Dischord-eko buruak egun.
Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Dudarik gabe, Dischord diskoetxea da, Alternative Tentacles-ekin batera, punk eta hardcore munduko zigilurik esanguratsuena. Askorentzat, Dischord etikaren sinonimoa da: bere independentzia gogor zaindu du multinazionalen marrazoen aurrean, eta tinko eutsi die bere buruari ezarritako printzipioei: diskoak ahalik eta merkeen argitaratzea, MTVri eta bestelako komunikabide handiei muzin egitea, kalitatea beste ezeren gainetik jartzea, kontraturik ez izenpetzea... Egia esateko, asko dira horrelako jokabidea duten diskoetxeak, baina inork ez du Dischord-ek adina arrakasta lortu. Eta, gainera, bere katalogoa disko bikainez eta argitarapen historikoez beterik dago. Bide horretan hogei urtez iraun dutela ospatzeko, disko hirukoitza argitaratu dute oraindik orain.
Dischord 1980an sortu zen, Ian MacKaye eta Jeff Nelson-en eskutik. Biak ala biak Washington DC-ko punk talde gazte baten kide ziren, Teen Idles. Taldearen bizitza oso laburra izan zen, eta, banatu ondoren, kontzertuetan bildutako diruarekin zer egin ez zekitenez, disko bat egitea bururatu zitzaien. Horrela argitaratu zen Dischord-en lehenengo erreferentzia, Teen Idles-en Minor disturbance izeneko Ep-a. Baina garai hartan Washington DC-ko punk eszena borborka zegoen; beste hainbat lekutan bezala, talde gazteak lehenengo punk belaunaldiari ikasitakoa gogorrago eta azkarrago jotzen saiatzen ziren, hardcorearen sorreran parte hartzen ari zirela konturatu gabe, eta MacKaye eta Nelsonek zigilu sortu berria eszena dinamiko horren zerbitzura jartzea erabaki zuten. Hurrengo urteetan, DC-ko hardcore talde guztiek Dischord-en bidez argitaratu zituzten euren lanak: State Of Alert (SOA; beraiena izan zen Dischord-en bigarren erreferentzia, No policy Ep-a, Henry Rollins kantari zutela), Government Issue, Youth Brigade, The Untouchables eta, batez ere, Minor Threat.
Izan ere, Minor Threat-en garrantzia izugarria da. Musikalki, hardcorearen zedarriak definitzen lagundu zuten lehenengo Ep-arekin, eta gero zedarri horiek gainditu zituzten Out of step diskoarekin. Ideologikoki, garai hartako punk eszenaren indarkeria, nihilismo eta drogazaletasunari beste jarrera positiboagoa kontrajarri zioten, “No future” lelotik aktibismo politikora doan bidea eginez eta, nahi gabe izan bazen ere, straight edge mugimenduari hasiera emanez. Lehen aipatu ditugun Mackaye eta Nelsonez gain, Brian Baker eta Lyle Preslarrek osatzen zuten taldea.
80ko hamarkadaren hasieran, Washington DC-ko talde garrantzitsuenek Dischord-en bidez argitaratu zituzten euren diskoak (Faith, Void, Scream), baina eszena hori gero eta gatazkatsuagoa bilakatzen ari zen eta, gainera, Dischord-ek diru arazo larriak zituen. Talde gehienak desagertu ziren, eta krisi moduko bat izan zen DC-ko eszenan, baina 1985 inguruan beste talde multzo bat heldu zen: Rites Of Spring (bertan zeuden Brendan Canty eta Guy Piccioto), Dag Nasty (Brian Bakerren talde berria eta hardcore melodikoaren aitzindariak), Beefeater, Embrace (Ian MacKaye-ren esperientzia berria) eta abar. Talde horietan guztietan, soinua dezente aldentzen zen hasierako hardcore gogor eta azkarretik: erritmo konplikatuagoak, melodia landuagoak, jazz edo funk-aren eraginak eta proposamen ausartagoak, baina hardcorearen betiko intentsitate eta indarrarekin. Orduan hasi zen gerora “DC soinua” deitu dena definitzen. Hala ere, benetako iraultza 80ko hamarkadaren amaieran eta 90ekoaren hasieran heldu zen, soinu berri horretan sakondu eta garatu zuten hainbat talderekin. Eta talde horien artean, bat nabarmendu behar da nahi eta nahi ez: Fugazi.
Zaila da Fugazik azken bi hamarkadatan pop kulturan izan duen garrantzia azaltzea. Zaila bezain alferrikakoa, Entzun!-en irakurle gehienak horren jakitun direlako. Esan dezagun, sikieran, etengabeko bilaketa, kode musikal berrien xerka atsedenik gabe jardutea, jakin-mina, pasioa eta zintzotasuna direla MacKaye, Canty, Picciotto eta Joe Lally-ren taldearen ezaugarri nagusiak. Fugaziren arrakastak Dischord-en hazkundea eta egonkortasuna ekarri zuen, eta multinazional handi asko hurbildu zitzaizkien arren, Fugazik Dischord-i loturik jarraitu du orain arte.
Fugaziren dizdirak beste talde on asko bigarren mailan utzi ditu, baina Shudder To Think, Jawbox edo Nation Of Ulisses aipatu beharrekoak dira, guztiek lagundu dutelako “Dischord soinua” edo “DC soinua” eraikitzen. Azken urteotan ere, Fugaziren salmentek ematen duten segurtasunari esker, talde interesgarri ugari argitaratu du Dischord-ek, beti ere kalitatea komertzialtasunaren gainean lehenetsiz: The Make-Up (soul-punkaren errege-erreginak, The (International) Noise Conspiracy baino lehenagotik), Bluetip (oraindik gogoan dugu Gorlizko Xurrut areto txikian eman zuten kontzertua), El Guapo, Capitol City Dusters edo Q And Not U dira Dischord-en azken erreferentzietako batzuk.
ZERK EGITEN DU DISCHORD DESBERDIN?
MacKayek eta Nelsonek dioten moduan, Dischord Washington DC-ko punk komunitatean gertatzen dena jasotzeko sortu zen, eta bizirik dago oraindik ere eszena horretan gauza interesgarriak gertatzen direlako. Horregatik, Dischord-eko talde guztiak AEBetako alde horretakoak dira, eta eszena edo komunitate bereko partaide. Horren ondorioak argiak dira: Dischord-ek ez du talderik fitxatzen, ez du Washington-etik kanpoko maketarik jasotzen, ez da arrakasta lor dezaketen taldeen atzetik ibiltzen. Askoz sinpleagoa da: eszena horretako partaidea bazara, eta zerbait interesgarria baduzu esateko, disko bat egingo duzu Dischord-en. Eta kanpoko taldeei animoak ematen dizkiete beraien hirietan ere antzeko zerbait egin dezaten. Do It Yourself. Zeuk egin.
Bigarrenik, Dischord merkatuaren arauetatik kanpo mugitzen da. Ez du sinatzen taldeak diskoetxeari loturik kateatuko dituen kontraturik. Talde guztiak, diskoa argitaratu ostean, libre dira nahi duten tokira joateko. Bost edo sei langile baino ez daude bertan, eta hasieran borondatezko lana egiten zuten, orain soldata eta gizarte segurantza duten arren. Dischord-ek ez du publizitaterik sartzen komunikabide handietan, ez du MTVrentzako bideorik egiten, armagintzaren kontrako edo etxerik gabekoen aldeko kanpainetan hartzen du parte, dendek ezin gainditu dezaketen gehienezko prezioa (merke samarra) jartzen die bere produktuei.
Gaur egun, Dischord soinu-mota baten sinonimoa da, baina, era berean, eta hori baino garrantzitsuagoa, gauzak egiteko modu bat da: mundu osoan jende asko gauza bera egitera bultzatu duen exenplu eta indarra. Hogei urtez horrela irautea zoriontzeko modukoa da. Zorionak, beraz: Dischord-i eta, batez ere, Dischord-i esker musika eder eta talde interesgarri askotaz gozatzeko aukera dugun zaleoi.
TWENTY YEARS OF DISCHORD
Hogeigarren urteurrena ospatzeko, Dischord diskoetxeak oso opari berezia egin digu: 20 years of Dischord izeneko kutxa. Bertan, hiru CD eta 134 orrialdeko liburuxka bat, 20 urtean egindako ibilbidea laburbiltzeko.
Lehenengo bi diskoetan, Dischord-ekin grabatu duten 50 taldeak agertzen dira, abesti banarekin eta kronologikoki ordenatuak. Lehenengo diskoan, jakina, hardcore doinuak nagusitzen dira. Beharbada, kutxa hau Fugaziren itzalak erakarririk erosten dutenek ez diote disko honi grazia handirik ikusiko, baina hemen dago hardcorearen historiaren zati handi bat, eta garai hartako punk eta hardcore taldeak jasotzen dituzten Kill By Death bildumen zaleek gozatu ederra hartuko dute Minor Threat, Teen Idles, SOA, Government Issue, Youth Brigade, Faith, Void edo Scream-en barrabaskeriak entzunez. Horretaz aparte, Rites Of Spring, Beefeater, Soulside, Shudder To Think, Fire Party (guretzat, oso sorpresa atsegina)... Izen handiak, benetan. Bigarren diskoa, nola ez, Fugazik irekitzen du. Blueprint ederra aukeratu dute, Waiting room, Merchandising edo Song number one ezagunagoen kaltetan. Eta musika bikaina tonaka: Lungfish, Nation Of Ulysses, Slant 6, Make-Up, Bluetip...
Baina zalearentzako benetako amua hirugarren diskoan dago: orain arte argitaratu gabeko abesti bitxiak. The Teen Idles-en lehenengo maketatik ateratako kantak (1979koak!), Minor Threat-en Straight Edge zuzenean grabatua (Minor Threat-en lehenengo kontzertuaren lehenengo abestia!), Fugaziren kanta argitaratu gabeko bat (Margin Walker diskoaren garaikoa) eta Burning-en zuzeneko bertsioa, Slant 6-ek grabatu zuen azken abestia... Gainera, sei bideo (Teen Idles, Untouchables, SOA, Faith, Void eta Deadline) eta kontu jakingarriz eta argazki bikainez apaindutako liburuxka (Henry Rollins-en sarrera batekin).
2003,EKAINA - UZTAILA