harpide
sarrera + berriak + diskoak + elkarrizketak + dossierrak + foroa
maketak.com + erreportajeak + iritzia + backstage
atzera begira kronika zuzenak + aholkua + harpideak
emaila eman eta gure buletina jaso
argazkiak - ikus-entzutekoak - irakurgai - ikusgai - entzungai
komikia harremanak estekak lantaldea non aurkitu?
euskal musikan zein da zein taldeak diskoetxeak management jaialdiak komunikabideak
berriaketa...
 

 



ANJEL VALDES

Anjel Valdes Bilbon jaio zen 1958. urtean, baina aita marinela zela eta, haurtzaroko lau urte Bartzelonan bizi izan zituen. Anaien musika zaletasunari esker, Led Zeppelin, The Who, Neil Young eta abar ezagutu zituen, eta aitaren eraginez —Karibean egon zen lanean urtetan—, salsarekin, boleroekin edota Perez Pradoren orkestrekin harremana izan zuen. Horren ondorioz, oso gaztetatik perkusio tresnak jotzen hasi zen.





Anjel Valdes
Bilbon bertan egin zituen industri injeniaritzako ikasketak, baina inoiz ez da lanbide horretan aritu. Bitartean, unibertsitatean hasi zenean euskara ikasteari ere ekin zion, “euskaldun sentitzen nintzen aldetik, euskara ikasi behar nuelako”. Euskara ikasi eta oso gutxira, eskolak ematen hasi zen eta hamar bat urte egin zituen arlo horretan lanean. Mirotz folk taldean ere hasi zen jotzen, eta hainbat kontzertu ere egin zituen garai hartan. 23 urterekin HABEk Hondarribian irekitako barnetegian hasi zen beharrean, eta han Kaki Arkarazorekin egin zuen topo. Harreman horren bitartez, M-ak taldean sartu zen Anjel. Bost disko atera zituen taldeak —M-ak (83), Emeak eta arrak (86), Zuloa (87), Barkatu ama (89) eta Gor (90) — baina azkenean Anjelek taldea utzi zuen, salsa musikan aritzeko gogoz. Karibeko musikarekiko zaletasunak bultzatuta, lehendabizi Sonora Candelan, eta ondoren Sonora Cariben jo zuen. Tumbaito formatu txikiko taldea ere sortu zuen. Modu paraleloan, M-ak-eko kide zela, IZ diskoe-txean hasi zen lanean 1987an. Han lau urtez jardun ondoren, 1991n Esan Ozenki diskoetxe berriaren proiektuan buru-belarri sartu zen. 1994ko hasierara arte egin zuen lan Esan Ozenkin, baina orduan utzi egin zuen “musikaz pixka bat nekatuta”. Hilabete batzuk ezer egin gabe igaro zituen, baina urte horretan Joxe Mari Goikoetxea Elkar diskoetxeko arduraduna zendu zen, eta handik gutxira, Joseba Jakak deituta, Elkar-en hasi zen lanean. Urte hartan bertan Durangora joan zen bizitzera eta oraindik ere han bizi da. Eta Elkarlanean diskoetxean jarraitzen du lanean gaur egun ere. “43 urterekin ez dakit beste ezer egiten”.

Urteak daramatzazu musikaren alorrean lanean, eta musika esparru ezberdinetatik jorratzeko aukera izan duzu. Gogoratzen duzu musikarekin izandako lehenengo harremana?

Etxean musika asko entzun nuen txikitan. Nire anaia zaharrenari esker, The Who, Led Zeppelin, Creedence Clearwater Revival, Deep Purple, Pink Floyd, Beatles eta orduko taldeen diskoak ezagutu nituen; eta beste alde batetik, aitaren eraginez, salsa, boleroak eta halakoak entzuten hasi nintzen. Gainera, zazpi anai-arreba ginen etxean, eta bakoitzak musika-tresna bat jotzen zuen. Gero, bizitzak berak eskaini dizkit musika munduan segitzeko aukerak. Kaki ezagutzea adibidez, oso garrantzitsua izan zen niretzat bai pertsonalki bai profesionalki, bere bitartez jendea ezagu-tzen joan nintzelako. Pribilegiatu bat senti-tzen naiz, musika mundu handi horren barruan dauden mundu txikiak ezagutu ahal izan ditudalako.

Euskal musikak azken hogeita bost urteotan egin duen ibilbidea ezagutu duzu. Zertan aldatu da orokorrean musikarekiko dugun harremana?

Nik 17-18 urte nituenean euskal musikarekiko interesa oso sutsua zen. Pantxoa eta Peio, Benito Lertxundi, Gorka Knörr, Urko eta beste abeslari askorenganako miresmena eta jarrera oso sutsua zen. Benito gitarra huts batekin ateratzen zen taula gainera , eta izugarrizko indarra zuen. Oro har, euskal munduarekiko eta kulturarekiko jarrera oso aldekoa zen, eta ondorioz, kontsumitu egiten zen euskal musika. Oso adierazgarria da garai hartako izen gehienak oraindik ere gogoratzen ditugula, oroimen kolektiboan daudelako. Gaur egun, berriz, uste dut lasaitu egin dela dena, eta musikak benetako mezu musikala hartu duela. Pasioa galdu egin da bidean, eta ondorioz salmentak ere jaitsi egin dira, euskal musika eta euskal musika ez dena merkatu berean lehiatzen direlako. Eta industriari dagokionez, garai hartan sortu zen Euskal Herriko kultur industria; euskarazko produktuak kontsumitzen zituzten entzuleak agertu zirelako.

Urteak egin zenituen M-ak taldean. Gaur egun talde miretsia da Euskal Herrian, baina lehenengo diskoak kaleratu zenituztenean, Euskal Rock Erradikala bere unerik gozoenean zegoen, eta zuen proposamena ez zen oso ondo ulertu. Ausartegia zen garai hartarako?

Guk ez genuen pentsatzen ausarta zen ala ez. Egia da M-ak-en proposamena aurrerakoia zela hemen, baina Kakik bere afizioa eta ofizioa zela-eta, musika asko entzuten zuen, eta Talking Heads, Brian Eno eta bere garaian berritzaileak ziren beste musikari batzuen musika entzuten zuen. Baina Euskal Rock Erradikala mugimendu oso indartsua izan zen, eta dena, komunikabideak eta entzuleak barne, irentsi zituen garai hartan. Horren ondorioz, beste proiektu askorentzat leku gutxi gelditu zen. RRVa kolpeka eta atea jo gabe sartu zen euskal musikan, eta beste guztia bazterrean gelditu zen.

RRVren garaitik, euskal musikaren barruan asko zabaldu da eskaintza, eta gaur egun ia estilo guztietan aurki dezakegu talderen bat. Hala ere, homogeneizazioa ere begi-bistakoa da. Diskoetxeak ez dira ausartzen bide berriak lantzen dituzten artisten lanak bultzatzera?

Hori globalitatearen ondorioa da. Lehen zirrikitu txiki batzuk zeuden talde batzuentzat, baina gaur egun dena askoz krudelagoa da. Ekoizpena asko ugaritu da azken urteotan, baina ikusten dugu munduan talde gutxi ba-tzuk direla asko saltzen dutenak, eta beste talde askok, aldiz, oso gutxi saltzen dutela. Horren ondorioz, estandarizazioa nagusitu da eta hori leku guztietan igarri da. Baina beste alde batetik, onartu behar dugu industria teilatutik eraikitzen hasten den etxe bat dela. Publikoak agintzen du, eta ez dut uste diskoetxeak publikoa hezitzeko daudenik. Publikoak nahi duena erosten du, eta industria irabazietatik bizi denez, eros dezakeena edo erosi nahi duena ematen dio publiko horri. Munduan hori gertatzen ari da, eta munduan gertatzen denak badu hemen eragina. Hori dela eta, arrisku gutxi hartzen ditugu, eta apustuak ere oso zehatzak izaten dira. Hau da, dirua galdu behar badugu, gal dezagun gutxi; kultur industria ezin delako izan mezenas huts bat. Hala ere, euskal diskoetxe gehienak ohartzen dira arazo horretaz, eta beti izaten dute talde handiren bat eta talde txikiren bat beren katalogoan.

Diskoak erosteko orduan, publikoak agintzen duela diozu; baina ez al da egia publikoak askotan ematen zaiona kon-tsumitzen duela?

Musika kontsumoa batez ere 16-30 urte artean kokatzen da, eta produktu asko eta asko adin tarte horri begira egiten dira. Dena dela, neurri batean musika negozioa izan arren, kultura ere bada; eta Euskal Herriak kultur industria indartsu bat izan behar du, horrek kultura indartsu bat duzula esan nahi duelako. Produktu batzuk oso salgarriak dira eta beste batzuk ez horrenbeste; eta merkatuak modu zabalean onartzen duena diskoetxe batean edo bestean aterako da. Guk ere urtero disko indartsu batzuk ditugu, eta gehienbat horietan jartzen dugu indarra. Horrek ez du esan nahi bestea baztertzen dugunik, ezta gutxiago ere. Hau da, beste ekoizpen batzuei ere uzten diegu tartea, uste dugulako interesgarriak direla, nahiz eta ez diren izango izugarri arrakastatsuak. Baina gauza salgarriak saldu egiten dira. Eta apustuak ez dira inoiz neurtu gabeak izaten.

Musikaren mundua hesiaren bi aldeetatik ezagutu duzu. Musikaria izan zara urtetan, baina gaur egun, industriaren beste aldean egiten duzu lan. Ezberdin ikusten da batetik eta bestetik?

Nik musikaren ezagutza maila osatu egin dut. Hasiera batean, talde batean jotzen hasten zarenean, ez duzu oso ondo ulertzen mundu honetan mugitzen den dena; baina denborarekin, diskoak grabatzen hasten zaren heinean, joaten zara jabetzen. Promozioa egin behar duzu, elkarrizketak…askotan ez duzu oso ondo ulertzen zein irizpideren arabera egin behar diren zenbait gauza. Musikaria zarenean, musika sorkuntza lan gisa ikusten duzu, baina industriaren barruan zaudenean, diru kontuak ere egin behar dira. Eta bi alde horiek ezagutu ditudanez, badakit musika ez dela ezer industriarik gabe. Industriarik gabe, musika oso eremu txikira mugatzen da. Industria sortzen denean hasten da dirua sortzen egilearentzat, interpretatzailearentzat, banatzailearentzat, diskoetxearentzat… eta horrek ekartzen du musika eta disko gehiago. Musikari batzuek inoiz ez dute ezer egingo diskoetxe batekin, eta bide hori ere oso zilegizkoa da, baina jakin behar dugu horrek zer muga, zer abantaila eta zer arazo dituen.

Zer nolakoa da gaur egun industriaren eta musikarien arteko harremanak?

Musikariek garrantzia eman behar diote industriari, baldin eta industriaren barruan egon nahi duten. Euskal musikaren industriak 30 urteko eskarmentua du, eta garran-tzitsua da musikariak industria horrekin konfidantza izatea. Horrek funtzionatzen ez badu, beti izango dira tirabirak, artearen eta negozioaren arteko harremanak ez direlako errazak. Sormenaren balorea kalkulaezina da, kantu baten atzean orduak eta orduak egon daitezkeelako. Eta lan hori, igeltseroari bezala, orduko ordaindu beharko bagenu, inoiz ez genuke horretarako dirurik izango. Bi kon-tzeptu nahasten dira askotan: balioa eta prezioa. Balio handiko lan batek prezio txikia izaten du, eta horrek askotan min handia egiten du. Hortik etortzen dira artearen eta industriaren arteko tirabirak.

Ikaragarria da Euskal Herrian argitaratzen den disko kopurua. Posible al da gure merkatuak horrenbeste lan bere gain hartzea?

Bai, gehiegizkoa da ekoizpen kopurua. Sorkuntza handia dago eta euskal diskoetxeek ezin dute hori dena bideratu. Hala, azkenean, industriak disko batzuk kaleratzen ditu, eta beste batzuk, aldiz, artistak berak bideratzen ditu merkatura. Gero, urtean argitaratzen diren 70 diskoetatik, 6-7 urteko erreferen-tziak bihurtzen dira; beste hogei ezagutzera ematen dira eta aurrekontuak betetzen dituzte; eta gainerako guztiak ez dira ezta ezagutzera ere ematen. Horregatik edozein diskoetxetan hiru motatako diskoak egoten dira. Batzuekin irabazi hutsak lortzen dira, beste batzuekin prestigioa erdiesten da, baina sosik ez; eta azkenik, beste batzuekin, eta hori da denok nahi duguna, irabaziak eta prestigioa lortzen dugu. Hiruen arteko oreka garrantzi-tsua da urtea ondo amaitzeko. Enpresa batek ezin du luze iraun irabazi hutsarekin bakarrik, baina ezin du ezta egun bat ere iraun prestigio hutsarekin.

Kulturarekin harreman zuzena izan duen merkatu bat dugu Euskal Herrian. Horrek badu ondoriorik kontsumoan?

Euskal Herriko merkatuak baditu bereizten dituen elementu batzuk. Beste merkatu ba-tzuetan, heavyak, punkak edo poparen jarrai-tzaileak aurkitzen ditugu, eta heavyek heavya kontsumitzen dute eta kito. Euskal Herrian, aldiz ez da arraroa Benito Lertxundiren kon-tzertu batean Su Ta Gar-en jarraitzaile bat ikustea, edota Fermin Muguruza eta Oskorriren zalea izatea. Hizkuntzak lotzen ditu horiek guztiak. Hizkuntzak beste edozein lekutan ez duen balioa du hemen, eta denborarekin beste adierazpen musikal batzuk bilatu eta aurkitu ditu.

Zeintzuk dira gaur egun Euskal Herriko diskoetxeen erronka nagusiak?

Kalitate absolutuaren aldeko pausoa eman behar dugu, eta horretarako erreferentziak zabaldu behar ditugu. Hau da, erreferentziarik gabeko kalitatea lortu behar dugu. Hori nola lortzen da? Bada, New Yorkera joan eta hango lagun batzuei hemengo lan bat aurkeztuz. Hemendik kanpo baloratzen badute hemengo produktua, kalitate absolutuaz hitz egiten ari gara. Hemendik kanpo esaten badizute zuk eramandako lanak ez duela balio, kalitate erreferentzialez ari gara. Hau da, euskal merkatuan balioko du, baina hemendik kanpo ez. Eta hori da orain gure erronka; kalitate absolutua lortzea, alegia. Konpo-sizioetan, grabazioetan, azaletan, marketinean… atal guztietan kalitate absolutua lortu behar dugu lehiatu ahal izateko.

Euskal musika beste herrialde batzuetara zabaltzea da horretarako bidea?

Euskal musika kanpoan aurkeztu behar dugu, baina diskoetxe bakoitzak jakin behar du zer aurkez dezakeen eta zer ez. Euskal musikaren lurralde naturala hau da, baina zenbait gauza onar ditzakete beste merkatu batzuetan ere. Horregatik galbahetu egin behar dugu katalogoa. Gu, adibidez, ezin gara Alemaniara 600 erreferentzia dituen katalogo batekin joan, inork ez duelako hartuko. Pentsatu beharko dugu zer mugitu dezakegun leku bakoitzean, eta horietan jarri beharko dugu indarra. Eta gu, poliki-poliki, ari gara gure musika zabal-tzen. Beharbada ez dugu kanpoan asko saltzen, baina urteetan egin ditugun harremanei esker, gure musika leku askotara iristen da, eta nabaritzen dugu kanpoan ere pizten dugula interesa.

Merkatu terminoetan hitz egiten dugun arren, Euskal Herritik kanpora atera-tzeko orduan, erakunde publikoek zein paper bete beharko lukete?

Kanpora goazenean, diskoetxeok behar dugu laguntza bat, dudarik gabe. Diskoetxe txiki batzuek ezin dute Berlinera joan eta hango azoka batean stand bat izan, horrek bere aurrekontu guztia hausten duelako. Eta halakoetan beharrezkoa da laguntza; nolabaiteko mezenas bat. Eta ez bakarrik gure musika atzerrian ezagutarazteko. Musika mundu guztiak ulertzen duen hizkuntza da, eta askotan kultur aitzindaria ere bada. Adibidez, Cesaria Evorari esker ezagutzen du jende askok Cabo Verde. Zentzu horretan, gobernu batek erabili beharko luke musika bere herriko kultura erakusteko. Hori epe luzerako inbertsio bat da.

Interneten agerpenak iraultza bat ekarri du musika merkatura. Euskal Herriko diskoetxeak prestatuta daude komunikazio mota berri horri aurre egiteko?

Diskoetxeak ezin dira arlo horretan atzean gelditu, eta derrigorrezkoa dute mundu horretan sartzea. Inbertitu egin behar da esparru horretan, baina horrek ez du esan nahi horrek berehalako irabaziak ekarriko dituenik. Dena dela, jendeak pentsa dezake euskarririk gabeko bide horretan dagoela etorkizuna, eta nik ez dut uste hala izango denik. Baina internet garrantzitsua denez, hor egon beharko dugu; nahiz eta epe laburrean ez duen eragin handirik izango.

Komunikabideak ezinbestekoak dira euskal kultura oro har, eta euskal musika bereziki bultzatzeko. Egiten dute nahikoa musika sustatzeko?

Komunikabide publikoak eta pribatuak ezberdindu beharko genituzke horren azterketa egiteko orduan. Telebista publikoaren helburuak ez du izan behar irabaziak pilatzea, eta ondorioz, beharbada sortu beharko luke musikari buruzko programa bat. Baina egia da musika programek ez dutela ikusle askorik eta ez direla salmenta eta oihartzuna ziurtatzeko bide bat. Askotan eraginkorragoa da musikari batentzat Bertatik bertara-n aurkeztea, ETBren barruan audientzia handiko saioa delako. Dena dela, komunikabide publikoek egin beharko lukete kulturarekiko apustu bat. Ez dut esaten ez dutela egiten, baina izan zitekeen handiagoa. Euskaraz eta euskararen inguruan sortzen diren produktuak desabantailan izaten dira, eta horri aurre egiteko laguntza-txo bat beharko lukete. Jakin behar dugu euskarazko musika beste hizkuntzetan eginiko musikarekin konpetitzen ari dela. Bai dendetan, bai komunikabideetan, Benito Lertxundik Van Morrisonekin konpetitu behar du, eta Oskorrik Hevyarekin.

2001, ABENDUA
Mikel Lizarralde

Documento sin título

RAFA ACEVES Berpizkundeko gizona

Zinemarako, antzerkirako zein telebistarako egin du lan, baina ezaguna da Txuma Murugarren edo Petti laguntzen dituelako tekletan. Mamba Beat talde bilbotarraren tekla-jolea ere bada –bigarren diskoa grabatzen ari dira–, eta Bilboko jatetxe ezagun batean urteak eman ditu bertako afariak musikaz laguntzen, “hori baita fakturak ordaintzen dituena” esan digu. Bitartean, Rafa Aceves jazz hirukotea gidatzen du, heziketa bereziko umeei musika eskolak ematen dizkie eta bere azken proiektuan, “Mirande Cabareta”, Txuma Murugarren eta Edorta Jimenez laguntzen ditu, literatura, antzerkia eta musika uztartzen dituen muntaian.

 

 

 

 
     
footer