entzun.com


Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Erreportajeak

Gotzon Hermosilla 2009-02-05

PANIKS karramarroaren dantza

Karramarroak Karramarroak

Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Lotura erlazionatuak
Panik piknik diskoa argitaratu ostean, indarberriturik datoz Paniks bizkaitarrak. Ez da harritzekoa, diskoa benetan oso ondo baitago. Orain, buru-belarri dabiltza Euskal Herrian zein Espainian kontzertuak egiten, diskoa eta taldekide berriak aurkezteko. Agi denez, albiste eta berritasun ugari datozkigu Paniksen planetatik, baina badago kontu bat urteak igaro ahala aldatzen ez dena: rock’n’roll oinarrizko, zikin eta basatiarekiko jaidura.

Animalia bitxia da karramarroa. Historiaurretik iritsitako piztia dirudi, eta beti atzera joateko duen ohitura horrek are xelebreago bilakatzen du. “Karramarroaren dantza” izeneko kantu bat sartu dute Paniksekoek “Panik piknik” azken disko luzean, eta abesti hori aukeratu dute animazio bideo dotore eta dibertigarria egiteko. Bideoak arrakasta handia izan du sarean, dagoeneko 60.000 lagun baino gehiagok ikusi dute, eta atzerriko zenbait zinemalditatik deitu diete bideoaz interesa agertzeko.
Karramarroa ez da Paniksen diskoan agertzen den piztia bakarra. Arratoiak, liztorrak, ugatzak eta bestelako animalia basatiak ageri dira han-hemenka. Eta ez da kasualitatea. Paniksen musika ere basatia da, oinarrizkoa, primitiboa, apaindurarik gabea, tripetatik ateratzen da eta zuzenean jotzen du rock’n’rollaren sustraietara.

2002an sortu zen taldea, Jose Ramon Rioja bermeotarra (Munsterland, Bongolocos eta beste hainbat proiektutan aritutakoa) Barakaldora bizitzera joan zenean. Eguzki tabernan ematen zituen ordu gehienak, taberna hartan lan egiten zuen Patxirekin (garai hartan Brigada Country taldeko bateriajolea) musika entzuten eta hitz aspertu luzeak egiten rock’n’rollaren egoeraz eta gustukoen zituzten taldeez. Barraren inguruan bururatu zitzaien talde bat egitearen ideia. Maribel hartu zuten baxulari gisa, eta horrela sortu ziren Paniks. Riojak dioenez, hasierako eraginak Gories, Cramps, Headcoats, Bo Diddley, Damned, Husker Du, Stiff Little Fingers eta rockabilly eta garagearen aitzindariak izan ziren: “Guk denetarik entzuten dugu, baina talde horiek inspiratzen gaituzte. Nik ez dut talde askorengan sinesten. Jende horrek seriotasunez hartzen du kontua, eta sinesgarriak dira. Gaur egun, berriz, simulakroa da nagusi”.

Disko piknik
Geroztik, hainbat disko argitaratu dituzte: “Panik controversy” estreinako lana 2003an, “Dead tapes” izeneko EP-a Jesus Racer R’n’R Trio taldearekin batera, eta oraingo “Panik piknik”. Azken horrekin oso gustura gelditu dira: “Joan den urteko udaberrian grabatu genuen Boluetan, Euskadiko injenieru onena den David Maharekin. “Panik controversy” ostia txar askorekin grabatu zen, ni nekatuta bainengoen orduan zegoen rock eszenarekin, musika tresna nork baino nork hobeto jotzeko eta nork baino nork pose hobea jartzeko lehiaketa horrekin. Orain, hiritik urruntzean, apur bat erlaxatu gara, eta apurka-apurka hobeto ere jotzen dugu”.

Izan ere, aurrerapauso sendoa da “Panik piknik” taldearen ibilbidean. Haien printzipioei ez diete traiziorik egin eta segitzen dute punk, rock’n’roll eta garage nahasketa horrekin, baina hainbat abestitan saxoa eta teklatuak sartu dituzte, bi gitarrarekin jotzen dute, erritmo berriak jorratzen dituzte eta, oro har, nabaritzen da taldeak heldutasun puntua erdietsi duela.

Diskoa beraiek atera dute, El Beasto Recordings eta Bi Batean diskoetxearen laguntzarekin. Riojak dioenez, “apur bat zoramena da guztiaz arduratu behar izatea, baina oso onuragarria da gauzak norberak egitea eta bitartekorik gabe”. Diskoa binilo zuri dotorean eta CD euskarrian atera dute.

Gauzak dezente aldatu dira 2002 urrun hartatik. Diskoa grabatu baino lehen Ainara (The Stubborn Daughters Bermeoko taldean aritutakoa, EP bat kaleratu zuten Safety Pinsekin batera) taldera sartu zen bigarren gitarrajole gisa, eta diskoa atera ondoren Maribelek taldea utzi behar izan du, eskumuturrean egin zioten ebakuntzatik osatzea pentsatu baino luzeago jotzen ari baita. Naiara hartu dute baxujole, hori ere Stubborn Daughtersen ibilitakoa.

Orain, diskoa zuzenean defendatzeko txanda ailegatu zaie. Otsailaren 7an Iruñean egotekoak ziren baina elurra izan zela eta kontzertua bertan behera gelditu zen, 13an berriz, Gasteizko Helldoradon jo zuten. Martxoaren 14an Donostiako Dokan joko dute, baina kanpora ateratzeko asmoa ere badute, eta dagoeneko kontzertuak hitzartuta dauzkate Xixonen, Madrilen eta Valentzian. Karramarroaren dantza egiteko aukerak ez dira faltako, beraz.
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.

Berri Laburrak

  • OSKORRIren agurraren aurrean gaude? Irakurri hemen.
  • BOB DYLAN, uztailaren 11n BILBOko Guggenheim zabalgunean, 21:00etan.
  • Mundumira jaialdia asteburu honetan Leintz-Gatzaga eta Eskoriatzan. Programa hemen!
  • Manu Chaok Galizian joko du maiatzaren 17an eta 19an Reperkusión jaialdian.
  • Los Carniceros del Norte taldeak Otxaten (Araba) grabatu du bere bideo berria: Nekromantikos.
  • Governors + Willy Toledo: Bertigo bideoa

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!