entzun.com


Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Erreportajeak

Iñaki Esnaola 2006-12-02

DISKOETXEEN LORALDI ANITZA (I. Zatia)


Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Euskal Herriko musikaren historian aurrera egitea lortu duten bakarlari zein taldeek laguntza berezi bat izan dute atzean. Diskoetxeen babesaz ari gara. Salbuespenak egongo diren arren, urteetan musikariek sortu eta desagertu diren zigilu ezberdinen babesa izan dute. Egun ere badute, baina egoera ezberdina da. Musikaren industriak gainbehera nabaria bizi du mundu mailan. Eta mundua aipatuta Euskal Herria ere tartean sartu behar. Betidanik gertatu izan den bezala, krisiak eta sortzen diren proposamen berriek eragin nabarmena izaten dute gurean. Uka ezina da. Musika estiloekin gertatzen den bezala, munduan gehien jorratzen diren musika ezberdinek goizago edo beranduago taldeak sortzen dituzte. Diskoetxeekin gauza bera gertatzen da.
Musikaren euskarria kolokan dagoenean, ‘top-manta’ delakoak sortu dituen ondorioak ikusita eta multinazionalen jarrerak eraginda filosofia berriak sortu dira munduan. Eta noski, Euskal Herrira ere iritsi zaigu fenomeno hori. Diskoetxe independenteetaz ari gara. Baina “independente” esaterakoan izaera bereko baina filosofia ezberdineko zigilu asko ari gara zaku berean sartzen. Horregatik, komenigarria litzateke Euskal Herriko diskoetxeen errealitatea modu labur batean deskribatzea.
Hasteko, gure lurraldean martxan dauden zigiluak bi multzotan banatu behar dira. Batetik, SGAEren menpekoak ditugu. Eta bestetik, SGAE alboratu eta askatasun osoa nahi dutenak (zenbaitek gaitzetsi ere egiten dute). Lehenengo multzoan, horren ezagunak ditugun Elkar, Oihuka eta Gor Diskak aipa genitzake. Bigarrenean, berriz, azken bi urteetan eman den fenomenoaren barne dauden Musikherria herri diskoetxe aitzindaria, Puzkarra Records eta Eremulauak Ediziogunea. Bereziki, bigarren multzoko zigilu berri hauei eskainiko diegu tarte handiena hurrengo lerroetan. Izan ere, Euskal Herriko diskogintzak bizi duen egoera anitzaren isla dira bigarren multzo honetan dauden diskoetxe “txikiak”.
Antzeko izaera izan arren, ezberdintasunak ere badituzte. Gehienek ‘copyleft’ mugimendua besarkatzen dute. Baina beste batzuek musika librearen aldeko apustua egiten duten arren, ez dute inolako loturarik zehazten. Batzuk kultur elkarte “legalak” dira. Baina SGAEtik kanpo lan egiten dute. Eta beste batzuk, “anarkia” bide lagun nahiago dute “pirata” moduan jardun. Berez, musikaren aldeko apustua baita garrantzitsuena. Eta honela, beste hainbat bereizketa egiten jarrai genezake. Onena, ordea, multzo ezberdinak banan-banan aztertzen joatea izango da. Horretarako, azken bi urteetan Euskal Herrian sortu diren zigilu guztien bilduma egiten saiatuko gara. Hori bai, hasi aurretik argi adierazi nahi da multzo batean edo beste batean dagoen diskoetxeak errespetu berbera merezi duela. Hau da, zigilu bat ez da “euskaldunagoa” edo “musikaren alde gehiago egiten duena” batean zein bestean egon. Denek osatzen dute Euskal Herriko diskogintzaren errealitatea.




Egile eskubideen menpe daudenak (SGAE)



Aurrerago aipatu bezala, SGAEren barne kokatzen diren zigiluak izan ditugun eta egun martxan jarraitzen dutenak ezagunenak dira. Denboran atzera gehiegi egin gabe, Esan Ozenki aski ezaguna eta azken urtean desagertu den Metak diskoetxea multzo honetan koka daitezke. Baita, IZ eta Mil A Gritos zigilu gasteiztarra ere. Ez dago esan beharrik diskoetxe hauek gure lurraldeko musikaren heziketan garrantzi nabaria izan dutela. Egun, ordea, badira beste hainbat zigilu “mitiko” lanean jarraitzen dutenak. Elkar, Oihuka, Gor Diskak eta Gaztelupeko Hotsak kasu. Baita, beteraniatik kanpo ibilbide eder bat egitea lortu dutenak ere: Hirusta Records, GP Records, Underhill Records, Brixton Records, Bonberenea Ekintzak, Goi Music, Noizpop… Azken bi urteetan, hamar bat zigilu berri batu dira multzo honetara. Eta bereziki zigilu berri hauei tarte zabalagoa eskainiko diegu. Dena dela, bereizketa berri bat egin beharrean gaude. Bi azpiatal: lan talde batek bultzatu duen diskoetxea eta musika talde batek bereziki sortu duen zigilua bere ekoizpenak kaleratzeko.


1.Talde ugariren musika bultzatzeko diskoetxeak


BABEL MUSIK

2006. urtean eman du ezagutzera Babel Musik zigiluak bere burua. Oinarrian Gazteok musika-eragintza izan da sortzailea. Lan talde bizkaitar batek diskoetxe bat sortu eta aurrera egitea erabaki zuen. Momentuz, ibilbide laburra egin dute. Hala ere, aurten bost disko kaleratu eta zabaltzea lortu dute. Póg Mo Thon zein Harrobi taldeen estreinakoak eta Axular DJ-aren hirugarren lana. Labetik atera berriak berriz, Gozategiren azkenekoa eta Txato Platoren estreinakoa.
Info gehiago: www.babelmusik.com



BAGA-BIGA MUSIKA IDEIAK

Management enpresa moduan bi urte bete ostean, Agus Barandiaran eta Iker Aginaga bizkaitarrek Baga-Biga diskoetxea sortu zuten otsailean. Hortaz, euren eskaintza zabaltzea erabaki zuten. Izan ere, musika-eragintzan ibiltzeaz gain grabaketa estudio propioa dute Bilboko Bolueta auzoan. Diskoetxearen egoitza, berriz, Mungian dute. Ekoizpenei dagokienez, proiektu ezberdinak entzun eta baloratu ondoren hiru disko hautatu zituzten udaberrian kaleratzeko. Hain zuzen ere, Noizean Behin, Korrontzi eta Basaki taldeen diskoak. Udazkenera begira, ordea, lau argitalpen berri burutuko dituzte: Linea 2, Itaka eta The Killministers taldeen lehen lana eta Bidebat-en bigarrena. Bistan denez, diskoetxe bizkaitarrak aurrera egiteko asmo argia du. Info gehiago: info@baga-biga.com
www.baga-biga.com



ERZSEBET RECORDS

Muturreko metal musikaren eta doinu ilunen alde lan egiteko asmoz, Indar Productions banatzaileko kideek zigilu bat sortzea erabaki zuten urte hasieran. Bereziki azpimarratzekoa da Erzsebet diskoetxea oso exijentea dela. Musika munduan horren zaila den originaltasunaren bila doaz. Kalitate handiko proiektuetan sinisten dute. Freskotasuna duten taldeei bakarrik egin gura diete lekua. Baliteke horrek eragin izana aurten ekoizpen bakarra kaleratzea. Zigilu donostiarrak Castelloko Runic taldearen estreinakoa plazaratu du bakarrik. Dena dela, aurrera begira Aiumeen Basoa eta Adhur euskal taldeen lehen diskoak ateratzea du helburu. Proiektu serio eta konprometitua. Info gehiago: erzsebet@indarproductions.com /
www.indarproductions.com



MENDEBALA DISKAK

Mendebala Jaialdia Kultura Elkarteak 2004. urte hasieran sortu zuen zigilua da. Beste diskoetxeekin alderatuta, Mendebala Diskak-en asmoa Euskal Herrian sortzen diren folk musikaren taldeak bultzatzea eta ezagutaraztea da. 2003 urtean 1. Folk maketa lehiaketa egin zuten eta ondorioz talde irabazleari bere lehen diskoa grabatzea, argitaratzea eta banatzea eskaini zioten. Honela, orain arte Dronadar eta Ghatusain taldeen diskoak kaleratu dituzte. Info gehiago: mendebala@hotmail.com
www.mendebalasopuerta.net






2.Talde batek sorturiko diskoetxeak




BARNE RECORDS (Eibar, Gipuzkoa)

Norton Klub taldearen lehen lana kaleratzeko Mikel Gorosabel ‘Norton’-ek eta David Otaegik sortzea erabaki zuten diskoetxea da. Hasiera batean proiektu berriaren diskoak kaleratzeko izango dela dirudi, baina baliteke beste hainbat talderen aldeko apustua egitea.Info gehiago: barne@barne.net
www.nortonklub.com



ESTOLDETAN (Berriz, Bizkaia)

Metak diskoetxea desagertzean, Seiurte taldeak hurrengo diskoak bere kabuz kaleratzeko hautua egin zuen. Aurten, auto-ekoizpenaren munduan sartu eta Estoldetan izeneko zigilu berria sortzea erabaki dute. Jauzia diskoa lehenengo erreferentzia izan da. Honekin batera aipatu behar da talde bizkaitarraren grabaketa estudioak izen berbera duela.Info gehiago:
www.seiurte.com



JO TA KE EKOIZPENAK (Eibar, Gipuzkoa)

Su Ta Gar talde aski ezagunak sortu berri duen zigilua. Diskoetxe ezberdinekin lan egin ostean, eibartarrek euren lana erabat kontrolatzeko asmoz diskoetxe propioa sortzea erabaki zuten. Jainko Hilen Uhartea lan berria zigiluaren lehenengo kaleratzea izan da. Info gehiago:
www.sutagar.com



LABATELKUEYO (Iruñea, Nafarroa)

Erdibidean geratzen den zigilua. Berez, Gualitxo talde nafarrak sortu zuen beraien lehen lana kaleratzeko. Ondoren, beste hainbat talde nafarren lanak kaleratu dituzte. Tartean banandu berri diren Buitraker, King Putreak & The Vientre eta Adriana Olmedo. Info gehiago: labatelkueyo@gualitxo.com



MATASELLOS (Gasteiz, Araba)

Metak diskoetxearen itxierak bultzatu duen beste zigilu propioa da. Kasu honetan protagonistak Neubat taldekoak dira. Stereosaurus bigarren diskoa kaleratzeko urrian sortu zuten diskoetxea da. Auto-ekoizpenaren bidetik babes propioa. Info gehiago:
www.neubat.org




TALKA RECORDS (Irun, Gipuzkoa)

Fermin Muguruzak aurten sortu duen diskoetxe propioa genuke. Esan Ozenki zein Metak zigiluekin nolabaiteko lotura izan ostean, eta Kontrakalea proiektuaren bidetik Talka Records proiektuari bide ematea erabaki du. Diskoetxearen lehen lana irundarraren Euskal Herria Jamaika Clash izan da. Info gehiago: talka@kontrakalea.com




ZAKURRAREN BIOLINA (Usurbil, Gipuzkoa)

Joseba Tapia trikitilari ezagunak Real Politik bere bakarkako laugarren lana kaleratzeko urrian sortu zuen zigilua. Lasarteko musikariak bere apustu pertsonala egin nahi izan du auto-ekoizpenaren bidean sartuz. Inbertsio eskuzabal bat burutu ostean zentzu zirikatzailea duen diskoetxea sortu du. Hori bai, banatzaile on baten laguntzarekin. Info gehiago: kontaktua@josebatapia.com
www.josebatapia.com



2006 - 2007, abendua - urtarrila
Erlazionaturiko edukiak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.

Berri Laburrak

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!