Lerromuturreko hiru ertzak.
Musika doinu eta erritmoekin esperimentuak egitea atsegin dute. Bide berriak bilatzea. Jarrera hauslea da. “Punkia”, taldekideen hitzetan.
Kimi (ahotsa eta gitarra), Gabri (bateria) eta Iraitz (baxua) Tolosaldekoak (Gipuzkoa) dira, eta 2006. urtean sortu zuten Border Line taldea. Bi single kaleratu dituzte jadanik, eta urteotan jendaurreko saio ugari egin dituzte.
Beren kontzertuak ez dira ohizkoak. Saio bakoitza ongi prestatzen dute. ‘Life performance’ gisako emanaldiak egiten saiatzen dira, taldekideek esan dutenez:
“Gure kantuak jotzen ditugu, baina inprobisatu ere egiten dugu, zati batzuk beti inprobisatzen ditugu, eta horrela kontzertu berriak eskaintzen ditugu aldiro”.
Ondorioz, emanaldi batetik bestera, kantuek aldaketaren bat izaten dute. “Duela urtebeteko kantuek eta oraingoek ez dute zerikusirik. Kontzertu batean, adibidez, rapero bat sartu genuen kantu azkar batean”.
Fugazi eta Sonic Youth bezalako taldeen aireak antzematen ahal dira beren kantuetan.
“Kantu berriek Red Hot Chili Peppers taldearen lehenengo diskoetako giroa ere badute”, dio Kimik.
Hitzak ingelesez idazten dituzte, “horrela ateratzen zaigulako”, nahiz eta frantsesa ere erabiltzen duten. Kimik idazten ditu hitzak: “Kanta guztiak pertsonaia baten soinu banda izango balira bezala idazten ditut. Haren bizipenak dira. Dena alegiazkoa da”.