Fenomeno hau aztertzeko garaian nik bi berrargitalpen mota bereiztuko nituzke:
Bigarren berrargitalpen mota hau, altxor ezezagunena litzateke. Bere garaian oso gutxi saldu eta oso maila txiki eta estu batetan ezagutzera eman zirenak. Denboraren poderioz eta zaleen arteko gomendioz pixkanaka kultuzko status batetara iritsi diren lan ezkutu horietxek. Interes artistikoak eta benetako zaletasuna eta musika ezagutzera emateko gogoak bultzaturik ikaragarrizko aurkikuntzak eskeintzen ari dizkigute azken urteetan.
Azken batean, arazoa zera da. Internet-eko askatasun aro honetan garbi geratu den bezala, urtero edozein formatutan plazaratzen diren lanen kopurua izugarria dela. Pertsona batek bere bizitza osoan entzun eta are gutxiago hausnartu dezakeena baino askoz gehiago. Beraz, berritasun erakargarriagoen aurrean ezkutatuta edo erabat ulertuak ez direlako hainbat eta hainbat lan ahaztuta geratzen dira. Eta urteak aurrera joan ahala “ahaztuen” kopuru hori handituz doa, rock musika sortzen ari den ondare erraldoia piskanaka handituz doan neurri berean.
Puntu honetara iritsita, atzera begiratze horrek ez duela gaurko musika mespretxatzen garbi utzi beharra dago. Gauza ona da urtean urteko diskoak entzun eta komentatzea eta musika ederra egiteko gaitasuna eta irudimena ez direla galdu baieztatzea, noski baietz. Ahalmen sortzailearen krisialdirik eta agorpenik ez dago, eta ez da inoiz egongo gainera. Baina lehen aipatutako ondare historiko hori zaindu beharra dagoela uste dut. Nere ustez, dagoeneko rock musikak (gutxienez interes komertzial hutsak baino beste zerbaiterako sortu den rock musika) oinarri sendo bat sortu du, egunean eguneko moda eta gorabeheratatik at dagoen arte modu bat kontsideratua ahal izateko eskubidea ematen diona. Eta hori honela izanik, diska bat 2012koa edo 1995koa izatea bost axola beharko liguke bere balio artisitikoa neurtzeko eta edukiaz gozatzeko.
Beno, eta zein da azken batetan, azalpen luze honen arrazoia? Ba nolabait, izenburuan dituzuen lau disko miresgarri hauen berrargitalpenei testuinguru bat ematea. Bide batez, gaur egun zein punturaino diren berriak, freskoak eta gozagarriak argudiatu eta azken batean bihotz bihotzez gomendatzea azken 20 urteetako rock underground-aren bilakaera pixka bat hobeto ulertu nahi duen edozeini.
Disko hauetan gordetzen den musika deskribatzeko entziklopedia bat beharko nuke, baina laburbilduz, askatasun osoz, bildurrik eta aurreiritzik gabe eta irudimen harrigarriz egindako rock musika dela esango nizueke. Bai jauna, denboraz kanpo dagoen musika. Betiereko ondarea.