Pleistozenotik datoz.
Bidasoaldeko Bidehuts plataformak Euskal Herriko musikagintzak azkenaldian eman duen disko onenetarikoa argitaratu zuen duela zenbait hilabete, Jupiter Jonen Pleistozenoko Astelehenak, hain zuen ere
Laukotean eskarmentua duten bi musikarik jotzen dute,
Aida bateria jotzailea eta ahotsa (Lisabö) eta
Baxi gitarra jotzailea eta ahotsa (Bukaera eta Akauzazte). Halaber,
Joxe baxu joleak Mar de Cristal taldean jo du.
Gabon Caligula izenarekin eman zituen lehendabiziko zuzeneko urratsak saurioak. Orain, berriz, ezizen berria duela, hamar kantuko lan zirraragarria plazaratu du. Hasteko esan beharra dago gurean ez gaudela sonoritate hauetara oso egokituak, piztia ertz askoko post-punkaren eremu ilunean mugitzen da nagusiki.
Esate baterako,
Josefelix Boeing kantuan, –non Karlos Osinaga Txap grabazioaren gidariak hirugarren gitarra sartzen baitu–, Pop Group, Gang Of Four edo Slits bezalako taldeen oihartzunak antzematen dira.
Danborra Bihotzarena doinuan, ordea, kraut erritmo karratuak loratzen dira. Hortaz, taldea ez da aipaturiko punk estilora bakarrik mugatzen.
Honakoa bota nion Baxiri Gabon Caligularen garaietan: "Zuen soinuan post-punk-aren itzala sumatzen da. Gustuko duzue estilo horretako taldeak?" Eta berak beste hau erantzun: “Gustukoak ditugu estilo ezberdinetako taldeak eta denetik entzuten dugu. Post-punkeko taldeak ere noski! Norberak bere erreferente desberdinak ditu. Dena dela, iristen da une bat non hainbat alditan entzundako disko eder horiek guztiak ia ez dituzula entzuten, baina zure barruan daudela”.
Izan ere, taldearen sonoritatea eremu jakin batera zedarritzea bere ahalmena gutxiestea litzateke, eta Jupiter Jonen soinu-armiarma josten duten elementuak txikiestea; hala nola, Aidaren erritmo sinkopatuak eta aldarri urratuak; Baxiren eta Nerearen gitarra joko sotil bezain disonanteak, eta Joxeren kolpea, alegia, saurioaren taupada.
Horrek guztiak egiten du taldea aparteko espezie, eta Pleistozenoko Astelehenak bidaia arriskutsu eta iradokitzailea.