entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Erreportajeak

bidali zure berria Bidali zure artikuluak
Julen Azpitarte 2018-06-05

Nork erail zuen boogalooa?

Latin Soul, Boogaloo eta beste doinu batzuk New York hiritik mundu osora


Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko

 “Tipo hauek Latin musikaren punk rock bertsioa dira; arau guztiak hautsi zituzten
Mathew Ramirez Warren We Like It Like That filmaren zuzendaria.

Latin soul, boogaloo edo bugalú (gaztelaniaz) New York hiriaren taupadaren isla izan zen, 1960ko hamarkadaren hasieratik erdira bitarte. Puerto Ricoko eta Kubako nerabeek eta beltz gazteek ez zuten ia harremanik izan haien gurasoek entzuten zuten musikarekin, baina irratiaren bidez jasotzen zituzten soinuak nahastu zituzten, soul, R&B, cha cha eta boleroak, erritmo afro-latin berri bat sortzeko. Uztarketa horretatik loratu zen Boogaloo basatia eta latin soul erromantikoa, eta iraultzaileak, sozialki kontzienteak eta dantzagarriak bihurtu ziren. Hala, pobreziaz, arrazismoz eta bandez beteta zegoen sasoiko gazte-kultura erritmo bero horiekin zoratu zen. Nahasketa sozial horren soinu banda izan zen boogalooa, eta bide batez, hiriko dantzaleku guztiak kiskali zituen. Lehenbiziko Newyorican estiloko musika dela esan ohi da. Dena dela, boogaloaren arrakasta oso iragankorra izan zen, eta 1970eko hamarkadan, puruagoa zen estilo bati utzi behar izan zion tronua, salsari hain zuzen.
Lehenengo boogaloo kantuak 1965ean AEBetako Chicago hirian sortutako rhythm and blues (R&B) singleak ziren, boogalooa, baina, New Yorkeko aretoetan egin zen ospetsu. Ricardo Richie Ray musikaria izan zen estiloaren aitzindaria; 1965eko Se Soltó (Alegre) LPan agertu zuen ja boogaloo terminoa zenbait kantutan: Lookey Lookey doinu geldoa, boogaloaren ezaugarri nagusi den piano erritmo bizi eta dantzagarri ezagunarekin hasten da, -Ray Barrettok 1962an grabatu zuen El Watusi kantua ere giltzarria izan zen boogalooaren garapenerako-. Aitzindari izanagatik ere, Ricardo Rayk ez zuen gerora etorriko ziren musikarien oihartzuna lortu: Joe Cuba Sextet, Pete Rodriguez, Orchestra Harlow, Joe Bataan, Bobby Valentin, The Latinaires, Johnny Colon, Willie Colon… Musikariok oso gazteak ziren, nerabeak, eta diskoak lagunentzat eta familientzat grabatzen zituzten, grabazio-estudioak parrandarako guneak bihurtuz. Hala, grina nerabe horrek New Yorkeko dantza-aretoetara eta irratietara iritsi zen, ordura arte sekula entzun ez zen musika-uztarketa dantzagarriaren bitartez. Fusio horrek doo-wop-aren harmoniak eta R&B estiloaren bizitasuna, eta erritmo eta instrumentazioa afro-latinoak batu zituen. 2015ean Bilboko Aste Nagusian izan zen Joe Bataan boogaloo izarraren arabera, boogaloa uste duguna baino askoz zaharragoa da. “Cha cha erritmoa da, Smokey Robinsonek egin zuen ja My Girl ekoitzi zuenean”. Bataanek zazpi boogaloo/latin soul disko plazaratu zituen, salsa, soul eta funk estiloetan murgildu baino lehen. “Hitzak eta tonua aldatu genion, eta xarma unibertsala hartu zuen. Oraindik ere cha cha erritmo bat da, baina soul kutsuko sentimenduaren ondorioz, altxa eta dantzan hasten zara. Partaidetza eragiten duen kantu mota da”. Bataanek, latin soul kutsuko hamaika doinu izugarri grabatu zituen 1967an: Gypsy Woman, Subway Joe, It’s a Good Feeling edo nire DJ saioetan sarritan jarri ohi duan Too Much Lovin', zeina boogaloo doinuetan ohikoak diren txaloekin hasten den. Kantuok Fania markapean argitaratu zituen. Aurretik baina, 1966an, boogaloo estiloaren estandar bihurtu den kantua grabatu zuen Joe Cuba Sextet-ek, zeina irratietako zerrendetako goi postuetara iritsi zen, bai eta boogaloo eztanda piztu ere, Bang Bang kantuaz ari naiz. Ordurako El Pito singlearen arrakastaz gozatzen ari zen Joe Cuba, baina Bang Bang abestiak barruan daraman “beep beep, ahhhh” bertsoa entzun, eta zaleak dantzatzen hasten ziren, zoratu egiten ziren; aparteko lilura eragiten du, pianoaren laguntzaz. Arrakastaz jabetu zen Cuba, eta antzeko kantu dantzagarri gehiago idatzi zituen, Oh Yeah eta Hey Joe, Hey Joe, besteak beste. Cubak eta bere bandak Lookie Lookie kantuak gordetzen zuen piano erritmo geldoa entzun omen zuten, eta boogalooa beste maila batera eraman zuten, Bang Bang ezaguna tarteko. Bang Bang boogaloo estiloaren doinu arketipikoa bada, Pete Rodriguezen I Like It Like That ez da atzean gelditzen. 1967an, Tony Pabon tronpeta jotzaileren laguntzaz ahotsetan, zeinak ingelesez abestu zuen, I Like It Like That idatzi zuen boogaloo estiloaren enbaxadore bihurtzeko. Kantu hori izen bereko LPan argitaratu zuen Alegre diskoetxeak, eta zigilua aberastu egin zen. Arrakasta horren ondorioz, bere aurreko diskoak argitaratu zituen Remo Records diskoetxeak Boogalooaren Errege izendatu zuen (King of boogalo), nahiz eta grabazio haiek salsa zaleagoak izan. I Like It Like That kantutik hartzen du izenburua Mathew Ramirez Warren zinegileak zuzendutako We Like It Like That (2015) filmak. Pelikula boogalooaren inguruko lan interesgarria eta, besteak beste, Pete Rodriguez partaidetza dakar; antza denez, Rodriguez hamarkadetan desagertuta izan zen eta elkarrizketak saihesten zituen. Joe Bataan eta Johnny Colon dira filmean parte hartzen duten beste batzuk. Rodriguezen ondarera bueltatuz, 1967an, Oh, That's Nice! izenburuko LPa plazaratu zuen, hori ere Alegreren bidez. Diskoari izenburua ematen dion kantua I Like It Like That doinuaren bigarren zatia dirudi, eta dantzarako ahalmen bera edo handiagoa du; nire kantu kutuna da eta nire saioetan itzel funtzionatzen du.
Kantu horien eta beste batzuen bidez, boogalooa mundu osora zabaldu zen, eta batez ere Latinoamerikara, Fania, Algre eta Cotique zigiluen grabazioak tarteko, baina baita Afrikara eta Karibera ere. Zabalkunde horren adierazle Madrilgo VampiSoul zigiluak argitaratutako Gózalo! seriea da, zeinak Peru herrialdean loratutako eszenako harribitxiak biltzen dituen: Alfredo Linares y su Sonoraren Boogaloo Girl, Charlie Palomares y su Yuboney –ren Boogaloo Sabroso… Horrekin batera, estiloa gorrotatzen zuten AEBetako latin musikari askok amore eman behar izan zuten eta boogaloo kantuak grabatu; esaterako, Tito Puentek Hit the bongo brutala argitaratu zuen eta Eddie Palmierik Ay qué rico.. Halere, 1970eko hamarkadarekin batera, New Yorkek emandako fusio musikal berriena eta dantzagarriena desagertu egin zen, eta harekin talentu handiko hainbat musikari gazte. Ustez, Latin artista zaharrek, diskoetxeek, -tartean, Faniak-, irratietako disko jartzaileek eta aretoetako promotoreek elkarrekin konspiratu zuten boogaloo izarrak areto eta irratietatik ezabatzeko. Era berean, salsa gogor jotzen ari zen, eta lekua egin behar zitzaion. Hala, boogalooaren aurreko musikari zahar eta handiak, tartean, Tito Puente eta Palmieri Brothers, aretoak betetzen hasi ziren… Eta Latin boogalooa erail zuten.

bidali zure artikulua Bidali zure artikulua
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.