Irudia: Bike kolektiboa.
Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Hirugarren diskoarekin datorkigu Bike kolektiboa (Bilbao Kolektibo Elektronikoa), Bike 3.0 izenekoa, aurreko Bike 1.0 eta Bike 2.0-ren ostean. Orain arte, haien asmoa Euskal Herrian elektronika egiten zuten taldeen abestien bildumak egitea izan bada ere, oraingoan RRV-aren hit klasikoen bertsio elektronikoak egitea eta ekoiztea erabaki dute. Ez arazorik gabe, 80. hamarkadan grabatutako magnetofoi zinta originalak lortzea ez baita gauza erreza izan, batzuetan ezinezkoa, lege arazoak medio edota hauetako asko desagertu direlako.
Diskoan parte hartu duten
Insertbeat, Dr. J. Mimoloco, J.L. Canal, Gose, PlanetaLeta, Lab 7, Dr. Pinsapo vs LaHaine, Backbone eta
GZK elektronika alorreko taldeek 80. hamarkadako
Eskorbuto, Zarama, Cicatriz, La Vulpes, La Polla Records, Delirium Tremens, Hertzainak, Kortatu, Barricada eta
RIP taldeen hit klasikoen bertsio elektronikoak egin dituzte. Abesti batzuetan, talde hauen jatorrizko musikarien kolaborazioa izan dute, eta horrela, Barrikadako El Drogasek, Zaramako Roberto Mosok, Vulpeseko Mamenek eta Delirium Tremenseko Andoni Basterretxeak parte hartu dute proiektuan.
Ideia berriei buelta asko eman ondoren, Bilbao Kolektibo Elektronikoak –Bikek– ohiko lerroa utzi dute, hau da, Euskal Herrian elektronika munduan dabiltzan taldeen bilduma egitea ez dute xede izan oraingo honetan. “Nahiko modu naturalean, 80. hamarkadako punk rock eta euskal rock erradikaleko bertsioak egitea erabaki dugu
Bike 3.0 honetan. Bertsiook hutsetik egin ditugu, sanplerrik erabili gabe, eta kasu batzuetan jatorrizko abeslarien kolaborazioa izan dugu”, azaltzen digu
Unai Gonzalez ekoizleak eta Bikeko kideak.
Horretarako, bertsio hauen multipista originalak bilatzen hasiak, abentura honen konplexutasunaz ohartu ziren: “Elektronikaren ohiko lerroa erremixak edo audio originalak nahastea gure lehen asmoa izan arren, konturatu ginen kasu askotan grabazio originalak eskuratzea ezinezkoa zela, asko eta asko desagertuta daudelako. Horregatik, bertsiook zerotik egitea erabaki genuen”, jarraitzen du Bikeko eta Insert Beat musika taldeko kide honek.
Xabier Letamendia ‘Leta’ (El Inquilino Comunista, PlanetaLeta...) izan da
Bike 3.0 disko berri honetako kolaboratzailetako bat. “Produkzio bide berriak zabaltzen ditu Bikek, agian zigilu batean tokirik ez dutenak”, esan digu Letak eta berak egindako bertsioaren gorabeherak azaldu dizkigu: “Delirium Tremenseko bateria jole Andoni Basterretxearekin jarri nintzen kontaktuan euskal rock erradikaleko erremixak egiten ari ginela eta Deliriumekin zerbait egitea nahi genuela esateko. Ez!, esan zidan. Berriro ere azaldu behar izan nion proiektua. Berehala animatu zen eta azkenean ahotsa eta gitarra pista batzuk grabatu ahal izan ditugu berarekin
Ikusi eta ikasiren bertsioa egiterakoan”, jarraitzen du Letak. “Andoni bera Delirium da, eta hainbat gauza jatorrizko bertsiotik aldatzerakoan, ez zen oso eroso sentitzen”, jarraitzen du Unai Gonzalezek, irribarre txikiaz. Letak charlesak eta bateria erritmoak sartu dizkio eta Unaik pare bat sintetizadore erabili ditu,
Ikusi eta ikasiren 35 minututako bertsioa egiteko. Hala ere, bertsio luze hau Bikeren kontzertuetan dugu entzungai soilik, diskoko bertsioa askoz ere laburra baita.
ARAURIK EZ
Hamar bertsio, egungo musika elektronikoa egiten duten hamar talde ezagunen eskutik biltzen dira
Bike 3.0 honetan. “Nahiko disko koherentea da”, diosku Unai Gonzalezek. “Hemen ez da egon araurik, eta diskoan parte hartu duten taldeek, bakoitzak aukeratu du zeinen bertsioa egin. Hala ere, jatorrizko talde asko kanpoan geratu dira, MCD kasu”. Beste kontu bat izan da jatorrizko taldeen abeslariak hilda daudela. RIPen bertsioaren kasu bakarra da jatorrizko abeslariaren ahots grabatua erabili duguna”, dio Unaik. Eskorbutoren kasuan, arazo legalei egin behar izan diete aurre Bikeko lagunek, eta baita “musika elektronikoaren inguruan Euskal Herrian dauden aurreiritziei. Hala ere, El Drogas Iruñetik etortzeak ala Mamen bera kolaboratu izanak, asko esaten du sortzaile hauei buruz. Oso giro ona izan da gure artean”.
Orduko grabazio sistemak ere mintzagai izan dute Bikeko lagunek. “90. hamarkadan hasi ginen
ochopistak erabiltzen, baina kontuan izan behar da 80. hamarkadan ez zirela egun ezagutzen ditugun grabazio sistemak eta teknologia. Carlos Kreatorrek berak grabatzen zituen behin eta berriro zinta berdinean, eta batek daki non dauden eta ez ote diren desagertuak. Kasu askotan arazoak izan ditugu jatorrizko zintak eskuratzeko, arazo legalak ere izan dira tarteko. Horregatik erabaki genuen 0tik sortzea”.