entzun.com

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


Hemen zaude -> Artikuluak / Iritzia
| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Iritzia

bidali zure berria Bidali zure artikuluak
2003-10-10

Fernando F. Garayoa Barricada, zutik iraun

A la barricada... A la barricada...
“Barri-koak maite ez dituenak ez du bere ama maite”, halaxe azaldu du Marea taldeko abeslari Kutxi Romerok Barricadak rockarengan eta rockzaleengan izan duen eragina. Iritzi sendoa eta guztiz egokia, kontuan hartuta euren musikak Enrique Villarreal El Drogas, Alfredo Piedrafita eta Javier Hernández Boni famatu zituela, baina izan zela euren izateko erak publikoaren maitasuna mantendu izan diena.
1982. Txantreako azoka. Kafarnaún taldean denbora labur batez egon ostean, El Drogas-ek itxura eman dio Barricadari Némesis taldeko kide ohia den Bonirekin batera, eta taldeak bere lehen kontzertua eskaintzen du gitarran Sergio Oses eta baterian Mikel Astrain daudelarik. Nafarroak eman duen talderik handienaren hasiera da. Hogei urtetik gorako ibilbidean jasotako arrakastek eta estropezuek, pozek eta penek eraiki dute estatuko rockaren baitan mugarri izan den taldea. Hala ere, gurean Barricadaren kokapen musikala ez da erraza izan. Rock Radical Vasco delakoaren eztandarekin jaio ziren, inguru hauetan heavya eta punka gori gorian zeudenean. Baina ortodoxiari erreparatuz, Txantreakoak ez ziren bat etortzen ez bata ez bestearekin. Maileguan gauza asko hartu bazituzten ere, rocka –euren erara– egiten zuten soilik.
Barricadakoen ibilbidea jarraitzea erraza da koherentziaz jardun dutelako (nahiz eta El Drogasek esan duen inoiz “gaur gauza bat eta bihar kontrakoa esan diezazuket”), izan ere, beren kabuz ibili dira, inorekin sartu gabe, beharrezkoak izan diren kasuetan salbu (zentsuratu zien konpainiako zuzendaritzako kide bati labanaz oldartu zitzaion El Drogas edota Ramoncin-ekin gertatutakoa; hasieran lagundu baitzien, baina Barricadakoek sudurraren ebakuntzaren ostean lehen aldiz ikusi zutenean, horrenbeste egin zioten barre, orduz geroztik Madrileko rockeroak ez diela kasik hitza zuzendu). Momentu bakoitzean nahi izan dutena egin dute gainera (hor daude Txarrena, In Vitro, La venganza de la abuela, Peligroso animal de compañía, Txarrada edo Doble Filo).
Oztopoz beteriko ibilbidea gainditu behar izan dute halarik ere: Mikel Astrain lehen bateria-jolearen heriotza, zentsura (Bahía de Pasaia eta En nombre de Dios kantuak hiru diskotan debekatuak izan ziren), polizia atxiloketak, talde barneko borrokak (Fernando Coronadok iaz utzi zuen taldea eta Ibik ordezkatu zuen), euren abentura musikalen ez ulertzea (Insolencia, La araña), eta abar.
Baina guzti honek are autentikoagoa den taldea egiten lagundu du. Beren azken bi diskoek (Acción directa y Bésame) demostratu dute oraindik zer esateko asko daukatela eta 40 urtetik gora izan arren, oraindik rock asko gelditzen zaiela. Berriz ere aretoak bete dituzte, prest dute jada disko berria, Hombre mate hombre, eta berriki egin dieten omenaldi diskoa, Un camino de piedras, arrakastatsua gertatzen ari da.
2002ko abendua. Black Rose. Burlata. Gertukoenen aurrean, Barricadak bere lehen kontzertua egiten du Ibi bateria-jolearekin. Jarrera berri bat islatzen da taldean. Bi ordu eta erdi topera. El Drogas, Boni, Alfredo eta Ibi leher eginda, baina zoriontsu daude. Inflexio puntua izan zen, Ave Fenix-aren birsortzea, denek uste zutenean errauts horietatik hautsa baino ez zitekeela atera.
Orain inportantena zera da: Barricadak zutik dirau, bere erara, bultzaka.

2003
bidali zure artikulua Bidali zure artikulua
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.