Hip hop turkiarra
Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Pop musikaren azken bi hamarkadetako panorama aztertuko bagenu, laster batean jabetuko ginateke bi direla, azken urte hauetan mundu mailan, bai musikari zein musikengan, itzal handiena duten musikak: azken aldian guztia “zipriztintzen” duten musika “elektronikoak” eta batzuetan modu ageriagoan, beste batzuetan modu isilagoan, agertzen zaigun hip-hopa. Ez dut uste beraz inongo astakeria denik aitortzea hip-hopa dela, kontsumo musikaren alorrean bederen, gaur egun itzal luzeena duen musika egiteko moduetako bat. Adibideak mundu osoan topa ditzakegu eta batez ere indarrean dauden musiken birfindegi bilakatzen diren “munduko musiken” alorrean.
Afrika izan daiteke horren ereduetako bat. Ugariak dira adibideak: sene- rap edo mendebaleko Afrikatik datorkiguna; kwaito edo Hego Afrikatik iritsitako hip-hop, house eta twonship nahasketa; Magreb osoan gero eta ugariagoak diren hip-hop taldeak eta, jakina, zer esanik ez, Frantzian sortu den hip-hop magrebtar mugimendu indartsua. Guztiek dute ezaugarri komunik; dagokien herrialdeko herri musiken eraginak (modu ezberdin eta eraginkortasun maila aldakorrarekin) New Yorkeko ghettoetan sortutako musikarekin uztartzea. Afrikako musika garaikideak freskatzera etorritako mugimendu berak eduki du eraginik munduko beste hainbat txokotan, Asian besteak beste, eta bereziki aipatu nahiko genuke gero eta indartsuago, gero eta ozenagoa, bilakatzen ari den hip-hop turkiarra.
Oso ezaugarri jakinak ditu turkiar hip-hopak. Lehenik eta behin aniztasun geografikoa, hip-hop turkiarra ez baita garatu soilik, lehen unean pentsa daitekeenaren kontra, Turkiako hiri industrial handitan (Istanbul, Izmir…), berez lehenago garatu baita kasik Europako hiriburu nagusienetako batzuetan: London, Paris, Zurich edo Berlin. Guretzat oso ezezaguna bada ere, beste ezaugarri nagusia da turkiar musikaren industriak duen indarra, bai ekoizpen mailan baita salmentetan. Benetan harigarria irudituko litzaiguke zenbat disko-kasete kaleratzen diren urtero eta baita arrakasta apur bat dutenek lortzen dituzten salmenta mailak. Hori kontutan hartuta, esan behar da baita ere – kanpotik” etorritako musiken egokitzapen guztiekin gertatzen den moduan – , hip-hopa “turkiaratzeko” saiakeretan ezberdindu behar ditugula AEBetako izar handienen tamainako hip- hoparen modu komertzialenen kopia hutsa direnak eta hip-hoparen klabeak bertako eragin, modu eta errealitatetara ekartzen saiatu direnak. Hori diogu hamarnaka baitira gaur egun turkiar hip-hopari ekiten dioten taldeak, nahiz eta guk lauzpabost baino ez ditugun aipatuko.
Berlin
Ezaguna da Alemanian dagoen turkiar kopuru handia, baita AEBetako musikek bertan duten eragin zuzena. Ondorioz, ez da harritzekoa 80ko hamarkada erdialdetik aurrera AEBetan gertatutako rap musikaren leherketak, dagoeneko, Alemanian sortuak ziren etorkin turkiarren seme-alaben belaunaldi berrietan eragitea. Klabe kultural propioen bila zebiltzan belaunaldi horiei hein handi batean modu ezin hobea gertatu zitzaien hip- hopa bere nortasuna aldarrikatzeko; bigarren mailako hiritar, ez turkiar eta ezta alemaniar… Honelaxe sortu zuten nolabait turkiar hip-hoparen kontu guzti honen sortzailetzat jo beharreko Islamic Force taldea 80ko hamarkada bukaeran. Taldearen eragina handia izan zen; turkieraz rapeatutako hitz gordinak, lotsarik gabe bere jatorria aldarrikatzen zuen musika… horren seinale, handik 10 urtetara batez ere Berlinen baina Alemania osoan honetan ari diren talde zein bakarlari ugariak.
Azken aldian argitaratutako lanik interesgarrienen artean, Kila Hakanek (Islamic Force taldeko Mc-ak) 2002an kaleratu zuen Çakallar (Rough Mix, 2002) bere lehen bakarkako lana aipatu behar dugu; baita ere Kreuzberger taldearen lehen saiakera interesgarriak, edo, joan den urtean Aziza Ak, lehen turkiar emakumezko Mcak, kaleratu zuen bigarren lan luzea, Kendi Dünyam (Blue Flame, 2002), besteak beste. Zerrenda asko luzatu daiteke, baina horretarako hobe Asphalt (Rough Mix, 2001) bilduma lanera jotzea, hantxe topa daitezke, batik bat, Berlineko eszena osatzen duten izenik interesgarrienetako batzuk.
Hala eta guztiz ere, ez da Berlinera mugatzen gaur egun Turkiar hip-hoparen presentzia Alemanian, aipagarriak baitira ere, besteak beste, Kolonia eta Frankfurteko esparru gero eta indartsuagoak.
Istanbul
Nahiz eta Europako hiriburuetatik zetorrenaren oihartzun gisa eratzen hasi, oso handia baita Europatik Turkiara joan etorrian ibiltzen diren gazteen kopurua, poliki-poliki, nortasun propioa hartzen hasi zen bertako mugimendua. 1995a izan daiteke datarik garrantzitsuenetako bat orduantxe kaleratu baitzuen Cartel egitasmoak bere Cartel (Space Records) izeneko lehen lan luzea. Egitasmoa dela diogu, zeren eta Cartel izenaren atzean bikote bat eta bi bakarlari baitzeuden; Karakan bikotea, Alemanian arrakasta apur bat lortutako Erci E eta Cinai Sebeke. Disko honen oihartzun handiak ateak ireki zizkion, hein handi batean bederan, hip-hopari Turkian.
Horretaz gain, harrobi izugarria bilakatu zen Cartel. Hurrengo urtean beren lehen bakarkako lan arrakastatsuak kaleratu zituzten adibidez Karakan bikoak: Al Sana Karakan (Nepe Muzik, 1996) eta Erci E-k: Sohbet (Raks muzik, 1996).
Cartel eta ondorengoek irekitako bideari jarraiki hamaika talde aritu bada ere, Ceza Mck eta Dr. Fuchs djak osatutako Nefret bikoa izan daiteke interesgarrienetako bat. Bi disko Meclis-i Ala Istambul eta Amathar egin ondoren, Cezak bakarka kaleratutako lana, Med Cesir, horren seinale. Gaur egun, bertan itzal handiena duten musikarietako batzuk ditugu. Hauetaz gain, izen zerrenda asko luzatu dezakegu:z Narcotik, Volkan, Sagopa Kajmer etab... Orotara esan daiteke munduko hiriburu handienetan gertatzen den bezala, Istanbulen ere ohikoak direla scratch eta rapeoak.
Beste hiriburuak
Berlin eta Istanbulen arteko zubi zuzen honetaz gain, gero eta nabariagoa da Europako beste hiriburu batzuetan turkiar hip-hoparen bultzada. Parisen adibidez Bomba taldea izan daiteke horren adibide. “Zertan zen mugimendu hura? Laster batean ulertu genuen artearen bidez gure izatea birbaieztatzeko modua zela hura, ordura arte itzalean zeudenen bozgorailu bilakatu zela kale arte hura” diote taldekideek 80ko hamarkadaz gogoratzean. Berez, hasieran Radioactif zuen izena taldeak baina 1995ean aldatu zuten, handik aurrera Bomba izenaz egin direlarik ezagunak. Kalean dute dagoeneko, hainbat gorabeheren ondoren, beraiek autoekoiztutako lehen lan luzea Mektup (Bomba productions, 2003).
Londonen berriz I.L.K Tayfa, Ak 09 edo Sterlinz taldeek ere asko sendotu dute orain artean beste asiar musika guztiahaldunen alboan apur bat itzalean aritzen zen hip-hop turkiarraren eszena. Zurichen ere bada musika mota honen ordezkaritzat jo dezakegunik, Makale bikotea, eta azkenik New Yorken aritzen da bere lehen lanarekin nahiko gauza interesgarriak egiteko gaitasuna duela adierazi duen Sultana. Dagoeneko bere bigarren lan luzea kaleratzear dago.
Panorama dispertsoa baino, askotarikoa dela esan daiteke. Finean, aipatu ditugun talde eta bakarlari guztiek bat egiten dute, ezberdintasun ugariak ezberdintasun, turkiar herri musikaren eraginak eta hip-hopa uztartzen. Alde horretatik piztu dute zaletuen jakin-nahia eta alde horretatik handitzen joango da haien itzala.
MAKALE
Zurichetik iritsi zaigu hip-hop turkiarrak eman duen azken ezusterik atseginena; Makale taldearen lehen lan luzea, Kingztanbul (Barbarity 2002). Old school, electro, ragga eta dub musiken eraginez jositako lehen lan honetan indarra eta gordintasuna agerian uzten dituzte Casus eta Cesaretek, taldeko bi kideek. Arrazakeriaz, integrazioaz eta oro har Europa ertainean dagoen milioika turkiarren bizitzaz aritzen diren istorioak azaltzen dituzte eta baita harro agertu ere bere asiartasuna. Horretan datza diskoaren erakargarritasunik nagusiena, modu ikusgarrian uztartu baitituzte Turkiako herri musiken eraginak hip-hoparen adar nagusienetatik zuzenean edaten duten beste eraginekin, halako “ethno- hip-hop” entsalada osatuz. Ikusgarria da 19 eta 20 urtetako bi gazte hauek erakutsi duten heldutasun musikala, nahiz eta kontutan hartu behar dugun, disko hau grabatzeko, Alemaniako turkiar Mc eta Djen laguntza izan dutela, hala nola Coloniako Mikrofone Mafia edo Frankfurteko Steryo C.E.M.
EMAKUMEAK
Azken urteek eman duten ezusteen atalean aipatu beharra daude diskoetxe berarekin lan egiten duten bi emakume; Aziza A eta Sultana. Lehena, Berlinen jaioa, etorkin turkiarren alaba. Nahiko ospetsua bertan, telebista aurkezlea izandakoa da. Oso oihartzun handia lortu du orain arte kaleratu dituen bi lanekin: Es Ist Zeit (1997) eta Kendi Dünyan (Doublemoon, 2002) eta esan daiteke gaur egun turkiar hip-hoparen izen nagusienetako bat bilakatu dela burutzen duen soul, jazz, funk eta house ukitudun hip-hop dotoreari esker. Sultana berriz, Turkian jaio eta New Yorken bizi den kantaria dugu. Aziza A-ren moduan, oinarritzat turkiar musika hartzen badu ere, askoz ere erritmikoagoa da bere lana, hip-hoparen iturrietatik gertuago kokatutakoa, gordinagoa eta indartsuagoa. Zaletuen arreta erakartzen jakin du orain arte kaleratu duen lan bakarrarekin, Cerkez Kizi (Doublemoon, 2001). Sultanak oraintsu kaleratu behar du, 2003ko udaberrian, bere bigarren lan luzea eta aurrekoaren ildotik joko duela dirudi. Bakoitza bere bidean, bi emakume hauek erakusten dute turkiar hip-hoparen alderik berritzaileena, eta ziurrenik bien ala bien diskoak ate ezin hobea dira turkiar hip-hoparen munduan sartzeko.
2003, EKAINA - UZTAILA