entzun.com


Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Erreportajeak

Antton Iturbe 2012-11-16

Paraleloan

Musika. Plataforma. Komunitatea

Paraleloan-en logo soila. Paraleloan-en logo soila.
Paraleloan-en iragarki bat ikusi nuen lehen unean hainbat gauzek deitu zuten nire atentzioa: Alde batetik, estetika zuri-beltz, gordin, misteriotsua... Bestetik, bere Facebook-eko estekak arakatzen joan ahala agertzen ziren erreferentzi musikalen kalitatea (Actress, Vatican Shadow, Silent Servant…) eta, batik bat, euskara izatea gunearen hizkuntza nagusia. Berri pozgarria zalantzarik gabe, salbuespen oso gutxi batzuez gain (ERTZ jaialdia eta antzekoak) elektronikaren gaineko literatura oso urria baita euskaraz.

Hasiera batean behintzat, Paraleloan-en aktibitate nagusia kontzertuak antolatzea dela dirudi: Bilboko L’Mono aretoan, Actress britaniar artista elektronikoaren kontzertua izan da lehena, eta azaroaren 3an Laurel Halo izan da. Baina aipatutako estetika eta modu misteriotsu eta erakargarri horien atzean musikarenganako maitasun istorio interesgarri bat ezkutatzen zelakoan beraiekin kontaktuan jarri eta hona kontatu zigutena:
Egoitz eta Katza. Zarauztarra eta durangarra. Duela bi urte ezagutu zuten elkar, dantzan. Eta gauza batek bestera eraman ditu. Dantza horri amaiera eman nahi ez dion indar batek bultzatuko balitu bezala,  inertzia hutsez eta gauez burutu dute bere plana, maite duten musikari plataforma bat eskaini ahal izan dioten arte. Paraleloan izenez Bilbotik eta Donostiatik Egoitz eta Katza bitartekariak dira: medium-ak, madame-ak. Helburua artistak publikora hurbiltzea da. Ahal bada, espazio intimo eta ilunetan. Ahal bada, bolumen handietan.


Estiloak alde batera utzita, sakontasuna maite dute. Egia. Espiritualitatea. Musikaren aurrean  begiak ixtea, edota besoak altxatzea

Lehen kontzertu hauek eta blogera igotako musikek kutsu erabat elektronikoa izan arren, ez dute Paraleloan estilo bakar batera edota programatzaile soilak izatera mugatu nahi. Une honetan sintetizadore eta dantzarekin obsesio antzeko zerbait sentitu arren, gauza guztien gainetik musika zaleak dira: folk, pop eta jazzarena, baita isiltasunarena ere. Eta estiloak alde batera utzita, sakontasuna maite dute. Egia. Espiritualitatea. Musikaren aurrean  begiak ixtea, edota besoak altxatzea. Behar izanez gero, zer ez zaien gustatzen argiago esango luteke, baina ez dute horretan sakondu nahi. “Lover”-ak dira, “hater”-ak baino gehiago. Mundu guztia kazetari edo kritiko den garai honetan, zale hutsa izatea ez dago modan. Baina Egoitz eta Katza fan-ak dira, lehenengo eta behin.  Paraleloan-en lehenengo tweet-ak  zera zioen: "Hau maitasun istorio bat da". Garbiago ez dago esaterik.

Giro berezia
Paraleloan-eko gauek giro berezi bat bilatzen dutela esan daiteke, bai. Kontzertuetako giro estandarrekin apurtzeko gogoa nabari da. Jendea etengabe hizketan jarduteko duen ohitura nazkgarri horri aurre eginez komunitate bat sortuaz. Komunitate ixil bat. Begiak ixten dituen komunitate bat. Lortu ala ez, Egoitz eta Katzak bitartekoak ipiniko dituzte. Maite duten musika ekarri, eta jendea badator ondo, eta bestela ere bai. Zentzu horretan ez dute kopuru edo maila finko batera heldu nahi. Actress, pianoren aurrean, L’monon arratsaldez, Oneohtrix Point Neverren Replica diskoa entzuten, belarra erretzen eta begiak itxita ikustean, iadanik nahi duten lekura heldu direla uste baitute. Sentsazio hori eternizatu nahi dute. Eskapismo hori. Horrelako gauzak gustatzen zaizkie. Hori da Paraleloan.

Hunkituta eta zentzu askoetan erabat identifikatuta etorkizun ederra opa diegu Entzun!-dik.



Paraleloan facebook
http://paraleloan.tumblr.com
Erlazionaturiko edukiak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.

Berri Laburrak

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!