entzun.com

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Erreportajeak

bidali zure berria Bidali zure artikuluak
Joxi Ubeda 2004-06-15

AKAUZAZTE mamia

Akauzazte Akauzazte
Ederra, osoa, borobila da Azalberritan, Akauzazte taldeak Compaa de Sueos Ilimitada zigiluaren bitartez kaleratu duen lan berria. Doinuak dotore jantzi dituzte, abardura eta xehetasun ugariz, giro iradokitzaileak sorraraziz. Irudimena pizten digute, azala hunkitu, laneko zortzi atalek.

Azalberritanekin pozik dira Akauzaztekoak: Gure orain arteko diskorik lasaiena, entzungarriena, eta giro ezberdin gehien dituena da. Aberatsa da zentzu horretan, aurreko lanarekin alderatuz. X, aurreko CDa, eta Azalberritan lantzeko eran antzekoak izanik, giro eta intentzionalitate aldetik erabat ezberdin ikusten ditugu: X lan konpaktu, motz, beltz eta entzungogorragoa da Azalberritan baino.
Sortze prozesuan, X eta Azalberritan denbora berdinean landuak izan ziren. Orduan, bi lan ezberdin ateratzea erabaki genuen, kanten giroekiko nolabaiteko sailkapen bat eginez. Ordurako konturatu ginen zer nolako diskoa atera zatekeen Azalberritan, eta nahiago izan genuen gure materiala horrela banatu. Bai X eta bai Azalberritan diskoekin, oso gustura gelditu dira, guk buruan genuena azkenean nola azaleratu den ikusirik.
Matadeixen, azken urteetan, doinu eta ideia hainbatekin lan egin, eta horren ondorioa da Azalberritan. Lan handia, luzea, sumatu ahal da grabazioaren atzean. Azalberritanen lan prozesua luzea izan da, zenbait kanturen konplexutasuna dela eta. Horrez gain, denboraren presiorik ez dugu izan, dena geure estudioan grabatu dugulako, Matadeixen.
Grabazio prozesuan, abestiak ez zeuden aldez aurretik finkaturik. Hau da, ez gara joan abesti bat grabatzera. Gure estudioko grabazioak eta genituen ideia multzo bat elkar nahastuz atera dira abestiak, eta batzuetan zaila zen erabakitzea kanta bat noiz zegoen bukatuta. Tarte leunak eta lasaiak, eta doinu zakarrak eta gordinak, ondo nahastu eta orekatu dituzte Azalberritan lanean. Hori eta gainerako guztia ederki josi dute grabazioko zortzi ataletan, dotore jantzi.

Bi mundu

Sasoiko dago taldea. Ederki sumatu ahal izan dugu hori azken jendaurreko emanaldietan. Oso saio onak egin baititu Akauzaztek azken hilabeteetan. Denbora luze batean isilik egon ondoren eta hirukote modura gure zuzenekoa aldatu egin da. Taldekide gutxiago izateak soinuan gehiago definitu gaitu, baina Akauzaztek hasieratik erakutsi duen jarrera mantenduaz.
Besteak beste, ekainaren 5ean Tolosako Bonberenean joko du Akauzaztek, Atom Rhumbarekin, eta ekainaren 25ean Basaurin, Doss taldearekin.
Ur gardenak (Esan Ozenki, 1999), X (Akauzazte, 2003) eta Azalberritan (Compaa de Sueos Ilimitada, 2004) lanetako piezak jotzen ditu Akauzaztek jendaurreko emanaldietan. Estudioko lana eta jendaurrekoa erabat ezberdintzen ditugu, beti horrela izan da Akauzazten. Estudioan ditugun medioak ez dira zuzenekoak, eta alderantziz, zuzenean ditugun kondizioak ez dira estudiokoak. Horregatik bi munduetako gauzarik onenak hartu eta erabiltzen saiatzen gara.
Roge, Arra eta Joxe dira Akauzazte. Azalberritan lanean talde sendoa osatu dute hirurek eta beren laguntzaileek. Besteak beste, Cancer Moon taldeko kide izandako Josetxo Anituak Irrikan abesti ikaragarrian kantatu du (hitzak ere berak idatzi ditu). Disko hau Matadeixen aurrenahastu dugu, eta guretzako mundu berri bat aurkitu dugu estudioan, informatikaren erabilerarekin. Disko hau geuk gauzatu ahal izateko nahitaezkoa genuen ordenagailuen erabilera, teknikoki ezinezkoa zelako bestela.
Horretarako, Mikel Zubieta eta Tzesneren laguntza izan dute. Horrez gain, erabat hasberriak izanik, bagenekien gure lanari beste zuku bat aterako ziotela Stephan Kriegerrek eta Xabi Erkiziak. Beraien esku utzi genuen diskoaren ekoizpena, eta haiek lan handia egin dute soinu guztia biribilduz.
Halaber, Mini eta Baxi (Akauzazteko partaideak izanak) arduratu dira liburuxkaren diseinu eta maketazioaz. Carlos Desastre ere kantu moduko bat sartu du abesti batean, beste lagun batek (Txonpo) tronboia jo du beste batean... Akauzazteren grabaketak beti nahiko irekiak izan dira, eta guztiei eskertzen diegu lan honetan eginikoa.

2004, EKAINA-UZTAILA
bidali zure artikulua Bidali zure artikulua
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.