entzun.com

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Erreportajeak

bidali zure berria Bidali zure artikuluak
Gotzon Hermosilla 2003-10-28

RIP trumoia eten da

R.I.P. R.I.P.

Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
No te muevas DISKO OSOA
Joan den urriaren 14an jakin genuen Karlos Agirreurreta ‘Mahoma’ RIPeko abeslaria hilik agertu zela Bilboko bere etxean. Albisteak atsekabeturik utzi gintuen RIPen zale guztiok, eta ez soilik Arrasateko taldeak une ahantzezinak, kontzertu gogoangarriak eta Euskal Herriko musikaren historian betiko geratuko den abesti sorta aparta eskaini dizkigulako; horrez gainera, eta hori baino inportanteago, ‘Mahoma’ lagun atsegin eta maitagarria baitzen, dudarik gabe. Honako hau da, laburbildurik, RIPek utzi digun uzta oparoa.
RIPen izena estu loturik dago Euskal Herriko punkaren hastapenekin. 70eko hamarkadaren amaieran eta 80koaren hasieran, punkak Euskal Herrko bi tokitan hartu zuen aterpe: Bizkaiko Bilbo eta Ezkerraldean (bertakoak ziren MCD, Eskorbuto, Vulpess edo hasierako Zarama) eta Gipuzkoako gune industrializatuetan, batez ere, Donostiako kanpo aldeko auzoak, Orereta eta Arrasate. Arrasaten, hain zuzen, sortu zen Doble Cero taldea. Yul (gitarra) eta Txerra (bateria) Bolinaga anaiek osatzen zuten, Portu baxu jolearekin eta Mallabi abeslariarekin batera. Taldea 1979an hasi zen, eta zenbait kontzertu egin zituzten inguruetan. Handik gutxira, izena aldatu zuten eta RIP sortu zen. Mallabi soldadutzara joan zenean, Karlos ‘Mahoma’ sartu zen abeslari, eta garai hartako fanzineetan bostak agertzen dira taldeko kide bezala, baina Mallabik soldadutza amaitu zuenean aukeratu beharra suertatu zitzaien eta Karlos gelditu zen taldean.
Hasiera, beti bezala, istilutsu samarra izan zen: gogo handiak, baina bitarteko gutxi. Gustuko zituzten taldeen kantuak egiten zituzten (Ramones, Rezillos, Sex Pistols, Sham 69, Wire, UK Subs, Exploited…), eta laster hasi ziren euren abestiak egiten. Lehenengoak honako hauek izan ziren: Basura carroza, Putas nocturnas, Incorruptible, Hasta el final de tus días eta Ahógate. Letra guztiak oso bortitzak ziren, gizartearenganako amorruz eta gorrotoz beteak. Apurka-apurka, punkaren eragina hedatzen joan zen Gipuzkoako estoldetan, eta talde mordoa sortu zen, batez ere lehen aipatu ditugun hiru guneetan: Donostia (Optalidon, Neo-Punk, Kaos), Orereta (Alarmatik sortutako Basura, Odio, Ejercito de Salvación) eta Arrasate ingurua (RIP, Pabellón Negro, Nazka, Cirrosis). 1982ko urtarrilaren 30ean talde horietako gehienek (RIP, Optalidon, Neo-Punk, Odio, Basura eta Sociedad Anonima) Arrasateko Saioa aretoan egin zuten lehenengo kontzertu handia, Sid Vicious-en heriotzaren urteurrenean.

Taldeak bazuen jarraitzaile andana bat, emanaldi guztietara joaten zena, eta kontzertu guztiak indartsuak, kaotikoak eta, batzuetan, istilutsuak ere baziren

1983ko hasieran RIP Bizkaira ailegatu ziren, eta Eskorbutorekin batera kontzertu bortitz eta gogoangarria egin zuten La Jaula aretoan. Urte horretan RIPek kontzertu ugari egin zuen, eta horietako bat bereziki azpimarratzekoa da, 1983ko apirilaren 16an Oñatin egin zen emanaldi historikoa: RIP, Odio, Basura, Vulpess, Cirrosis, Cicatriz en la Matriz eta gonbidatu berezi moduan Bartzelonako Ultimo Resorte. Taldeak bazuen jarraitzaile andana bat, emanaldi guztietara joaten zena, eta kontzertu guztiak indartsuak, kaotikoak eta, batzuetan, istilutsuak ere baziren (hori, zoritxarrez, garai hartako punk kontzertu gehienen ezaugarria zen): pogo basatia, garagardoa leku guztietatik, zarata eta distortsioa… Ordurako, RIPek oso estilo berezia garatua zuen: GBH, Discharge edo One Way System-en iturrietatik edaten zuten, baina kantei ezartzen zieten abiadak hardcore ukitu bat, gero eta nabarmenagoa, ematen zien.

Estudiora lehen aldiz

Azkenean, estreinakoz zerbait grabatzea lortu zuten, Madrileko Spansuls zigiluari esker. Madrileko Colores estudioetan grabatu zuten, baina diskoa izugarri atzeratu zen, ia urtebete eta erdi. 1984ko maiatzean ikusi zuen argia Zona Especial Norte izeneko harribitxi historikoak. Eskorbutorekin batera ateratako maxi bat zen, non talde bakoitzak lau abesti sartu zituen. RIPenak honako hauek izan ziren: Kaos, Brigada criminal, No hay futuro eta Antimilitar. Diskoak bultzada handia eman zion taldeari, eta ez soilik Euskal Herrian edo Espainiako Estatuan. Maximum Rock´n´Roll AEBetako fanzineak Antimilitar kantua sartu zuen Welcome to 1984 izeneko bilduman (askoren ustez, inoiz argitaratu den hardcore bildumarik onena), garai hartako hardcore talderik onenekin batera: Terveet Kädet, Inferno, Rattus, BGK, Frites Modern, The Bristles, Olho Seco… Urte berean, AEBetako BCT zigiluak (kaseteak argitaratzen zituen zigilua, garai batean oso ezaguna izan zen mundu osoko hardcorezaleen artean) Spanish HC izeneko zinta bat argitaratu zuen. Bertan, MG 15, IV Reich, Ultimo Resorte, Antidogmatics eta Frenopatics-en hainbat abestirekin batera, RIP-en zuzeneko batetik ateratako 13 kanta agertzen ziren.

RRV siglekin ezaguna egin zen fenomenoak nolabaiteko eragina izan zuen taldean (kontzertu handi batzuetan jotzeko aukera sortu zitzaien), baina, oro har, RIP ildo horretatik aparte samar ibili zen

Kanpoko kontuak gorabehera, RIPen benetako arrakasta Euskal Herrian zegoen. 1983ko amaieran Tuteran NATOren kontrako kontzertu historikoan jo zuten beste talde askorekin batera, eta historikoa diogu kontzertu horren ondorioz Egin egunkariaren musika gehigarrian lehenbiziko aldiz agertu zelako “Rock Radikal Vasco” etiketa, eta askotan kontzertu hura jo izan delako RRVren lehenengo agerraldi masibotzat. Eginek Gipuzkoako talderik onena izendatu zuen 1984ko urtarrilaren 21ean eta Egin Rock jaialdian jo zuten, Gasteizko Mendizorrotza kiroldegian, Zarama, Hertzainak eta Barrikadarekin. Orduantxe egin zuen eztanda RRV siglekin ezaguna egin zen fenomenoak. Mugimendu hark nolabaiteko eragina izan zuen taldean (kontzertu handi batzuetan jotzeko aukera sortu zitzaien), baina, oro har, RIP ildo horretatik aparte samar ibili zen. Esaterako, handik gutxira Herri Batasunak “Martxa eta borroka” kanpaina abian jarri zuenean, RIPek ez zuen bertan parte hartu.


Zaratarik gabeko agurra



Hala ere, 1984tik 86ra doan tartea oso mugitua izan zen RIPentzat. Kontzertu pila egin zuten, Euskal Herrian zein kanpoan, eta zuzeneko bikaina izatearen ospea irabazi zuten. Hala ere, RRV inguruan zebiltzan talde gehienek diskoak grabatzen zituzten bitartean, RIPen estreinako lan luzea etengabe atzeratzen zen eta nahiko berandu ailegatu zitzaigun, 1987an hain zuzen. No te muevas Basati Diskak zigilu sortu berriak kaleratu zuen, eta euskal rockaren historian mugarritzat jo daiteke. 1993ko azaroan diskoa CD formatuan berrargitaratu zen ZEN maxiaren kantekin, eta bi urte geroago gauza bera egingo zuen Discos Suicidas-ek. Beste aldetik, aipatu behar da Eginek 1987an kaleratutako Bat, bi, hiru… hamar! bilduma bikoitzean Terrorismo policial sartu zutela. 1989 inguruan, zaratarik egin gabe, RIP desagertu egin zen.

RIPen estreinako lan luzea etengabe atzeratzen zen eta nahiko berandu ailegatu zitzaigun, 1987an hain zuzen. No te muevas euskal rockaren historian mugarritzat jo daiteke

Taldekideak beste zeregin batzuetan aritu ziren: esaterako, Portu Ume Gaiztuak taldean ibili zen, Txerra eta Yulek Los Pichones osatu zuten, eta Karlos Elkorobarrutia taldean aritu zen. Askoz geroago, 2000. urtean, Yulek Txapelpunk egitasmoan parte hartu zuen eta taldearen lehenengo diskoa grabatu zuen, eta duela gutxi Yulek eta Txerrak The Kagas-en diskoa grabatu dute La Pollako Evaristorekin batera.
1994an RIPekoek itzultzea erabaki zuten eta hainbat kontzertu egin zituzten. Horietako bat, Gasteizen irailaren 30ean Hiesaren kontra egindakoa, grabatu eta hurrengo urtean Esan Ozenkik plazaratu zuen, Hiesari aurre egiten izenpean. Horren ostean, taldea berriro ere lozorroan sartu zen. Baina 1997ko otsaileko goiz hotz batean Portu RIPeko baxu jolearen heriotzaren albistearekin esnatu ginen. Bazirudien taldearen historia bertan amaitzen zela. 2000 urtean RIP berriro itzuli zen, betiko formazioarekin eta Xabi, Porturen anaia, baxu jole zutela. Lehenengo eta behin, Eskorbutoren Ha llegado el momento kanta grabatu zuten Tren con destino al infierno Vol. 1 Eskorbutoren omenez egindako diskorako, eta gero kontzertuak egiten hasi ziren. Maiatzaren 6an Bilboko Erakustazokan jo zuten, Amnistiaren Aldeko Batzordeek antolatutako Elkartasun Eguna izeneko jaialdi erraldoian. Gerora, Amnistiaren Aldeko Batzordeek disko bikoitza argitaratu zuten egun horretan zuzenean grabatutako abestiekin, eta RIPen Revolución agertzen da bertan. Hirugarren etapa honetako beste grabazio bat ere badago: Jokinen omenaldia izeneko CD-a, RIP, Etsaiak, MCD eta Ume Gaiztuak taldeek Lekeition egindako kontzertua jasotzen duena. 2001 eta 2002an RIPek kontzertuak egiten jarraitu zuen, oso bakanak eta gehienetan errepresioaren kontrako jaialdietan, harik eta, 2003ko urriaren 13an, Mahoma bere etxean hilik agertu zen arte.

2003, URRIA - AZAROA
bidali zure artikulua Bidali zure artikulua
Erlazionaturiko edukiak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.