entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


Hemen zaude -> Artikuluak / Iritzia
| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Iritzia

bidali zure berria Bidali zure artikuluak
2011-07-07

Antton Iturbe Deerhunter-en kontzertu baten inguruan

Betidanik izan dut gustuko Velvet Underground-en hirugarren diskoa. Izenbururik gabekoa. Azalean, burua beste planeta batean izango balu bezala, erdi lo edo erdi “intoxikatutako” Lou Reed-en irudi bat duen hori. Bere doinu leun eta sakonak barne barnean grabaturik eraman ditut beti. Sterling Morrison eta Lou-ren arteko gitarra harremanaren edertasunaren parekorik ez dut inoiz aurkitu.


Baina bere aztarnak bai, bere aztarnak garbi sumatzen ditut gustukoen dudan azken 20-30 urteetako amerikar indie musikan eta oso bereziki azkenaldi honetan ezagutzera ematen ari diren hainbat artisten lanetan. Horixe etorri zitzaidan burura ostegun gau batean Deerhunter-ek Madrileko Riviera aretoan emandako kontzertu bikainean eta beraien ibilbidea eta Velvet-arenaren arteko parekotasunaz ohartu nintzenean. Azken hauek “White Light/White Heat”-en ekaitzaren ondoren hirugarren disko hori atera zuten une hartaz pentsatu nuen.
Deerhunter-eko mutilek ,“Halcyon Digest” argitaratu berri duten diskoan, aurrekoekin alderatuz, pop estruktura ezagungarriagoko kantuak sartu dituzte. Baina gitarrei ez diete garrantzia kendu. Hauen presentzia murriztu edo sintetizatu egin dute nolabait, aldi berean intentsitatea eta ikerketa nahia galdu gabe. Ondorioz, inoiz plazaratu duten emaitza ederrena lortu dutela esango nuke.
Egia esan, zuzenean jotzen dutenean teoria pixka bat apurtzen zait. “White light/white heat”-en bortizkeriara gehiago gerturatzen baitira, gitarra pasarteak luzatuz eta okertuz. Baina tira, zuzeneko emanaldiak honelakoxeak dira ezta? Ez naiz ni kexatuko behintzat. Hura gozamena!
Biharamunean, burutapen hauek bueltaka nituela Kurt Vile-ren “Smoke Ring For My Halo” entzuten hasi naiz eta orduan borobildu zait ideia buruan. Kurt-en diskoa Velvet-enaren disko haren eguneratze fresko baten moduan ikusi dudan unean, hain zuzen ere. Kurt eta Deerhunter-en arteko lotura aurkitu dut orduan. Egungo nire bi musikari gustukoeneko biren arteko konexioa. Bakoitzak bere ñabardurak baldin baditu ere, noski.
Deerhunter-ekoek Dream Syndicate edo Yo La Tengo-ren ukitu iluna jarraitzen duten bitartean, Kurt Vilek betiko amerikar pop-rock klasikoaren elementuak ekartzen ditu. Hots, The Byrds-etik Tom Petty-ra, The Band-etik pasatuz doana. Garbi dago beraz, Kurt-en eraginak ez direla indie musikarien ohikoak. Kurt-ena beste gauza bat da, klasikoagoa eta aldi berean aldrebesagoa. Abesti idazle zorrotza izateaz gain, egiten duen guztiari filtrotxo magiko erakargarri bat sartzen diola dirudi, hautsezko geruza leun bat, zaratatxo bat, zurrunbilo gozo bat… Velvet ukitua beharbada?
Eta hori gutxi balitz. Kurt-en antzeko zirrara sortarazten duen beste musikari bat ere bada. Fresh and Onlys-en buru den Tim Cohen-en bakarkako diskoak (“Laugh tracks” da hoberen ezagutzen dudana) antzeko soinu ederrak gordetzen dituzten altxorrak dira. Kasu honetan psikodelia kutsu handixeagoa dago beharbada, baina antzeko mailako delicatessen-ak direla ziurtatzen dizuet.
Maisu hauen musika dastatzean gehiagoren gose geratzen bazarate (segur aski, musika ona beti baita atxekigarria..), Sonny and The Sunsets edota Kelley Stoltz probatu dezakezue. Ez zarete damutuko. Olatu guztiak bezalaxe, hau ere pasatu egingo da. Gorenean dagoen honetan hartu eta gozatu ezazue.

bidali zure artikulua Bidali zure artikulua
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.