entzun.com

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Erreportajeak

bidali zure berria Bidali zure artikuluak
Gorka Erostarbe 2003-04-09

IKUS eta entzun

Ikus Ikus
Donibane Garazikoak dira eta lehen urratsak egiten ari dira musikaren munduan. Neure buruan lehen lana kaleratu berri dute, Oihuka diskoetxearen eskutik. Rock eta nu-metal doinu trinkoak lantzen dituzte, gitarra indartsu eta efektu digitalak uztartuz, pasarte gogorrak eta arinagoak orekatuz. Ekoizpen landua, jarrera irekia eta zuzenekoetarako egitasmo berritzailea dakartzate.

Ez da dudarik. Musika entzuteko egina da, batez ere. Baina, bada besterik. Dasta liteke, eta ukitu, eta ikusi sentitu, azken finean. Akaso, musika entzuteari bezainbat garrantzi emango diote ukitu, ikusi eta sentitzeari. Agian, horregatik jarri diote lehen entzunaldian musika talde batentzat bitxi egin litekeen izena: Ikus. Beraien eskaintzarekin koherentea den izena behinik behin, zuzeneko kontzertuetan berrikuntza zenbait ekartzeko asmoz dira eta.
Lehen diskoa kaleratu berri du Ikus-ek, Nere buruan izenarekin eta Oihuka diskoetxearen eskutik. 12 kantu ditu Donibane Garaziko taldearen lehen lanak, eta bideo-klipa ere badakar. Ezezagun dira gehienontzat oraindik, baina Euskal Herrian ez ezik, nazioartean ere ezagutaraztea da taldearen xedea.
Gaztea da taldea, eta gazteak dira taldekideak ere. John Garikoitz (bateria jolea, 22 urte), Paxkal Etxepare (gitarra jolea eta koroak, 21 urte), Peio Cachenaut (kantaria, 24 urte), Xabi Caset (gitarra jolea, 25 urte) eta Periko Pareau (baxu jolea, 24 urte) dira taldeko bost kideak: Taldea 2.000 urtean sortu zen Donibane Garazin. Bertakoak gara denok, nahiz eta John Ameriketako Estatu Batuetan (AEB) jaioa den, azaldu dio Entzun!i Periko Pareau baxu joleak. Beraien musika estiloa nu-metal euskalduna dela diote. Euskaraz ere estilo berezi hori egin litekeela uste dugu, AEB-etan bezala , zehaztu digute. Linkin Park, Rammstein, Tool aipatzen dituzte gustuko talde bezala. Euskal Herrikoen artean PI.L.T, Eraso edota Lin Ton Taun-en izenak bistaratu dituzte.
Baina, musika gustu, estilo eta erreferentzien gainetik, lan egiteko moduaz, diskoaren ekoizpenaz eta zuzenekoetarako duten proiektuaz mintzo dira Ikus taldekoak. Eta kontzeptu horien aipatzearekin bat, izen propio bat agertzen da: Rene Gueraague, diskoaren ekoizlea.

Seigarren taldekidea

Kasualitatez egin zuten topo Ikus-eko taldekideek eta Renek. Irulegin (Nafarroa) jaioa da Rene Gueraague, baina denbora luzez atzerrian aritu izan da lanean soinu ingeniari eta ekoizle modura: AEBetan, Ingalaterran, Alemanian eta Frantzian, batez ere: Duela 10 urte diskoetxe handientzat lan egiteari utzi eta orduz geroztik, ekoizle independente bezala lan egiten dut. Soilik gustuko ditudan talde eta lanak ekoizten ditut, adierazi digu. Lan kontuengatik Euskal Herrira itzuli zen duela gutxi: Oldarra Biarritzeko koru taldea da, eta haren ekoizpenarekin jarraitzeko etorri nintzen. Donibane Garazin apartamendu bat hartu nuen, eta bertako musika denda batean ezagutu nituen Ikus taldekoak. Harremana sendotu eta beraien ekoizle izaten amaitu dut.
Renek hitz onak baino ez ditu taldekideentzat: Giza interes handia erakutsi dute, jende jatorra da, irekia, eta gainera, musikari onak dira. Espero ez nuen pagotxa topatu nuen. Nabaria da musika asko entzun dutela, eta interesa zutela gauza berriak egiteko. Baliabideak falta zituzten, baina behin baliabideak izanda beraien ideiak hezurmamitzen lagundu ahal izan diet. Esentzia ateratzea izan da nire egiteko nagusia. Taldeak konposatzeko estilo oso interesgarria du, Reneren hitzetan, baina, batik bat, kideek musikarekiko duten jarrera nabarmenduko luke: Beraiek nahi dutena egitea gustatzen zaie, baina beti jendeak entzun eta jarrai dezakeenera moldatuz. Irekiak eta eskuzabalak dira musika egiterako orduan: ez dute soilik gauza bat egitearren egiten, eta pentsatu: Honekin aski. Jendeak egiten dutena uler dezan saiatzen dira; musikan, letretan, nahasketak egiterako orduan .
Taldekideek ere loreak ekoizlearentzat: Rene soinu ingeniari handi bat da. Esperientzia anitz du eta oso material ona dauka. Oso ongi atzeman du gure musika, eta bere belarriari esker oso ondo landu du gero soinu hori. Lana asko erraztu digu guri; guk gurean jarri dugu arreta, instrumentuak jotzean. Duela urtebete inguru single bat kaleratu zuen Ikusek, eta ondotik kontzertu batzuk eskaini zituen, baina, behin diskoaren lantze eta grabatze prozesuan sarturik erabat geldi egon ziren urtebetez.

Grabazioa eta plug-inak

Rene Gueraaguek estudio mugikor bat dauka. Bertan grabatu zuten Nere buruan lehen lana. Bi elementu izan dira garrantzitsuak grabatzerako orduan: Batetik, musikaren emozioa eta ohiko jotze moldeak daude, baina guzti hori baliabide informatikoekin uztartu dut. Lehen-lehenik bateria soinuak grabatu zituzten taldekideek: Johnek bateria guztiak jo zituen estudioan. Soinu horiek ordenagailuan jaso eta plug-in edo efektu digitalen bitartez guk nahi genuen soinua eman genion. Plug-in horiek aukera ematen digute ordenagailuaren bitartez guk nahi dugun soinua lortzeko. Gitarrak grabatzerakoan ere plug-inak erabili zituzten. Instrumentuekin eta efektu elektroniko guztiekin konposizio bat egin genuen. Linkin Park edota Rammstein bezalako taldeek erabiltzen duten soinuaren tankerakoa erabiltzen dugu guk ere, azaldu digute taldekideek.


ESTUDIOKO TEKNIKAK ZUZENEKORA
Disko berriarekin nazioartean ezagutarazteko asmo sendoa dute Ikusekoek eta horretarako kontzertuak ezinbesteko dituzte. Urriaren 22an hasiko dira zuzenekoak eskaintzen eta gurean ohikoa ez den kontzertu moldea eskaintzeko asmoa dute: "Grabatzerakoan erabili ditugun ordenagailuak erabiliko ditugu kontzertuetan ere. Saiatuko gara soinu bera edukitzen, nola diskoan hala kontzertuetan ere. Ez dugu erabiliko ez anplirik, ez mikrofonorik, ezta inolako osagarririk ere. Soilik musikariak eta gure instrumentuak. Oraindik ez dugu kontzerturik eman horrela. Hori lantzen ari gara".
Zuzenean jotzeko ideia hori ere Rene Gueraague ekoizlearen ekarpena izan da, neurri handi batean. Hark azaldu digu zuzenekoen molde eta filosofia berritzaile horren izaera: "Mundo osoan musika teknikarien lan egiteko modua asko aldatzen da estudiotik zuzenekora. Ia-ia aparteko bi mundu dira. Estudioetako teknikak oso aurreraturik daude (plug-in, efektuak...). Guk estudioko teknika aurreratu horiek ekarri ditugu zuzeneko soinura". Eta gure galdera: nola egiten duzue hori? "Normalean, talde batek zuzenean jotzen duenean mikrofonoak erabiltzen ditu. Soinu hori nahasketa mahai batean sartzen da eta bertan egiten dira efektuak eta. Gero, handik ateratzen da soinua. Guk, guztiz bestelako modu batean jokatzen dugu. Nahasketa mahaian sartu aurretik, ordenagailuan sartzen da zuzeneko musika. Taula gainean jotzen dutena frekuentzia altuko emisoraren bidez doa ordenagailura. Ez dago ez kablerik eta ez deus. Zuzenean ordenagailuan sartzen da. Behin ordenagailuan sartuta, soinu horiek guztiak plug-inekin tratatzen dira. Horien bitartez guk nahi dugun soinua lortzen dugu (dela oihartzunarekin, dela konpresioarekin...). Oso soinu atsegina lortzen da. Beraz, dena denbora errealean egiten da, taula gainetik ordenagailura, ordenagailutik nahasketa-mahaira eta handik bozgorailuetara". Oholtzan beraz, musikariak eta instrumentuak soilik. Baina, bada besterik ere; irudi fraktalak: "Soinua hartzen duen ordenagailuaren ondoan, beste ordenagailu bat dago, zeinak irudi fraktalak igortzen dituen. Denbora errealean kalkulaturiko irudiak dira eta musika notekin batera doaz. Irudi fraktalak poliki-poliki aldatzen dira, forma geometriko ederrak sortuz".
Orain arte oso musika talde gutxik erabili omen ditu teknikok zuzenekoak eskaintzerako orduan: "Teknika oso modernoak dira ez dute askok erabili oraingoz. Musikaren munduan ezin da atzera jo. Baina arazoa dator aurrerabidea soilik teknikaren alorrean egiten denean, jendea galdu egiten baita teknikan. Teknika menderatzeko nahiko esperientzia izanez gero, zuk nahi duzuna lortzeko erabil dezakezu, jendea emozionatzeko, esaterako. Laban batekin ogia zatitu eta lagunartean bana daiteke, edo hil ere egin daiteke". Zuzeneko kontzertuen norabide berria ote?

2003, URRIA-AZAROA
bidali zure artikulua Bidali zure artikulua
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.