entzun.com

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Erreportajeak

bidali zure berria Bidali zure artikuluak
Mikel Lizarralde 2016-03-15

THE WHO Kontraesanen belaunaldia

Taldearen mod garaiak Taldearen mod garaiak

Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
The Kids Are Allright
Talde gutxi izango dira rockaren historian bere baitan The Whok adina kontraesan biltzen dituenik. Mod mugimenduaren erreferentzia gisa sortu eta punk eztandarentzat akuilu izatetik, estadioetako banda handienetakoa bihurtu eta punkak deuseztu nahi zituen dinosauruen ordezkari indartsuenetakoa izatera igaro zen. Orain, taldea ofizialki desegin eta ia 25 urtera, bizirik gelditzen diren bi taldekideek errepidera itzuli eta disko berri bat grabatzeko erabakia hartu dute.
Orain dela bi urte egin zuten Roger Daltrey abeslariak eta Pete Townshend gitarristak The Who berriz kalera ateratzeko lehenengo ahalegina. Then and now 1964-2004 bilduma osatu eta bertan bi kantu berri (Real good looking boy eta Old red wine) sartzeko baliatu zuten argitalpena. Halaber, lehenengo kontzertu batzuk eman zituzten Erresuma Batuan taldekide berriekin Zak Starkey (bateria), Rabbit Bundrick (teklatua), Pino Palladino (baxua) eta Peten anaia Simon gitarra laguntzaile gisa, eta prest azaldu ziren bigarren abentura honi jarraipena emateko. Izan ere, Townshend-i kasu eginez gero, XXI. mendeko The Who-k ez du izan nahi zuzeneko emanaldietara mugatuko den taldea: Iruditzen zait ezingo nukeela The Who-rekin bira gehiago egin disko berririk gabe, adierazi zuen gitarristak orain dela hilabete batzuk bere webgunean.
The Whok 1964tik 1982ra egin zuen bidearen erakusle dira taldearen ispiluan islatuta sortutako estilo eta mugimendu kontrajarriak. Izan ere, punkarentzat Buzzcocksek, Patti Smithek eta Sex Pistolsek The Whok hasieran zuen energiatik edaten zuten eta mod revivalarentzat (The Jam, The Mods, Secret Affair, The Lambrettas), erreferentzia izan bazen ere, taldeak rock sinfonikoa ere aurreratu zuen bere rock operekin, eta bide batez, hard-rockak ere asko zor dio.

Mod garaian bizitzen

Roger Daltreyk (1944), Pete Townshendek (1945), John Entwistle (1944) baxu jotzaileak eta Keith Moon (1947) bateria jotzaileak 1964an sortu zuten The Who. Lehenengo hirurak The Detours, R&B bertsioetan (Mose Allison, James Brown, Jimmy Red) oinarritutako taldetik zetozen eta Moon The Beachbombers surf taldetik. The Beatles eta The Rolling Stonesek garaiko bi bideak markatzen zituzten (beat-popa eta R&Ba) eta, The Who erdibidean kokatu zen, nortasun berezirik erakutsi gabe. Hastapenetan behinik behin.
Modu paraleloan, musikarekin lotura zuzena ez zuen korronte bat ari zen sortzen Erresuma Batuan: mod mugimendua. Peter Meaden gerora The Whoren managerra izan zenak horrela definitu zuen zer zen mod izatea: Mod izatea zure baloreen eta eskalen arabera bizitzea da. Eta egoera zailetan ere txukun bizitzea. Mod-ak dotore janzteagatik eta musika beltzari nahiz anfetaminei zieten maitasunagatik nabarmentzen ziren. Baina ez zegoen mod musikarik.
Meadenek The Who zuzenean ikusi zituen arte. Orduan aurkitu zuen mugimenduak behar zuen taldea. Meadenek taldearen irudia txukundu zuen, eta taldekideek ere beren gain hartu zituzten mod mugimenduari atxikitzen zitzaizkion ezaugarriak: dotore jantzi, Vespa motoak gidatu eta anfetaminak kontsumitu. Aldatzeagatik izena ere aldatu zien Meadenek, eta horrela The High Numbers izenarekin argitaratu zuten lehenengo singlea (Im the face / Zoot suit). Berehala berreskuratu zuten, ordea, izena.
Londresko Marquee areto ospetsuko ohiko gonbidatu ziren eta taldeak zuzenean transmititzen zuen energiaren eta bortizkeriaren ospea ere 64-65eko hilabete haietan sortu zen. Townshendek kontzertuetan gitarra kolpeka apurtzeko ohitura hartu zuen eta hori ere amu bilakatu zen intentsitate handiko bizipenak bilatzen zituzten gazteentzat. Lehenengo singleak kaleratu zituzten (I cant explain, Anyway, anyhow, anywhere), eta hirugarrenarekin (My generation), goia jo zuten. Feedbackez gainezka egiten zuten lau akorderekin eta lelo kutsagarri batekin, Townshendek hortik aurrera taldearen konpositore nagusi izango zen, bere belaunaldiaren nahi eta kezkak laburbildu zituen parerik gabeko kantu batean. Gerora punk belaunaldiak (God save the Queen) edota grunge oldeak (Smells like teen spirit) bezala, mod-ek ere beren ereserkia izan zuten. 60ko hamarkadaren erdialdean, singlea LPari gailentzen zitzaion. Fomatu txikiak zuen merkatua. Townshendi, ordea, ideia asko zebilkion buruan, eta haiek guztiak ez zegoen 7ko binilo txikian sartzerik. My generation lehenengo disko luzean ordura arteko singleak eta kantu berriak bildu zituen, baina A quick one (66) bigarrenerako antzematen zen gitarristak bide ezberdinak bilatu nahi zituela. Pop zuzen eta energikoarekin nahikoa ez zuela. Horren adibide da A quick one, while hes away ia hamar minutuko kantua. Neurri batean gerora etorriko zena aurreratzen hasi zen. Ordurako mod mugimendua gainbeheran zegoen, eta psikodelia txoko guztietara zabaltzen ari zen heinean, The Whok ere bere lekua egin zuen mugimendu berrian, The Who sell out diskoak erakusten duen moduan.

Rock opera

60ko hamarkadaren amaieran, Erresuma Batuko musikan ezer ez zegoen geldi. Psikodelia gazteen artean hedatzen ari zenerako, hainbat musikari haratago joateko saioak egiten hasiak ziren. Hiruzpalau akordeko kantuen ordez, garapen luzeko piezak nahiago zituzten, eta hitz argi eta zuzenen lekuan, istorioak. Gerora, rock sinfoniko edo progresiboak beretzat hartuko zituen ezaugarriak, ordea, The Whok finkatu zituen Tommy (69), haur mutu, gor eta itsuari buruzko disko kontzeptualarekin. Townshendi kasu eginez gero, Tommy Meher Baba maisu espiritual indiarrak emandako irakaspenen emaitza izan zen: Urte haietan bizi izan nituen aldaketen ondorioa da. Erlijio tradizionalarekin etsia nengoen, zalantza espiritualak nituen eta ondorio batera iritsi nintzen: gizakia ezin da mugatu gorputz batera. Eta horrela, mistiko bihurtu nintzen. Musikalki, taldeak ordura arte grabatutako disko anbiziosoena da, handinahia baina era berean, handiustea. Tommy, gainera, eszenatokietara ere iritsi zen rock opera gisa eta baita zinemara ere Roger Daltrey protagonista zuela.
Bi urte geroago eta Whos next diskoarekin rock gogorrera hurbildu ondoren, operazioa errepikatu zuen taldeak Quadrophenia, mod baten istorioari buruzko lan kontzeptualarekin. Gainera, urte batzuk geroago, mod revival-aren garaian, diskoan oinarritutako filma egingo zuten.
Hortik aurrerakoa dinosauro baten iraungitzearen kronika da. Taldekideen artean gero eta arazo pertsonal handiagoak zeuden, Moonek arazoak zituen drogekin, bakarkako disko eskasak atera zituzten Eta hala eta guztiz ere, makinariak lanean jarraitu behar zuen rock talde-enpresa handi bati dagokion moduan. The Who by numbers (75) eta Who are you (78) diskoek gainbeheran dagoen talde bat erakusten dute, rock ezin konbentzionalagoan mugitzen dena. Gainera, 1978an Keith Moon hil egin zen pilula gaindosi baten ondorioz John Entwistle ere hil egin zen 2002an. Nolanahi ere, gainerako hiru kideek Kenny Jones Small Faces-eko kidearekin, denbora izan zuten beste bi disko ere grabatzeko, Face dances (81) eta Its hard (82), biak rock komertzial zaharkituenaren adibide garbiak.



Lau mugarri


My generation (1965)
Lehenengoa izateagatik eta My generation ereserkia jasotzeagatik mereziko luke aipamena. Mod espirituaren isla zuzena da, eta pop kantu melodiko indartsuak (The kids are allright, La-la-la lies) eskaintzearekin batera, rhythm & blues-ean arakatzen du etengabe (James Brown eta McDanielsen bertsioak jasotzen ditu).

The Who sell out (1967)
A quick one diskoarekin (1966) mod komunitatetik urrundu ondoren, eta psikodelia Erresuma Batuan zabaltzen ari zen bitartean, Pete Townshendek bere obsesio guztiak bildu zituen art-pop estetikako disko honetan. Lehendabiziko aldiz diskoa osotasun gisa planteatu zuen irrati iragarkiak tartekatu zituen kantuen artean, eta bere kantu ezagunenetako bat jaso zuen: I can see for miles. Musikalki, psikodeliaren eta poparen artean kokatzen da. Taldearen disko bikainenetakoa.

Whos next (1971)
Taldearen maisulantzat jotzen den diskoa. Ordurako laukoteak oso atzean utzia zuen hastapenetako soinua, eta Townshenden obsesio musikal eta literarioek gidatzen zuten taldea. Rock diskoa da bete-betean eta 70eko hamarkadan gailenduko den rock gogor baina melodikoa iragartzen du. Kantu esanguratsuak biltzen ditu, Behind blue eyes, Baba OReily eta batik bat, Wont get fooled again.

Quadrophenia (1973)
Mod mugimenduko kide bati buruzko hausnarketa honekin, Townshendek bere proiektu handienari ekin zion. Tommy-ren arrakastak bultzatuta, bigarren lan kontzeptuala osatu zuen, mod mugimenduaren faltsukeria azaleratu nahian. Neurri handi batean gitarristak mod-ekin izan zuen harremanaren isla da diskoa. Musikalki Whos next-en bidean kokatzen da eta sintetizadoreen erabilera nabarmentzen da.



2006, EKAINA UZTAILA
bidali zure artikulua Bidali zure artikulua
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.