Leihotikan
Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Hamar urteko ibilbidean bi maketa eta hiru disko utzi dizkigu Iruñeko punk-hardcore taldeak. Zarata handirik atera gabe ordea, apaltasunez, baina isildu gabe. Fundamentuz naiz fundamenturik gabe, zirikatzen segitzeko asmoa adierazten dute euren azken diskoan, bi urte luzez eszenatokietatik at egon ondotik.
Marino Goñiren aspaldiko aitorpen bat ekarriko dugu Erreinu Zaharreko taldeari buruzko erreportaje honi ekiteko. Estreinako diskoa argitaratu berria zuten,
Hemen ez da ezer aldatzen, azal itsusidun debut dotorea. 1998 urtean geunden. Eta aitortu zuen Marinok (hitz zehatzak ezin gogoratu ordea) xarma berezia zuela Leihotikan-ek berarentzako, atsegin zuela eta molde bereko atsegintasun horrekin argitaratzen ziela lehen disko hori. Zazpi urte beranduago hirugarren lana argitaratu berri die Gor-ek, beraz suposa daiteke erakargarritasun hori ez zaiola Marinori oraindik ahitu.
Munduaren leihoa du izenburu disko honek eta taldearen betiko moldeak jarraitzen ditu: energia, abiadura, melodienganako zaletasuna, Gorkaren ahotsaren berezitasuna (etxeko marka bihurtua)… Oro har, aldaketa handirik gabe, euren estiloari fidel segitzen du laukoteak. “Oraingo honetan alaiagoa, melodikoagoa izatea nahi genuen, zeren eta lehenengo maketan baziren holako abesti alaiak, gero bigarren diskoan galdu genituenak. Melodia aldetik-eta alaitasun hori ematea nahi genuen, horren iluna ez izatea”, dio Patxi gitarra joleak.
Hamasei kantu biltzen ditu diskoak, tartean
Zerbaitetan sinetsi, Youth Brigade mitikoen bertsioa, zeinaren jatorrizko letra (euskaratua) errespetatu egin duten.
Etenaldi luzea
Bi urte luzez jo gabe ibili da laukotea, denbora gehiegi edozein talderentzako. Izan ere, gutxiagorekin talde dezente galbidean jarri dira betiko. “Osasun arazo txikiengatik izan da batez ere – azaltzen du Patxik –. Ni belarrietako minarekin egon nintzen eta arazoak izan nituen orekarekin, eta denbora mordoa entseatu gabe egon ginen. Gero Titik ere eskumuturrak gaizki izan zituen pilotan aritzen delako, eta beste denboraldi bat jo gabe egon ginen…”.
Taldearen izaera ezagutu behar dugu Leihotikan ulertzeko. Musika hobby gisa hartzen dute, bestelako asmo handiusteak bazter utzita. “Hasi ginenean izugarrizko ilusioa geneukan, eta igual aukera izan genuen pixka bat serioago hartzeko, baina ez zen erantzunik egon eta erabaki genuen hobby bezala hartzea, gure burua presionatu gabe, ongi pasatzeko eta listo”, dio Aitorrek (baxua). Patxik hitza hartzen du ondotik: “Nahiago dugu talde bezala hogei urte eman eta ez desagertu, urtebetean ez dakit zenbat kontzertu egin eta gure artean erretzea baino”. Eta onartzen dute modu naturalenean azken disko hau egiteko ez dutela burua gehiegi hautsi, eta oraingoan letrak ez direla hain ilunak eta itxiak, “irekiagoak eta ulertzeko errazagoak”, baina. Halarik ere,
Munduaren leihoan ez dira falta salaketa hitzak (euskara politika, Itoiz), ez eta giza harremanen ingurukoak ere, beti ere giza existentziari so (etxeko marka hau ere).
Eskarmentu dezenteko taldea da Leihotikan. Hamar urtez jardun dute eta atzera begiratzeko eskatzen zaienean, hauxe erantzuna: “Bi maketa eta hiru disko grabatu ditugu. Esperientzia oso polita izan da, jende eta leku asko ezagutu ditugu. 120 kontzertu inguru eman ditugu eta balantzea oso positiboa izan da. Hori alde ona litzateke, baina alde txarrik ere badago: gure artean erretzea, haserretzea; hori da musikan ikusten ez dena, musikaren gibelean dagoena”, azaltzen du Aitorrek, zeinak euskararik ez zekien – orain berriz erraztasunez mintzatzen da (solasaldia erregistratu zuen grabazioa lekuko) – lehen diskoa,
Hemen ez da ezer aldatzen, argitaratu zutenean.
Adi beraz, hardcorezale hori, kontzertuak eskaintzen hasi baita Iruñeko laukotea berriz ere. Aspaldiko partez.
2003, URRIA-AZAROA