Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Andoaingo Nafarroa plaza rock and roll zaleen bilgune bihurtuko da ekainaren 20an. The Chesterfiled Kings, Roy Loney & Señor No, Downliners Sect, Ivan Julian & Capsula, Phantom Surfers eta Los Creyentes taldeek aginduko dute taula gainean. Elektrizitate eta watio bihurrien erresuma bihurtuko da Nafarroako plaza. Eta doan!
Surfa, rock and roll tupeduna, 60etako r&b kitzikagarria, tona askoko garajea eta beste milaka sentsazio eta doinu batuko dira ekainaren 20an, larunbatarekin, Andoaingo Nafarroa plazan biltzen diren zaleen belarrietan. Bai, onartu beharra dago, behar bada plaza hori ez dela rock kontzertu baterako kokapen idealena, baina iazko esperientzia bizi zian zutenek badakite benetan garrantzizkoena eszenatokiaren bozgorailuetatik irteten diren watio bihurriak direla.
Bigarren aldiz bihurtuko da Andoaingo Nafarroa plaza rock and rolla bere horretan entzun ahal izango den areto handia. 2008ko jaialdian banda berri eta zaharrak elkartu ziren eta aurtengoan ere kartelak banda klasikoak eta ideia berriak erakustearen ildotik jarraituko du, jadanik beren ibilbide propioa duten taldeekin.
Talde berrien atalean
Los Creyentes taldea aurkituko dugu. Mutil hauek infernutik zerura igo dira, Las Membranasekin batera Bloody Hotsak argitaletxearentzat egindako EParekin. Beren kontzertuetan edonor komulgarazteko gai dira, kontzertu horiek benetako liturgia baitira, James Brown berberari eta Jaunak daki nondik etorritako gainontzeko arimei ere hel egiten zaien liturgia.
Banda beterano gisa, paregabeak eta ordezka ezinak diren
Downliners Sect taldea dugu, R&B garbienaren sekta. 45 urte dira Don Crain eta Keith Grand talde honen buru direla, garai bereko beste taldeek aprobetxatu duten komertzializazioari ihesi. Britainiarren arimarik beltzena entzungo da Nafarroa plazan, Stones, Yardbirds edo Pretty Things bezalako taldeen jatorri diren klub britainiar mitikoetan egin zuten moduan.
Sinesgarritasuna darien beste soinuekin jarraituz, milaka eszenatokitan zehar lortutako eskarmentua duen beste talde bat izango dugu:
Chesterfield Kings. 80ko hamarraldiko “revival garage”aren ikono izaten hasi ziren eta planetako bandarik sinesgarriena izatera heldu dira, Stones izango balira bezala, hondartzako mutilak izango balira bezala, edota New Yorkeko panpinak izango balira bezala. Beren disko berriena, Psychedelic Sunrise, Greg Prevost eta Andy Babiuken unerik gozoenean aurkeztu dute, "Satisfaction Guaranteed" hasiera hartan oso ongi abestu zuten moduan.
Bloody Hotsak etxearekin egindako “Got Me a Hot One” disko berria aurkeztuko du, baita ere,
Roy Loney nekaezinak. Oraingo honetan ere
Señor No donostiarrekin batera aritu da, gitarrek rock and rolla berriro ere Teenage Head edo Flamin’ Groovies mitikoen garaian egiten zen erara isuraraztea lortuz. Hala ere, musika egiteko modu hori rock and rollaren pozoina odolean daraman Roy zaharraren doinu berrietara moldatu da, Señor No donostiarren musikarekin biziberrituta.
San Frantziskotik datorkigu
Phantom Surfers taldea, agian munduan dagoen talde produktiboenetako bat; diskoak egiten aritu da 1991tik, eta 90eko hamarraldian Estatu Batuetan zeuden diskoetxe on guztietan egin dute lan, diskografia zabal bat eskuratuz. Hitz gutxiko musikariak dira, baina beren artetik Flakes, Untamed Youth, Mummies, Bobbyteens, Saturn V, Dukes of Hamburg... bezalako talde mordoxka atera dira. Talde horretan dute jatorria, halaber, Hillsdale eta Repent bezalako zigilu gomendagarriak. Berriro ere, gitarrek Phantom Surfersekin hitz egingo dute, taula gainean, eta surf instrumentalaren doinuekin berriro gogoratuko dugu “Sheena punk rocker bat izan zela”, betiko Ramonesen omenaldi gisa beraiek sortutako erokeriei esker, “Bikini Drag”, “The beach girls and the monster” bezalako izen flipanteekin edo “Batwoman Ratfinken aurka” bezalako borroka instrumentalekin, betiere zuzeneko ikusgarri batean.
Ivan Julian & Capsulak “The naked flame” album berria aurkeztuko dute. Urte hauetan guztietan, kritika onak izan dituzte jo duten leku guztietan. Bilboko eta Argentinako talde honekin batera Ivan Julian arituko da, New Yorkeko punk rockaren kultuzko pertsonaia, Richard Hellekin batera Voidoids taldean aritutakoa, eta “Blank Generation” izenez ezagutzen den 77ko belaunaldiko klasiko horren kanta batzuen egilea. Gainera, ekoizle gisa egindako lana ere bikaina da. Emanaldi honetan, indarra Velvet Underground, Television edo Stooges bezalako taldeen eraginetik iritsiko da.