Guztiaren burua eta lengoaia berri baten garatzailea
George Martin, historiako ekoizlerik famatuenetakoa, bai. Baina, guztiaren gainetik, The Beatlesen ekoizlea; eta ez dago gehiago esan beharrik. 1926an jaio zen Londresen, eta aurtengo martxoaren 8an hil zen, 90 urte zituela. Musika ekoizle izateaz gain, moldatzailea, musikaria, soinu ingeniaria, musikagilea, orkestra zuzendaria eta, borobiltzeko, soinu teknikaren iraultzailea izan zen. Piano eta oboe jotzailea berez,1950ean EMI diskoetxe ingelesean sartzea lortu zuen, eta Parlophoneko (EMIren azpi zigilua) nagusi zen Oscar Preuss 1955ean erretiratu zenean bereganatu zuen Martinek haren ardura. Garai hartan umorezko diskoek arrakasta handia zuten, eta Peter Sellersekin, besteak beste, egindako grabazioekin salmenta bikainak lortu zituen. Orduan ez zegoen soinu efekturik, eta animalia, kotxe edo beste edozein soinu lortzeko artisauki egin behar izaten zuten. Noski, grabazioak mono moduan egiten ziren. Teknika berrien aitzindaria izan zen eta EMIrekin arazoak izan zituen horregatik baina, azken emaitzak ikusita, diskoetxeko kontserbadoreek etsi beste aukerarik ez zuten izan.
1962ko apirilean telefono dei bat jaso zuen, Brian Epstein izeneko manager batek The Beatles taldea promozionatu nahi zuen. Martinek baiezkoa eman eta Brian hurrengo egunean azaldu zen. Historia badakizue: Decca diskoetxeak musikaren historiako erabakirik txarrenetako bat hartu eta Beatlesak errefusatu zituen; hauen samina sentitu zuten, talentua eduki arren industriak ez zituelako babesten. Azkenik, ezagutu zituenean, eta haien izaerak txunditu zuen Martin, nahiz eta musikalki guztiz konbentzitu ez. Laster, ordea, aho zabalik geldituko zen mutil haien gaitasunaren aurrean. Please please me singlea grabatuta, zera esan zien Martinek bere mutilei: