entzun.com


Hemen zaude -> Artikuluak / Iritzia
Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Iritzia

2005-12-01

Aritz Sound System BOST MINUTUKO HAUSNARKETA

Duela gutxi, Gaztetxulo aldizkariak antolatuta, Bertsolaritza eta Rapa izeneko solasaldian parte hartu nuen. Baionako Bernat Etxepare lizeoan, Amets Arzallus eta Sustrai Kolina bertsolariekin batera, Jon Eiherabide rap abeslaria eta ni neu izan ginen, lizeoko hainbat ikasleekin batera. Solasaldia iraun zuen denboran bertsolaritza eta rap musikaren arteko antzekotasunetaz, desberdintasunetaz eta gai honen inguruan bururatu zitzaizkigun hainbat gauzetaz hitz egin genuen.
Solasaldiaren azken txanpan, galdera erantzunen tartean, ikasle batek musika egiten hasi zela eta musika hori zabaltzeko zuen zailtasunaz kexu zen. Kontzertu gutxi antolatzen zirela eta berak egindako musika zuzenean eskaintzea oso zaila zela. Zer egin zezakeen galdetzen zuen. Harrituta geratu nintzen. Bere musikaren grabazioa kontzertu aretoetatik (pribatu zein publiko, gaztetxe, taberna, e.a.) eta kontzertu antolatzaileen eskutan jartzeko esan nion eta hori eginda kontzerturik ematea lortzen ez bazuen, berak antolatu zezala kontzertua esan nion. Harridura aurpegia berari geratu zitzaion oraingoan. Dirudienez, musika munduan urteak daramatzagunontzat gauza jakinak direnak zabaltzeko beharra handia da oraindik. Ez gara gu egi osoaren jabe noski (ezta nahi ere), baina orain hasi direnei gure esperientzien berri ematea garrantzitsua izan daiteke. Horregatik, musikaren inguruan (eta baita bizitzako beste arlo guztietan ere), ikasteko asko dugulako, garrantzitsua da elkartu eta hitz egitea. Hitz egin bakoitzaren esperientzietaz, hitz egin elkartu eta gauzak antolatzeaz, hitz egin gustatzen eta gustatzen ez zaizkigun gauzetaz. Musikan ere, errazena, taberna zuloan garagardo batzuekin zaudela, gauzak eskatu eta besteek egiten dutena kritikatzea da. Hori oso ondo egiten dugu guztiok. Oso onak gara besteek egiten dutena kritikatzen eta beti dugu eskatzeko zerbait. Kritikak beharrezkoak dira eta arrazoituak badira gauzak hobetzeko balio beharko lukete. Gauzak eskatzea ere ondo dago. Eskubideak ditugu eta eskubide horiek aldarrikatu behar dira noski. Baina ez gaitezen horretan geratu. Gauzak hobetu behar badira egin dezagun zerbait hobetzeko. Elkartu, hitz egin, antolatu eta lan egin dezagun. Zergatik ez?

Elkartu eta antolatu

Musikaren bidez barruan dudana kaleratzeko beharra dudala? Bakarrik edo behar berdinak dituztenekin elkartu eta antolatu gaitezen. Bakarlari, talde, abesbatza, txaranga edo sound system modura. Formatua gutxienekoa da. Eta estiloa? Gutxienekoa hau ere. Sentimenduak sortzen dizkigun bitartean. Musika ikasketak ez ditugula? Bideak erakutsiko digu. Instrumentu edo aparailurik ez dugula? Imajinazio eta gogoaren indarra dugu. Entseatzeko lokalik ez? Kalea bereganatu dezagun, eta hutsik dauden lokalak okupatu. Kontzertuak emateko zailtasunak ditugu? Kristo guztiari belarria berotuko diogu eta horrela ere kontzerturik eskaintzen ez badigute, gu geuk antolatuko dugu. Diskoa grabatu nahi baina diskoetxeen babesa ez dugu lortzen? Autoekoizpena. Ziur horretan ibili den norbait ezagutzen duzula. Galdetu eta aurrera. Komunikabideetan gure gustuko musikari buruzko informaziorik aurkitzen ez dugula? Komunikabideei musika horri buruz aritu daitezela proposatu. Edo gu geuk egin. Sortu ditzagun fanzine eta aldizkariak. Dirua ez dadila arazoa izan. Inprenta oso garestia bada fotokopiak. Edo internet. Photoshop edo argazki eta testuen collagea. Ausartu gaitezen. Idazten badakigu ezta? Eta musikarekin batera badoa hobe. Idatzitakoaren ariara zinta edo CD-Ra grabatu. Bilduma edo nahasketa sesioa. Eta uhinen basamortuari aurre egiteko irrati librea sortuko bagenu zer? Irrati libre asanblearioa. Emisorea, antena, nahasketa mahaia, mikrofonoa, soinu aparailuak eta ilusioa. Lan egiteko gogoa. Ez da inbertsio handirik behar. Esan behar duguna lau haizeetara zabaldu dadila. Euskal Herrian irrati libreen mugimendua anitza da. Galdetu eta ausartu. Esperientziak elkartrukatu.

Baliabideak

Aipatu guzti hauek martxan jartzeko dirua ezinbestekoa dela pentsatuko du askok. Eta egia da. Diru asko edo gutxi behar den, bakoitzaren araberakoa izango da. Dirurik ez dutenek dirua lortzeko modu asko dituzte. Diru laguntza publikoen eztabaida zaharra da dagoeneko. Instituzioei dirua eskatu behar zaie bai ala ez? Talde bakoitzak erabaki beharko du hori, baina nik, pertsonalki, eskatuko nuke. Trukean ezer inposatzen ez zaigun bitartean, noski. Diru publikoa guztiona da nahiz eta askotan diru hori gestionatzen dutenek berea izango balitz bezala erabili. Proposamenak egin, eskatu eta negoziatu. Beldurrik gabe. Pazientzia behar da hori bai. Burua makurtu gabe. Diru laguntzarik eskuratu ezean (eta lortuta ere), dirua lortzeko moduak asko dira. Zozketak, material salmenta, heltzetxoak, bazkideak, e.a. Ziurrenik guztiak beharko ditugu. Zorionez, trukean dirurik jaso gabe lana egiten duen jende asko dago (geroz eta gutxiago agian). Militantzia. Sinisten duzunarengatik lan egitea trukean dirurik jasotzeko asmorik izan gabe. Militantzia da (dituen alde txar guztiekin batera) gizarte honek duen altxorrik handienetakoa eta horri esker, lortu ditugu, neurri handi batean, gaur egungo aurrerapenik preziatuenak. Ez dezagun altxor hori galdu.
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.

Berri Laburrak

  • OSKORRIren agurraren aurrean gaude? Irakurri hemen.
  • BOB DYLAN, uztailaren 11n BILBOko Guggenheim zabalgunean, 21:00etan.
  • Mundumira jaialdia asteburu honetan Leintz-Gatzaga eta Eskoriatzan. Programa hemen!
  • Manu Chaok Galizian joko du maiatzaren 17an eta 19an Reperkusión jaialdian.
  • Los Carniceros del Norte taldeak Otxaten (Araba) grabatu du bere bideo berria: Nekromantikos.
  • Governors + Willy Toledo: Bertigo bideoa

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!