entzun.com


Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Erreportajeak

Iñaki Esnaola 2006-12-03

DISKOETXEEN LORALDI ANITZA (II. Zatia)


Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
SGAEren pean dauden zigiluen antzera, multzo honetan ere hiru azpiatal bereizi daitezke. Guztiek ezaugarri bat dute komunean (musika librearen aldeko apustua), baina ezberdintasun txikiak ere badituzte. Esaterako, Musikherriak, Eremu Lauak edizioguneak eta Sototik label-ek copyleft-aren alde egiten dute, baina ez dira guztiz antzekoak gerora ondorioztatu ahal izango den bezala. Aldi berean, Drowned Scream, Gorpubelatze, Ortots eta Puzkarra guztiz askeak dira. Ez dute copyleft lizentziarik erabiltzen, baina finean filosofia berbera dute. Alegia, musika librearena. Honekin batera, “pirata” hutsak dira (zentzu onean). Eta azkenik, Psylocybina diskak, Eremu Lauak eta Ideiak Bultzatuz-en kasua genuke. Hiruek musika elkarte bat dute oinarrian eta aukera izan dute “barra kodea” eskuratzeko. Jakina denez, barra kodeak asko laguntzen du edozeren banaketa, eta elkarteak izanik aukera dago lortzeko. Nolanahi ere, Ideiak Bultzatu eta Sototik label diskoetxeak berezitzat joko ditugu. Hori bai, bakoitzak bere berezitasuna du.Kontuak kontu, azter ditzagun labur baina ulertzeko moduan diskoetxe bakoitzaren nondik norakoak.


DROWNED SCREAM RECORDS (Loiu, Bizkaia)

Aritz Nabarro eta Asier Bilbao musikariek 2003. urte inguruan sortu zuten diskoetxe txikia da. Musikalki, metal musikaren muturreko alorrean aurki daitezkeen estiloak jorratu eta jorratzeko asmoa dute. Estreinakoa, At The Gates taldearen omenezko diskoa izan zen. Lan nekeza baina apustu interesgarria. Aurten ostera, Darkness By Oath talde euskaldunaren lehen diskoa eta Odd Heathenish taldearen maketa kaleratu dituzte. Honez gain, kontzertu eta birak ere antolatzen dituzte. Info gehiago: info@drownedscream.net
www.drownedscream.net
br>

EREMU LAUAK EDIZIOGUNEA (Euskal Herria)

Haritz Pascual, Gorka Bereziartua eta Xabier Doncelek Eremulauak kolektibo eta webzinea martxan jarri ondotik, aurten zigilu ere bilakatu dute. Azken urrats honetan Jon Basaguren batu zaie. Gainera, diskoetxea ez ezik argitaletxe txiki bat izateari ez dio uko egiten. Lehen ekoizpena Nun taldearen Collage diskoa izan da. Esparru musikalari dagokionean, Eremulauak ediziogunekoek euskal panoraman lekurik ez duten taldeei lagundu nahi diete. Aurrera begira, ekoizpen berriak iritsi daitezke. Info gehiago: http://ediziogunea.eremulauak.com




GORPUBELATZE PRODUCTIONS (Amurrio, Araba)

Gure lurraldeko metal musikaren underground-aren barruan Amurrio aipatu beharreko herria da. Bertan sortu zen iaz Gorpubelatze Productions, muturreko metalaren alde egiten duen zigilua. Urgarunek, diskoetxe independentearen sortzaileak, inguruko eta beste herrialdeetako musikarien musika zabaltzeko sortu zuen. Orain arte, ekoizpenak kasete nahiz CD-R formatuan kaleratu ditu. Besteak beste, Arima Erratuen Erresuma Split-a eta Panzerfrosten aurreneko LPa. Honez gain, Urgarunek Thrashing Madness Records azpizigilua sortu du aurten eta lehen ekoizpena Lupulo euskaldunen kasetea izan da. Info gehiago: urgarun@yahoo.es
www.gorpubelatze.cjb.net



IDEIAK BULTZATUZ (Zornotza, Bizkaia)

Duela bi urte zenbait musika taldek sortutako elkarte kulturala oinarri duen zigilua da. Beraien helburua egungo musikaren egoerari aterabide bat ematea da talde bakoitzaren musika auto ekoiztuz. “Autogestioan sinisten duten musikarientzako bidea da”. Kaleratu zuten lehenengo lana Nuuk-At taldearena izan zen. Horren ezaguna egin zena mila ale saldu ostean. Ekoizpena SGAEren pean kaleratu zuten, baina ez dute mendekotasun horren alde egiten. Taldearen esku uzten dute erabakia. Hortaz, orain arte zehaztu ditugun bi multzoen arteko hibridoa genuke Ideiak Bultzatuz. Laster ekoizpen gehiago plazaratu eta hedatuko dituzte. Info gehiago:
www.ideiakbultzatuz.com info@ideiakbultzatuz.com



MUSIKHERRIA HERRI DISKETXEA (Euskal Herria)

Iazko martxoaren amaieran egin ziren Markinako Gazte Mugi topaketen ondorioz sortu zen Musikherria. Bertan herri diskoetxe bat sortzearen beharra ondorioztatu, Herri Disketxeruntz proiektua abian jarri eta urrian Musikherria zigilua aurkeztu zuten. Sustatzaileak diskoetxea osatzen duten musika taldeak eta sorrerako eztabaidetan parte hartu zuten musikazaleak izan ziren. Urtebete igaro ostean, hogeitik gora erreferentzia dituzte. Gehientsuenak aurten kaleratu dituzte. Esaterako, All Jazz Era, Sarkor, Ozen eta Conflict Noise-ren lanak. Bestalde, kontzertu bira garrantzitsu bat burutu dute aurten eta emanaldiak antolatzen jarraitzen dute gaztetxeen ezinbesteko laguntzarekin. Amaitzeko, gogoratu Musikherria izan dela nolabait filosofia berriaren bultzatzaile definitiboa. Alegia, beraiek izan dira musika librearen alde lehenbizi antolatu direnak Copyleft mugimendua besarkatuz. Info gehiago: info@musikherria.org
www.musikherria.org



ORTOTS BURDIN HOTSAK (Donostia, Gipuzkoa)

Herriko Burdina webzineko kideek, Euskal Herriko metal talde gazteekin bilduma bat prestatu ostean, berau plazaratuko zuen zigilu bat sortzea erabaki zuten. Bildumaren proiektua duela bi urte piztu zen arren, Ortots diskoetxea aurten jarri dute martxan. Lehen ekoizpena, aipaturiko Altzairu Goria bilduma izan da eta jarraian iritsi dira Denial zein Mendeku Itxuaren estreinakoak. Sortzaileen helburu nagusia gure lurraldeko metal talde berriei aukera bat ematea da. Beti ere, Herriko Burdinaren alde. Dena dela, aurrera pausuka joan nahi dute. Info gehiago: ortots@herrikoburdina.net
www.mundurat.net/ortots



PSYLOCYBINA RECORDS (Hondarribia, Gipuzkoa)

Psylocibe Elkartea du oinarri eta Hondarribia inguruko taldeak bultzatzea jomuga. Iaz jarri zuten martxan, baina aurten kaleratu ditu ekoizpen gehienak. Besteak beste, Pinbol, Kabul eta Coliflowers taldeen diskoak. Estilo aldetik ezin da zigilua esparru batean kokatu. Mugarik gabeko zigilua da. Oso berezia. Hori bai, bere inguruko taldeen alde ezinbesteko lana egiten duena. Elkarte bat izanik, barra kodea eskuratzeko aukera izan dute eta euren lanak banatzaile komertzialek ere hedatzen dituzte. Info gehiago: psilocybina@euskalerria.org



PUZKARRA RECORDS (Hernani, Gipuzkoa)

Jon Ijurko eta Ibon Apezetxea ‘Pepino’-k Euskal Herriko benetako Punk Oi! musika bultzatzeko asmoarekin sortu duten zigilua da. Musikaren komertzialtasunari aurre egiteko, bertako taldeak euren kabuz bultzatzea pentsatu zuten. Honela zaletasuna apustuarekin uztartu eta soilik punk oi!-aren alde lan egiteko gogotsu daude. Beraien hitzetan, gainontzeko musika ez zaie axola. Aurten, lehenengo lau erreferentziak kaleratu dituzte. Afoniaren bi lan, Doublin Boysen diskoa eta Orreaga 778-aren lehen lana. Bestalde bidean da Ukabilkada taldearen lehen diskoaren berrargitarapena. Info gehiago: puzkarra@euskalerria.org



SOTOTIK LABEL (Orereta, Gipuzkoa)

Orain arte aipaturiko zigiluen artean berritzaile eta bereziena da. Hasteko, argitu behar da Sototik net-label bat dela. Interneten copyleft lizentziarekin argitaratzen dena Mp3 formatuan. Oier Iruretagoiena (Tüsuri) sortzaileak dioen bezala, “ez dago CD fisikorik, dena 0ak eta 1ak dira”. Askoren iritziz net-labelak izango dira etorkizuneko diskoetxeak. Izan ere, mugarik ez dute, gasturik ez eta mundu osora zabaltzen dira. Dena dela, kontran galtzeko erraztasuna aipa daiteke. Askotan ezin jakin non gordetzen diren gauzak. Filosofiari dagokionez, “musika esperimentala” edo musika ez oso ohikoa sareratuko duen zigilua da. Lehen erreferentzia Löty_Negarti sortzaile algortarraren Introspicio izan da. Gerora proiektu berriak “igoko” dituzte web orrira. Ezbairik gabe, bitxia eta aurrerakoia Oierrek eratu duen net-labela. Info gehiago: oieria@gmail.com
www.sototik.com/label/




IPARRALDEA

Bukatzeko, Iparraldeko zigiluen aipamen txikia egitea komenigarria litzateke. Estatu frantsesaren barne kokatzen direnez, SGAEren parekoa den SACEM elkartearen mendeko diskoetxeak dira. Ezagunena ezbairik gabe Agorila dugu, betidanik iparraldean hedatuegia dagoen “folklorismo” delakoaren adierazle nagusia. Durangoko Azokan oraindik mantentzen dute presentzia. Bestalde, Kultulan Diskak zein R. Dizka diskoetxe desagertuak eta Lanetik Egina kultur elkarte langilea aipatu behar dira. Bukatzeko, Lapurdiko Amanita dugu, Café Teatro edota Voodoo Muzak taldeen lanak argitaratu izan dituena, eta Anorack Records.


EUSKAL HERRIKO DISKOETXEEN ZERRENDA

Martxan daudenak (gainontzekoak)

AGORILA (Baiona, Lapurdi)
BELTZA Records (Donostia, Gipuzkoa)
BONBERENEA Ekintzak (Tolosa, Gipuzkoa)
BRIXTON Records (Getxo, Bizkaia)
COMPAÑIA DE SUEÑOS ILIMITADA (Azkoitia, Gipuzkoa)
DISCOS CRUDOS (Leioa, Bizkaia)
EDG-MUSIC (Galarreko Espartza, Nafarroa)
ELKAR (Donostia, Gipuzkoa)
ERRABAL JAZZ (Soraluze, Gipuzkoa)
ETXE-ONDO (Mutiloa, Nafarroa)
GAZTELUPEKO HOTSAK (Soraluze, Gipuzkoa)
GOI MUSIC (Beasain, Gipuzkoa)
GOR DISKAK (Iruñea, Nafarroa)
GP Records (Donostia, Gipuzkoa)
HIRUSTA Records (Hondarribia, Gipuzkoa)
MATXINSALTO (Pirritx eta Porrotxena)
MUNSTER Records (Bilbo, Bizkaia)
MUSICA AUTONOMA/FRAGMENT MUSIC (Donostia, Gipuzkoa)
NO-CD Rekords (Donostia, Gipuzkoa)
NOIZPOP (Mungia, Bizkaia)
OIHUKA (Donostia, Gipuzkoa)
REEK OF PUTREFACTION (Galdakao, Bizkaia)
UNDERHILL Records (Iruñea, Nafarroa)
AUS ART RECORDS (Orio, Gipuzkoa)
RUN DOWN MUSIC (Tolosa, Gipuzkoa)
ANORACK RECORDS (Haltsu, Iparralde)

Desagertuak

ARISE Records
AKETO Records (Hertzainak taldeak sortua)
AZTARNA
BASATI Diskak
DDT (diskoetxe gisa)
DONOSTI ROCK
ESAN OZENKI
HILARGI Records
IZ / IZ Rock
KULTULAN Diskak
METAK
MIL A GRITOS
NOLA!
R.DIZKA
SHANTI Records
SOIÑUA
XOXOA
NOVOPHONIC


Zalantzan

COOPERACCION RECORDS (Trintxerpe, Gipuzkoa)
DISCOS SUICIDAS (Algorta, Bizkaia)
TWOBASCOS Records (Bilbo, Bizkaia)




2006 – 2007 , abendua – urtarrila
Erlazionaturiko edukiak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.

Berri Laburrak

  • Fermin Muguruza & Kontrakatxa Hego Amerikan daude maiatzaren 16tik: Chile, Montevideo, Bogota, Mexiko...
  • Foehn zigiluaren udaberriko nobedadeak: BALAGOren Darder eta OSO LEONEren Mokragora.
  • Zaramak hiru abesti dituen disko labur batekin datorkigu: Sinestezina. Hemen entzun.
  • Jazzaldian euskotarrak: 18 talde, 9 dj, B. Achiary, I. Salvador, M. Azpiroz, Igelaren Banda... www.heinekenjazzaldia.com
  • SONISPHERE 2013: Madril (Mai 31) & BCN (eka 1). Kartela: IRON MAIDEN, ANTHRAX, MEGADETH, AVANTASIA...
  • Balerdi Balerdi taldeak Petti beratarra fitxatu du. http://balerdibalerditaldea.wordpress.com/

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!