entzun.com


Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Erreportajeak

Julen Azpitarte 2007-02-09

Shellac, matematikoak eta minimalak

SHELAC SHELAC

Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Lotura erlazionatuak
Euskal Herrian jarraitzaile asko dituen kultuzko banda da Shellac, baina ziur bat baino gehiago aho bete hortz utziko duela bere zuzeneko doinuarekin. Hona hemen errepikapenaren maisuen ibilbide oparoaren laburpena.
Shellac, edo Shellac of Noth America, hirukotea 1992 urtean eratu zen Chicagon, Illinois. Steve Albini (Just Ducky, Big Black eta Rapeman ohia) gitarra jolea eta Todd Trainer (Rifle Sport eta Brick Layer Cake ohia) bateria jolea elkartu, eta jotzeari ekin zioten inongo asmo seriorik gabe. Handik gutxira Camilo Gonzalez Naked Raygun Chicagoko punk rock bandako baxu jolea gehitu zitzaien. Gonzalezekin kantu bakarra grabatu omen zuten aurreneko singlean, haren ordezkoa, Bob Weston, Sorry eta Volcano Suns taldeetako baxu jole ohia, hirukotearen hirugarren ertza izan baita gaur arte. Antza, Albinik eskatu zion Westoni Chicagora joatea; eta ez hori bakarrik: bere estudioan lan egiteko aukera ere eskaini zion.
Hortaz, ezin esan Shellac (“laka” esan nahi du, binilozko diskoen aurretik egiten ziren lakazko diskoak aipatzen ditu izenak) hiru mukitsuk abian jarritako egitasmoa izan zenik. Albini, Trainer eta Westonek Chicagoko hardcore-punk underground eszenan sorturiko hainbat bandetan jo baitzuten. Haietariko asko, gainera, Big Black edota Naked Raygun kasu, itzal handiko bandak izan dira (Volcano Suns, Bostoneko Mission of Burma talde handia desegin eta gero sortu zen Peter Prescott taldeko bateriaren ekimenez). Shellac-ek baina, nahiz eta aipatu banda guzti horien eraginak bildu, bere musika-proposamen propioa eraikitzeko gaitasuna izan du. Beti ere, musika merkatu eta industriaren arauei muzin eginez eta bandaren barneko dinamikei erreparatuz. Jokabide propio horren isla taldeak diskoak argitaratzeko erakusten duen pazientzia da: zortzi urtetan hiru disko luze kaleratu dituzte, azkena, 1000 Hurts, 2000n. Harrez geroztik ez dute disko luzerik grabatu. Uda partean Excellent Italian Greyhound lana argitaratuko dute, 1000 Hurts agertu eta zazpi urtera, alegia.
“Nire ustez gure taldeak entzule bereziak ditu. Shellac-ek duen entzuleria ez da derrigorrez gauza berriekin kitzikatzen. Gustu jakin batzuk dituen entzuleria da. Tarteka estimuluak behar dituen gustu orokorrak baino gustu zehatzagoak ditu. Nire ustez, entzuleriari oro har, nobedadeak gustatzen zaizkio, aldizka freskatzeko. Ni, ordez, gure zaleen modukoa naiz, atsegin ditudan taldeei dagokienez. Gaur egun ez dut AC/DC-ren lan berria behar AC/DC-ren benetako zale sutsua izateko. Eta ez dut Joy Division kalean behar, Joy Division benetan gustuko izateko”, dio Albinik.



Filosofikoki eta pentsaeraz bere kasa ibili ez ezik, musikari dagokionez ere, lehen aipatu bezala, Shellac-ek bereari eutsi dio, tinko gainera. Hirukoteak erritmo errepikakorrak eta pisutsuak josten ditu. Albinik gitarra riff moztuak eragiten ditu, sikuak eta zorrotzak, Gang Of Four-eko Andy Gill-en erara. Gitarra doinu angeluarra da nagusia. Melodia gaitzetsi eta pop kantuaren egitura tradizionala baztertzen dute, errepikapenaren mesedetan. Travis Bean aluminiozko gitarra berezi eta zaharrak maite dituzte eta grabaketa digitala erabat errefusatzen dute. Albini eta Weston soinu ingeniariak dira (Trainer argazkilaria da) eta soinu analogikoaren alde daude. Soinu garbia maite dute eta grabazioetan ez dituzte soinu-kanalak bikoizten. Hots, diskoa jarri eta taldea zure ondoan egongo balitz bezala entzuten da.
Birei eta zuzenekoei dagokienez ere, bere kasa ibiltzen dira. Hau da, Shellac-i talde berriei ezartzen zaien ohiko disko-promozioa-bira merkataritza irizpidea ezartzerik ez dago. Haien ohiko lanbideetatik ihes egiteko erabiltzen dituzte kontzertuak eta horrez gain, ez dute “diru kopuru finkorik” kobratzen kontzertu guztietan, banda gehientsuek egiten duten bezala. Sarrerei ezartzen zaien gehiegizko prezioa ere kentzen saiatzen dira. Shellac-en disko guztiak Chicagoko Touch and Go punk zigilu mitikoak argitaratu ditu, eta horrela izaten jarraituko du, ez baitago inor talentu handiko jenio temati hauek aldaraziko dituenik!
90eko hamarkadak eman duen talde garrantzitsuenetarikoa da ezbairik gabe eta Bilbon eskainiko duten kontzertua ikaragarria izango da. Iaz Bartzelonako Primavera Sound jaialdian izan ziren eta zuzeneko onena eskaini zuten. Chicagokoek, gainera, komunikazio zuzena sortzen dute entzuleriarekin. Adi ba, Fugazi, Dut, Lisabö, edota Drive Like Jehu gisakoen zaleak, hitzordua ezinbestekoa da eta.



STEVE ALBINI “DIGITALA IZORRA DADILA”

Albini 1962 urteko uztailaren 22an jaio zen Pasadenan, Kalifornia. Big Black eta Rapeman bandetako kide ohia da eta egun Shellac-en sei sokak astintzen ditu. Horrez gain, soinu ingeniaria da eta Electrical Audio estudioen jabe ere bada. Bera eta bere familia hara eta hona ibili ziren 1980 urtean Missoulan (Montana) lekutu ziren arte. Giro landatar hartan gure protagonista asko aspertu zen eta egoera aspergarri horrek Albini gaztearen kezken garapena ahalbidetu zuen. Hala, izterra apurtuta zuela, baxua jotzen hasi zen. Tartean, klaseko kide bati esker punk rocka ezagutu zuen eta ondorioz Ramonesen disko guztiak erosi zituen.
Institutua bukatu eta Evanston-era joan zen, Illinois, Northwestern Unibertsitatera. Chicago inguruan ezaguna egin zen bertako aldizkarietan argitaratzen zituen artikuluei esker (Albiniren hitz jarioa eta idazteko ahalmena amaigabea da). Sasoi hartan Chicagoko punk eszena puri-purian zegoen.

Bere aurreko bandak

1982 urtetik 1987 urtera bitartean Big Black banda ezaguna abiatu zuen, Jeff Petazzi (Naked Raygun) eta Santiago Durangorekin. Bi disko luze argitaratu zituzten: Atomizer (1986) eta Songs about Fucking (1987), biak Touch and Go-ren labelarekin. Doinu basatia eta urratzailea jorratzen zuten eta PIL, Killing Joke, Wire ete Gang of Four post-punk banden eragina nabarmena zen. Bigarren diskoa kaleratu eta banda puskatu egin zen.
1987 urtean Rapeman (bortxatzailea) izen polemikoa zuen taldea eratu zuen Scratch Acid bandako Rey Washam (Didjits-en ere ibilitakoa) eta David Sims-ekin (Jesus Lizard handien abeslaria). Budd (Touch and Go) izeneko EP-a eta Two Nuns and a Pack Mule (Touch and Go) izenburua zuen disko luzea argitaratu zituzten (Sub Popek single bakarra ere kaleratu zuen). Egitasmo honetan, gerora etorriko zen Shellac-en doinu esanguratsuaren zantzuak suma zitezkeen.
Musikari eta kazetari ez ezik, Albini soinu teknikari ezaguna ere bada. Bere eskuetatik hamaika talde igaro dira eta bere estudioetan, Electrical Audio, musika independentearen esparruan azken bi hamarkadetan kaleratu diren disko garrantzitsuenetarikoak grabatu dira, esaterako, Nirvanaren In Utero. 1.000tik gora disko grabatu ditu eta ehunka artista eta bandarekin lan egin du, Pixies, Cheap Trick, Stooges, PJ Harvey, Godspeed You Black! Emperor eta Neurosis, besteak beste. Albinik ez du ekoizle kategoria onartzen; soinu ingeniaria da. Hortaz, ez ditu ekoizleek irabazten dituzten salmentengatiko royaltyak kobratzen. Bere iritziz, ekoizleek haien iritzia ezartzen dute eta taldea agintzera irits daitezke; “iraingarria” dela dio. Haren aburuz, soinu ingeniariak taldearen doinua harrapatu behar du eta laguntza teknikoa eskaini; konponbide teknikoak eman, alegia. “Taldea ordaintzen ari da estudioan egoteko duen pribilegioagatik, eta normalean zerbaitengatik ordaintzen duzunean, zeuk diozu nola egin”, dio Albinik.

“Taldea ordaintzen ari da estudioan egoteko duen pribilegioagatik, eta normalean zerbaitengatik ordaintzen duzunean, zeuk diozu nola egin”

Chicagokoaren grabazioek bere marka berezia dute. Oinarrizkoak eta zehatzak izaten dira. Efektu gutxi erabiltzen ditu eta gitarra doinu oldarkorrak izaten dituzte. Atal erritmikoak (baxua eta bateria) batera kolpatzen du. Ahotsa normalean baxu mantentzen du nahasketan, behintzat ohiko rock grabazioetan egiten dena baino baxuago. Eta ahal den heinean, taldea zuzenean grabatzen du, soinu-banda anitzeko grabazioak saihesten ditu, alegia. Mikrofonoei eta horien kokapenari garrantzi itzela ematen die. Albini artisaua hutsa da. Grabazio prozesu analogikoaren aldekoa da, eta horrela azaltzen du Big Black-en Songs About Fucking CDan agetzen den oharrean. “Etorkizuna analogikoaren jarraitzaileena da. Digitala izorra dadila!”



2007, apirila-maiatza
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.

Berri Laburrak

  • Fermin Muguruza & Kontrakatxa Hego Amerikan daude maiatzaren 16tik: Chile, Montevideo, Bogota, Mexiko...
  • Foehn zigiluaren udaberriko nobedadeak: BALAGOren Darder eta OSO LEONEren Mokragora.
  • Zaramak hiru abesti dituen disko labur batekin datorkigu: Sinestezina. Hemen entzun.
  • Jazzaldian euskotarrak: 18 talde, 9 dj, B. Achiary, I. Salvador, M. Azpiroz, Igelaren Banda... www.heinekenjazzaldia.com
  • SONISPHERE 2013: Madril (Mai 31) & BCN (eka 1). Kartela: IRON MAIDEN, ANTHRAX, MEGADETH, AVANTASIA...
  • Balerdi Balerdi taldeak Petti beratarra fitxatu du. http://balerdibalerditaldea.wordpress.com/

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!