Gang of Four.
Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Gang of Four taldeak gizonezkoen indarkeriari buruzko He’d send in the army kantua idatzi zuen 1981ean.
Terrorismoa arazo larria izan da eta izaten da lurralde askotan. Milaka pertsona hil dira haren ondorioz eta hedabideetan albiste garrantzitsua izatea ulergarria da.
Urtero gizonek milaka emakume hiltzen dituzte etxean. Bortizkeria matxistak terrorismoak baino askoz pertsona gehiago hiltzen ditu, baina, antza denez, berri hori ez da terrorismoarena bezain erakargarria, ez ditu hainbeste egunkari salarazten.
Hiltzaile matxista horiek ez dira erotzen bat-batean, kontu zahar eta sakona da haien maltzurkeria. Gizartean zehar, arrunta da emakumeen gutxiagotasuna onartzea, baita bultzatzea ere. Aldi berean, gizonen indarkeria onartu ez ezik, askotan miretsi ere egiten da.
Gang of Four taldeak gai horri buruzko abesti batzuk eman zizkigun, haien artean 1981eko
He’d send in the army (Gizonak armada bidaliko luke):
Familiaburuak aginduak ematen ditu,
azkenean, esaten duenak aginpidea dauka
Sistema hau ondo eraikita dago,
emakumea denagatik gizonarekin zorretan dago
Armada erabilgarria da
gizartea ezinegon dagoenean
Kaixo, mutilak, batailaren batean egon zarete?
Aizue, mutilak, “batailaren batean” egon zarete?
Lankideekin elkartu
elkarrekin duzuen etsaiaren aurka
Soldadu soila ez da horrelakoa,
armek bere asti guztia betetzen dute
Lanik gabe gaizki egongo litzateke
Bataila nahi zuen, sortu egiten du
Emakumeak gizonari ordainketa logelan itzultzen dio
Nagusiarengandik urrats bat atzerago dago
Bere esanetara dago edo zigorra jasotzen du,
gizona nagusien esanetara dagoen bezala
GANG OF FOUR
Gang of Four taldea 1977an Ingalaterrako iparraldeko Leeds-en sortu zen. Musikarekin zein letrekin, taldearen ideia nagusia gauza guztiak zalantzan jartzea zen.
Taldearen musikak ez zuen inoren ildoa jarraitu eta Gang of Four-ren lehenengo bi albumak originaltasun handikoak dira. Izugarrizko talde zaratatsua izan zen. Funk erritmoa punkaren indarrarekin eta rock gitarrekin nahasten zuen. Hala ere, Andy Gill gitarra jotzailea ez zen rock musikaren topikoetan erori eta bere solo asko “aurka soloak” izan ziren, hau da, isiltasuna.
Letrei dagokienez, politika gertuko gaiak landu zituzten, hau da, egunero gertatzen ahal zaizkigun egoerak edota emozioak: langabezia (
Paralysed), amodioa (
Damaged Goods), arrotz sentitzea (
At Home He's a Tourist)...
Taldeak bi album oso originalak plazaratu zituen, gero bi album ez horren interesgarriak eta 1984an banandu ziren. Gauzak zer diren, berriro elkartu ziren 1991an eta berriro ere 2004an.
Content diskoa argitaratu zuten 2010ean.