entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Erreportajeak

bidali zure berria Bidali zure artikuluak
Jon Urzelai 2017-11-29

Kunbia Peruarra

Herri musikaren aitortza berantiarra

Dengue Dengue

Kolonbiako itsasertzak atlantiko beltzaren eraginak bere egin eta lehen kunbiak kantatu zirenetik, kontinente amerikarraren soinu banda erabat baldintzatuta geratu zen. Afrikako esklabuek zekartzaten danbor eta erritmoak jatorrizko folkorearekin nahastean osatutako doinuek eta ondoren izan duten etengabeko eraldaketek genero hau lurralde osoko nortasunaren ezinbesteko osagai bilakatu dute, Simon Bolivarren hispanoamerika batzeko ametsa betetzetik inor edo ezer inoiz gertu egon bada, horixe izan baita kunbia.

Mexikotik Txile eta Argentinara, hamaika dira Kolonbian jaiotako soinu honen aldaerak, bakoitza tokian tokiko eta unean uneko eragin musikal eta sozialen araberakoa. Buenos Aireseko auzo txiroetako cumbia villera delakotik Monterreyn (Mexiko) ondutako cumbia rebajadara, estiloak hartutako forma ezberdinek musika honek kontinentearen DNAn utzitako marka sakona berretsi besterik ez dute egiten.
Los Wemblers
Aldaera peruarraren lehen pausoak
Amazoniako basoan dago Iquitos hiria, Peruko iparraldean eta Kolonbiatik ez oso urrun. Bertakoak ziren, izenak dioen bezala, Los Wembler´s de Iquitos, eta haiena zen 1976ko La Danza del Petrolero izeneko abestia, gerora hamaika bider bertsionatua izan dena. Petroleoaren ustiaketaren eraginez etorritako langileek beraiekin zekartzaten atzerriko eraginak basoko indigenen nortasun eta ohiturekin nahastu eta fruitu emankorrak eman zituen inguru hartan. Ayahuascak, txamanismoak, teklatuek eta gitarra elektriko psikodelikoek bat ondo har zezaketela frogatu zuten Juaneco y su Combo bezalako taldeek, surf-rockekoak ziruditen gitarra punteo aluzinogenoak eta kunbia perkusioak elkartzean, askotan instrumentalak ziren abesti arrakastatsuak ondu baizituzten. Horietxek izan ziren kunbia psikodelikoaren lehen urratsak.

Los Mirlos bezalako taldeek formula hau Peru eta Latinoamerika osoan zehar hedatzen zuten bitartean, Lima hiriburuan ere bertako musikan eragina izango zuten fenomenoak gertatzen ari ziren. 50. hamarkadaz geroztik inguruetatik hirirako migrazio handia egon zen eta herrietatik zetozen gizon eta emakume txiro haiek mendialdeko estilo eta ohitura asko ere metropolira eraman zituzten beraiekin. Inmigrazio masibo hori dela eta jazotako talka kultural horren seme-alabak dira Los Destellos, Los Shapis edo Los Sander´s de Ñaña bezalako taldeak eta baita chicha estiloa ere, hala izendatu baitzuten talde haiek lantzen zuten kunbia estilo jaioberria.

Kolonbiako kunbia eskusoinurik gabe irudika ezin dezakegun moduan, ezinezkoa zaigu gitarra elektrikorik gabeko kunbia peruarrean pentsatzea. Barnean dituen aldaera desberdinak kontuan hartuta ere, horixe baita Peruk generoari eskainitako berrikuntzarik handiena eta baita mundua geroztik txundituta utzi duena ere. Dena dela, Latinoamerikako estatuen gaitz endemikoa den ezberdintasun ekonomiko bortitzen ondorioz, doinu hauek gizarteko klase baxuenen ezaugarri propiotzat hartu izan dira urte luzetan. Kunbia oso presente egonagatik, nolabaiteko estigma izan du gizartean: klase eta maila baxukoa izatearena.

Musika estiloa aztertzerako orduan 60. eta 70. hamarkadak interesgarrienak diren hein berean da 80. hamarkada agian fenomeno honen dimentsio soziala ulertzeko garairik garrantzitsuena, hona bi datu argigarri horren zergatia azaltze aldera. Lehena, 1986. urtean Los Shapis taldekoek Beatlesak bailiran estreinatu zuten filmari dagokiona. Los Shapis en el Mundo de los Pobres zuen izena eta hasiera batean estreinatzeko arazoak izan zituen arren, azkenean garaiko blockbusterra zen Rambo 2 filmak adinako arrakasta izan zuen, jende saldo ikaragarria erakarriz zine aretoetara. Bigarren gertaera, heriotza batekin erlazionatua: 1994. urtean, amaitu berri zen hamarkadan fama handia lortu zuen Chacalón kunbia artista ezaguna hil zenean, bere hileta elizkizunak 60.000 pertsona batu zituen, hein handi batean gizarteko sektore baztertuenetakoak.

David Byrne, Ry Cooder eta Oliver Conan
Tom Zé musikari brasildarrak bazuen sonarik 60. hamarkadan bere garaikide izan ziren eta tropicalia etiketa esleitu zitzaien Caetano Veloso, Os Mutantes edo Gilberto Gil bezalako artisten artean. Halere, 80. hamarka iritsi zenerako, musikaren munduan etorkizunik izango ez zuela onartu, bere jaioterrira itzuli eta familiaren gasolindegi batean lanean hastera zihoanean, aurreikusi ezinezko gertakari batek bere planak goitik behera aldatu zituen. David Byrne Talking Heads talde britainiarreko abeslari eta konpositore nagusiak 1976. urteko Estudando a Samba diska berriz ere argitaratzeko zuen asmoa adierazteko deitu zion, maisulan bat iruditzen zitzaiola eta. Musikariak Brasil aldera egindako bidaia batean ezagutu eta txundituta utzi omen zuen gaur egun klasikotzat dugun diska horrek.

Pasadizo bitxitzat har genezakeen istorio honek bere isla ere izan zuen Cuban, Buena Vista Social Club fenomenoarekin. Ry Cooder bezalako musikari entzutetsu batek irlara joan izan behar zuen taldea osatu eta lehen aldiz estudio grabazio batetara sartu zedin, eta hala, mundu osoak miretsiko zuen diska hura graba zezan. Gerora etorriko ziren kontzertuak atzerrian, dokumentalak, bakarkako lanak eta, oro har, musika kubatarrak egun duen fama eta miresmen globala.

Kunbia peruarrak, era beran, babesle atzerritar bat behar izan du aitortza lortu ahal izateko. 2007. urtean gertatu zen, Brooklynen bizi den Olivier Conan frantziarrak The Roots of Chicha: Psychedelic Cumbias from Peru izeneko bilduma argitaratu zuenean, bere Barbès Records argitaletxe propioan. Juaneco y su Combo, Los Mirlos edota Los Destellos bezalako taldeen abesti klasikoak biltzen zituen diska hark eta bere asmoa Perura egindako bidaia batean ezagututako abesti ederrak biltzea besterik ez zen arren, oihartzuna uste baina handiagoa izan zen azkenean, nahiz eta hasiera batean bilduma hura ez zuen inongo disketxek argitaratu nahi izan.

Aipatutako bildumaz gain, Olivier bera partaide duen Chicha Libre taldearen ¡Sonido Amazónico! 2008ko diskak ere zer ikusirik izan zuen ahoan darabilgun generoaren nolabaiteko suspertzean, bai Perun eta baita nazioartean ere. Bat-batean peruarrek erabat bertakoa zen musika berezi bati buruz musikazale atzerritarrek nola hitz egiten zuten ikusi zuten, ezin sinestuta. New Yorken chicha aldarrikatzen zuten taldeak ari ziren sortzen, Giant Sand bezalako talde konsagratu batek Los Hijos del Sol peruarren Cariñito abestiari eginiko birmoldaketa arrakasta zabala lortzen ari zen eta musika blog ezberdinak sinestezina omen zen peruko genero bat gomendatzen irakur zitezkeen sareko bazter ezberdinetan. Pedro Almodovar zine zuzendariak ere kunbia peruarra txertatu zuen Los Amantes Pasajeros filmean. Horrek guztiak klasismo sakon baten arrakalak gainditu eta herri musikarekiko errespetu berri bat sortu zuen jaioterrian bertan, Bareto bezalako taldeek soinu horri eta jatorrizko taldeei jaramon egin ahal izatea erraztuz. Era berean, klase ertaineko gazte askok aurreiritziak atzean utzi eta soinu psikodeliko zirraragarri hauek beraien musika sortzeko oinarrizko osagaitzat hartzea ahalbidetu zuen.

Aipatutako Bareto taldekoek, adibidez, Perun arrakasta handia izan zuen bertsio diska bat argitaratu zuten 2008an, Cumbia izenekoa. Taldeko abeslariak berak aitortu zuen musika hura etxea garbitzera etortzen zitzaien langilearen bidez ezagutu zuela, Limako auzo txiroenetan entzuten baitzen. Igandetan, asteko lanak amaitu ostean izaten ziren chicha festarik handienak hiriko erdigunetik urrun eta, abeslariaren arabera, festa haiek zituzten konnotazioei jaramon ez egiten saiatu (biolentzia, droga...) eta musikaren balioarekin geratzen saiatu ziren diska sortzerako orduan.

Honek guztiak badu, halaber, Latinoamerika osoan bertan azken urteotan eman den herri musikarekiko birlotze batekin erlaziorik, Meridian Brothers, Frente Cumbiero edo Ondatrópica bezalako taldeek Kolonbian egin bezala, adibidez. Kunbia, ezustean, berriz ere lotsarik gabe dantzatzeko modukoa bilakatu baita berriki, baita musika anglosaxoiaz jada aspertuta, musika aurreratu eta berritzailearen eta  lengoaia berrien bila ari diren aditu zurientzat ere. Zer esanik ez Europan eta Estatu Batuetan balizko benetako musika herrikoi baten bila ari direnentzat. Arazoak, inon egotekotan, abestietako letra eta iruditegi askok agerikoak dituzten jarrera sexistetan topa genitzake, izan ere, munduko bazter guztietan kolpatu arren, Latinoamerikako zenbait Estatutan era bereziki bortitzean ageri den matxismo sakonak bertako musikan arrasto sakona uzten baitu. Dena dela, esan gabe doa, aipatutakoa ez da  soilik kunbian gertatzen, gertukogo zein gureagotzat ditugun beste hainbat estilotan ere topatu ahal den joera baita, baina gaiak luze joko ligukeenez gako hau beste baterako utzi beharko dugu ezinbestean.

Tom Zérekin irekitako zirkulua iste aldera, Brasilera berriz ere itzuli eta honakoa azpimarra genezake:  60. eta 70. hamarkada urrun haietan tropikalisten eragina mundu osora zabaldu eta baita miresmen zabala jaso bazuen ere, chicha itzalpean egon da orain hamar urte eskas arte lehen munduko musikazaleontzat. Brasilgo musika berritzaile hura unibertsitate ikasketadun gazteek sortua zen oro har, musika akademiko eta aurreratutzat hartua nolabait, kunbia Perun entretenimendutik haratago ezin har zitekeen auzo txiroetako doinua izan zen bitartean.



Kunbia eta Peru gaur egun
Chicha eta kunbia amazonikoa jada beste elementu ezinbesteko bat dira egun egiten diren nahasketetan. Perun bertan Los Chapillacs bezalako taldeek tradizioari eusten dioten bitartean, mundu osoan zehar zabaldu da kunbia peruarraren eragina. Sonido Gallo Negro mexikarrek, esaterako, generoa garage-rock zuzenago batekin nahasten dute eta Tucsongo (Arizona, EEBB) Money Chicha taldekoak Estatu Batuetan soinu latinoamerikarrek duten indarraren erakusle dira beraien kunbia konposizio konplexuekin. Kontinentearen beste ertzera joanez gero Rolando Bruno chiletarra bezalako artistak topa ditzakegu, aurten bertan berriz ere bere gitarrak gidatutako kunbia Europara ekarriko duena. Hau guztia gertatzen ari den bitartean, nazioartean geroz eta gehiago dira urrezko aro hartako musika bildu eta argitaratzen ari diren disketxeak.

Perun, aldi berean kontrako bidea egiten ari da musika: behin bertako tradizioa izaera nazionalaren parte bilakatu eta klase ertainek bere egin duten honetan, atzerriko eraginak bertakoarekin nahasten ari dira. Horretan trebea da Dengue Dengue Dengue! Limako elektronika bikotea, esaterako: dub jamaikarra, drum and bass europearra edota dubstepa kunbia oinarriekin nahasten baitu, mundu mailako arrakasta lortuz gainera.

Terror Negro Records 2010an Liman sortutako zigiluak Black Flag hardcore-punk talde estatubatuarraren logoaren enegarren mutazioa erabiltzen du eta bertan argitaratzen ditu bere nahasketak, beste askoren artean, Tribilin Sound izeneko DJak. Azken honek kunbia eta beste hamaika elementu nahasten ditu bere sesio dibertigarrietan, souletik hasi eta telebista saioetako samplerretaraino. Chicha sorterriaz harro egoteko zerbait izateaz gain, milurte berriko nahasketa posmodernoetarako beste pieza egoki bilakatu da, azken finean.

2017a urte izan da Los Mirlos Madril, Brusela edota Berlinen gozatzeko aukera izan dugun urtea. Hauetxek dira, era berean, Tribilin Sound artistak Massive Attack talde ingelesaren abesti lasai eta iradokitzaileei kunbia erritmoak nola txertatzen dizkien entzun dezakegun garaiak. Musika hutsaz haratago, aztertu dugu nola kunbia peruarrarena kasu paradigmatikoa izan daitekeen, herri musika eta ustezko musika jantziaren arteko muga, jauzi eta borrokak adierazteko. Dena dela, musika kontsumitzeko era ere klase sozialek goitik behera baldintzatzen duen zerbait dela argi izanik, musikazaleok egin dezakegun hauturik interesgarriena, segur aski, aurreiritzirik gabe belarriak ireki eta musika ezberdinekin gozatzen saiatzea da, Los Destellos taldeko kideek orain dela ia 50 urte Beethoven sakratuaren Para Elisa moldatzean izan zuten bezain lotsa gutxirekin. Ez litzateke lehen pausu txarra.

ENTZUN:
1 - Los Wemblers de Iquitos – La Danza del Petrolero
2 - Juaneco y su Combo - Un Shipibo en España
3 - Los Mirlos – El Poder Verde
4 - Los Sander´s de Ñaña – Mazamorrita
5 - Los Destellos – Onsta la Yerbita
6 - Los Hijos del Sol - Cariñito
7 - Chicha Libre – La Danza del Millonario
8 - Sonido Gallo Negro – Selvática “Alfonso Graña”
9 - Money Chicha – Cumbia Familiar
10 - Los Chapillacs – La Cumbia Delincuencial
11 - Dengue Dengue Dengue - Simiolo
12 - Tribilin Sound – Underground Cumbia

bidali zure artikulua Bidali zure artikulua
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.