Euskal rock musikak 80ko hamarkadan egin zuen eztanda. Irrati libreak eta fanzineak izan ziren loraldi haren berriemaile nagusiak. Gaztetxeak perretxikuak bezala ugaldu ziren eta rock mugimenduaren tenplu bilakatu ziren. Ume ginen arren, garai errepikaezin hura ezagutzeko aukera izan genuen. Ordukoa da Muskaria, Euskal Herrian argitaratu zen lehen musika aldizkaria. Roge Blasco handiak zuzentzen zuen. Gurasoen ganbaran izango da, hauts artean, Muskariaren ale zaharren bat oraindik.
Gure garaikoak, dena den, 90eko hamarkadakoak gara. Ordurako, Muskariarik ez zen. El Tubo hilabetekariak hartu zuen Muskariak utzitako lekua. Bilbotik zetorren eta elebiduna zen (Muskarian zein El Tubon, gaztelera nagusi zen). 1996an, jada, euskal rocka adinez nagusi zen. Prentsa espezialduan, ordea, musika kontuak nagusiki gazteleraz zetozen. Entzun! jaio zen arte. Euskal Herrian oso-osorik koloretan argitaratu den lehen aldizkaria izan zen gainera. Lagun asko ibili ginen sustatzaile lanetan. Kamikazeak bezalaxe, ez ginen ondorioen beldur. Bideragarritasun planen beharrik ez genuen. Baikor ginen eta ez genuen zalantzarik. Aurrera egingo genuen. Inprenta gastuak estali eta aldizkaria kioskoan ikusita, gu pozik. Soldatak txikiak ziren, baina axolarik ez. “Aupa Entzun!” oihukatu eta aurrera. Ez zen geldiaraziko gintuenik. Kontuz, hala ere. Ez ginen salbatzaile sentitzen. Inolaz ere ez. Garai hartan ez zen euskarazko musika aldizkaririk. Horren falta sumatzen genuen. Norbaitek egin behar zuen eta guk lehen urratsa eman genuen. Baina guk abiarazi ez bagenu, besteren batek egingo zuen.
Orain, urruti ikusten dut 1996. urtea. Entzun! aldizkariaren lehen zenbakia argitaratu genueneko garaia. 10 urteren buruan eta gaur egun proiektutik at egoteak ematen didan askatasunaz baliatuz, lasai esan dezaket: Esan Ozenki zigiluak berebiziko garrantzia izan zuen Entzun! aldizkariaren sorreran. Garai hartan, Deabruak Teilatuetan taldeko kide ginen Joni anaia eta biok. Kazetaritza ikasleak biak. Dut eta Kashbad bezalaxe, gu ere Esan Ozenki zigiluko partaide ginen. Talde hauetako kide batzuen artean, Esan Ozenkiko kudeatzaileen artean eta kazetari-musikazale askoren artean jarri genituen euskarazko lehen musika aldizkariaren oinarriak.
Ausardia soberan genuen. Gure ausardia kutsagarria zen gainera. Denek ondo hartu zuten gure egitasmoa. Asko izan ziren laguntzeko prest azaldu zirenak. Eta egia esan, ez genuen gutxiago espero. Pablo Cabeza kazetari historikoa izan zen proiektua ezkor samar hartu zuen bakarrenetakoa. “Kioskora joan eta galdetu zenbat musika aldizkari saltzen diren”, bota zidan hastear ginela. Rock de Luxe, Ruta 66 aldizkariak tradizio handikoak zirela, edizio txukunekoak, eta oso gutxi saltzen zirela. Arrazoi zuen, baina guri bost. Norbaitek esan zuen: “El Tuboren gehigarri izan beharko luke Entzun! aldizkariak”. Baina ez genuen elebidun aldizkari baten gehigarri izan nahi. Lehen eta azken orria nahi genituen, erdiko orrialde denak, azala eta mamia. Ez ginen inoren morroi izateko jaio: gu marinel, gu kapitain. Inoren ero gu. Dena ala ezer ez. Kamikazeak, 90eko hamarkada erdialdean.
El Tuborenak aspaldi egin zuen. Entzun! aldizkariak bizirik jarraitzen du oraindik. Ez da nik egiten dudan ekarpenarengatik izango. Aspalditik irakurle soil bat naiz. Ez dut egituran parte hartzen. Ez dakit nola banatu edo finantzatzen den. Zein indargune eta zein ahulezia dituen. Diru-iturrien oinarriak sendotzeko planik garatu ote duen. Epe laburreko zein epe ertaineko helburuak finkatuta ote dituen. “Brain storming” delakoak egiten ote diren. Bistan denez, jada ez dut kamikazeek bezala pentsatzen. 10 urte zaharragoa naiz. Baina miresten ditut oraindik.