Social Distortion zuzenean. Mike Ness gitarrari su ateratzen. Arg: Galder Izagirre.
Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
“Guk ez dugu inoiz talde telonero txarrik izan. Beno, bai, Social Distortion”. Perla hori bota zutenak Sonic Youth izan ziren, eta beharbada bat baino gehiago harrituko da hori irakurrita. Gazteria Sonikoaren neska-mutilen harrokeria gorabehera, egia da garai batean, 80ko hamarkadan batez ere, Social Distortion bigarren mailako taldetzat jotzen zutela askok. Baina ezina ekinez egina: Social Distortionek oztopo asko gainditu behar izan ditu bere ibilbidean (heriotzak, espetxealdiak eta menpekotasunak tarteko), baina jakin du eskarmentu horretatik ikasten, talde bikaina bilakatu arte.
Dudarik gabe, Social Distortion
Mike Nessen taldea da. Bera da hasieratik dagoen bakarra, abeslari eta gitarrajolea, kantu gehienen egilea… eta, batez ere, Social D (hala deitzen diote AEBetako zaleek) bere proiektua da, bere bizitza ia-ia, garai txarretan infernutik ihes egiten lagundu ziona. 1979an sortu zuen Orange Countyn (Kalifornia, AEB). Hasierako formazioan Rikk eta Frank Agnew anaiak eta Casey Roger bateriajolea zeuden, baina hiru musikariak azkar joan ziren Adolescents osatzera.
Dennis Danellekin batera (2000 urtean hil zen arte, Mike Nessen adiskide eta laguntzaile fina) taldea osatu zuen berriro, eta single pare bat kaleratu ondoren eta Minor Threat eta Youth Brigade-rekin AEBetan zeharreko bira kaotiko bat egin ostean (
Another state of mind film dokumentalean jaso zutena), 1983an lehenengo disko luzea grabatu zuten,
Mommy’s little monster. Punk rock disko ona da, dudarik gabe, baina arrunt samarra, eta bere garaian nahiko oharkabean igaro zen. Gaur egun, taldeak erabateko arrakasta erdietsi ostean, kritikari batzuek “hardcore amerikarraren klasikotzat” jotzen badute ere, argi dago ez dagoela Black Flag-en
Damaged, Circle Jerks-en
Group sex edo Adolescentsen lehenengoaren mailan, garai bereko eta eszena bereko benetako klasiko batzuk aipatzearren.
Urte haietan, Nessek arazo handiak zituen drogekin, eta kartzelan ere egin zuen denboraldi bat baino gehiago. Horren ondorioz, taldea 1985ean desegin zen. Espetxetik irten berri eta menpekotasuna gainditu ostean, Ness berriro batu zen Danellekin, erritmo sail berria hartu zuten (John Maurer baxuan eta Chris Reece baterian) eta 1988an bigarren diskoa argitaratu zuten, “Prison bound”. Hemen hasi zuen Nessek country, rockabilly eta Ameriketako sustraidun musikarekiko zaletasuna agertzen. Gainera,
Backstreet girl Rolling Stonesen abestirik politenetako baten bertsioa sartu zuten.
Baina benetako ezustekoa bi urte geroago iritsi zen, taldeak
Social Distortion izeneko diskoa argitaratu zuenean. Ahate itsusia zisne xarmagarri bilakatua zen. Taldeak berreskuratzen du hasierako taupada punkzale hori, baina abestien mailak gora egiten du nabarmenki, eta trinkoago eta seguruago agertzen dira. Betiko zale askok pentsatzen dute hauxe dela Social Distortionen diskorik onena.
Bolada ona mantendu zen hurrengo diskoarekin, 1992ko
Somewhere between heaven and hell, eta 1996ko
White light, white heat, white trash-ekin erabateko arrakasta erdietsi zuten. Disko horrekin erakarri zuten ordura arte bizkarra ematen zieten zale askoren arreta. Eta ez da gutxiagorako: Nessek kontatzen dituen istorio mingotsak, erruaren pisuaz, bizitzaren alde ilunaz eta norberaren esfortzu eta oinazeari esker akatsak gainditzearen eztiaz mintzo direnak, inoiz baino distiratsuago ageri dira gitarra ozen eta lelo gogoangarrien abaroan.
Diskoak lortutako arrakastari segida eman nahian, zuzeneko lan bat argitaratu zuten 1998an,
Live at the Roxy, eta, ondoren, taldea geldiune batean sartu zen, Nessek bakarkako disko pare bat egiteko baliatu zuena. Baina 2000ko otsailean Dennis Danell, Nessekin ondoan une zailetan egondako musikaria eta harekin batera Social Distortionen denbora gehien emandakoa, hil zen bihotzekoak jota. Taldearen desagertzea iragartzen zuten zurrumurruak bolo-bolo zabaldu ziren, baina 2004an isildu ziren, Social Distortionen orain arteko azken lana kaleratzeaz batera,
Sex, love and rock and roll. Disko honen ostean, John Maurer baxulariak, 1985eko formazio klasiko horretatik gelditzen zen musikari bakarrak, alde egitea erabaki zuen.
Orain, 2009an, Social D 30. urteurrena ospatzen ari da, Nessek talde berria aurkezten du (Johnny Wickersham
Sex, love and rock and roll grabatu zuen gitarrajolea, Brent Harding baxujolea eta Atom Willard, Rocket From The Crypt taldean aritutako bateriajolea), disko berria iragartzen dute, oraindik argitaratze datarik ez dagoen arren, eta Europan zeharreko bira bati ekingo diote, 21 emanaldi hilabetean. Horietatik hirugarrena Euskal Herrian egingo dute, Barakaldoko Rock Star Live aretoan hain zuzen, ekainaren 6an. Zisnearen osasuna zertan den ikusteko aukera aparta izango da.