlitusek. Eta gaineratzen du: “Baina gehienbat taldeena, lokaletatik irten eta beraien proposamenak kanporatzeko”.
2004, EKAINA-UZTAILA