entzun.com

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Erreportajeak

bidali zure berria Bidali zure artikuluak
Koldo Almandoz 2016-05-24

Buddy Bradley

Hate / Gorrotoa

Hate komikien lehen bilduma. Hate komikien lehen bilduma.

Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Lotura erlazionatuak
Zein zaila den benetan norbait benetan maitatzea eta zein erraza aldiz norbait gorrotatzea. Pentsa ezazu. Zenbat jende maitatzen duzue benetan? Zenbat gorrotatzen? Jabetu al zarete zein erraza den ezagutzen ez duzuen norbait gorrotatzea? Buddy Bradley gorrotoaren printzea da. Bere sudur handi, hanka estu eta kopeta-ile ramonetarrarekin, mundua eta munduko gizaki eta izaki guztiak gorrotatzen ditu. Ozpina gosaltzen duen marmarti bat da Buddy. Izaki gorrotagarria bere baitan... Zergatik maite dugu orduan Peter Bagge komiki egileak sortutako Buddy Bradley pertsonaia?



Buddy maitatzeko arrazoi ugari dago. Lehena, beti hodei beltz batean bizi den arren, bere hausnarketak argiak eta zorrotzak direlako. Eta benetakoa delako. Buddyren bizitzan ez dago zuzentasun politikorik. Lana, familia, maitasun harremanak, lagunak, sexua, bere inguruko gertakizun eta pertsona ororen analisi eta diagnosi zehatza egiten du. Bere buruarena ere bai. Eta gehienetan, konklusioa patetikoa izaten da. Hala ere, egoerarik okerrenean, Buddyk beti topatzen du aurrera egiteko modua modu hori ihes egitea bada ere.
Zergatik maite dugu Buddy Bradley? 80/90. hamarkadetan gazteak izan ginenon belaunaldia islatzen duelako. Bere zalantzak, beldurrak, gorrotoak, maitasunak, gureak direlako. Eta bere komikien soinu banda, gure gazte garaietako soinu banda delako. Azken finean, gure bizitzako une batean edo bestean guztiok izan garelako Buddy Bradley. Nola da posible sudurluze batek, hain ongi islatzea garai bat eta garai haietako seme-alaben errealitatea? Nola lortu zuen egileak musika eta gizarte mugimenduen korrontea norantz zihoan asmatzea eta harekin batera mugitzea? Erantzunak segidan.


New Yorkeko garaiak, sekula hilko ez diren nerabeen izpirituaz bizi izan zituen moduan, Seattle-n, gorrotoz eta tristuraz betetako gazte horien gorabeherak hesitik ikusi zituela aitortzen du
NY (punk rock urteak)
80. hamarkadan New Yorken bizi zen Peter Bagge. Bertara ikastera joan zen, baina ikasketak berehala utzi zituen jakin zuelako zer egin nahi zuen bere bizitzarekin: komiki underground egile izan. Bai lagunak, eta txantxa bat dirudien arren, iluminatu honek komiki underground-aren ikur bihurtzea lortuko zuen. Horretarako makina bat urte falta ziren ordea. Itzul gaitezen 80. hamarkadako NY zulora. Komikigintza underground-a, irudikatu dezakezuen moduan, negozio handia zen garai hartan eta egileek dirutan igeri egiten zuten. Hori horrela izanik, tarteka aldizkari komertzialentzat ilustrazio eta komiki batzuk egin bazituen ere, garai hartan Baggeren diru iturri nagusienetakoa, hainbeste maite zituen punk rock taldeentzat azalak egitea zen. Ez dugu ahaztu behar 80. hamarkadan gaudela, diskoak saltzen ziren aitzinako garai ia ahaztua. Peter Bagge punk rock zale amorratua zen. East Villageko kontzertu eta festibalen urrezko aroa bizitzea tokatu zitzaion. Baina komiki egilearen egunerokoa latza izanik, sagar handia hiri garestiegia bihurtzen hasi zenean plan aldaketa iritsi zen. Baggeren neskari lan bat eskaini zioten herrialdearen beste puntan, Seattle hotz eta aspergarrian, eta hara abiatu ziren.


Seattle (grunge urteak)
Iritsi eta alaba izan zuten. Emaztearen lanari esker, ziurtasun minimoa zuten eta Peter-i geroz eta enkargu gehiago egiten zizkioten. Seattle-n lau urte zeramatzatela, bat batean basomutil alkandora, galtza bakero hautsi eta txima luzeen musika-talde zaratatsuen eztanda gertatu zen. Non eta bizitzeko aukeratu zuten ipar mendebaldeko hiri hotz hartan.
Peter Baggek etxean lan egiten zuen eta beno, berak askotan aipatu du ez zuela grunge mugimendu hura bizi. Baina ez dugu sinisten. Tipo argia delako Bagge. Eta ezinezkoa da bere komikietan kontatzen duena kontatzea hura bizi izan gabe. Hemen, artistilla orok zin egiten du Madrileko Movida-n edo Donosti Sound-en edo Rock Radical Vasco-an sartuta ibili zela. Baggek ordurako 30 urte bazituela dio eta alaba eta emaztearekin egoten zela beti. New Yorkeko garaiak, sekula hilko ez diren nerabeen izpirituaz bizi izan zituen moduan, Seattle-n, gorrotoz eta tristuraz betetako gazte horien gorabeherak hesitik ikusi zituela aitortzen du. Baggek, 90. hamarkada, ironia eta sarkasmo handiz islatzen ditu bere komikietan. Maltzurragoa eta are dibertigarriagoa da bere ikuspegi gordina. Mundu osotik eszena haren parte izateko grinaz Seattle-era gerturatutako kanpotarren analisi barregarri bezain krudela egiten du Hate bildumako atal ezberdinetan.



Hate bildumak asko du autobiografiatik: Hoboken-en (New Jersey) kokatutako institutu eta familia giroko lehen atalak, etxetik alde egin zuenekoa, parrandak, lehen sexu harremanak, musika, drogak, lan prekarioak, desamodioak, musika, inportaziozko garagardoa, lagunak, Seattle-era bizitzera joaten denekoa... Beti ere, ironiaz, garraztasunez, eta Buddy/Peter hain maitagarria egiten duen izaera marmartiaz.
Suposatzen dut, Entzun! aldizkariaren irakurle batek baino gehiagok irakurria izango duela Hate bilduma. Hala ez bada, utzi oraintxe bertan eskuartean duzuna (urte osoa duzu eta irakurtzeko) eta lortu ezazu Hate bilduma berandu baino lehen. Eskertuko diguzu.


Peter Baggek egindako disko azal batzuk.
bidali zure artikulua Bidali zure artikulua
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.