Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Bergarako Supercools taldeak etenaldi bat egitea erabaki du. Arrazoia: Gorka gitarra jotzailea kanpora doa urtebetez. Halere, opari berezia utzi diete zaleei: hemezortzi hc-punk talderen bertsioez osatutako diskoa (tartean Supercools-en beraien Bergara gorroto dut kantua eta hainbat talde euskaldunena). Lan hau Koroba baserrian zuzenean grabatu zuten pribilegiatu gutxi batzuen aurrean martxoaren 3 eta 4an.
Taldekideak gazteak izanagatik, beren grabazioak entzun edo zuzenean ikusi dituztenek badakite eskola zaharreko maitaleak direla. Aukeratu duten bertsio zerrenda lekuko, izan ere kantu gehienak 80ko hamarkadakoak dira, eta edozein euskarri fisikok bezala mugak dituen arren, euskal eta nazioarteko “hardcorearen hall of fame” moduko bat (segur aski beraiek ez lukete horrela izendatuko) osatu dute. Baina hori baino gehiago ere bada, beren bizitzako soinu banda baita, entzule gazte askorentzako punk eta hardcorearen erreferente ezinbestekoak bil ditzakeena.
Daukaten ondare musikalari (bistakoa da), ondoko datu hau gehitu behar diogu: Zuzenean Poison Idea, MDC eta Spermbirds taldeekin jo dute! Eta hau ere ezin kasualitatea izan, indarra aski baitute zuzenean, eta disko honetan –errepikatuko dugu, zuzenean grabatua da– nabarmentzen denez. Horregatik dario bolbora usaina lan honi: erre egiten du belarrietan, erritmo bizkorrak eta biziak dakartza, gordina da, azkarra da, beroa da, gertukoa da (akatsak eta guzti! utzi dituzte).
Zuk zeuk egin filosofiari jarraiki egindako disko hau fanxine batez lagunduta dator: abesti guztien letrak (euskara, gaztelera eta ingelesez) eta berauen jatorrien azalpenak biltzeaz gain, Redna, Iker Barandiaran eta Tabuk idatzitako testuez osatua dago. Jorratutako gaiak hauexek: Supercools taldeari buruzko gogoeta, grabaketa egunaren nondik norakoak eta Bergara eta hardcoreari eta punk politikoari buruzko artikuluak. Benetan eskertzeko lana hau ere.
Kantu zerrenda
Anestesia (Ni soilik bait naiz)
Subterranean Kids (Ciudadano ejemplar)
Dag Nasty (Values Here)
Spermbirds (Melt the ice)
Doa (Doa)
Circle Jerks (Back against the wall)
Bap!! (Ametsak)
Bost Axola (Progreso)
Poison Idea (Plastic bomb)
Rip (Hasta el fin)
Eskoriatza (Sentimentala)
Supercools (Bergara gorroto dut)
Rouse (It’s funny)
Gorilla Biscuits (Degradation)
Verbal Assault (On)
Bad Brains (Sailing on)
RKL (Tell me truth)
Dead Kennedys (Pull my strings)
2006, EKAINA – UZTAILA